Txirotasuna eta bazterketa soziala

Aurreko mendeko 80ko hamarkadara arte, desabantaila prozesuak materia eta birbanatze kontuekin zeuden lotuak eta txirotasun kontzeptuaren baitan sartzen genituen. 70ko hamarkadako krisiak eta hura gainditzeko ezarri ziren ekonomia politikek berebiziko eraldaketak sortu zituzten lan eta babes sozialeko esparruan, eta hauei demografia edo gutxieneko elkartasun sareen aldaketak gaineratu zaizkie. Honek guztiak beharrizan sozial berriak eta gabezien mehatxupeko kolektiboen hedatzea ekarri du, material eta ekonomia esparruetan ez ezik, baita hezkuntza, kultura, osasuna, etxebizitza eta harreman arloetan ere. 80ko hamarkadan sortu zen bazterketa sozial kontzeptua ekonomia zein beste esparruetan garatu ziren gabezia hauek adierazteko. Beraz, txirotasunaz ari gara, baina baita osasun eskasiaz, etxebizitza eskasaz edo hezkuntza zein harreman gabeziaz.

Txirotasunarekin egin moduan, bazterketa sozialak duen izaera sistemikoa azpimarratu behar da: sistema soziekonomiko jakinean suertatzen da garapen dinamika zehatz batekin, eta, bazterturiko norbanako eta kolektiboen bizitza ez ezik, integraturik daudenen bizitza ere baldintzatzen du. Batetik, eredu sozioekonomikoak txirotasuna eta bazterketa soziala sortzen ditu; bestetik, txirotasun eta bazterketa sozialaren irauteak sistema bera den bezalakoa izatea bermatzen du.

Ikuspuntu honi jarraiki, garbi geratzen da errenta bermeen sistemak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka egiteko duen ahultasuna. Emate hauek gabezia egoerak arintzen eta apaltzen dituzte baina ez dute lortzen egoera horiek erabat desager daitezen, ez baitituzte bazterketa eragin duten faktoreak desagerrarazten. Honetaz gain, ekonomian esparruan dihardute soilik, beste bazterketak alde batera utzita. Txirotasunaren eta bazterketa sozialaren aurkako politikak bi zentzutan bideratu behar dira.

Lehenik, arazoak aurreikusi eta saihesteko asmoarekin, geure gizartean den etekin banaketari dagozkion desberdintasunak aldatu behar dira, eta ondorioz lan prekarietatea eten eta ordaindutako lanaz harago dauden jarduerak onartu eta ezagutu beharko ditugu. Bazterturiko edo horren arriskupean diren herritar askok lan egiten du, baina euren lana ez dago ordaindua, edo ez du egonkortasunik edo ez dago onartua. Era berean, biztanleariaren zahartzea, migrazio prozesuak, sare sozial eta familiarren ahultzea edo lan ibilbideen jarraikortasun eza moduko fenomeno berrietara moldatu beharko dira babes sozialeko sistemak. 2008ko hasieran, Foessa, Caritas eta OCDEren txostenek Espainian %20tik gorako pobrezia kopuruak jaso zituzten, hau da, 8 bat milioi txiro, EBko kopururik altuenetarikoa. OCDEren azken datuen arabera, ehunekoa %30era iritsia omen da, 13 milioi inguru, OCDEko herrialdeen antzekoa. Espainiako Bankuaren esanetan, 2002an, sendi txiroenen %20k urteko 8.700 euro jaso zuten, halaber, aberatsenen %10ek 85.100 jaso zuten. Bada, 2005ean, txiroenen %20k 6.900 euro jaso zuten bitartean, aberatsenen %10ek 85.500 euro jaso zuten. Beraz, desberdintasun soziala, behera beharrean gora ari da.

Bigarrenik, bazterketa sozialak dituen izaera ugariei zor, ikuspuntu barneratzaile baten baitan egin behar zaio aurre.    Pertsonei ekonomia baliabide nahikoak eskaini behar zaizkie, eta halaber, euren integrazio soziala bultzatu.Hezkuntza, lana, kultura, harremanak eta etxebizitza bezalako arloei ekin behar zaie, bi irizpide nagusi buruan: ekimenek norbanakoari moldatuak izan behar dutela eta jarraipen eta laguntza mekanismoak izan behar dituztela lagun. Birgizarteratze eskubidea benetakoa izan dadin, prestazioen eta gizarteratze ekimenen arteko erakundeen zubia izan behar da, baina ez lagundua mugatzeko edo estu hartzeko asmoz, baizik eta hainbat proiektu abian jarri ahal ditzan bermatzeko.