Alternatibak eskuin-muturraren gorakadaren inguruko hitzaldia antolatuko du Bilbon

Bihar, abenduak 27, Alternatibak ‘Nork esnatzen du faxismoa? Ultraeskuinaren kontrako estrategiak’ hitzaldia egingo du bere Bilboko egoitzan, Europa osoan, eta azken boladan Euskal Herrian ere, ultraeskuineko taldeen agerizko gorakada eztabaidatzeko, eta honi aurre egingo dioten formula desberdinak aztertzeko.

Hizlari Elena Martinez, Izquierda Castellanako militante feminista eta antifaxista  eta Jordi Borras, hainbatetan eskuin-muturreko taldeek mehatxatutako ilustratzaile eta kazetari-argazkilaria izango dira gurekin. Biek borroka antifaxistan izandako bizipenaz arituko dira eta hauei modu antolatu batean aurre egiteko gakoak ematen saiatuko dira. Zentzu horretan, hitzaldia aurkezteko gure Alternatibako kide, txiolari eta idazle Jonathan Martinezen parte-hartzea izango dugu, bera ere, bere iritzi politikoak sareetan plazaratzeagatik hainbatetan eskuin-muturreko taldeek mehatxatutakoa.

Bilboko ekitaldia hilaren 27an, asteazkena, egingo da, alderdiaren egoitzan (Kasilla plaza 6.eko behealdean) arratsaldeko 18:30etatik aurrera. 

Fatuarte: «Ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso»

Diru publikoa jasotzen duten enpresetan Administrazio Publikoan egiten diren antzeko hautaketa prozesuak egitea eskatu dugu azken Osoko Bilkuran. Gure kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek adierazi du proposamen hori egin dela kontratazioetan gardentasuna bermatzeko.

“Azken hilabeteetan ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso. Gaur egungo sistema ez da batere gardena eta ez da justua lanpostu batera aurkezten den jendearekin. Izan ere, azken horiek ez daukate inolako aukerarik lanpostua lortzeko”.

EAJk eta PSOEk kontra bozkatu dute. Udalak %50ean parte hartzen duen Bilbao Bizkaia Museoak-en komunikazio teknikari bat aukeratzeko hautaketa prozesuak hainbat gabezi utzi zituen agerian; hautaketa prozesuaren oinarrietan zein enpresa pribatu batek egindako prozesuan izandako gabeziak, hain zuzen ere. Gabezi horiek lanpostu horretara aurkeztu ziren hautagaien artean kezka eta polemika sortu zuten, izan ere, hautaketa prozesuan berdintasun egoeran aurkezten zirela uste zuten.

Gertatutakoa ikusita, eta etorkizunean diru publikoa jasotzen duten enpresa eta erakundeetan egin daitezkeen hautaketa prozesuetan susmorik ez egoteko, beharrezkoa da neurriak hartzea. Beharrezkoa da, hain zuzen ere, prozesuan publizitatea, berdintasuna, diskriminazio eza, gardentasuna eta lehia bermatzea, administrazio publikoan gertatzen den bezala.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: «Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela»

Azken urteotan Indize Sozioekonomiko-Kultural edo ISEC baxua duten ikasleen multzokatzea areagotzen ari da etengabe Bilboko hainbat ikastetxeetan. Aipatutakoa segregazioa areagotzen ari da hainbat eskolatan. Gaia gaurko Osoko Bilkurara eraman dugu eta bertan egoeraren diagnostikoa jasotzeaz gain, arazoari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditugu. Ez da posible izan, Bilbon gertatzen ari den eskola segregazioaren auziari heltzeari uko egin diote EAJk eta PSOEk.

Alba Fatuarteren hitzak:

Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela. Izan ere, krisiak, pobreziak, desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalen ondorioz gizartean ireki den arrakala, hezkuntza sisteman ere gertatzen ari da; nahiz eta eskolak, berez, funtzio berdintzailea eta orekatzailea bete behar duen.

Zoritxarrez, azkenaldian garatu diren politiken eta garai berriei egokitzeko zailtasunen ondorioz, hezkuntza klasifikatua, mailakatua, segregatua dugu, baita Bilbon ere: alde batetik zuriak eta maila sozial ekonomiko batekoak; bestetik maila ekonomiko – sozial kultural baxuagokoak. Migrazioa ere, maila ekonomikoaren arabera banatzen da.

Beraz, segregazioaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? ez gara ari soilik jatorriaren araberako segregazioaz, gure mozioan aipatu bezala, indize sozioekonomiko-kulturalaz baizik. Eta era berean, ez gara ari soilik publiko eta pribatuaren arteko segregazioaz; sare publikoaren baitan ere ematen baita, eta baita itunpekoan ere.

Eskola segregazioa beraz, erpin anitzetako gaia da eta ezin diogu soilik hezkuntzatik aurre egin; orotariko politika publikoak mahai gaineratzea eskatzen du: politika sozialak, inklusio politikak, hirigintza, enplegu politikak, eta abar luze bat. Edozein kasutan, argi dagoena da oraindik ere erronkari ez zaiola behar bezala heldu, eta ez dela lortu erantzun bateratu eta adostu bat ematea hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Horregatik guztiagatik aurkeztu dugu EHBildu udal taldetik proposamen hau.

EH Bildu Bilbo

X