Alternatiba Diadan izango da, Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidea babesteko

Urtero bezala, Alternatibaren ordezkaritza batek Kataluniako Egun Nazionalean, Diadan, parte hartuko du bihar. 2017ko urriaren 1ean abiatutako epe honek mugarri berria izango du galdeketako buruzagien aurkako epaiketaren ebazpenarekin. Egoera honetan, berriro ere, Alternatibak ospakizunetan zein aldarrikapenetan parte hartu eta eragile sozial eta politikoekin bilerak egingo ditu.

Gehiago irakurri…

(Bideo) Hitzaldia: Ezkerra eta nazio eraikuntza. Joxe Iriarte “Bikila” eta Jule Goikoetxea

Alternatibak hitzaldia egin zuen joan den urtarrilaren 24an bere Donostiako egoitzan, ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartu zuten parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.

Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratutakoa: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak, baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan aritu ziren.

Eskubideak pertsonentzat, arauak korporazio transnazionalentzat

“Gaur egungo merkataritza eta inbertsio akordioek irismen handiko eskubide bereziak ematen dizkiete enpresa transnazionalei, baita berauek balioan jartzeko pareko justizia sistema bati sarbidea ere.

Abantaila hauekin amaitu ahal izateko ISDS eta antzeko mekanismoak dituzten merkataritza eta inbertsio itunetatik ateratzeko eskatzen diegu Europar Batasuna nahiz Estatu kideei, baita etorkizunean tankera honetako itun gehiago ez sinatzea ere.

Enpresa transnazional nahiz beste hainbat enpresei buruzko Nazio Batuekin loteslea den Giza Eskubideei buruzko itun bat bermatzea eskatzen diegu Europar Batasuna eta Estatu kideei, era honetara enpresen zigorgabetasunarekin amaitzeko.

Enpresa transnazionalak munduan dituzten jarduera orotan eskubide sozial, eskubide ekonomiko eta ingurugiroarekin zerikusia dutenak errespetatzera behartzen dituzten legeak bideratu behar dituzte Europar Batasuna eta Estatu kideek.

Enpresa transnazionalen jarduerak kaltetutako pertsonek justiziara heltzeko eskubidea bermatua izan behar dute.”

Gehiago irakurri

Ezkerra eta eraikuntza nazionalaren harremana jorratuko du Alternatibak Donostian

Ostegun honetan, urtarrilaren 24an, Alternatibak hitzaldia egingo du bere Donostiako egoitzan ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartuko dute parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”,  Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.

Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratuko dena: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak,  baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan ariko dira Bikila eta Goikoetxea.

Hitzaldia Alternatibaren Donostiako egoitzan izango da, Autonomia kaleko 15.ean (Easo plazako Euskotren geltokiaren ondoan), hilaren 24an, osteguna, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Euskaraz izango da, eta sarrera askekoa, aretoa bete arte. Solasaldia Alternatibaren hamargarren urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren baitan dago, Donostian egingo den lehenengoan hain zuzen ere.

Borras «Kazetari guztiek autozentsuratzen dute bere burua, gutxi-asko»

Alternatibak Bilbon antolatutako hitzaldiaren harira Jordi Borras fotokazetariari BERRIAko kazetari Uxue Gutierrez Lozanok eginiko elkarrizketa.

Ofizioz fotokazetaria da Jordi Borras (Bartzelona, 1981), eta bokazio handiz bizi du ogibidea. Baita arriskuz ere. Izan ere, orain sei hilabete Espainiako polizia batek sudurra apurtu zion. Bosgarren liburua plazaratu berri du, Kataluniako erreferendum eguna ardatz hartuta: Dies que duraran anys. Alternatibak antolatuta, Bilbon eta Gasteizen izan da liburua aurkezten.

Zer aurki daiteke ‘Dies que duraran anys’ (Urteak iraungo duten egunak) liburuan?
Erreferenduma aitzakiatzat hartu, eta hiru hilabetez Katalunian bizitakoa laburbildu nahi izan dugu liburuan. 2017ko udazkenean Katalunian bizitakoaren irudi kronika bat da liburua, testuz lagunduta. Ikuspuntu independentistatik behatuta. Beste liburu bat ere posible litzateke: kontra zeuden espainolisten ihardespena. Hori aurreko liburu batean azaldu nuen, eta, orain, ez nien protagonismorik eman nahi. Liburua omenaldi bat da, erreferenduma posible egin zutenei eginikoa.

Kazetari gisa, nola bizi izan zenuen urriaren 1eko egun hura?
Hitz bakarrean laburbilduta: estresatuta. Ni lanean nenbilen, eta egun hura puntu gorena izan zen, baina nik ordurako bi egun neramatzan ia lorik egin gabe. Aurreko egunetik ari ziren herritarrak eskoletan lotan, eta hori ere kontatu nahi nuen.

Eta herritar modura?
Sentimenduak nahasten dira, noski: argazkilaria naiz, eta txikitatik naiz independentista. Egun hura ametsetako eguna zen niretzat. Zaila zen lan egin eta sentimenduak bereiztea. Une askotan konplikatua zen gainezka ez egitea. Dena batu zen: emozioak eta estresa.

Eta harrapatzea lortu ez zenuen irudirik ba al daukazu buruan?
Uste dut ezetz, baina askotan autozentsuratu dut neure burua. Izan ere, irudi batzuek ondorio oso larriak izan ditzakete beste pertsona batzuentzat. Argazki oinik ezean, irudi berak gauza oso ezberdinak helaraz ditzake. Gehiago ala gutxiago, baina kazetari guztiek autozentsuratzen dugu geure burua, eta pena da. Horrek badu zerikusirik herrialde bateko demokraziaren kalitatearekin. Zenbat eta autozentsura handiagoa, orduan eta kalitate gutxiago.

Liburuan irudiak dira nagusi, baina hitzez lagunduta doaz. Nola uztartzen dira biak kontakizunean?
Liburua kronika subjektibo bat da, beste edozein kronika bezala. Kapituluka banatuta dago, eta kapitulu bakoitzean idazle baten testu literario bat ageri da, lehen pertsonan idatzia. Bi munduak uztartzea da liburuaren gakoa, eta oso produktu berezia sortzen da horrela.

Berehalakotasunaren aroan liburu bat argitaratu duzu. Zertarako?
Liburuen bidez, aukera dut gaiak luze eta zabal lantzeko, baina lan egiteko bi erak uztargarriak dira: berehalakotasun sorta batek osatzen du liburu bat. Horren isla da Dies que duraran anys. Denera, 60.000 argazki atera nituen, hor badago istorio on bat kontatzeko materiala. Ezinezkoa da istorio bat kontatzea klikaren diktaduraren menpe.

Oraingoan ez, baina espainolismoaren eta eskuin muturraren berri ematen diharduzu 2007tik.
Espainolismoak eta eskuin muturrak sektore paraleloak izan beharko lukete, baina eskutik doaz maiz. Katalunian, eskuin muturra espainolismo erradikalenetik eratorria da. Eskuin muturraren mobilizazioetara joaten hasi nintzenean, gaiaren inguruan desertu informatibo itzela zegoen; ez zegoen prentsarik. Faxismoaren banalizazio ikaragarria dago bertan. Egun, edonor ibil daiteke bandera frankista batekin kalean, lasai-lasai.

Esan izan duzu zure argazkiek indarkeria irudikatzen dutela. Bada, zeri deritzozu indarkeria?
Indarkeria agertzen da argudiorik ez dagoenean. Indarkeria norbaiti min emateko indar nahikoarekin eginiko ekintza da, baina askotan hitz hau batzuentzat erabiltzen da, eta besteentzat ez. Poliziaren oldarraldi bat indarkeria da. Beste kontu bat da legezkoa izatea. Gomazko pilota batekin norbaiti begian jotzea indarkeria da. Zaborrontzi bat kale erdian gurutzatzea, ez.

Indarkeria zeure larruan jasan duzu: 2018ko uztailean, Espainiako polizia batek sudurra apurtu zizun.
Eraso horren ondorioz, polizia inputatu dute, baina baita neu ere. Kontakizunak zalantzarako tarterik ez du, eta eskerrak. Zirrikiturik ez dagoelako; bestela, Altsasukoak bezala egongo nintzateke: ziegan. Herritar baten hitzak ez du baliorik poliziaren hitzaren aurrean.

Holakoetan, beldurra sentitzen da?
Askotan. Ez naiz pertsona ausarta, zuhurra baizik. Ikaragarri gustatzen zait nire lana, eta balio batzuei jarraikiz egiten dut, baina ez naiz kamikaze bat. Aspalditik jasotzen ditut heriotza mehatxuak, eta oraindik bi hanka eta bi beso ditut. Orain ezagutzen naute, eta geroz eta zailagoa egiten zait nire lana egitea.

X