Alternatibak ingurumenari lotutako erronkak eta beren ondorio sozialak jorratuko ditu Bilbon

Datorren ostiralean, martxoak 15, Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon, ingurumenari lotutako erronkak eta hauen ondorio sozialak aztertzeko asmoz. Horretarako, Nuria del Viso Pabon eta Luis Gonzalez Reyes adituak bilduko ditu Iñaki Barcena Hinojalek gidatuko duen solasaldian. “Ingurumenaren erronka eta bere ondorio sozialak” izenburupean, ekitaldiaren helburua sistemaren mugaz gaindiko ekoizpenak eta baliabide natural zein energiaren gehiegizko erabilerak ekarriko dituzten kalteak jorratzea izango da.

More…

Salatu dugu 11 egunez ur hondakinak araztu gabe isuri direla Zadorrara

Aitor Miguel: «Jarraitzen dugu konponbiderik eman gabe geure ibaien arazo nagusienari: Lasarteko legar-hobiak eta hegoaldeko ibaiak. Benetako ‘Green Capital’ batek ezin ditu araztu gabeko ur zikinak besterik gabe isuri. Urtarani eskatzen diogu onar dezala Miren Larrionen babesa proiektu horiek aurrera ateratzeko»

Gasteizko uraren ardura daukan udal enpresa publikoak, Amvisak, argitaratu berri du 2019ko urtarrilari dagokion txostena. Dokumentuak islatu du Krispijanako araztegiak 5.500 milioi litro ur zikin jaso zituela, baina horietatik 2.000 milioi litro Zadorra ibaiaren ubidera isuri ziren, beharrezkoa den arazketa prozesua osorik egin gabe. Hori bakarrik zenbatuta dagoena da. Izan ere, 11 egunetan araztegiak bypass orokorra egin zuen. Hau da, hiriko ur zikinak zuzenean eta inolako garbiketarik gabe isuri ziren Zadorrara egun horietan, milioika litro.

Isurketa hauek konpontzeko ezinbestekoa da Lasarteko legar-hobien eta hegoaldeko ibaien proiektuak martxan jartzea. Ibai horiek zuzenean sartzen dira hiriko estolderian, eta horrek kutsatzen ditu urtean garraiatzen dituzten 5.000 milioi litro ur. «Irtenbidea ibai horiek zuzenean Zadorrarekin konektatzea da, euren urak garbi jarraitzeko, eta bidean hiriko eraztun berdeari espazio estrategiko berri bat gehitzeko» azaldu du Aitor Miguel EH Bilduko udal zinegotziak.

Haatik, Urtaranek ez du egin proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren orubeen liberazioa, lau urteren ondoren. «Nola eraiki badakigu, Ura agentziak finantzaketa jarriko du, eta EH Bildun proiektuarekin engaiatuta gaude. Ezin dugu gehiago itxaron», azpimarratu du Miguelek.

EH Bilduk argi utzi nahi du isuri kutsakor horien ardura ez dela Krispijanako araztegiarena ez eta Amvisarena, biek ala biek uraren kudeaketarekin lan bikaina egiten dutelako. Arazoa da udal gobernuak ez dituela desbideratzen araztegiak behin eta berriro gainezka egitea eragiten ari diren ibaiak. Borondate politikoa falta da behin betiko irtenbide bat gauzatu ahal izateko.

Udaleko ibai sisteman Zadorra da harribitxia. Babes Bereziko Zonalde gisa izendatuta dagoen arren, ur hondakinen isuri onartezinak sufritzen ditu, eta ez bakarrik hori, baita ere lindanoko isuri arriskutsuak jasotzen ditu Gardelegiko zabortegitik.

Gasteizko hiritarrek ahalegin handiak egin dituzte azken hamarkadetan, jasangarritasuna hiriaren nortasun ikur bihurtzeraino. Irmotasun horrek ‘Green Capital’ saria eman zigun, baina ikur horri distira kentzen diogu geure ibaietara ur zikina sartzen den bakoitzean. «PPren eta EAJren udal gobernuekin, Gasteiz atzean geratu da ingurumen esparruan. Geure ibaien osasuna geroz eta txarragoa da, ez dugu aurrera egin hondakinen birziklatzean eta Europako helburuetatik urrunduz goaz, eta ez dugu aurrera egin ezta ere energia berriztagarrietan edo elikadura burujabetzan. Exijitzen diogu Urtarani ez dezala geure nortasun jasangarria lurperatu», amaitu du Miguelek.

EH Bildu Gasteiz

Gure ondorengoek ere merezi dutelako, Bolintxu Bizirik!

Alba Fatuarte – Alternatiba

Etorkizuna politikarion ahotan maiz azaltzen den denbora da, eta egunotan, mugimendu ekologistak aukera ederra eskaintzen digu etorkizunaz aritzeko, Bolintxu bizirik mantentzeko aurrera eramaten ari diren lanari esker. Izan ere, Super Sur izenez ezagutzen dugun azpegietura erraldoia zabaltzeak ondorioak izango ditu, askotarikoak eta guzti-guztiak bilbotarren belaunaldi berrien kalterako. Eta ez diogu guk bakarrik, Jose Luis Bilbao, Bizkaiko Ahaldun Nagusi ohiak, harrokeriaz azaldu baitzuen obra honen kostua “guk, gure seme alabek eta, seguruenik, gure ilobek ordainduko” dutela. Tamalez ez zen bakarrik diruaz ari…

PNVren opari ederra bihar-etziko bizkaitarrentzat: 30 urteko hipoteka, lurraldean inoiz eginiko obrarik garestiena ordaintzeko. Badakigu zein den euren erantzuna, gehiegitan entzun dugulako, “garapenak ondorioak dituela; tortillarik ez dagoela arrautzak puskatu gabe”. Baina akaso kostako zaie kasu honetan halakorik esatea, arrautzak apurtu bai, baina inolako tortillarik ez dagoelako. Kotxerik gabeko errepide lotsagarria baita Super Sur; konparazioetarako hain ohikoa duten estatuko hegazkinik gabeko aireportuak edota jenderik gabeko trenak gogora ekartzen dizkiguna.

Arrautzak, oraingoan, Arnotegi eta Pagasarri mendien arteko haran ikusgarri bezain ederra da. Bilbotarron benetako altxorra, askok bihotzean daramatena handik egin dituztelako, txiki txikitatik lehendabiziko ibilaldiak gurasoekin, edota mendi irteerak lagunekin, Pagasarri edo Ganekogortarako bidean, nire auzotik, Santutxutik, asko abiatzen direlako Bolintxutik mendiotara. 

Gure ondorengoek ere merezi dutelako, Bolintxu Bizirik!Bolintxutik ibiltzea atsegin duten ororentzat, halako paisaia etxetik ordu erdira izatea da harro sentitzeko arrazoia, eta ez, Jose Luis Bilbaorentzat bezala, guztion dirua harropuzkeriaz xahutzea: 1.000 milioi euroko kreditua eskatu zuen eta horietatik 700 milioi ordaintzeke ditugu oraindik. Bizkaitarrok 40 milioi ordaintzen ditugu urtero interesetan eta orain beste 200 milioi gehiago xahutu nahi dituzteBaina larria, oso larria, izanik ere, PNVren Diputazioak zamatu digun hipoteka ekonomikoa ez da gure seme-alabek eta ilobek pairatuko duten ondoriorik larriena. Super Sur Ez Plataformako kideek ongi azaltzen duten bezala, errepidea 4 kilometro zabaltzearen ordaina Bilboren azken paradisu naturala hondatzea da. Atzera egiterik izango ez duena zauria, beste zauri bat, egin nahi diote bilbotarron ondare naturalari eta, horren aurrean, Bilboko Udalak bilbotarren alde; gaurko, biharko eta etziko bilbotarren alde, egin behar du.

Obra honen atzean dagoen alderdia eta interes ekonomikoak ikusita eta ezagututa, imajinatu dezakegu zer nolako etorkizuna espero duten bere seme-alabentzat; akaso natura zer den ikas dezatela erakustazoka edo museo moderno eta garesti bat jarriko diete Bilbo erdian, ingelesezko izen itxuroso batekin, noski. Guk oso bestelako etorkizuna nahi dugu, guztion ondorengoentzat, eta guztiz gauzagarria. Etorkizun bat non gaur egun bezala, ehunka bilbotarrek astebururo egiten dutena, Bolintxuz gozatzeko aukera izatea alegia, hemendik 10, 20 zein 50 urte barru ere egin ahalko den. Ez diezaiegun pribilegio hori lapurtu herritarrei inolako etekinik ekarriko ez dien lau kilometroko obra ikaragarri garestia egiteko.

Tamalez, arduragabekeriaz jokatzen ari da Bilboko Udala, alderdiaren eta enpresa eraikitzaileen interesak bilbotarren etorkizunaren eta altxor naturalen gainetik jarriz. Arduragabea eta onartezina baita Bolintxu galarazten uztea, jakinda haran honi Super Surrek egingo dion zauria ez digutela gure ondorengoek barkatuko, etorkizuneko bilbotarrek beren inguruaz harro egoteko arrazoi bat gutxiago izango dutelako.

Mikel Markezek kantatzen duenez, galde diezaiogun gure buruari “non gordetzen ote dugun bihotza” atzo orlegia zen ingurunea “lehor eta garratz” bilakatzen uzteko prest bagaude. Tamalez, hitz zorrotzak baino gehiago beharko ditugu Super Sur, edota euskaraz askoz egokiagoa den Super Zor, gelditzeko. Lehenik borondate politikoa eta bilbotarren interesak defendatzeko kemena;  bigarrenik gure ondare nagusia, ama lurra, babesteko sen ona; eta hirugarrenik, etorkizunean pentsatzeko eskuzabaltasuna.

Bilboko Uriola-n argitaratua

Honek dena aldatu beharko luke

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Urte dezente igaro dira Ramon Fernandez Duranen Kapitalismo globalaren porrota eta Antropozenoa irakurri nituela, lagungarriak borrokalari eta pentsalari nekaezin baten azken ekarpenak bizi dugun mundu petral honen nondik norakoak hobeto ulertzeko. Metodologia zorrotz eta zehatz erabiliz, erakusten digu kapitalismo globalak talka egin duela biosferarekin, zuzen-zuzenean goazela amildegira, kapitalismoa ez badugu beste sistema batez ordezkatzen.

Datuak hor daude: berotegi efektua jadanik ukaezina da. Hala ere, CO2 isurketa hazten ari da etengabe. Azken ehun urtean aurreko gizaldi guztian baino energia gehiago xahutu da; biomasaren %40 ustiatu da; bioaniztasunaren %30 galdu da; ur emarien kutsadura larria da… Horren guztiaren atzean zer dago? Besteak beste, metropolien zabalkundea, nekazaritza intentsiboaren hazkundea edota industriaren garapen jasanezina.

Bukatu berri dut Naomi Kleinen This Changes Everything liburua (Honek dena aldatzen du). Fernandez Duranen ildo beretik, argi eta garbi adierazten du aldaketa klimatikoari aurre egiteko denbora agortzen ari zaigula, urrats sakon eta erradikalak egin ezean. Kleinek ez du erabiltzen iraultza bezalako terminorik, ezta ere zer-nolako gizartea beharko genukeen (esaterako sozialista); baina oso garbi adierazten du kapitalismorekin bukatu egin behar dugula, berau baita planetaren etsairik handiena. Ia urtebete kostatu zait 600 orriko lan bikaina irakurtzea. Liburuak planetaren egoera tamalgarriaren makina bat datu ematen ditu; alternatibak non bilatu saiatzen da, eta, batez ere, munduan zehar gauzatzen ari diren erresistentzia mota desberdinak azaltzen ditu, horien artean, jatorrizko nazioen biziraupenerako ura, haizea eta lurra babesteko borroka moldeak. Irakurketak sortzen zidan neke eta ezinegonak atsedena bilatzera behartzen ninduen. Liburu gutxi izan zaizkit hain nekagarriak (Marxen Kapitala tartean). Ez irakurtzeko zaila delako, alderantziz: esango nuke prosa eder eta irakurterrazean idatzia dagoela. Kontua da, ia kapitulu guztietan, nire buruan entzuten nuela duela 100 urte Rosa Luxenburgok egindako aldarria: «Sozialismoa edo basakeria!»

Bai, aldaketa klimatikoak dena aldatu beharko luke gure jardueran. Askok katastrofistatzat edo muturreko iritzitzat joko dute; nik ez. Izan ere, estreinako alarma deiak egin zirenetik 30 urte galdu dira alfer-alferrik. Eta, zoritxarrez, mundua gobernatzen dutenen aldetik ez da ikusten norabidea aldatzeko zantzurik. Stockholm eta Cancungo Klimaren goi-bileretan gertatutakoa tamalgarria izan bazen (zer esanik ez Pariskoa), istripu nuklearren inguruan marka guztiak gainditu dituzte.

Eta Katowiceko (Polonia) COP24ko bilerak aldaketa klimatikoari nola egin aurre zuen helburua, baina, berriz ere, antzua izan da. Denbora galtze larria, denbora agortzen ari zaigun honetan. Parisen duela hiru urte hitzartutako konpromisoak (tenperaturaren igoera 2 gradura mugatu behar dugula) betebeharreko arauak eta tresnak zehaztu zituen, baina ez nola gauzatu. Eta ez da zehaztu, halaber, aldaketa klimatikoa gehien jasaten ari diren herri txiroekiko laguntza.

Beraz, estatuak, kapitalaren morroiak, ez dira gai errekinen kontrol gabeko xahutzeari aurre egiteko; ezta ere, trantsizio moduko bide bati ekiteko. Frantzian ikusten ari gara hartzen ari diren neurri eskasak herritarren gainetik hartu nahi dituztela…

Gurean, berriz, instituzioetatik ohiko jarrera da nagusi: gauza bat esan eta bestea egin. Eusko Jaurlaritzak izugarrizko propaganda egiten du eredu sustengarri baten alde; baina, aldi berean, AHTa, errauskailua, fracking-ari bide emateko prospekzio lanak eta abar bultzatzen ditu. Automobilaren industriaren inguruan, gainera, norabidea aldatzeko funtsezko planteamendurik ez dago, automobil elektrikoak pagotxa berria dirudiela. Eta gizartea, Eguberrietako kontsumo mozkorraldian murgilduta.

Ezkerra oro har kezkatuta dabil, baina ez nago ziur konturatu den «aldaketa klimatikoaren» inguruko bataila dela bataila guztien ama. Eta galduz gero, jai dugula.

Naomi Kleinen iritziz, munduan egon dira aldaketa nabarmenak gizakiaren onerako, esate baterako, esklabotzaren desagerpena, erakunde demokratikoak; baina inoiz ez omen da gauzatu aldaketa nabarmenik ekonomia arloan, eta horrek endekatzen omen du egungo egoera tamalgarria. Ez du aipatzen, behintzat, Errusiar Iraultzan aldaketa hori gauzatu zela nahiz eta denboraz hutsala bihurtu, kapitalismoaren produktibitatea imitatu zuelako naturaren mugak kontuan hartu gabe. Agian horregatik ez du aintzakotzat hartzen adibide hori. Kontua da, gaur egun, emantzipazio osorako kolore anitzeko borroketan sartuta gabiltzala, denak beharrezkoak edo, beste modura esanda, bata bestea baino garrantzitsua sufritzen dutenen ikuspuntutik bederen. Alabaina, mosaiko horren zimendua antikapitalismoa da, ez klase borrokak besteak baino garrantzi handiago duelako, aitzitik, kapitalismoa delako zapalkuntza guztietan presente dagoen osagai toxikoa. Kapitalismoa, merkatu ekonomia edo dena delakoa, lurra xahutzen eta kutsatzen duen ekonomia, hitz batez esanda.

Antropozenoak bizi gaitu. Ezkor egoteko arrazoi asko daude, baina ezin dugu etsi. Walter Benjaminek zioen ezkortasuna antolatu egin behar dela. Aspaldi konbentzitu nintzen ezkortasun aktiboa dela (haserretu gaitezen!) baikortasuna garatzeko modurik inteligenteena. Zer eginik ez dagoela dioenaren aurrean, dena egiteke dugula diot nik. Edo ezina eginak egina.

BERRIAn argitaratua

Aitor Miguel “Benetako apustua egin behar da energia berriztagarrien alde, udal agentzia publiko baten bidez”

Aitor Miguel, Alterntaibako kide eta EH Bidu Gasteizko zinegotzia: «Urtaranek 35 milioi euro onartu nahi nahi ditu konpromiso kredituetan, hiriaren etorkizun energetikoa enpresa pribatuen eskuetan utzita. Energiaren kudeaketa eredu publiko bat bultzatu behar dugu, aldaketa klimatikoaren erronkari berme guztiekin heldu ahal izateko»

Gasteizko Udalak prozedura abiatu du Ogasun Batzordean udal eraikinen berogailuen kudeaketa energetikoari aurre egiteko kreditu konpromisoak onartzeko. Guztira, kreditu horiek 35 milioi euro dituzte datozen bost urteotarako. Behin tramite hori gaindituta, udal gobernuaren asmoa litzateke kontratu horrekin lehiaketa egitea, enpresa pribatuen esku uzteko.

EH Bilduren ustez, ezin da hiriaren politika energetikoa bost urterako baldintzatu. «Ezin dugu neurri hori pentsatu gabe onartu, ez bakarrik orainaldiko trantsizio energetikoaren eredua arriskuan jartzen duelako, baizik eta datozen legealdi osokoa ere. Eta are gutxiago, oraingo legealdia amaitzeko hain gutxi falta denean», azaldu du koalizioko zinegotzi Aitor Miguelek.

EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du Ogasun Batzordean. Horren helburua litzateke behingoagatik eduki ekonomiko erreala ematea Energiaren Udal Agentziari, eta organo hori izan dadila trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin zerikusia duen guztia kudeatuko duena, iturri berriztagarriak lehenetsita.

«Apustu irmoa egin behar dugu klima aldaketaren aurka, eta hori soilik egin daiteke kontrol eta erabakimen publikotik. Ezin dugu utzi trantsizio energetikoaren erronka sektore pribatuaren borondatearen menpe», ohartarazi du Miguelek. Gainera, gogoratu du energia berriztagarrien udal komerzializatzaile bati buruz udalak egindako egindako azterketa baten arabera, urtero milioi bat euro aurreztea posible dela, ingurumen eta gizarte onura ukaezinekin batera.

Energiaren kudeaketa publiko baten alde EH Bilduk egiten duen defentsa irmoaren barruan legoke urrats hori, eta Gasteizko Udalak epe ertain eta luzera begira estrategia energetikoa berritzeko duen beharraren barruan. Hain zuzen ere, CEAk lehen urratsak egin berri ditu 2020-2030 eperako trantsizio energetikoari buruzko bide orri bat definitzeko. «Arduraz jokatzea da lehenbizi eztabaidatzea eta definitzea etorkizunari aurre egiteko estrategia, eta estrategia horren arabera erabakitzea zer egin eskura ditugun baliabideekin».

EH Bildu Gasteiz

Matute: «Egun zoriontsua da, baina Garoña eraitsi arte ez gara mehatxu nuklearretik salbu egongo»

Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduren diputatuak esker ona eta zorion mezua helarazi dizkie Garoñako zentrala ixteko eta eraisteko urteetan lanean eta etengabe mobilizatzen aritu diren euskal gizartearen gehiengoari.

“Gaur jakinarazitako erabakiarekin, zaharkituta dagoen zentralaren eta behin betirako desagertarazi behar den energia nuklearraren mehatxutik salbu egotetetik hurbilago dago Euskal Herria”, adierazi du Matutek. Dena dela, azpimarratu du Garoñako zentralaren eraispena iritsi bitartean ezingo dela esan energia nuklearraren mehatxutik salbu egongo garenik. “Horixe da orain exijitu behar duguna: Garoña berehala eraistea”.

Gure Ama Lurra logika suntsikor eta mozkin enpresalarialetara lotuta ez dela egon behar sinesten duten guztientzat zorion eguna dela gaurkoa esan du EH Bilduko diputatuak. “Baina egiazko trantsizio energetikoa egiteko bide oso luzea geratzen zaigu oraindik. Gure apustua da herri honek energia eredu jasangarria, ekologikoa eta burujabea izatea”.

EH Bildu

Kepa Olaiz: «Teknologiarik modernoena erabilita ere, erraustegia kaltegarria da»

Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen dutela ingurumen eta osasunarentzat.

Erraustegiko lanak inauguratzear direla, Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak ‘Faktoria‘n berretsi du azpiegiturak ondorio kaltegarriak izango dituela.

Olaizek Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen duela ingurumenarentzat eta osasunarentzat.

Euskadi Irratia

Matute: «Parlamentu honen gehiengoak ere esan du; beraz, mehatxu hau, Garoña, gure bizitzetatik ezabatu ezazue»

Kongresuak hiru puntu jasotzen dituen legez besteko proposamena onartu du gaur. Lehenak, zentral nuklearra berriz ez irekitzeko eskaria jasotzen du. Bigarrenik, segurtasun baldintzetan eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren begiradapean zentrala eraistea eskatzen dio Rajoyren gobernuari. Eta hirugarren puntuak kaltetutako eskualdearen berrindustrializaziorako plangintza alternatiboa martxan jartzeko eskaria jasotzen du.Testua hainbat talde parlamentariok adostu dute eta joan den otsailaren 22an industria batzordean onartutako berbera da.

Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak “gizartearen nahia” entzun eta betetzeko eskatu dio PPren gobernuari. “Euskal gizartearen gehiengoak esan dizu. Parlamentu honen gehiengoak ere gaur esan dizu, eta beraz mehatxu hau gure bizitzetatik ezabatu ezazue”, esan du diputatu subiranistak. Eta gehitu duenez, “zoritxarrik” ez izateko modurik onena “badaezpadako” neurriak hartzea da.

 

 

Albistea EITBn

Gauzak horrela, EH Bilduk egindako legez besteko proposamena onartu du Kongresuak. Oskar Matute EH Bilduko zinegotziak aurkeztutako proposamen horrek Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentearen kargugabetzea aurreikusten zuen.

Dena dela, oposizioko alderdi guztien babesa izateko puntu hori alde batera uztea erabaki du EH Bilduk. Hala, beste talde parlamentarirekin batera adostu duen testuan industria batzordean onartutako eskari berdinak egin dituzte.

Matuteren esanetan, Endesak eta Ibredrolak ez dute zentral nuklear horren beharrik, eta etekinak pilatzeko interesa besterik ez dutelako ez dute Garoña itxi nahi.

Ildo horretatik, herritarren nahia entzun eta bete ditzan eskatu dio Matutek Espainiako Gobernuari. Halaber, Garoñako zentral nuklearraren etorkizunari buruz erabaki bat hartzeko orduan interes orokorra gailendu beharko litzatekeela azpimarratu du EH Bilduko diputatuak. Gauzak horrela, euskal gizartearen gehiengoak Garoña ixteko exijitu diola esan du.

Beste alde batetik, estortsioaren eta erailketaren aurrean neurri hori askoz hobea izango litzatekeela erantzun dio Guillermo Mariscal PPko diputatuak. Halaber, Garoñaren itxierak oposizioko talde guztiak PPren kontra batu egin izana deitoratu du.

EH Bildu

EHBilduk Bardeetako ariketa militarrei buruzko azalpenak eskatu dizkio Espainiako defentsa ministroari

Alternatibako kide eta EHBilduren diputatu Madrilen Oskar Matutek Pedro Morenesen urgentziazko agerraldia eskatu du joan den irailean Bardeetan izan ziren eta azken egun hauetan ere izaten ari diren ariketa militarrei buruzko azalpenak eman ditzan.
 
Koalizio subiranistak ez ditu ahaztu joan den irailean Espainiako indar militarrek Bardeetako tiro eremuan egin zituzten ariketak. “Jakin dugunez, azken egun hauetan ere mugimenduak izan dira bertan. Azalpenak nahi ditugu”, esan du Oskar Matute diputatuak.

Ildo horretan, diputatu subiranistak Espainiako gobernuari eskatu dio “tiro eremua desegin dezala behin betiko. Horrela, Nafarroak lur eremu hori guztia berreskuratuko luke eta gizartearentzat hobea den erabilpena emango lioke. Onuragarria litzateke gizartearentzat”.

Matutek gogoratu duenez, “urte gehiegi igaro dira Parke Naturala eta Biosfera Erreserba militarren mesedera erabiltzen dutenetik. Nafarroako herritarren interesen aurka erabiltzen ari dira beraz. Eta hori onartezina da”.

Hamar urtez Euskal Herriko ezkerra eraldatzeko lanean

SEDE BILBAO Plaza de la Casilla 6, bajo 48012 Bilbao Tlf. 94.423.72.69

SEDE DONOSTIA Calle Autonomía 15, bajo 20006 Donostia Tlf. 94.326.57.80

SEDE GASTEIZ Calle de Los Herrán 25, bajo 01002 Gasteiz Tlf. 94.577.27.70

X