Alternatibak Garoñaren itxiera aldarrikatuko duen Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin du

“Garoña, itxi orain!”Alternatibako bozeramaile eta Bizkaiko batzarkide Asier Vegak Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatzeko Bilbon bihar egingo den martxarekin bat egiteko deia zabaldu dio gaur gizarteari, “zaharkitua eta arriskutsua izateaz gain, haren beharrik ez dagoelako”. Jesusen Bihotzetik 17:30tan abiatuko den manifestazioa Fukushimako istripu nuklear larriaren urtemugaren bezperan egingo da, “Alemania bezalako herrialdeek eredugarri hartu dutena zentral zaharrenak berehala itxi eta gainerakoen amaiera planifikatzeko”.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, Garoñako erreaktorea Fukushimakoaren berdina da, “bere arriskuaren berri ematen duena”. Bestaldetik, eta Euskal Herritik oso gertu dagoela aintzat hartuz, Vegak euskal gizarteak “energia nuklearraren kontra betidanik” izan duen jarrera berretsi du, “biharko martxan berriz egiaztatuko denez”.

Mega-azpiegitura gehiagorik ez Gipuzkoan, adierazpena

Lurralde txikia da Gipuzkoa baina azken urteotan, hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko atzera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak geldiaraztea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHT-a, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, tentsio handiko lineak…

Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak, ez! Eta ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu, inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki eta orain arteko gardentasun eza eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.

Herritarron ongizatea ardatz izango duen eredua da herritarrok nahi duguna. Ez interes enpresarialei erantzuten dien eredua, gutxi batzuen mesederako guztiok nozitzen dugun kaltea eragin eta jendartearen zati baten pobretzean oinarritzen dena. Gizarte premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste jarduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatzen ditu gaur arteko eredu antisozialak.

Ingurumenarekiko errespetua ardatz izango duen jendarte eredua nahi dugu. Eta ez, gure herrialdea etengabe hiritartu eta metropolizatuko duen eredua, natur baliabideak xahutuz, ingurumen naturalari eraso gogorrak eginez, landa inguruak jendez ustu eta nekazaritzarako behar ditugun lurrak atzera bueltarik gabe artifizialduz aurrera egingo duen eredua.

Zenbait ordezkari politikok gure eskariak, jendartearen ahotsa, instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak bultzatzen jarraitu. Eragile politiko hauek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak eta jarrera hori salatu nahi dugu. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.

Hala ere, erantzun guztiak ez daude instituzioetan, eta lorpenak erdiestekotan, ezinbestekoa dugu herritarren kontzientzia etengabe astintzea. Kontzientzia kolektibo honen aldaketan eta herritarron ekimenean dago gakoa. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, azpiegitura handiak eta proiektu txikitzaileak geldiarazteko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz azpimarratuz. Gipuzkoa desberdin bat nahi dugu, Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste jendarte eredu bat nahi dugu eta landuko dugu!

Gipuzkoak errauste planta gelditu eta zaborren inguruan eztabaida zabaltzea txalotu du Alternatibak

Gipuzkoa Sin IncineradoraAlternatibak bere poza agertu du  gaur  Donostiako  errauste  planta  gelditu  delako  eta  Gipuzkoako  Foru Aldundiak  gai  honen  azken  erabakia  sei  hilabetez  atzeratu  duelako,  zaborren inguruan herri eztabaida zabaltzeko aurrera pausu bat emanez.

Ezkerreko alderdiko bozeramaile  Oskar Matutek  “oso positibotzat”  jo du proiektu  hau  gelditzearen  erabakia:  “Gipuzkoako  Lurralde  Historikoan erabateko oposizioa jaso  izan  duen  tratamendu  sistema  hau  baztertzeko aukera  zabaldu  zaigu azkenik.  Eztabaida  serio,  zorrotza  eta  opakutasun gabekoa, gardena, irekiko da orain eta bertan, ingurumena eraikuntza enpresa potoloen interes ekonomikoaren gainetik jarriko da”.

Matuteren hitzetan, “analisiaren, informazio gardenaren eta eztabaidaren garaia heldu da, Gipuzkoako  Hondakinen  Partzuergoa Lurralderako  erabaki hoberena hartu dezan, ingurumena eta herritarren osasuna kontuan izanda”. Zentzu  honetan,  “zaborrak  tratatzeko  errauste  planta  baino  askoz  ere ekologikoagoak eta ez hain kutsatzaileak diren metodoak daudela azpimarratu du Alternatibako bozeramaileak. Matutek gaineratu du: “Errauste  planta ez da konponbidea”.

Nukleartegirik ez

Jakes Lafitte > Berria

Lema hori zekarten pegatina eta txartel andana bat agertu zen Euskal Herrian 1974. urtean, jadanik errekarantz zihoan Francoren diktaduraren azken urteetan. Baita « Nukleartegiak : Euskal Herrian hilerriak » izenburutzat zuen errebista berezia kaleratua izana zen. «Ama lurra hil da ez dago kanpairik», Maite Idirinek abestutako koplak nahiko ospetsuak ziren Euskal Herrian eta kanpoan bizi ziren gazte argi batzuen gogoetan. Garai haietako ezker abertzale edo xoraturik omen zeuden gazte ekologisten asmakeriak baizik ez omen ziren lema beltz eta pesimista horiek. Zeren-eta denboraldi honetan 1973. urtetik munduan hasi zen erregaien kinka zela , beste energia iturburuak eta independentzia energetikoa eskuratu behar zituzten herri garaitu eta industriatsuek. Ekidin ezin genezakeen aurrerapenaren ildoa omen ziren nukleartegiak.

1975 .urteko udaberrian geoteknika saio batzuk egin nituen eraikitzen ari ziren Dampierre en Burly nukleartegian. Hamabost egun geratu nintzen Frantziako toki hartan, baina jadanik zer-nolako tentsioak nabaritzen ziren ohartu nintzen: guardiez, txakurrez eta burdinazko hesiez inguraturik zegoen xantier erraldoi hori. Gerla denboran ginela bazirudien benetan. Obra horretaz arduratzen zen ingeniariarekin mintzatzen ari nintzelarik, azkarregi pentsaturiko irtenbide bat nukleartegiak zirela eta 30 urte iragan ondoren abandonatuko zela aitortu zidan hark. Baita jende gehiena horri buruz ezaxola zela adierazi zidan. Geroztik pentsatzen dut kuraia ez zitzaiola eskas gizon horri, zuen lanpostuarengatik izugarrizko aitorpenak egiten zizkidalako. Nukleartegien eraikuntzan lanpostu txikiago dutenek gizakiak menperatzen ez duen teknika berri horren defendatzaile porrokatuenak baitira.

Ameriketako Estatu Batuetan lehen nukleartegiak egin zituzten, baina bide zuhurrago batez, hiri handietatik urrun zeuden basamortuetan eraiki baitzituzten. Frankismoaren denboretan, aldiz, hirigintza azkarra dagoela Lemoiz eta Ispaster bereizi zituzten, herria probokatu nahi bailuten. Horretaz gainera, kontzientzia txarra zutelako seinale, izengoiti baten pean lurraldeak erosi zituen Iberduerok. Nukleartegiak lanjeros ez zirela kantatzen ziguten leku guztietan, etorkizunerako bide berria zela. baina Txernobileko istripua gertatu zen 1986. urtean eta aurten Fukushimakoa. Ukraniakoa komunisten « lan txarraren » emaitza baizik ez omen zen, eta Fukushimakoa itsasikarak eragindako uhin erraldoiak ondorioztatu zuen. Baina zergatik lurrikarak maiz gertatzen diren tokietan nukleartegien eraikitzea? Hori alferrik arriskuetan ibiltzea delakoan nago. Euskal Herria Auniamendietan izanik, lurrikarak gerta daitezkeen herrialde batean dago, eta askotan pentsa dezakegu zer katastrofe gertatuko zen Lemoizko zentral nuklearraren ondoan lurrikara edo itsasikara bat gertatu izan balitz. Borroka horretan jende zentzudun batzuk bizitza galdu dutela esan dezake batek baino gehiagok; baina hainbesteraino iritsi aitzin, ez ote zen elkarrizketan oinarritutako irtenbide bat atzeman ahal izan? Frankoren diktadurarekin ezin aski. Alderantziz, zapalkuntza bortitzagoz erantzun zuen diktadurak: Gladys del Estal militante gaztea erail zuten Tuteran, eta «nukleartegirik ez » arropan josia zuten euskal herritarrak kalean bertan belaunikaturik papera jan zezaten bortxatu zituzten guardia zibilek; herriari iraina eta umiliazioa. Baina « edozein eta zernahitarako indarkeria» kondenatzen duten apostolu horiek zer dioskute Txernobilekoak eta Fukushimakoak egin eta eginen dituen biktimez ?

Diktatura nagusitzen ez zen erresumetan bide demokratikorik bereizi ahal zuten nukleartegien aldeko gobernuek? Oroitzen naizenez, Giscard d’Estaing-en denboretan bailararen mailan Kaskoinako Golfechen erreferendum bat antolatu zuten bertakoek nukleartegia nahi zutenetz jakiteko; ezetza eman zuten arren, Pariseko Gobernuak ez zuen boto hori onartu nahi izan , «konstituzioaren araberakoa» ez zelakoan.

Austrian, aldiz, nazioaren mailan egindako erreferendum baten ondorioz, ez dute nukleartegirik egin, eta Suitzan bezala gaur ere hala jarraitzen du Vienako Gobernuak. Horida, nire ustez, benetako demokraziaren ezaugarrietako bat. Frantziako estatuan 1981. urtean ezkerraldekoek boterea lortu zutelarik murriztu zuten nukleartegien egitasmoa, baina ez osoki gelditu, eta gero berriz abiatu zuten Chiracen kideek.

Hala ere, Txernobil eta Fukushimaren katastrofak gertatu ondoren galdera asko egiten diote Europako zuzendariek euren buruei energi nuklearra abandonatu ala jarraitu behar denaz. Alemaniak, behintzat, 2024an nukleartegiak geldituko dituelako ebazpen zuhurra hartu du. Pariseko eta Londreseko Gobernuak, naski, ez dira horretan; bi makur handi gertatu arren, aitzina jo nahi dute; Sarkozyren ustez, Erdi Arora itzultzea bailitzateke nukleartegietatik ekoitzitako energia abandonatzea. Hala ere, energia nuklearra utzi arren, Austriako biztanleria ez da Frantzian eta Bretainia Handian baino okerrago bizitzen.

Nukleartegiek estatuen independentzia energetikoa sendotzen dutela dioskute; baina nondik etorriko da Frantziako nukleartegien ibilarazteko uraniuma? Frantziako estatuan zeuden meategi ia guztiak (Vendeekoa, Limusingoa eta Forezgoa) agorturik daude, non lurki arraroa kanpotik ekarri beharko baitute. Orain Nigereko basamortuan meatokiak kudeatzen ditu AREVA konpainiak, Al Qaida-ko aktibistak nagusiak diren herrialde batean, alegia. Eta etorkizunean nork pentsa lezake uraniorik duten Afrika eta Asiako herrialdeek petroliodunek egiten duten baino presio gehiago eginen ez dutenetz?

Dampierre en Burly-n ezagutu nuen ingeniari horrek arrazoia zuela gero eta konbentzituago nago; nukleartegia behin-behineko irtenbide bat da. Beste energia iturbururik bilatu behar ditugu, eta ekoitz dezakeguna gutxiago gastatu, eta ez alferrik.

Pedro Prieto: “Ezin da pentsatu beste 40 urtez jarraitu dezakegunik oraingo moduan petrolioa erabiltzen” > Argia

Argia aldizkariak Pedro Prieto (Madril, 1950) ingeniari teknikoari eginiko elkarrizketa, erregai fosilen eta energia alternatiboen etorkizunaz hitz egiten du.

Pedro Prieto (Dani Blanco)

San Joanen Apokalipsia irakurtzeko gomendatzen die apokaliptiko esaten diotenei. Pedro Prieto (Madril, 1950) ingeniari teknikoa da formazioz; urte luzez industriaren ohiko bideak zapaldu eta gero, orain dela hamarkada bi hasi zen erregai fosilen agortzeaz kezkatzen. Ohiko bideetatik erabat aparte dabil orain: Espainiako AEREko (Energia Baliabideen Ikerketarako Elkartea) presidenteordea da, eta petrolioaren gailurra aztertzen duen ASPO europar erakundeko kidea. Crisisenergetica webgunea sortu zutenetakoa ere baduzu.

Zenbat petroleo geratzen zaigu?

Frogatuta dauden erreserbak bakarrik kontuan hartuta, bilioi bat kupela. Kontua da beste hainbeste erre dugula jada.

 

Petrolioaren aroaren erdian gaudela esan daiteke, orduan?

Bai. Edozein geologok daki petrolio hobi bat bere produkzio posiblearen erdira iristen denean, ustiapen-kurbaren gailurra jo duela. Hori da inoizko fluxurik handiena dagoen unea, baina hortik aurrera fluxuak behera egiten du. Hor sortzen da arazoa azken 150 urteetan industriala izan den eta infinituki hazten ohitu den jendarte batentzat. ASPOk kalkulatuta dauka mundu osoko petrolioaren kurba 2010ean heldu zela bere puntu gorenera. Gainbeheran gaude dagoeneko. Hala ere, data zehatzak ez gaitu bereziki kezkatzen.   

 

Zergatik egiten du behera fluxuak?

Arrazoi geologikoengatik. Askok uste dute petrolioa edalontzi batean bezala dagoela; lastotxoa sartu eta zurrupatu besterik ez dela egin behar. Izatez, petrolioa harkaitzei itsatsita dago. Harkaitz batzuk porotsuagoak dira, eta petrolioa errazago atera daiteke horietatik, eta beste batzuk ez dira hain porotsuak. Konparazioa ez da lastotxo batekin egin behar, esponja batekin baizik. Ura daukan esponja bat estutzean, hasieran tantatxo batzuk aterako dira, gero, une batean, fluxu handiena iritsiko da, eta hortik aurrera fluxua gutxituko da, oraindik ura egon arren. Ukabila asko estutu arren, une batetik aurrera tantak besterik ez dira aterako. Bada, petrolioaren zikloa horrelakoxea da.

 

Edozelan, petrolio aroaren erdian gaudela esateak ez du esan nahi orain arte petrolioa izan dugun urte kopuru bererako geratzen zaizkigula erreserbak, ezta? Izan ere, gero eta gehiago kontsumitzen dugu.

Hala da. 150 urte daramagu petrolioa kontsumitzen, baina gehien-gehiena azken 30 urteetan xahutu dugu. Eta gaur egun orain dela 30 urte baino hogei aldiz gehiago kontsumitzen dugu. Erdia geratzen zaigun arren, ezin da pentsatu beste 40 urtez jarraitu ahal izango dugunik oraingo modu berean petrolioa erabiltzen. Fluxuak behera egingo du.

 

Horixe da, artikulu batean diozunez, oraingo krisi finantzarioaren zergatietako bat.

Azken 150 urteei begiratuta, ikusten da hazkunde ekonomikorekin batera, paraleloki, energia kontsumoaren hazkundea izan dela. Alegia, ekonomikoki haz zaitezke gero eta energia gehiago duzulako eskura. Energia lan egiteko gaitasuna da, edo bestela esanda, natura eraldatzekoa, ondasunak eta zerbitzuak sortuz. Eta ekonomia, ondasun eta zerbitzu horien arabera neurtzen da. Aktibitate ekonomikoa eta naturaren eraldaketa zenbatzeko modu bat BPGa da, eta BPGaren hazkundeari begiratuta konturatzen gara guztiz bat egiten duela energia kontsumoaren hazkundearekin. Energia kontsumoan ez dela hazkunde gehiagorik izango konturatzeak garrantzi handia dauka mundu finantzariorako. Horrek esan nahi baitu ez dela hazkunde ekonomikorik egongo, desazkundea baizik, arrazoi fisiko eta geologikoengatik. Eta desazkunde ekonomikoa badago, besteei dirua mailegatzen dion –etorkizunean interes eta guzti itzuliko diotelakoan– edozein sistema finantzariok ezin du funtzionatu. Mailegu baten interesak itzuli ahal izateko hazkunde ekonomikoa behar da, bestela ezinezkoa da.

 

Mundu finantzarioaren eta mundu fisikoaren arteko desoreka salatu izan duzu, hain zuzen. Hau da, askoz diru gehiago dagoela munduan ondasun eta zerbitzutan neurtu daitekeena baino. Interesak du horren errua?

Jakina. Hiru erlijio monoteista handiek jakin izan dute hori, historikoki, eta interesarekin mailegatzea debekatu dute mendetan. Azkenean, debeku horiek gainditzeko moduak asmatu dituzte baina… Interesa debekatzen zuten ez arrazoi erlijiosoengatik, interesa naturaren kontrakoa delako baizik. Nik norbait behartzen badit eman diodana baino gehiago itzultzen, behartzen ari naiz natura modu azeleratuan eraldatzen. Horrek eraman gaitu baliabideen ustiapen esponentzial honetara.

 

Orduan, krisi finantzario honek ez du aterabiderik.

Ez, nahitaez okerrera egin behar du. Gorabeherak izan daitezke, baina beheranzko joera nagusi baten barruan. Ez gara itzuliko krisiaren aurreko egoerara. Alegiazko dirua hainbeste biderkatu da, haren kopuru izugarriak pilatu dituztenak ere ez baitira ausartzen, honezkero, gehiago biderkatzera. Beraien paradoxan harrapatuta daude.

 

Nora garamatza horrek? Irakurri dizut mendebalde aberatseko biztanleok geure bizi-maila %50ean, edo kasu batzuetan, %90ean ere jaitsi beharko dugula.

Oso dramatikoa eman dezake, baina uste dut hala dela.

 

Oso epe motzean gerta daiteke hori?

Petrolio-ekoizpenaren kurba aztertzen gabiltzanok oker ez bagabiltza –dagoeneko 50 herrialde baino gehiagotan gainbehera hasi da–, uste dugu hamarkada bi geratzen zaizkigula, edo hiru, edo lau… Ez da hain garrantzitsua bi edo lau diren, garrantzitsuena da oso denbora laburra daukagula geure burua eraldatzeko, hau da, geure buruei eman diegun bizimoduaren paradigma aldatzeko. Ez baita inondik ere jasangarria. Oso denbora laburra daukagu, eta lan handia, jendarte-eredu zentzugabe hau deseraikitzeko. Erosotasun ekonomiko handia ematen digu, eta zenbait gauza liluragarri sortu ditu, hala nola elektrizitatea, Internet, edo zortzi ordutan kontinente batetik bestera joan ahal izatea orduko 900 kilometroko abiaduran doan hegazkinean, baina gure bizimodua ez da jasangarria.

 

Hainbat neurri proposatu izan dituzu datorkigunera egokitzeko. Besteak beste, interesa desagertzea.

Sinplea eman dezake esaten dudanak, baina erabateko aldaketa da. Bankuei bakarrik ez, mundu guztiari esatea bankuak interesik gabe hasi behar direla maileguak ematen… Drama erraldoia sor dezake horrek. Baina hala beharko du, honezkero jakin badakigulako interesak itzultzea ezinezkoa izango dela. 

 

Gaur egun ezagutzen dugun bankuen negozio ereduak zentzua galduko luke, hala balitz. Zer gertatuko litzateke haiekin? Nazionalizatu beharko lirateke denak, gehienak desagertu?

Ez dakit hala egin beharko den, badakit ordea diru-transferentziaren kontrol sistema bat eratu beharko dela. Izan ere, prozesu bat egon behar da dirua berriz ondasun fisikoekin bat egiteko, horretarako sortu zen eta. Dirua asmatu zen trukea hasieran besterik ez zegoelako. Eta trukea egiteko erabiltzen zen neurria giza ahalegina zen. Nik ordu bi behar banituen aulki bat egiteko, eta zuk beste ordu bi kilo bat laranja ekoizteko, aulkia eta laranjak trukatu ahal genituen. Gero, bitartekaritza sistemak asmatu ziren: urrea lehenik, diru papera ondoren, baina sistemak, funtsean, arrazoizkoa izaten jarraitu zuen, pertsonen ahalegina neurtzen jarraitzen zuelako. Hala izan zen Nixonek Bretton Woodsen adostutako urre-patroia hautsi zuen arte. Nixonek esan zuen: “Aurrerantzean erreferentzia-sistema dolarra izango da  –paper berde puska bat, azken batean–, eta honezkero ez du Fort Knoxen gordeta dagoen urrea ordezkatuko, neuk erabakitzen dudana ordezkatuko du”. Hor atera zen sistema bere onetik. Ordurako bazegoen ditu pilaketa injustu handia: askoren lanaren emaitza gutxi batzuen esku zegoen, baina oraindik esan zitekeen diruak bat egiten zuela aberatsen biltegietan pilatutako urrearekin. Handik aurrera, ordea, mundu fisikoarekin, alegia, giza-ahaleginarekin zerikusirik ez zuen ditu asko inprimatzen hasi zen. Orain hanka eta bururik gabeko egoeran gaude. Inork ez daki zenbat aldiz handiagoa den existitzen den diru kopurua (8 aldiz, 10, 15?) ordezkatzen duen mundu fisikoa baino. Zergatik ez da mundua lehertu oraindik? Paperezko diru horren kopuru eskergak dituztenak (inbertsio funtsa handiak, botere finantzarioak, zenbait banako oso aberats…) ez direlako saiatu, ez dira hain ergelak, beren dirua ondasun fisikoaz trukatzen. Denek aldi berean egin nahi balute, ez litzateke mundu fisiko nahikorik egongo.

 

Gertatuko da noizbait, denok aldi berean aldatu nahi izatea geure billeteak mundu fisikoaren truk?

Oso zaila da era horretako aurreikuspenak egitea, baina argi dago oraingo bilakabideak horretara garamatzala. Ez da hain garrantzitsua bihar gertatuko den edo hamabost urte barru. Baina ez dugu mende bat

 

Oraingo sistema kolapsorantz doa, hortaz?

Bai, energiarik gabe ezin delako hazten jarraitu. Desazkundea dator, eta horrekin batera kolapsoak, besteak beste baliabideak eskuratzeko gerrak izango direlako. Oso zaila da inork bere borondatez erdira jaistea bere kontsumo maila. Are okerrago: Nazioarteko Energi Agentziaren datuek diote munduko energiaren %80 biztanleen %20k kontsumitzen duela. Munduko batez besteko kontsumoa estatubatuarren kontsumoa baino bost aldiz txikiagoa da, eta europarrona baino bi eta erdi aldiz txikiagoa. Eta batez besteko hori ere ez da jasangarria. Beraz, jasangarritasunera iristeko hortik behera jo beharko dugu geuk ere. Lehen esan dugunez, %90eko jaitsiera dakar horrek gure kasuan. Oso zaila da ideia hori “saltzea” mendebaldean.

 

Energia berriztagarrietan bilatzen ari dira batzuk salbatuko gaituen bide alternatiboa…

Ni kritikoa naiz horiekin, eta badakit zertaz ari naizen, urteak eman ditut-eta energia berriztagarriekin ematen duten aukerez ikertzen; ea horiekin bete litekeen erregai fosilak agortzeak utziko duen hutsune energetiko erraldoia: 10.000 tona petrolio baliokide urtean, guztira kontsumitzen ditugun 12.000 tonetatik. Eta ondorio batera iritsi naiz: ez dago sistema honi eusterik. Lehenik eta behin, berriztagarri esaten diegun horiek ez dira berriztagarriak. Izatez, sistema teknologiko ez-berriztagarriak dira, agortu, zahartu, matxuratu egiten direnak. Aldiro ordezkatu egin behar dira. Hori bai, sistema horiek gai dira biosferan dauden energia berriztagarriaren fluxuaren zati bat harrapatzeko. Baina ez dira sistema berriztagarriak hitzaren zentzu hertsienean, gaizki erabiltzen ari gara terminologia. Bestalde, zenbateko intentsitatea ematen digute energia mota horiek? Gaur egun ez gara bizi kantitateaz bakarrik, intentsitateaz ere bizi gara. Londresetik New Yorkera doan hegazkinak intentsitate handiko energia kontsumoa du, erabiltzen duen erregaitik aparte beste inongo iturritik lortu ezin dezakeena.  Energia berriztagarriekin ezin dira mugitu ez ejertzitoak, ez mekanizatutako nekazaritza, ez industriaren zati handi bat, ez garraioa. Gaur egun munduko garraioaren %94,5 petrolioarekin egiten da. Petroliorik gabe jendarte honek ezin du funtzionatu, batez ere hiriek. 48 ordutan hutsik egongo lirateke supermerkatuak. Eta petrolioak ematen digun energia fluxu handi hori ezin digute eman energia berriztagarriek.

 

Beste bizimodu bat sortu beharko da orduan. Nola?

Nire ustez, gero eta urriagoa izango den energia benetan nahitaezkoak diren gauzetarako erabili beharko dugu, betiere bizimodu duin bati eutsiz. Jendarte modernoa aztertuta konturatzen gara egiten dugunaren portzentaje oso handi bat guztiz baztergarria dela. Gure turismo eredua, publizitatea, eliteko kirola, azpiegitura faraonikoak, Espainian 100 unibertsitate baino gehiago egotea… Nahitaezkoak dira denak?

 

Zer da nahitaezkoa?

Jatea. Bizileku bat. Janzteko zerbait, ez asko. Klima oso hotzetan, berotzeko sistemaren bat. Eta askoz gehiago ez.

 

Osasungintza, hezkuntza, kultura…?

Osasungintza eta hezkuntza nahitaezkoak dira, jakina. Baina, osasungintza behintzat, gaurko baino maila apalagoan. Orain daukagun osasun sistema erraldoi hau oso atsegina da, baina energia kopuru ikaragarria behar du. Aldi berean, milaka ume hiltzen dira sendatu daitezkeen gaitzez.

 

Desazkundea ere ez da betiko izango. Ekonomia estazionarioa aurreikusten duzu, gorabeherarik gabekoa?

Bai, jendarte industrialaren aurretik zegoena bezalakoa. Lehen sektorean oinarrituko da, biosferan, horrek ematen baitugu jana, eta berriztagarria da . Bigarren sektoreko aztarnak geratuko dira, baina bazterrekoak, industria aroaren aurretik egon izan diren bezala. Oso oinarrizko industria izango da, landugabea, bertan ekoitzitakoa kontsumituko den lekutik oso hurbilekoa. Haatik, horra iristeko prozesua nolakoa izango den esatera ez naiz ausartzen. Geologiak dio beheranzko joera leuna izango dela, baina gure jarrera aldatu ezean dena amiltzea eragin dezakegu. Egoera pribilegiatuan gaudenok indar militarra erabiltzen segitzen badugu  horri eusteko, zenbait energi fluxu bat-batean eten daitezke. Oso latza izan daiteke hori. 

 

Norbaitek esango du, halere, egin beharko dela ahalegina zientziak aurrera egiteko, benetan zerbaiterako balio duten aurrerakuntza teknologikoak garatzeko…

Herritarrok jabetzen hasi behar dugu dauzkagun mugez. Orain arte pentsatu izan dugu muga horiek ez zirela existitzen, eta uste dut herritar gehienek oraindik hala pentsatzen dutela. Zenbat eta beranduago aurre egin egoera berriari, okerrago denontzat.

 

Diozunez, CO2-ak eragindako Lurraren beroketa aitzakia modura erabiltzen ari dira batzuk, benetako arazoari aurre ez egiteko.

Atmosferako CO2 kopurua handitzen ari da. Hain zuzen ere, hamar milaren handitu da, milioiko 280 parte izatetik (atmosferaren %0,028) 380 parte izatera (%0,038). Oso litekeena da aireak dituen osagaietako batean aldaketa hori gertatzeak, aldaketa txikia izanagatik, eragina izatea planeta osoaren kliman. Izan ere, klimak ekuazio ez-lineal oso konplexuen arabera funtzionatzen du; horrek esan nahi du aldaketa txiki batek eragin handia eduki dezakeela. Eta eragin hori konponezina izan daiteke, eta kalte larriak ekar diezazkioke habitatari. Hori dena egia da. Baina harrigarria da IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea) CO2- kopuruaren hazkundea moteltzeaz besterik ez kezkatzea. Ondorioaz kezkatzen dira, ez arrazoiaz, eta arrazoia da urtero 10.000 milioi tona erregai fosil erretzen ditugula. CO2-a zerk emititzen duen baldin badakigu, zergatik ez diogu emititzeari uzten?

 

Zenbait talde ekologista ere kritikatu dituzu, gai honetan erakundeen bide beretik joateagatik.

Ekologista batzuk hain kezkatuta daude CO2-az, alternatiba gisa proposatzen ari baitira planeta osoan parke eolikoak ipintzea. Energia fosil guztia haize-generadoreekin eta plaka fotovoltaikoekin ordezkatu daitekeela diote. Investigación y ciencia aldizkarian argitaratutako artikulu batean, batzuek diote hiru milioi megawatt sortzeko adina haize-generadore instalatuta, elektrizitate sorreraren arazoaren zati bat konpondu litekeela. Ez dute hitz egiten erregai guztiak ordezkatzeaz, ezta ere gizakion aktibitate guztietarako energia sortzeaz, besteak beste erabiltzen dugun energiaren zati handi bat ez delako elektrikoa, eta iturri horretatik elektrizitatea bakarrik lortu daiteke. Bada, kontuan hartu behar da munduan oraintxe 200.000 megawatt eratzen direla energia eolikoaren bitartez. Hiru milioi eratuz gero –eta horrekin, berriz diot, ez genuke arazo osoa konponduko–, planeta osoko haize guztien 25 hamar-milaren aldatuko lirateke. Hori azpimarratzekoa da. Kezkatuta gaude CO2 kopurua hamar-milaren bat aldatzeagatik, eta aldi berean proposatzen dugu Lurreko haizeen 25 hamar-milaren aldatzeko. Ez diezadatela esan horrek ez duela ondoriok eragingo. Ez dakigu! Bestalde, bi edo bost megawatteko milaka haize-generadore jartzea eromena da, industria astuna da, ehunka milioi tona altzairu dira, altzairu hori urtzeko behar den ikatz kopuru eskerga, kamioi handiak generadore horiek urruneko mendietara eramaten. Erne, ekologia horrekin! Zer ereduren bila gabiltza? Zertarako? Autobideetan gauez argiak piztuta edukitzen segitzeko? Gabonetako erakusleihoak argiztatzeko? Horretarako nahi dugu energia? Zoramena da.

 

Artikulua Argiaren 2279. zenbakian argitaratu zen.

Goi tentsioko lerroak, behe mailako politika

Asier Vega Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak Auzitegi Gorenaren epaiarekin izandako kolpeagatik REEri ordaindu nahi izatea egotzi die PSOE, PP eta EAJ alderdiei, Penagos-Güeñes lerroko azken zatia bertan behera utzi baitzuen epaileak, “haien enpresa adiskideen neurrira eginiko eredu energetikoak sustatzen dituzte; politikariak baino, enpresaburuak dira”.

Alternatibak lotsagabekeria deritzo Euskadiko tentsio handiko lerrorik handiena eraikitzeko asmoari

BILBOn, 2011ko MARTXOAren 7an – Alternatibak tentsio handiko lerro berria eraikitzeko Red Electrica Española (REE) konpainiaren asmoa salatu du, Bizkaia eta Gipuzkoako inguru naturalei kalte egingo liekeen 72 kilometroko sarea. Asier Vega Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak Auzitegi Gorenaren epaiarekin izandako kolpeagatik REEri ordaindu nahi izatea egotzi die PSOE, PP eta EAJ alderdiei, Penagos-Güeñes lerroko azken zatia bertan behera utzi baitzuen epaileak, “haien enpresa adiskideen neurrira eginiko eredu energetikoak sustatzen dituzte; politikariak baino, enpresaburuak dira”.

Euskal Herriaren “hondamendi naturalaren errudunei halako azpiegitura zertarako behar dugun azaltzeko” galdegin die Vegak, “gizartearentzat zer nolako onurak ekarriko dituen argi dezatela”. Sare elektriko berria AHTren aitzakiarekin egin nahi izatea ere kritikatu dute Alternatiban, “horren beharrik ere ez dagoelako”.

Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak bere taldeak Abiadura Handiko Trenaren gainean duen iritzia gogorarazi du. Euskal Herriak azpiegitura horren beharrik ez duela ziurtatu du, “ez baitio euskal herritarren mugikortasunerako benetazko beharrei erantzuten eta, gainera, ingurumenarentzat ondorio lazgarriak izango ditu, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun ondare iluna da”. Era berean, diru publikoa “xahutzeko” bidea dela nabarmendu du, “benetako zarrastelkeria, eta are larriagoa krisialdiaren testuinguruan eta administrazioak eskubide sozialak modu lotsagarrian murrizten ari direnean”.

Gobernua lobby nuklearren menpe berriz ere

Espainiako Gobernua lobby nuklearraren presioen aurrean berriz ere makurtu dela deitoratu du Alternatibak, “hamaikagarren aldiz, industriaren interes ekonomikoak ingurumenaren eta osasunaren gainetik jarri dituelako”.

Alternatibako Ekologia Mahaiko arduradun Asier Vegak Espainiako Gobernuak ireki duen aukera legalaren inguruan hitz egin du, Espainiako zentral nuklearrak 40 urtetik gora ere martxan jarraitzeko, denbora horretarako diseinatu bazituzten ere. “Zentral nuklearren bizitza luzatzea politika energetikoaren arazoa saihestea da eta PSOEk orain arte izan duen jarrerarekin talka egiten du, hauteskundeetan agindutakoa betetzeko gai ez dela erakutsita”.

Ezkerreko alderdiaren ordezkariak gaineratu duenez, “ezin ahaztu EAJk Zapaterori eskainitako laguntza ordainezina honek eskumarantz egiten duen bakoitzean”. Horren harira, PSOE noren menpe dagoen argi utzi dutela azpimarratu du Vegak: “Pentsioen eta lan merkatuaren erreforman merkatuen aginduetara zeuden eta politika energetikoan, aldiz, lobby nuklearraren aginduetara. Bitartean, herritarrek politika lazgarri baten ondorioak pairatzen dituzte”.

Eralketa publikoa Karrantzako plantan

Karrantzako plantako “txapuzaren” arduradunek bere gainkostea ordain dezatela eskatu du Alternatibak

Karrantzako Mindako arduradun politikoek beren “kudeaketa txapuzeroa eta arduragabearengatik” ordaindu eta plantaren gainkostua bere egin dezatela eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak. Era berean, administrazio publikoek “inolako ikustatze publikorik ez duen sozietate baten esku hainbat milioi euro” jarri dituztela salatu du Jonathan Martinez batzarkideak.

Martinezek nabarmendu duenez, Alternatibak behin eta berriro ohartarazi du obra honen inguruko “iluntasuna” eta EAJko udal agintariek “irregulartasun ugari“ egin izan dituztela, “haien nagusiak jakinaren gainean zeudela”. Gogorarazi du, halaber, talde honek eskatu eta “gogoz espero” dituela Batzar Nagusien aurrean Jose Maria Martin Karrantzako jarduneko alkatearen eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuaren agerraldiak.

Planta eraikitzeko kudeaketa txarraren ardura baieztatuz gero “dimisioak” espero ditu Martinezek, “ez daitezen herritarrak izan haien zabarkeriaren erantzule”. Azkenik, Alternatibak abeltzaintzaren aldeko aldarria egin nahi izan du, “abeltzainak direlako sektorea galbidera daraman hamaikagarren zatarkeriaren kaltedun nagusiak”.

X