Del Rio «Gizarte-eredua bera dago jokoan, oraingoa zein hurrengo belaunaldiei utziko dieguna»

Alternatibaren Koordinadora Nazionala bildu da gaur, pandemia hasi zenetik lehen aldiz aurrez aurre, eta ia osorik.

Gure jarduera politikoa gidatuko dituzten ardatz nagusiak berretsi eta ezagutzera emateko asmoa dugu, erakundeei begira EHBilduren bitartez, eta batez ere, kaleetan gauzatuko ditugunak. Ez baitugu zalantzarik, kaleak aldarrikapenez beteko direla dagoeneko pairatzen hasiak garen murrizketen aurrean.

Egoera honetan, argi dugu txertoa iristeko behar den denbora baino askoz gehiago dugula jokoan; gizarte-eredua bera dago jokoan, ez soilik oraingoa, baita datozen belaunaldiei utziko dieguna ere. Horregatik, bizitza eta zaintzak ekintza politikoaren erdigunean jartzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Baina ez, noski, Urkullu lehendakariak egunotan egin bezala. Bizitza erdigunean jartzeaz hitz egin du, baina bitartean azpiegitura handiak defendatzen dituela, eta Europako funtsak makro-enpresei eman nahi dizkiela.

Tamalez, gobernuak baliabide gehiago erabiltzen ditu sindikatuak eta ezinbesteko sektoreetarako langileak kritikatzen, haiekin bildu eta konponbideak bilatzen baino. Osasungintzaz, hezkuntzaz eta zaintzaz ari gara. EAJri gogorarazi nahi diogu manifestazioak eta grebak ez direla soilik tresna legalak eta legitimoak, baizik eta ezinbestekoak ere badirela, administrazioak arduragabekeriaz jokatzen duenean.

Izan ere, bizitza erdigunean jartzea ez da lelo huts bat: feminismoak erakutsi digun bezala, proposamen erabat eraldatzailea da. Gure egiturak eta antolatzeko moduak birpentsatzea da, bizitzari duintasunez eusteko eta zaintzeko balio dezaten. Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, elikadura eta kultura bermatzea da, guztion artean eta benetan pertsona guztientzat erabakitzen dugun moduan, bigarren edo hirugarren mailako herritarrik gabe, gaur egun bezala. Eta generoa, klasea, arraza eta jatorria kontuan hartuta egitea da, berdintasun faltsuaren mantra neoliberalen aurrean, aldagai horiek erabakigarriak direlako.

Pertsonen bizitza duina bermatzea inoiz baino beharrezkoagoa den egoera bati aurre egin behar diogu, eta ez soilik osasun arloan; hor dugu Madril, politika neoliberal larrienen laborategi gisa, nahiz eta, hemen ere, diru publikoa gutxi batzuen aberastasuna babestera joan den, eta ez gehiengoaren egoera zaila arintzera.

Alternatibatik argi diogu pairatzen ari garen errealitate honek bi aterabide dituela: bata, gauza berdinak egiten jarraitzea da, prekarietatea eta bazterkeria zabaldu beraz. Jendearen beharrei erantzuteko gero eta desagertuago ageri den estatu batekin, zein eliteen interesak defendatzeko presente dagoena. Bigarren bidea, eredu bidegabe eta insolidarioa eraldatzean datza, erdigunean bizitza jarri eta politika publikoak egingo dituen beste eredu baterantz. Ekonomia politikaren zerbitzura dagoen tresna bilakatu dadin, eta ez aldrebes, orain arte bezala. Guztion porrota izango delako datozen belaunaldiek beren gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatzea, norabide berean jarraituz gero hala izango dela jakin arren.

Krisi-garaiek arriskuak dakartzate, beldurrak autoritarismoa eta erregresioa babestea ekar dezakeelako. Eskuin muturrak argi dauka, baina guri ezkerraren erantzunaren parte izatea dagokigu. Faxismoaren gezur bakoitza desmuntatu behar dugu, eta haien diskurtso atzerakoiak kontra-programatu behar ditugu, pertsona guztien eskubideak zabaltzen dituzten proposamenekin. Ezin dugu onartu beren helburua lortzea, pobreen arteko gerra ematea alegia, aberatsa gero eta aberatsagoa den bitartean.

Horregatik, eskuinak okupazioaren alarma asmatzen duenean, datuak eskuan erantzutea tokatzen da; baina batez ere, Santurtzin 88 urteko emakume bat putre-funts batek bere etxetik bota nahi duenean, etxegabetzeen aurkako mugimenduarekin batera bere ondoan egotea tokatzen zaigu. Kasu gehiago daude, Bilbon eta Hernanin esaterako. Izan ere, etxebizitzako dramarik handiena, oraindik ere, etxegabetzeak dira. Banka handia, okupazioaren inguruko kanpaina faltsuaren atzean dagoena, iragartzen hasi da berankortasuna hazi dela eta “Berreskuratze” departamentuek, desjabetzeak eskatzen dituztenak alegia, lana izango dutela.

“Diktadura feministaz” eta indarkeria matxistaren aurkako “salaketa faltsuez” hitz egiten dutenen aurrean, desberdintasunarekin hausteko apustua egin behar dugu, lan guztia banatuz, bai ordaindutakoa, bai ordaindu gabekoa, gehienetan emakumeen esku dagoena. Eta gainditu behar ditugu emakumeek zaurgarritasun handiagoa izatea eragiten duten arrakalak.

Migrazioari lotutako alarmen aurrean, eskuinaren tranpak saihestu behar ditugu, elkarbizitzarako eta elkartasunerako espazioak sortuz. Negazionismo desarrollistaren aurrean, kontuan izan behar ditugu ingurumenaren muga fisikoak; izan ere, naturari bizkarra ematen jarraitzen badugu trantsizio ekologikoari benetan aurre egin gabe, etorkizuneko krisia behin betikoa izan daiteke.

Lan-eskubideetan atzera egiteko borondateari, lan-erreforma indargabetzearekin erantzun behar diogu. Eta desmemoria partzial eta interesatuari aurre egiteko, indarkeria guztien biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu behar dugu.

Hori da Alternatibatik egiten dugun irakurketa politikoa; jendearen benetako beharrak duintasunez konpontzeko helburuarekin, arlo publikoari zein komunitarioari dei eginda, zaintza eta bizitza lehenetsiko dituen sistema batera igarotzeko bidean. Datozen hilabeteetan gure urratsak gidatuko dituen irakurketa da, bai Euskal Herria Bilduren baitan, bai gure ahalegin militantean, kaleetan, borroken sozialen aldamenean.

 

Sortzaileak (Joxemari Carrere)

Azken aldian ezker eskuin agertzen ari dira sortzaileen gaineko iritziak eta ekimenak. Bazen garaia pentsatuko du askok, arrazoi osoz. Sortzaileak eta artistak kulturaren oinarri garrantzitsuenetakoak dira, euren lanik gabe ez baitago ezer, ez dago ez literaturarik, ez antzerkirik, ez arterik, ezta musikarik ere. Kulturaren ekosistemaren barnean, ordea, sortzaileak eta artistak dira euren lana prekarietate izugarrienean garatzen dutenak. Ez dugu orain hitz egingo sormen lana garatu eta erakutsi ahal izateko espazioen beharraz eta hauen baldintzen gainean. Ez gara mintzatuko kulturari, orokorrean eta sortzaileei bereziki, hedabideetan eskaintzen dieten espazioez. Ezta ere kultur programazio eta espazio publikoetan inexistentziara kondenatutakoak direnei buruz. Ez ditugu aipatuko diru zein bestelako laguntzak jasotzeko dauden zailtasun burokratikoak. Horiek guztiek, jakina, arrunt baldintzatzen dituzte sortzaile eta artisten lan ekoizpenak. Hainbeste baldintzatu ezen, uste baino gehiagotan, ez dira egiten nahi diren lanak, merkatuak agintzen dituenak baizik; sortzailearen sormen askatasuna ezbairik gabe baldintzatuz, sormen lanak merkantzia hutsa bihurtuz; kultur eskaintza aske, anitza eta kritikoa baldintzatuz; herri batek beharko lukeen kultur kritiko, aurrerakoi eta berritzailea bazter bidera igorriz.

Gehiago irakurri…

Josu Estarrona «Herri helburua, herri erronka: bizitza duinak bermatzea beharko luke»

Gure kide Josu Estarrona Elizondo eusko legebiltzarrean: «Herri erronka dugu aurrean, baina jaiotze-tasa igotzea ez da bere horretan herri helburua, gaur berriro ere Lehendakariak esan duen bezala, herri helburua, herri erronka: bizitza duinak bermatzea beharko luke. III Eskuartean dugun arazoa ez da, hainbatetan esan duzun moduan: “haurrak ekarri behar ditugula pentsioak mantentzeko edo eskulana behar dugulako”, ez gara ari ongizate ereduaren finantzaketaz. Auzia da gazteak eta ez hain gazteok seme-alabak izan ala ez aukeratu ahal izatea, eta horretarako, baldintza sozial eta ekonomikoak ematea. Herri honetan, gaur egun, guztiok ez ditugulako aukera berdinak guraso izateko.Eta horretan eragin behar dugu, baldintza sozio-ekonomiko onak sortzen; eta horretarako ausardia eta jauzi kualitatibo bat ematea beharrezkoa da gazteriari zuzendutako politiketan».

Gehiago irakurri…

Egitasmo poliedrikoa (Bikila)

Izan ziren garaiak non batzuen ustetan “lehenengo etxea -nazioa- eraiki behar genuen eta geroago ikusiko zer koloretan pintatu” (sozialismoa edo bestelako gizartea). Zorionez, ETAren bosgarren biltzarrean askapen nazionala eta soziala “txanpon bereko bi aldeak” zirela aldarrikatu zen, eta horrela izan da gaurdaino. Horren aurrekaria genuen Hirugarren Internazionalean: Mundu guztiko langileak eta herri zapalduak, elkar gaitezen! Aldarri egin zuenean Lehenengo Internazionalaren aldarri proletalgo hutsa zuzenduz.

Gehiago irakurri…

Alternatibak baikor hartu du Euskal Herriarentzat ireki den kapitulu berria eta Kanbon izango da bihar

Alternatibak baikor azaltzen da Euskal Herriaren historia ireki berri den kapituluaren aurrean. Euskal gizartearengan aztarnak utzi dituen aroa ixtera goaz, askorentzat mingarriak, mina izan delako azken hamarkadetan lagun ugariren eguneroko bidaidea. Zalantzarik ez dago, alabaina, gure historiaren parte dela, eta horregatik guztion lana izango da, herritar zein eragile sozial eta politikoena, bakea nagusi izango den etorkizuna eraikitzea, memoriaduna baina garaile eta garaiturik gabekoa. Agerikoa da lan handia dugula aurretik, baina seguru gaude Euskal Herriaren etorkizunaren aldeko elkarlanak merezi duela.

Gehiago irakurri…

X