Alternatibak Indarkeria Matxistaren lege aurreproiektua alboratu izana txalotu du, baina behin betiko baztertzeko exijitu du

http://redesdesolidaridad.files.wordpress.com/2009/09/violencia.jpg?w=341&h=304

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektua alboratu izana ontzat jo du, “Eusko Jaurlaritzako teknikariak eta talde feministak aurka zituen arren, Herrizaingo Sailak tramitatzeko asmotan kosta ahala kosta ibili izan delako, Lakuaren gaurko iragarpenera arte, egitasmoa onartzeko klima politikorik zein adostasunik ez dagoela argudiatuta.

Etxartek azpimarratu duenez, aurreproiektuaren kontrako kritika gehienak ”beharrezkoa ez den legea” onartu nahi izatetik datoz, emakumeen elkarteek aurkeztu zituzten alegazioetan jasotzen denez, egungo legea garatzearen aldekoak baitziren, “inoiz ez du adostasunik izan Ares buru duen sailak indarkeria matxistaren biktimak politikoki errentagarriak bilakatzea beste asmorik ez zuelako lege honen bitartez”. Horretarako, emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeko asmoa zuten, “konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan eta berdintasun politikak alde batera utzita”.

Alternatibako bozeramaileak gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio lege aurreproiektua “bertan behera utzi ez ezik, behin betiko ahaztu dezala”. Erakundearen ahaleginak eta baliabideak, aldiz, “indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei bidera ditzala eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko”.

Subjektu politiko feminista sendotzen

Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan.

Alternatibako Feminismo Mahaitik Bilgune Feminista zoriondu nahi dugu bere hamargarren urteurrena dela eta. Euskal Herri feminista baten alde urteetan borrokatzeagatik zoriontzen dugu; emakumeen egoera hobetzeko aldarrikapen isolatuen batuketa soilaren ordez, borroka feminista gizarte eredu berri bat eraikitzeko beharrezko tresna moduan ulertzeagatik zoriontzen dugu. Gizarte eraldaketa, feminista izango da edo ez da izango; mugimendu feministak egindako aldarrikapen honi esker ulertu denez, ezin daitezke borrokaren dimentsioak hierarkizatu eta jarraitu beharreko bidea emantzipaziorantz doa, patriarkatuak eta kapitalismoak eraikitako binomio banaezinak egun inposatzen dizkigun jazarpen era ezberdinei aurre eginez.   

Azken finean, patriarkatuarekin ez dago iraultzarik, ezta kapitalismoarekin genero berdintasunik; eredu produktibistekin ez dago iraultzarik, ezta ekologia jasangarritasunik ere, indarrean dagoen ereduaren oinarriak aldatu gabe; kultura eta nazio uniformetasunarekin edo klase antagonikoekin ez dago iraultzarik, ezta nazio eraikuntzarik, internazionalismorik gabe. 

Zentzu honetan, asko pozten gaitu Bilgunek antolatutako topaketan parte hartzeak, eta bereziki aberasgarria deritzogu elkarrekin aurkitu eta feminismotik eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozial berri horren inguruan eztabaidatzeari. Gure ustez, sistemaren krisi honetan berebizikoa da behin eta berriz azpimarratzea eredu berri honek zaintzaren ekonomia kontuan hartu beharko duela, ekonomia jardueran funtsezkoa den heinean. Era berean, gizarte ikuspuntu batetik, gizon eta emakumeen arteko kontratu sozial berri bat adostu behar da, arduren elkarbanatzean oinarritutakoa eta ez gizonen laguntzaile diren emakumeen jardueran. Bilgunek luzatutako gonbidapenari esker, Alternatibako Feminismo Mahaitik ekonomia eta lan ardatzen inguruan egiten ari garen lana sendotzeko gogoetak partekatzeko eta zabaltzeko aukera izango dugu. 

Gainera, Bilgunerekin beharrizan bat konpartitzen dugu: leku ezberdinetatik patriarkatuaren amaiera dominazio era guztien amaierari lotuta egon behar dela ulertzen dugun emakume feministon artean aliantzen eraikuntzaren bidez subjektu politiko feminista indartzeko beharrizana, hain zuzen. Anitza izan behar duen subjektu politiko ezkertiarraren barruan artikulatutako subjektu feminista indartsu bat eraikitzen jarraitzea berebizikoa dela uste dugu: emakume feministekin batera langile klasea eraikiz, ekonomia feministaren, nekazarien eta mugimendu ekologistaren ikuspuntutik ulertuta.  

Topaketa hauen antolaketak eta Bilgunek espazio ezberdinetan lan egiten dugun emakume feministoi luzatu digun gonbidapen zabalak, baita militantzia politiko mistoko espazioetakoei egindakoa, aldarrikatzen ditugun indarren batuketa praktikan jartzeko aukera eskaintzen digula uste dugu. Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan. 

Zorionak Bilgune! Urte askotarako!

Alternatibak Abortuaren Legerik atzerakoiena berreskuratu nahi izatea leporatu dio Gallardoni

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Abortuaren Legearen erreformaz gaur eginiko adierazpenak salatu ditu, eta “lotsagarritzat” jo du “emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea urratzen duen neurria aurrerakoia bailitzan aurkeztea”. Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.

Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.

Raxoiren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Agirresarobek abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea;  emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Alternatibak zaintza partekatuaren aldeko politikak sustatu eta kontziliazioz maskaratutako propaganda lagatzeko eskatu dio Bilboko Udalari

Alternatibako Feminismo Mahaiko bozeramaile Amaia Agirresarobek Bilbao Kirolak erakundeak eskaintzen duen “Amatxoak gurditxoekin” programaren izaera propagandistikoa salatu du. El Correo egunkariak gaurko edizioan hizpide izan duen ekintzak umetxoekin egiteko moduko kirol jarduera proposatzen die emakumeei. Agirresaroberentzat, jarduera honek “kontziliazioaz mozorrotzen du adingabeen zaintza emakumeek berezkoa duten errealitatetzat aurkeztea, amatasuna beren bizitzaren helburu bakarra bailitzan”.

Jarduera instituzionalak “zaintza partekatua sustatzera bideratzeko” eskatu dio Alternatibak Bilboko Udalari, “ama zaindariaren irudiarekin amaitzeko haurrentzako espazioak eskaini behar dira, zaintzaileei beren bizitzako gainerako alderdiak garatzea ahalbidetuko diena, emakumeei bereziki, seme-alaben hazkundearekin batera eman daitezkeenak”.

Era berean, Agirresarobek “amatasunaren goraipamena ” egitea leporatu dio udal erakundeari, “emakumeen bizitzaren erdigune gisa sustatzeak beren partea hartzea oztopatzen duelako bizitza publikoan, kulturan, politikan zein gizartean; baita aisialdiarekin edo norberaren ongizatearekin lotutako alderdietan, kirolean kasu”.

Alternatibak indarkeria matxista propagandarako erabiltzea leporatu dio Herrizaingo Sailari

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuaren kontra mugimendu feministek eta Lakuako teknikariek eginiko kritikekin bat egin du gaur, “Aresen sailak kosta ahala kosta  aurrera atera nahi du, Eusko Jaurlaritzaren baitan zein kanpoan gehiengo zabalaren iritziaren aurka”. Etxarteren ustez, “ez da beharrezkoa lege berri bat” egitea, egungoa garatzea baizik, emakumeen elkarteen alegazioetan jasotzen denez: “Herrizaingo Sailak protagonismoa besterik ez du nahi, indarkeria matxistaren biktimen arretan egiten duenarekin nahikoa ez duenez, orain politikoki errentagarriak bilakatu nahi ditu”.

Alternatibak “akats deitoragarria” deritzo emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeari, konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan. Etxartek gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke, eta berdintasun politiken alde lan egin duten pertsona guztien kontra egitea, Herrizaingo Sailak aferaren erdigunetik kendu nahi baititu” .

Etxartek, azkenik, Aresen sailaren menpe dagoen Genero Indarkeriaren Biktimentzako Zuzendaritzari lege aurreproiektua bertan behera uzteko exijitu dio eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari  indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei behar beste baliabide emateko eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko, “bide polizialetatik bakarrik nekez lortu daitekeena”.

Isabel Otxoa, etxeko langileen Bizkaiko elkarteko kideak, langile hauen egoera zailaren berri eman digu

AlternaTB-k Isabel Otxoa elkarrizketatu du, EHUko irakasle eta Bizkaiko Etxeko Langileen elkartekokideak. Etxeko langileen errealiateaen berri ematen du bideoan, eskubide gabeziak eta azken hilabeteetan emandako lege aldaketen inguru hausnarketa egin du.

Gaurkotuta: 2012ko urtarrilean sartu dira indarrean Isabelek aipatzen zizkigun aldaketetako batzuk, merezi du, hala ere, gabezia handiak direla ikusteak.

Printzesa kontrolpean (Emakumeen aurkako indarkeria: Nerabeak eta gazteak) > Maite Asensio

Maite Asensio > Berria

Sakelakoaren txirrinak esnatzen du egunero Uxue: «Egun on, printseza!», agurtzen du Jonek. Mutil-lagunaren lehen SMSak irribarrea aterarazi dio. Laster jasoko du bigarrena, matematika klasean, irakasleari buruz: «Ez da batere tontoa. Zer edo zer egiten badizu, ikusiko du». Handik gutxira, barkamena eskatuko dio: «Badakit ez didazula minik egin nahi, neska ona zara». Arratsaldean, ikasgelatik ateratzean, bila joango zaio: «Sorpresa! Insti aurrean nago. Ez zara Oier tontoarekin hitz egiten egongo, ezta? Etorri, etxera lagunduko zaitut». Afalorduan ere Jonen berri izango du: «Ez egin beste planik. Jarri polit niretzat». Eta gauean zain egongo da Uxue, mutil-laguna noiz helduko; Jonek kale egingo dio, eta, gezurretan, ama ospitaleratu dutela esango dio, lagunekin parrandan ibili dela ezkutatzeko. Azkenik, Uxuek harremana moztean helduko dira Jonen mehatxuak: «Ni ez nau inork uzten! Kontuz ibili: nirekin ez bazaude, ez zaude inorekin».

Urtxintxa eskolak plazaratu berri duen Egun on printzesa! film laburraren pasarte horretan ez dago zaplaztekorik, ezta kolperik edo jipoirik ere, baina bai indarkeria sexista. Nerabe eta gazteen harreman afektiboei buruz egindako azterlanek ohartarazi dute erlazio horietan ere badela indarkeria; baina emakume gazteak konturatzen al dira jasaten dituzten bortizkeria egoerez?

«Indarkeria fisikoa erraz identifikatzen dute, baina oso urrun ikusten dute, helduen arazoa balitz bezala; aldiz, fisikoa ez den hori antzemateko adierazlerik ez daukate», laburbildu dute Amagoia Osinalde eta Ibai Fresnedo Urtxintxa eskolako kideek. Fisikoa ez den hori indarkeria psikologikoa eta soziala dela erantsi dute, «oso sotila». Horregatik, Jon ez da fisikoki ageri filmean. «Erasotzaileei buruzko soslai jakin bat dute neskek, hedabideek sortua: etorkina dela, oso izaera bortitza duela… Film laburrean, bere aurpegia ez erakutsiz, sotiltasun hori nabarmendu nahi izan dugu: bera ez, baina bere indarkeria bai ikus daiteke», zehaztu du Osinaldek.

Nerabezaroan jadanik eragina dute genero rolek eta estereotipoek: neskak maitekorrak eta ulerberak dira, eta mutilak ausartak eta oldarkorrak. Beraz, horien arabera ezartzen dira, haien arteko harreman afektiboetan, batzuen eta besteen funtzioak. Hala, Espainiako Emakume Progresisten Federazioaren ikerketa baten arabera, gazteen %80k uste dute bikote harremanetan mutil-lagunari atsegin eman behar diola neskak; %40k diote neska-laguna babestu behar dutela mutilek; %60k normaltzat dituzte zeloak.

Ondorioa kezkagarria da: gizon gazteek bikotekideak kontrolatzeko joera agertzen dute, eta emakumeek, men egitekoa. Urtxintxako hezitzaileek ere antzeman dute 14 eta 18 urte arteko gazteekiko solasaldietan: «Neskek ez diote garrantzirik ematen mutilen kontrolari».

Izatez, neskek sarri uzten diete eskuko telefonoa begiratzen, edo Interneteko sare sozialetako pasahitzak ematen dizkiete. «Gurasoei, aldiz, ez diete uzten, eremu pribatuak direlako. Gurasoekin botere harreman bat dagoela ikusten dute, eta haiekin pribatutasuna defendatu beharrean sentitzen dira», azaldu du Fresnedok: «Baina mutil-lagunak berdintzat dituzte».

Emakumeen askatasuna eta erabakiak ez errespetatzea dakar, baina. Horren seinale da neskak euren lagun taldetik atera nahi izaten dituztela mutilek. «Beldur dira neska-lagunaren adiskideen eraginaz: agian esango diote mutila nolakoa izan den aurreko harremanetan, egoeraren bat salatuko dute…», adierazi du Fresnedok. Hala, praktikan, espazio propiorik gabe geratzen dira emakume gazteak: «Disposizio osoa dute mutil-lagunarekin egoteko, eta uko egiten diote hainbat gauzari. Mutilek ez dute hainbeste sakrifikatzen, eta neskek, dena». Osinaldek erantsi du emakumeei asko kostatzen zaiela indarkeria sozial hori antzematea, «uste dutelako ez daukatela kuadrillarekin egoteko gogorik».

Hezitzaileek diotenez, mutilek xantaia emozionala erabiltzen dute jokabide horiek justifikatzeko. Film laburrera jo dute adibide bila. Uxue haserretzen denean, Jonen xantaia jasaten du: «Zu gabe ez naiz ezer. Beti nire hanka sartzeak barkatzen dituzu»; «hau egiten badidazu, ezingo dut bizi»… Era berean, Jonek ez ditu gustuko Uxueren lagunak: «Ez dira zuretzako konpainia ona». Baina mutilak bere adiskideekin egon nahi duela aldarrikatzen du: «Ezin al naiz lagunekin egon?».

Indarkeria psikologikoaren beste aldagaietako bat aitortzarik eza dela azaldu dute Urtxintxa eskolako kideek. Mutilek egiten duten guztiari buruz hitz egiten da, eta goraipatu egiten zaie; neskei, ordea, ez zaizkie ahaleginak aitortzen, eta, aipatzekotan, kutsu ezkorra erabiltzen da. Osinaldek adibide argia jarri du: «Polit jartzeko eskatzen dio mutilak neskari, baina gero ez dio esfortzu hori eskertzen, berez hala izan beharko balu bezala: eder egon beharra naturalizatzen dute, eta hor botere harremanetik jokatzen dute mutilek». Baina gizonen «moral bikoitza» azaleratzen da hor: «Neskak eder nahi dituzte, baina haiengandik hurbil; eta ederregi egonez gero, jeloskor jartzen dira».

Bortizkeria horren seinale, aitortzarik eza horrek emakume gazteen autoestimuan eragiten duela gaineratu du Fresnedok: «Neskak ez dira euren buruari buruzko ezaugarri positiboak esateko gai, eta, aldiz, negatibo asko bururatzen zaizkie». Mutilekin ez dute halakorik antzeman.

Maitasun ikasia

Hori guztia, baina, lehenagotik datorren prozesu baten ondorio da: «Maitatzen ikasi egiten da». Maitasuna eta nerabeak genero ikuspegitik aztertzen ari da Irantzu Fernandez EHUko antropologoa; haren ustez, maitasun erromantikoaren ereduak eragin handia du gazteengan eta, beraz, haien arteko harremanetan sor daitezkeen indarkeria egoeretan: «Maitasunaren sozializazioaren bitartez, genero ezberdintasunak bermatzen dira».

Ondorio horretara heltzeko, 12 eta 14 urteko nerabeek maitasunari buruz dauzkaten diskurtsoak eta praktikak aztertu ditu, eta alde nabarmenak antzeman ditu nesken eta mutilen artean. Maitasuna poztasunarekin lotzen dute denek, baina neskek beste emozio bat eransten diote: sufrimendua. Horrek sufritzeko prestasuna dakarrela nabarmendu du Fernandezek: «Uste baduzu eta txikitatik barneratu baduzu maitasunean sufrimendua dagoela, sufrimendu hori pairatzea maitasunaren berezko parte balitz bezala biziko duzu».

Baina nondik dator maitasunaren eta sufrimenduaren arteko lotura hori? «Neskentzat, eta batez ere nerabezaroan, maitasunaren inguruko ikasketa prozesu itzela dago prestatuta: aldizkariak, pelikulak eta aktoreak, musika eta abeslariak…».

Batzuek eta besteek kontsumitzen duten kultura produkzioari begiratu besterik ez dago. Twilight saga aipatu du Fernandezek: «Gizon protagonistek rol bera dute beti: politak dira, indartsuak, gaizto edo bihurriak, arrisku egoeretan neska babesten eta salbatzen dute, baina maitasun ezinezkoa da».

Neskak emakumezko protagonistekin identifikatzea eta gizon soslai hori desiratzea dute helburu produktu horiek. Baina mutilek ez dituzte horrelakoak kontsumitzen. «Telebista dibertitzeko ikusten dute: marrazki bizidunak, kirolak… Inoiz halakoren bat ikusten dute, baina sexuaz ikasteko, edo motor lasterketa bat agertzen delako».

«Mutilek ez daukate maitasunaren ikasketa prozesu hori». Beraz, haien diskurtsoan ez da sufrimendurik ageri maitasunari lotuta eta, galdetuta ere, ukatu egiten dute halakorik dagoenik. Aldiz, urduritasuna eta jeloskortasuna aipatzen dituzte. «Maitasuna jabetza terminoetan ulertzen dute mutilek: neskak eduki edo lortu nahiko lituzketela esaten dute», azaldu du Fernandezek.

Hain justu, «harraparia» da, Itziar Canteraren ustez, «arrakastaren eredu maskulinoa». Deustu eta San Inazioko Modulu Psikosozialeko (Bilbo) psikologoa da, eta, besteak beste, emakumeekin lan egiten du. Gazteen aurkako indarkeriari buruz orain bi urte egindako azterlanean ondorioztatu zutenez, «gazteen arteko erakarpen ereduak ere ez dira parekideak». Canterak aipatutako harrapariak, gaizto itxura duten mutilak, «ikono erotikoak» dira neskentzat, eta mutil horiek neska «otzanak» bilatzen dituzte.

Hori dela eta, lehen bikote harremanetan neska batzuk ama bihurtzen direla uste dute Urtxintxa eskolakoek. Cantera «emakumeen guztiahaltasunaz» mintzatu da: neskak konturatzen dira mutil-lagunen ezaugarri batzuk ez dituztela gustuko, baina, harremana moztu ordez, bikotekidea eraldatzea lehenesten dute. «Neskek pentsatzen dute: ‘Maite badut, dena jasango dut, eta aldatzea lortuko dut’».

Ildo horretan, psikologoak azaldu du maitasun erromantikoaren ereduak mezu desberdinak igortzen dituela generoen arabera: «Ustez, politena dena ematea da, baina gizonek ez dute hala planteatzen. Emakumeen maitasunak ez du elkarrekikotasunik eskatzen, eta, ondorioz, bakarrik egindako bidaia da: maitemintzen naiz, dena ematen dut, neure burua engainatzen dut ez dudalako onartzen bestea ez dela dena ematen ari, ez naiz gai konpromisoa eskatzeko… Ez da parekidea».

Nerabezaroaren ajeak

Azken batean, gazteen bikote harremanetan indarkeria adierazten duten jokabideak aztertzean, eragile guztiak bat datoz diagnostikoan: helduen harremanetako jokabideak errepikatzen dituzte gazteek. Berdintasun faltsuak, gainera, ez du laguntzen, Canteraren aburuz: «Indarkeria ukatzen ari gara; hala, gazteei transmititzen diegu gizarte demokratiko eta parekide batean gaudela. Horrek emakume guztiok jartzen gaitu arriskuan».

Baina zerk egiten ditu berezi nerabezaro eta gaztaroko amodioak? «Nerabezaroan, gazteek helduen espazioan debutatzen dute», xedatu du psikologoak. Espazio berri horretan abiatzen diren bikote harremanak ere kualitatiboki desberdinak direla erantsi du: «Ez dago intimitaterako toki argirik, eta, beraz, denbora eta bizikidetza gutxiago dago. Indarkeria zantzuez konturatzea zailagoa da».

Gazteen bilakaera pertsonalak ere eragin handia du: «Nortasun indibidualak ez dira oso sendoak. Taldean sostengatzen dira, baina taldeen identitateak oso zurrunak dira: gizarte matxista eta patriarkalaren alde estereotipatuena hartzen dute».

Hartara, emakume gazteak desabantaila ugarirekin sartzen dira espazio horretan. Mutilekin ez bezala, nesken sexu desioa auzitan jartzen dela salatu du Canterak: «Horrek segurtasunik eza eragiten die, eta irudiaren bidez frogatu behar dute besteek espero bezain onak direla». Gakoa, haren ustez, kontzientzia hartzean dago. Neskek ohartu behar dute hori ez dela askatasuna: «Botere gehiago eman behar diegu, ausardia, balioa, aitortza. Baimena eman behar diegu beren gorputzari entzuteko eta gustuko ez dituzten egoerak geldiarazteko».

Gakoak

Deustu eta San Inazioko Modulu Psikosozialak egindako ikerlanak indarkeria psikologikoa eragin dezaketen jokabideen zerrenda egin zuen. Hona hemen tratu txarrak antzemateko galdera batzuk:

• Kontrola. Norekin hitz egin, egon edo atera behar duzun esaten dizu? Nola jantzi, orraztu edo makilatu esaten dizu? Uneoro non zauden eta zertan zabiltzan jakin nahi du?

• Isolatzea. Zure lagunekin egon zaitezen saihesten du?

• Zeloak. Beste mutilekin hitz egiten ikusten zaituenean, probokatzen aritzeaz akusatzen zaitu?

• Jazarpena. Sakelako telefono, posta elektroniko edo sare sozialetako mezuak begiratzen dizkizu? Zu zauden lekuetan agertzen da aurretik jakinarazi gabe?

• Gutxiespena. Zure janzkera edo pentsaera kritikatzen du? Lagunen aurrean gutxiesten zaitu? Zu irrigarri uzten saiatzen da, edo zuri buruzko informazio pertsonala ematen du? Mintzen edo lotsarazten zaituzten gauzak egiten ditu? Zure ordez erabakiak hartzen ditu? Harremaneko arauak inposatzen ditu?

• Axolagabekeria afektiboa. Eskatzen dizkiozun gauzei ez die jaramonik egiten? Zuen hitzorduak ahazten ditu? Zure haserreak ergelkeriatzat hartzen ditu? Bere akatsak ukatzen ditu eta ondorioz ez dizu inoiz barkamenik eskatzen?

• Mehatxuak. Bere nahia egin ezean harremana moztearekin mehatxatzen zaitu? Zu inoiz ez uztearekin mehatxatzen zaitu?

• Sexu harremanak. Oheratzeko presionatzen zaitu? Harremanak izan nahi ez dituzunean kritikatzen zaitu? Ez du antisorgailuekiko erantzukizunik?

Sexismorik gabeko Eguberriak

Africa Jimenez, Maria Palacios, Soko Sanchez, Arantxa Arrieta. STEE-EILAS

Beste behin ere Olentzerori eta hiru Erregeei eskutitza idazteko tenorea ailegatu da, eta behin eskatzen hasita, STEE-EILASen irudimena, irizpidea eta borondatea eskatu nahi ditugu Eguberrietako eromenetik aldentzeko, eta horrela modu kritikoan jokatu jostailu eta jolasak erosteko unean, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna iraunarazten duen sexismoa baztertuz.

Gizarte patriarkalean bizi gara, eta balio maskulinoak nagusiagoak dira balio femeninoak baino, eta benetako berdintasuna erdiesteko, bide luzea egin beharra dago. Baina etengabe aldatzen ari den gizartea da, eta publizitate eragile gehienek ez dute ikusi nahi; jostailuen publizitate kanpainetan esteriotipoz beteriko irudia islatzen dute, eta ematen dituzten gizon eta emakumeen rolak guztiz zaharkiturik daude.

Ez dago jaiotzez ustezko rol maskulino edo femenino hartzera bultzatzen gaituen instinturik jokoaren munduan; aitzitik, inguru hurbilak eragindako ikasprozesua da, eta ikasprozesu hori ekintza ludikoez helduok egiten dugun erabilera sexistaren ondorioa da. Hortaz, helburua ez da mutikoek panpinak hartzea eta neskek autoak, derrigorrean; helburua ohiko dualitatea baztertzea da: «hau neskena da», «hau mutikoena da», eta horrela, neskek zein mutilek jostailu hori erabiltzeko aukera baztertu.

Azken urteotan bideo jokoek benetako jostailuek baino arrakasta handiagoa hartu dute. Kasu gehienetan, eredu sexistak islatzen dituzte, bai emakumearen irudian, bai tradizionalki gizonarekin edo emakumearekin erlazionaturik izan diren rolak erakutsiz. Lehenengoak indarra, boterea eta ausardiarekin izan dira erlazionatuak, eta goraipatuak balio positibo gisa. Balio femeninoak, berriz, ahultasun, beldur, konformismo eta mendekotasunarekin erlazionaturik agertzen dira.

Jokoek, bideo jokoek, haur eta gazte literaturak norbanakoaren identitatea sortzen laguntzen dute, bai eta inguru sozialean integrazioa ere. Horien bitartez, etorkizuneko gizartea definituko duten ideologia eta balioak transmititzen ditugu. Eta horretan datza gure parte hartze aktiboaren garrantzia komunikabideek duten eraginaren aurrean.

Amak, aitak, aitatxiak, amatxiak, izebak, osabak… etxera eramaten ditugun jostailu,joko eta literaturaren erantzuleak gara. Ez dago gure esku komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea, baina bai kritiko jokatzea haien aurrean, sexismoa salatuz, eta, haur eta gazteekiko jokaeretan eta erabakietan eraginik izan ez dezaten saiatuz.

Jostailu, bideo joko eta literatura hautatzerakoan, kontuan hartu beharrekoa: 1. Haurraren adinarendako eta interesetarako egokia izatea. 2. Nortasunaren hainbat alderdi garatzeko egokitasuna. 3. Laguntasuna eta elkarrekiko harremana bultzatzeko aukera ematea. 4. Jokabide solidarioa bultzatu eta jokabide sexista edota belikoa baztertzea. 5. Dibertigarriak izatea eta parte hartzea bultzatzea. 6. Elkartasun balioak agertzea, ezberdintasunak aberastasun pareko ikustea, gizatasuna, hausnarketa, espiritu kritikoa… Eta ondoko balioak baztertzea: sexismoa, lehiakortasuna, garaipena, bortizkeria, arrazakeria, eta abar. 7. Ipuinetako protagonistak emakumeak izatea. Era berean, estereotiporik gabeko irudi eta edukiak izatea.

Gure erabakien bidez jokoek eta jostailuek aurrera begiratzea ahalbidetu eta sustatuko dugu, eta horrela neskek zein mutilek erabiltzeko aukera izanen dute, eta bultzatzen duten balioek eragina izanen dute berdintasuneko etorkizunean.

Emakumeen ordezkaritza politikoan aldaketarik ez

Ane Larrinaga eta Mila Amurrio > EHUko irakasleak (Berria egunkarian argitaratua)

Hauteskunde kanpainako burrunba apaldu da dagoeneko. Hautestontzietako emaitzek lehen orduetan harrotutako hautsak ere baretu dira, apurka-apurka. Orain politika egiteko garaia dela entzun dugu han eta hemen. Eta hauteskunde aurreko ikuskizunek edo hauteskunde osteko zenbatze-lanek gogoak lausotzen ez dituzten une honetan bestelako hausnarketa batzuk egiteko tenorea iritsi dela uste dugu.

Arrazoi desberdinengatik bada ere, Espainiako Parlamenturako azken hauteskundeak aldaketaren lelopean aurkeztu dira, bai Espainiako bai Hego Euskal Herriko iritzi publikoaren aurrean, eta, iragarri bezala, gauzatu egin da aldaketa hori. Izan ere, Espainian, krisi ekonomikoaren kudeaketa dela medio, alderdi popularrak alderdi sozialistaren tokia hartu du estatuko gobernuan. Euskal Herrian, berriz, ETAren jarduna amaituta, alderdien arteko berebiziko indar-berrantolaketa gertatu da, bereziki esparru abertzalean. Sakoneko aldaketak dira, zalantzarik ez, ziklo politiko jakinak itxi eta beste batzuk irekitzen dituztenak. Baina, fokua aldatuz gero, eta hauteskundeei lotutako beste alderdi batzuk argiztatuz, ohar gaitezke aldaketa horien ondoan badaudela iraun irauten duten inertziak gure esparru politiko honetan. Egiturazko erresistentziak adierazten dituztenak edozein aldaketaren aurrean. Indar politikoen dinamikan barne-barneraturik dauden sakoneko jarraibide, eredu eta arauak erakusten dituztenak. Gotorleku modura agertzen zaizkigunak, irmo, zurrun, iragazkaitz. Generoaren auziaz ari gara, jakina.

Zenbakiak beti izaten dira hotzak. Baina baita adierazgarriak ere beren biluztasunean. Hona hemen batzuk. Espainiako Kongresuan ez da aurreko legealdian baino emakumezko diputatu gehiago egongo: 124 emakume hautatu ziren 2008ko hauteskundeetan eta 124 emakume eseriko dira oraingo Parlamentuko aulkietan. Ez dira, hartara, parlamentarien %36ra ailegatzen. Horien ondoan, gizonezkoek ia bikoiztu egiten dute kopuru hori: 226 dira guztira. Kontuan hartuta, 2004ko hauteskundeetan ere 225 emakume diputatu zeudela, datu horiek adierazten dute, besteak beste, indarrean dagoen Berdintasunaren Legeak ez duela ez 2008ko ezta 2011ko hauteskundeetan ere emakumeen ordezkaritza handitzea lortu estatuan. Ordezkaritza horrek bere horretan jarraitzen du urteek aurrera egin ahala. Argi dago, bada, legeak parekotasuna agindu arren alderdi politikoek gizonezkoen esku uzten dituztela zerrendaburu-tokiak. Eta praktika hori modu nabarmenean ez ezik, modu erabatekoan betetzen da, inon idatzi barik dagoen lege bati erantzunez. Hala, 124 emakumezko diputatu horietatik, 39 besterik ez dira hautagai-zerrenden buru izan.

Norbaitek pentsa lezake gauza horiek Espainiako kontuak direla eta gure kultura politikoa bestelakoa dela. Haatik, Hego Euskal Herriko datuek egoera are larriagoa irudikatzen digute. Lau lurraldeetan aurkezturiko lau indar politiko nagusietatik (Amaiur, EAJ, PSE eta PP) lurralde bakar batean (Gipuzkoan) aurkeztu dituzte horietako bik emakumeak zerrendaburu gisa: EAJk eta Amaiurrek, hurrenez hurren. Gaur egungo Euskal Herriko 23 diputatuetatik 3 baino ez dira emakumezkoak (ordezkaritzaren %13), horietako bat Geroa Baiko ordezkaria. Bestalde, PPk eta PSEk ez dute emakume bat ere beraien diputatuen artean. EAJk bost diputatutatik bat dauka (%20) eta Amaiurrek zazpitik bat (%14,3). Ikusten denez, genero bazterketa ahalbidetzen duen idatzi gabeko arau horrek ezker/eskuin nahiz espainiar konstituzionalista/euskal nazionalista ohiko banaketa-ardatzak barnean hartzen dituen zeharkako ildo bat marrazten du, eta esparru ideologiko osora zabaltzen du defizit demokratikoa.

Emakumeek elite politikoetara heltzeko daukaten zailtasunaren berri adierazten diguten datu horiek, dena den, iceberg baten ageriko muturra direlakoan gaude. Izozmendiaren ezkutuko errealitatea gure ingurune sozialean emakumeen menderakuntza birsortzen duen ordena sinbolikoarekin lotuta dago. Ordena horren arabera, esparru publikoa eta pribatua marra zehatz batez banaturik agertzen zaizkigu gaur egun, oraindino, emakume eta gizonentzat. Ildo horretatik, emakumeak politikagintzan eta, oro har, esparru publikoko jardun-guneetan integratzen direnean, gizonezkoek ezarritako eredu kultural eta praktiketan aritu beharra daukate, haiek diseinatutako espazio- eta denbora-koordenatuetan. Ikerketek behin eta berriro erakusten digute, esaterako, nolako gain lana egin behar duten emakumeek gaur egungo politikan indarrean dagoen denboraren eraketara egokitzeko. Izan ere, politikagintzan nagusi den denboraren kudeaketa-eredua guztiz androzentrikoa da: denbora hori arautu barik dagoenez, ia erabateko dedikazioa eskatzen du eta ez dator bat emakume gehienek bizi duten familia eraketarekin. Hala, emakumeen ibilbide politikoa, bai oinarrizko politikagintza arruntean, bai kargu politikoen jardunean, gizonezkoena baino laburragoa eta zatituagoa dela ikusten dugu, eta, ondorioz, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere sarriago uzten dutela bertan behera jarduera politikoa. Horregatik, politikagintzan aurrera egiten duten emakumeek, gizonezkoek ez bezala, familia bizitzari eta bizitza pribatuko beste atal batzuei uko eginez hartzen dute bide hori. Jarraitzen dutenek, gain-selekzioak ezaugarritutako egoera batean jarraitzen dute, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, etxe eta familia-esparruetan dauzkaten ardurak (askotan ez-partekatuak) direla medio, zailtasunak izaten dituzte lidergo finkoak lantzeko, botere erabakietan ezinbestekoak diren harreman-sare ez-formaletan sartzeko, bilera formalen ostean jatetxe eta tabernetan sortzen diren gizonen arteko konplizitate-giroetan parte hartzeko, hitz batean, politikagintzan iraunkortasuna, igoera eta arrakasta bermatzen dituen harremanezko kapital eraginkorra jorratzeko.

Emakumeok ezagutzen ditugu aipaturiko datuen zergatiak. Badakigu egoera aldatzeko eta benetako parekotasuna lortzeko politikagintzan zein gainerako jardun publikoetan gizonezkoek ezarritako eredu kulturalak eta praktikak gainditu behar direla. Bistan da egiturazko aldaketa bat aldarrikatzen ari garela, eta, bide horretan, gizonen ahotsak eta egintzak entzun eta ikusi nahi ditugula. Aldaketa denona eta denon artekoa izan dadin.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista: Politika publikoen bidez harekin amaitzeko zenbait erronka

Laura Gomez > Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria

Artikulu honen helburua da hausnarketa batera hurbil gaitezen, alegia, emakumeen aurkako indarkeria matxista birkontzeptualizatzen utzi behar diguten elementu batzuei buruzko hausnarketara, hartara ikusgai jar daitezen indarkeria horren gainean ikusezin dauden beste diskurtso eta beste egia batzuk. Ez dago horri guztiari buruzko azterketa sakon bat egiterik artikulu honetan, baina badira gai batzuk heltzeko modukoak, hala nola: indarkeria hori gertatzeko eta ugaltzeko bidea ematen duten egiturazko baldintzak; zatia eta osoa jakinaren gainean elkarrekin nahasteari uztea, hau da, indarkeria mota batzuk, larriak eta handiak izanda ere –tratu txarrak, esaterako–, emakumeen aurka dagoen indarkeria osoa edo ia osoa balitz bezala ulertzeari uztea; edota etengabe ikustaraztea emakumeak biktima gisa eta ez subjektu aktibo gisa, beren bizitzaren eta beren askapenaren protagonista modura.

Indarkeria birkontzeptualizatu behar horrek lehentasuna du. Izan ere, argi-itzalen joko horretan, itzalean gelditzen denak izateari uzten dio, eta errealitatearen zati argitua, berriz, egia bakar bihurtzen da; beraz, esku hartzeko xede den errealitate bakar bilakatzen da.

Hortaz, ikuspegi berri horrek berekin dakartzan erronkak bereganatzeak politika publikoetatik esku hartzeko beste elementu batzuk kontuan hartzera behartzen du, indarkeria horrekin amaituko badugu. Geroago, elementu horietako batzuk iradokitzera ausartzen gara.

Gure iritziz, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste iruditeria eta beste kontaketa batzuk eraikitzeko, ezinbestekoa da:

  1. Adieraztea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, izatez, egiturazkoa dela, alegia, bere sustraiak sakon sartuak dauzkala honelako oinarri baten gainean eraikitako gizarte antolaketa batean: gizonek historikoki emakumeak zapaldu, esplotatu eta menderatu izana. Hori hala baldin bada, ezinezko gertatzen zaigu emakumeek erasoen biktima gisa pairatzen duten indarkeriaz hitz egin, eta ez hitz egin gizartearen egitura errotik matxistaz, azken batean, halako indarkeria motak gizarte horrek sortzen, birsortzen eta toleratzen baititu. Hau da, hitz egin al dezakegu inmigrazioaren dramaz, emakume etorkinak biktimizatuz, baina ez kritikatu atzerritartasun lege batzuk, hiritartasun osorako eskubideak jakinaren gainean ukatzen dituztenak, eta emakumeak are egoera zaurgarriago batean uzten dituztenak? Hitz egin al dezakegu emakumeen salerosketaz, mafiez, proxeneta sareez, baina ez sexuaren langileei beregaintasuna bermatzeko aukera eman liezaieketen eskubideez? Esan al dezakegu emakumeek orain lan merkatuan lan egitea ere badutela, baina ez hitz egin ea zeinek betetzen dituen hutsik utzitako leku horiek, eta etxeko langileentzat legeztatuak diren esplotazio baldintzez? Ez al dira, bada, egiturazko baldintza horiek guztiak, ezin hobeak, emakumeen aurkako indarkeria egon dadin eta batzuek horretan etengabe jardun dezaten?
     

  1. Zabaltzea indarkeriaren askotariko agerpen ugariren gaineko begirada eta indarkeria gertatzen deneko guneak. Ikuspegi horretatik, emakumeen aurkako indarkeria zerbait gehiago da bikote harremanaren edo bikotekide ohien arteko harremanaren esparruko tratu txarrak eta sexu erasoak baino (horiek hartzen ditu aintzat genero indarkeriari buruzko Lege Organikoak). Indarkeria, gune publikoetan gertatzen den hori ere bada, “lerdokeria epel hori”, edo beldurraren sozializazioa, non naturaltzat jotzen baita emakumea, zenbait lekutan eta zenbait ordutan, “bizkartzainarekin” joan behar izatea, familiako gizon batekin ahal dela.

  2. Zalantzan jartzea emakumea “biktima”, “ezgauza” eta “mendekoa” den irudi eraiki eta zabaldu hori. Irudi horrek, izan ere, hala eskatzen du, emakumeek jasaten duten indarkeria motei sinesgarritasuna emateko modu bakarra den aldetik. Virginia Despentesek ederki asko azaltzen du “Teoría King Kong” delakoan: ”Amorru bizian nago hazi nauen gizartearen aurka, ez baitit erakutsi gizon bat jipoitzen indarrez zangoak zabaltzen dizkidanean, eta esan baitit bortxaketa hain izugarria dela ezen ezin izango bainaiz inoiz osatu”. Gainera, adierazten du: “Bortxaketaren ondokoa: toleratzen den jarrera bakarra da indarkeria norberaren aurka bihurtzea, hogei kilo gizentzea, esaterako”. Onartzea, muturrean, emakume izatea arrisku faktore bat dela beti, etxean eta kalean; horrek ez gaitu biktima bihurtzen, defentsa aukerarik ez duen biktima. Gaiztoa da sistema hori, zeinak esaten baitu ez arbuiagarria dela erabat emakumeen aurkako indarkeria, baina ez baitu onartzen emakumeak indarkeria hori identifikatzea eta gutxiago beren burua defendatzea.

  3. Hain fenomeno konplexu bat, gizarte antolakuntzako eredu baten ondorio dena, ezin da oinarritu, bakarrik, erantzun polizial, judizial eta asistentzialetan. Erantzunek kolektiboak izan behar dute, emakumeen batasuna eta gizarte antolakuntza errazteko modukoek; horrela, benetako aldaketa gerta daiteke emakumeen eta gizonen artean eta, ondorioz, gizarte antolakuntzan.
     

Ikuspegi horretatik, indarkeria matxistaren aurkako politika publikoak elementu hauei jarraikiz pentsatu, diseinatu eta abiarazi behar dira:

  • Berdintasun erakundeek izan behar dute lidergoa, zeren eta haren kontra borrokatzeko modurik egokiena berdintasun politikak egitea baita, aldatuko dutenak gauzen egiturazko ordena eta, ondorioz, aldatuko dituztenak emakume eta gizonen arteko botere harremanak. Lidergo hori gainerako politika publikoekin estuki koordinatuta egin behar da –gizarte politikak, hezkuntza, hiri antolaketa, segurtasuna eta abar.

  • Indarkeria matxistaren aurkako borroka benetako apustu politikoa izatea, lehen mailakoa. Ohituegi gaude konpromiso politikoak entzutera, azkenean, bihurtzen direnak miseriaren kudeaketa, hauteskunde koartada eta populismo zaharrenaren erakusle. Ez dago sinesgarritasun politikorik, ez bazaizkie ematen berdintasun politika publikoei –beraz, indarkeria matxistaren aurkako borrokari– baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak.

  • Elkarrizketa politikoko guneak sortzea mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin, horri esker erakunde demokratikoagoak eraikiko baitira, ihes egingo diotenak gizarte aldaketetan tarteko diren subjektuak politikoki instrumentalizatzeko edozein tentaldiri, eta bereganatuko dutenak ez dela halakoa bakarka formulatzea “zein diren arazoak” eta “nola” horiei aurre egin. Ikuspegi horretatik begiratuta, behartuak daude emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste diskurtso eta beste kontaketa batzuetara irekitzera, agerian jarriz ez dagoela indarkeriari ikuspuntu formal eta legalista huts batetik heltzerik, eta behar dituela subjektu feministen sormena, jakintza eta kritika.

  • Honelako politikak diseinatzea eta abiaraztea:

  • Indarkeria matxistaren arloko sentsibilizazio eta prebentzio politika, helduko diena generoen eraikuntza sozio-kulturalari eta emakumeen aurkako indarkeriarekin duen loturari. Horiek horrela, indarkeria matxistaren genero irakurketak beste indarkeria batzuk ikusarazi beharko lituzke, hala nola, homofobia, transfobia eta lesbofobia, baita horiek desagerrarazteko politikak diseinatu ere.

  • Emakumeei eskaintzen zaizkien laguntzaren eta esku-hartzearen hobekuntzari heltzen diotenak, honelako zerbitzuak eta baliabideak garatuz:

  • Emakumeak ez biktimizatzeaz gain, haien banako nahiz taldeko ahalduntzerako aukera ematen dutenak, tresnez hornituz askotariko indarkeria matxistak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko, eta aukera emango dutenak beste babes tresna eta gune batzuk sortzeko (salaketatik, urruntze agindutik eta abarretik harago), hala nola, laguntzako gizarte sareak, ahalduntze eskolak, emakumeen etxeak, etab.

  • Malguak eta alderdi hauei egokitzeko modukoak: testuingurua, indarkeria matxisten aniztasuna, emakumeen aniztasuna (buruko gaixotasunak dituzten emakumeak, aniztasun funtzionala, etorkinak, gazteak, drogazaleak, eta abar).

  • Deszentralizatuak, emakume guztientzat berdintasunezko erabilera bermatuko dutenak, alde batera utzita non bizi diren, arreta berezia jarriz landa inguruneko emakumeentzako zaintzari.

X