(Bideoa) Lotsaren alardeak: Oihana Etxebarrieta, Jaizkibel Konpainiako kapitaina

Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitainaren hitzartzea Alternatibak, bere 10. urtemugaren harira Arrasateko Kulturaten antolatutako hitzaldian, joan den abenduaren 18an.

Etxebarrietak bere esperientziaren berri eman zuen, konpainia parekideko buru gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela.

Hitzaldi berean, Iñigo Goikoetxeak hitz egin zuen, eta Julia Monge aurkezle lanetan aritu zen.

Alternatibak Bidasoaldeko alardeetako emakumeen kontrako bazterkeria aztertuko du Arrasaten

Alternatibak hitzaldia antolatu du bihar, abenduak 18, Arrasaten,  Hondarribiako eta Irungo alardeetan emakumeen kontra ematen den bazterkeria aztertzeko. “Emakumeak jaietan, lotsaren alardea” izenburupean, solasaldiak Jaizkibel konpainiako bi kide izango ditu hizlari. Batetik, Oihana Etxebarrieta, emakumeak eta gizonezkoak parekidetasunean biltzen dituen konpainiako kapitaina, eta EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen; eta bestetik, Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel Konpainia” komikiaren egileak hitz egingo du, bere lanak ospakizunaren historia eta konpainiako emakumeen hogei urteko borroka jasotzen ditu.

Etxebarrietak bere esperientziaren berri emango du, Jaizkibeleko kapitain gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela. Goikoetxeak, bestetik, iaz argitaratutako lanean bildutako alardearen sorreraren inguruan, tradizioaren garapena eta egungo harrera soziopolitikoa izango ditu hizpide.

Hitzaldi honek Alternatibaren 10. urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren lehenengoa izango da. 2008ko abenduaren 13an jaio zen Alternatiba, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eginiko batzar irekiarekin. Data gogoratzeko ekitaldia egingo da larunbat honetan, abenduaren 15ean, Bilboko Itsas Museoan. Gerora, eta apirilera arte, hainbat hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, horietako lehena, esan bezala, Arrasaten antolatu dela.

Alardearen aferari helduko dion solasaldia biahr asteartean, abenduak 18, egingo da Arrasateko Kulturaten (Azoka kalea 1), arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Julia Monge ekintzaile memorialista eta feministak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia guztiz irekia izango da aretoaren edukiera bete arte.

Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Iruñean eta Irunen aurkeztuko du

Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du asteon, martxoaren 14an eta 15ean, Iruñean eta Irunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goikoetxea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Iruñeko aurkezpen saioa, Kultur Alternatibak antolatua, martxoaren 14an egingo da, Katakrak aretoan (Kale Nagusia 54) 19:00etan hasita. Irungo aurkezpen saioa, esan bezala, martxoaren 15ean egingo da, Kabigorri aretoan (Peña 1) 19:30etan hasita. Ekitaldietan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibel Konpainiarentzat bideratuko da.

 

Batak ez dezala estali bestea

Memoria Partekatu baterantz agiria 2015eko azaroan plazaratu zenetik, Orereta- Errenteriako udalak pausu sendoak eman ditu bizikidetza eraikitzearen alde. Hain zuzen, zor zion aitortza egin dio ETAk hildako zinegotziei eta beren sendiei, eta duela gutxi 1977ko Amnistiaren Aldeko Bigarren asteko poliziaren jazarpen errepresioaren biktimei ere. “Lege eder bat jarri, bizi gaitezen garbi, hori desio nuke nik isuri gabe odolik”, zioen gure Xenpelarrek. Zoritxarrez odola isurtzeari amaiera emateak ez du ziurtatzen lege ederrik, batez ere Espainiako Erresuman.

Garaia da, bai, gure aldetik bederen, garai zaharreko joera sektarioei nola errepresio polizialaren kalteei aurre egiteko, nahiz eta nire uste apalean, zaila bada sektakeria uxatzea (oso lotua dago zatiketa politikoarekin)  are zailagoa iruditzen zait errepresioarekin bukatzea.

Izan ere, Espainiar Estatu kapitalistan bizitzea tokatu zaigunei itzalak argiari bezala jarraituko gaitu errepresioak. Hots. Hain baketsu eta demokratikoa den kataluniar prozesu independentistari Estatuak nola erantzun dion ikusi besterik ez dago, jakiteko nola erantzungo duen aldaketaren bati ekiten badiogu.

Gainera, gehiengoaren esplotazioan oinarrituriko sistema kapitalista honetan (“bestearenetik –izerdiaz ari da– asko bizi diren”  Maialen Lujanbioren esanetan) benetako bizikidetza lortzea ezinezkoa deritzot. Alde horretatik,  ikusten dut garai batean  Euskal Herriko Belfast izendatua izan zen Errenteria harekiko harrotasuna (askatasuna eta justizia sozialaren aldeko borrokan puntako herria zenak) apaldu edo lausotu egin dela, eta tristea litzateke gaur egun bizikidetzaren arloan puntakoak izan nahi izateak herri borrokalariaren sena estaltzea. Ez da nostalgia puntua, edo agian bai, kontua da ezin dugula forma goxo eta abegikorrekin gatazkaren beharra ordezkatu.

Atzo eta gaur, gatazka beharrezkoa da gizartea aldarazteko norabide askatzaile batean. Gure belaunaldiak borrokaren gorrian ikasi zuen gure buruak antolatzen pertsonalki zein sozialki; bide batez, besteekiko solidario izaten. Aski zen lantegi bat borrokan hastea besteetan asanbladak antolatzeko, nola lagundu aztertzeko.

Gaurko belaunaldiak bere erara egin beharko du bidea, baina seguru borrokatu beharko duela aurre egiteko.

Egungo Errenteriak (mundu osoan bezala), arazo asko izaten jarraitzen du: langabezia, prekarietatea, miseria, euskararen normalizazio eza, kultur arloko ahulezia, kutsadura, aldaketa klimatikoaren zantzuak, genero indarkeria, eta abar luze bat, azken finean zinezko bizikidetza galarazten dutenak. Eta ezkerreko udaletxearen ahaleginak garrantzitsuak badira ere, ez dira aski arazo horiek guztiak konpontzeko. Gizarte bizi eta aktibo bat behar dugu.

Bizikidetzaren aldeko ahaleginak ez dezala estali borrokaren beharra. Ondo esanak onartu eta gaizki esanak barkatu.

ZuZeu-n argitaratua

Vesga: «Gure belaunaldian, iraultza soziala oso garbi zegoen, baina etxekoa, ez hainbeste»

Urte luzeetako militantzia ibilbidea izan du Begoña Vesgak (Quintanilla de San Garcia, Espainia, 1951). Frankismo amaierako urteetan PCE(i)-ko kide egin zen, eta lehen hauteskunde demokratikoetan PCEko zinegotzi izan zen Ermuan (Bizkaia); gero, baita Ezker Batuaren izenean ere. Bertako mugimendu sozial eta herritarrak gertutik ezagutu ditu, eta zerbitzu publikorik apenas zegoen herrian horiek lortzeko borrokan aritu zen. Alternatiba alderdiaren sortzaileetako bat ere izan zen. Mahai feministako kide da, eta, EH Bilduren sorreran, Eibarko (Gipuzkoa) zinegotzi izan zen. BERRIA egunkarirako Lander Muñagorrik eginiko elkarrizketa.

Noiz hasi zinen militantzia politikoan?

Oso gaztetatik, 16 urte ingururekin-edo. Injustiziak salatzen goiz hasi nintzen mugimendu kristau edo Elizaren ingurukoetan. 17 urterekin eskola amaitu, eta beste guneetara inguratzen hasi nintzen; mendi taldera, adibidez. Hor bazegoen antolatutako jendea, eta berehala talde komunista batean sartu nintzen.

Etxean bazenuten halako tradiziorik?

Etxean ez zuten errepresio frankista ezagutu. Burgosko [Espainia] eskualde batekoak ziren gurasoak, eta alde nazionalean harrapatu zituen gerrak. Beldur handia zegoen, hori bai, eta ez nuen esaten zertan nenbilen ere.

Klandestinitatea etxean zein kalean…

Bai, baina etxean zalantzan jartzen nituen zenbait gauza; erlijioarekin lotutakoak, esaterako. Aita asko haserretzen zen, eta leihoak ixten zituen goikoak entzungo gintuztelakoan. Beldurra zuten. Injustizia asko bizi izan zituzten, baina ez ziren inon sartu. Eta guri ere berdin egiteko esaten ziguten. Nire etxean, gainera, komunista hitza deabruaren parekoa zen, eta ni PCE(i)ren zelula batean sartu nintzen. PCEko internazionalistak ziren, maoistak.

Kalean zein zen giroa?

Burgosko prozesuarekin bat egin zuen, eta, Eibarren, greba eta manifestazio ugari egon ziren. Manifestazio batean, polizia tiroka hasi, eta barrikada batean geundela, nire zelulako kide zen Roberto Perez Jauregiri eman zioten. Hiru egunera hil zen.

Nola oroitzen duzu une hura?

Oso gogorra. Robertok lan egiten zuen lekua nire bulegotik gertu zegoen, eta askotan geratzen ginen lanetik ateratzean propaganda trukatzeko. Normal egiten genuen, lagunak bagina bezala, eta tailerreko askok esaten zuten Robertoren bikotekidea nintzela. Hil zutenean, ezin nuen esan politikoki antolatuta geundela, eta alderdiak, gainera, ez zuen bere heriotza aldarrikatu.

Zergatik?

Istorio klandestinoak. Niri horrek mina egin zidan, ez baitakit zer gorde nahi zuten. Denbora gutxira, orri batzuk banatzen ari ginela, Poliziak harrapatu gintuen, eta atxilotu. Orduan izan zuten etxean nire militantziaren berri. Atxilotzea, ordea, ez zen oso gogorra izan; 19 urte nituen, eta ez neukan informazio askorik ere. Hilabete eta erdi egon ginen Martuteneko kartzelan, eta baldintzapean aske atera nintzen. Nire etxean beldur handia zuten beste kontu batean sartuko ote nintzen, eta amak goitik behera miatzen ninduen.

Hortik PCEra egin zenuen salto. Zergatik?

PCE(i)koekin arazoak izan nituen nire familiak berme bat pagatu zuelako, haien politika bermerik ez pagatzea baitzen. Horrez gain, PCEko kide batekin ateratzen hasi nintzen, eta ikusi nuen beste egitura bat zutela. Ezkondu egin ginen, eta Ermura joan ginen bizitzera.

Ermuan herri mailako mugimenduetan parte hartzen hasi zinen. Nolakoa zen orduko Ermua?

Zoragarria zen, borborka zegoen herri bat. Bizilagun mugimendu oso indartsua zeukan, lotarako herri bat izan arren. Azpiegituren falta zegoen, eta horiek lortzeko borrokan hasi ginen. Gauza txikien konkistak lortu genituen: anbulatorioa, eskolak, haur eskolak… Modu txarrean egindako herri bat zen, 3.000 biztanletik 20.000ra igaro baitzen denbora gutxian. Beraz, errepideak itxiz eta mobilizatuz lortu genituen gauza horiek.

Lehen hauteskunde demokratikoak iritsi zirenean, zinegotzi izan zinen PCErekin.

Urte haiek lotura gehien egin nituen garaia izan ziren. Ermuko egitura oso berezia da, herri karlista bat delako. Jendea eskuindarra zen, baina oposizio taldea handia zen. Lehen hauteskundeetan ezkerrak irabazi zuen, PSOE kontuan hartuta. Julian San Cristobal izan zen alkate, GAL muntatu zutenetako bat. Ez zen herrikoa, eta ez zuen Ermua ezagutzen, baina argia izan zen, herri mugimenduetan zebilen jendea ikusi zuelako eta ardurak partekatu genituelako. Kontzentrazio gobernu bat izan zen.

Dena egongo zen egiteko…

Bai. Talde tekniko bat zegoen auzoko taldeak aholkatzen zituena, eta San Cristobalek lan egiten utzi zigun. Demokraziaren lehen udalak buelta eman zion herriari, eta herri izaera bat garatzen hasi zen. Baina 1982an, Gobernu Zibilera pasatu zen, eta hurrengo hauteskundeetan gehiengo absolutuz irabazi zuen PSEk. [Francisco Jose] Berjon iritsi zen alkatetzara, eta hark bertan behera utzi zuen martxan zegoen guztia. Ordutik ezin izan zaio egoerari buelta eman.

1991ko hauteskundeetan berriz aurkeztu zinen, eta berdintasun zinegotzi bat jartzeko proposatu zenuen.

Bai, emakumeen hautagaitza bat aurkeztu zen; Ermua aitzindaria izan zen horretan. Ni Ezker Batuarekin joan nintzen, baina ez ziren etsaiak. [Carlos] Totorika etorri zen orduan, eta hor hasi zen udaleko nire bigarren etapa. Totorikari berdintasun zinegotzia sortzea proposatu nion, eta berdintasun plan bat egin zezan, eta onartu zidan, gobernuan egon gabe. Berdintasun teknikari bat ere jarri zen; aitzindariak izan ginen.

Miguel Angel Blancoren hilketa nola bizi izan zenuen?

Ez zitzaidan Ermuan bizitzea tokatu, ordurako banandua eta Eibarrera itzulia nintzen. Pentsatzen nuen gobernuak negoziatuko zuela… Baina herritarren altxamenduak ez ninduen harritu, mugimendu sozialen oinarria bazegoelako. Gero erabilera negargarria egin zitzaion egoerari, etsaiak bilatu baitzituzten leku guztietan.

Zure jarduera politikoa udal mailara mugatu da, baina Alternatibaren sorreran ere parte hartu zenuen…

Bai, herri mailako politika oso gertukoa iruditzen zait, eta zorte handiz beste esperientzia ere eduki nuen. PCEtik ondorengo zatiketa guztietan egon naiz: Euskadiko Ezkerrakoa, Ezker Batukoa, Madrazoren garaia… Madrazori oposizioa egin genion bere jarrera diruzaleagatik, eta Alternatiba sortzen aritu ginen. Alderdiaren lehen egoitza etxe hau [bere bizilekua] izan zen, eta oraindik karta batzuk iristen dira… Gutxira, EH Bildu sortu zen, eta zerrenda garbien kontuarekin Eibarren eman nuen izena.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Beste etapa zoragarri bat izan zen. Alderdi ezberdinen elkargune bat izan zen, eta soka horien bat egite hori oso interesgarria izan zen. Eibarko Udalean administrazioan lan egin izan dut, eta, udal hauteskundeetako zerrendak egiteko orduan, garbi utzi nuen izena emango nuela, baina ez ateratzeko moduan, lanari muzin egin beharko niolako. Zerrendan seigarren izan nintzen, pentsatuz ez genuela aterako…

Eta emaitzen unea nolakoa izan zen?

Gogoan dut nola ikuskatzaile gisa egon nintzen Amaña auzoan, eta, nire aktarekin itzultzen ari nintzela, ahizpak deitu zidan esanez Donostian Odon Elorza erori zela, eta Eibarren zinegotzi aterako nintzela. Lokalera iritsi, eta mundu guztia euforiko zegoen, eta ni beldurtuta, pentsatuz zer egin behar nuen. Baimena hartu nuen, eta zinegotzi izan nintzen Eibarren. Baina halakoa izan zen booma, diputazioa ere hartu genuela, eta batzarkide gisa ere joan nintzen. Beraz, kasik lehen lerroan egotea tokatu zitzaidan berriz, eta oso esperientzia polita izan zen.

Garai historikoa izan zen…

Nik zortea eduki dut. Ermuan nahiz Eibarren oposizioan egonda ere, talde oso interesgarria izan zen. Belaunaldi berri batekin bat egin dut, eta ederra izan da. Feminismoaren alorrean, neska gazte zoragarri batzuekin ere bat egin dut, eta Alternatibako feminismo mahaian ere banago. Alde horretatik, pribilegiatua sentitzen naiz, belaunaldi berriak ezagutu ahal izan ditudalako.

Ez daude emakume asko jarduera politikoan hainbeste urtez jarraitu dutenak. Zu hor egon zara.

Beste gauza batzuk lehenetsi ditut, eta politikoki aktiboen egon naizenean, garai onak izatea tokatu zait. Hala ere, etapa zailena zaintzarena izan da. Oso gazte izan nintzen ama, eta orduan oso ausarta zara. Lortu dut lan egin, militatu, haurrak izan eta ama ere izatea. Beti pentsatu dut nire haurrek ez dutela izan ama bat ikastola kanpoan ogitartekoarekin zain, baina esan izan didate horrek independentzia eman diela.

Hori gogorra izan da zuretzat?

Bai, alaba haurtzaindegian utzi nuela amestu nuen denbora luzez. Hainbeste kezka neuzkan bateko bilera zela eta besteko kontuekin. Eta bikotekidearen kolaborazioa ere ez zen nahi bestekoa… Gure belaunaldian, iraultza soziala oso garbi zegoen, baina etxekoa, ez hainbeste. Nik ere bilera asko izan nituen, baina haurrak norekin geratuko ziren lotuta uzten nuen beti. Alde horretatik, garai zailena hori izan zen bateratzeko; baina gaztea nintzenez eta indarra nuenez, igaro nuen.

Gaur egun indar handien duten mugimendu sozialetako bat feminismoa da. Nola ari zara bizitzen garai hau?

Zoragarria da. Irantzu Varelaren fana naiz, eta harekin topatzea zoragarria da. Ekintza batzuk egiten hasi ginen, Irantzuk egun egiten dituen bideoen antzera. Esku hartze batzuk egin genituen Bilboko elizaren parean, eta parte hartu nuen han. Gaztetu egin nau. Mezu feministak zabaltzeko modu berri bat da; oso interesgarria. Nik ez diet asko eskaini, nire esperientzia ez baita asko. Alderantziz, haien bidez ikasi dudana askoz gehiago izan da nik eskaini ahal izan diedana baino.

Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel konpainia” komikiaren egileari elkarrizketa BERRIAn

Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel konpainia” komikiaren egile eta marrazkilariari Jon Ander De la Hoz kazetariak BERRIAn egindako elkarrizketa, Hondarribiko Alardearen eta Jaizkibel Konpainiaren historia kontatzen duena. 

Beti ibili izan da marrazkiaren jiran Iñigo Goikoetxea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1983). Arkitektura ikasketak egin zituen, eta komikia du zaletasun. Zaletasun horretan oinarritu du alardeko Jaizkibel konpainia mistoaren historia biltzen duen komikia: «Konpainiako militantea naiz, eta lan hau gizartean eragiteko tresna da».

Komikiaren lehen zatian alardearen oinarri izan zen 1638ko setioa landu duzu. Nola dokumentatu zara duela lau mende oinarritutako zatia egiteko?

Hasteko, garai hari buruzko testuak irakurri nituen informatzeko. Xabier Kerejeta historialariarekin ere bildu nintzen, eta zinta batzuetan bera txertatu dut kontaketa egiten. Hondarribiko setiotik hasi, eta ia XX. mendera arteko historia kontatu zidan. Beraz, esan daiteke elkarrizketa bidez informatu naizela.

Jaizkibelen hogei urteko ibilbidea ere biltzen du lanak. Konpainiako kide izateak zuzeneko iturrietara iristea ahalbidetu dizu?

Kideak ezagutzen ditut, eta lanak errazten ditu horrek. Gainera, ez dute nirekin hitz egiteko beldurrik izan, nire babesa dutela badakitelako. Jende irekia da elkarrizketak emateko garaian.

Komikia egiten hasi zinenerako istorio definitu bat egituratua al zenuen?

Ez dut gidoirik erabili, esperientzia pertsonalen batuketa delako. Lau edo bost aukera nituen informazioa sartzeko; kronologikoki azaldu dut Jaizkibelen bilakaera.

Zeure kabuz hasi zinen lana egiten; zer erantzun jaso zenuen Jaizkibelekoei aurkeztu zenienean? 

Ni komikiaren munduan aritzen naiz, eta komikia tresna ona da gaia gizartean zabaltzeko. Horregatik, Jaizkibelen asanbladan proposatu zuten, eta, ados zeudenez, aurrera egitea erabaki genuen.

Fikzioak ba al du lekurik zure lanean?

Komikia kronika bat da, eta marrazkien bidez benetan gertatutakoei irudi bat egin diet, telebistako kamerarik ez zegoelako ordu hartan. Esaterako, lehen aldiz desfilatu aurretik etxeko atarian bizi izandakoen irudikapena dago komikian. Fikziotik gutxi du lanak, baina komikian badago zati bat non egileak momentu hori imajinatu egiten duen. Hala ere, betiko alardeko kide bati galdetzen badiozu, guztia fikzioa dela esango dizu. Komikia inprimatu ere egin gabe zegoenean, hala jarri zuten txio batean, fikziozko istorio polita zela.

Diozunez, gatazka ez zen 1996an hasi, 1993an baizik. Zergatik?

Hori da. Ez da asko ezagutzen, baina lehendabiziko hiru urteetan, festan parte hartzeko baimena eskatu zion emakume talde batek Hondarribiko Udalari. Oso modu naturalean egin zuten, horretarako eskubidea zutela iritzita. Hiru urte horietan, isiltasun administratiboa egin zuen udalak, eskaera hura ikusezin bilakatuz. Jendeak pentsa dezake 1996ko saialdira arte ez zela deus gertatzen, baina ez da hala.

Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Gasteizen eta Oiartzunen aurkeztuko du

Abenduaren 19an eta 20an, Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du Gasteizen eta Oiartzunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Gasteizko ekitaldia hilaren 19an, asteartea, egingo da, alderdiaren egoitzan (Los Herran kaleko 25.eko behealdean) arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, Oiartzunera (Gipuzkoa) eramango da aurkezpena, Manuel Lekuona udal liburutegira hain zuzen eta ordu berean, 19:00etan, hasita.

Ekitaldiotan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibiel Konpainiarentzat bideratuko da. Informazio gehiago nahi dutenek edota egilea elkarrizketatu  nahi duten hedabideek, aski dute Alternatibaren komunikazio taldearekin harremanetan jartzea.

Fidel gogoan bere heriotzetik urtebetera

Urtebete igaro da Fidel Castro Ruz Betirako Komandantearen desagerpen fisikotik 2016ko azaroak 25ean. Denon ahotan egon zen berri tamalgarri hura. Gogoratuko gara nola segituan bete ziren Euskal Herriko kaleak Fidelen argazkiez, Bandera Kubatarrak ere azaldu ziren balkoietan eta omenaldi ugari egin ziren.

Momentuak eskatzen zuen urgentziaz, Donostiako hainbat alderdi, erakunde eta herritarrok lehen momentuko ekitaldia egin genuen Donostian. Urtebete geroago, Alderdi Komunista-PCPE, Alternatiba, PCE/EPK, Sortu, Gazte Komunisten Kolektiboak-CJC, Ernai, Gazte Komunistak, Askapena eta Euskal Herria Donbas Komiteari beharrezkoa ikusi dugu berriro elkartzea Gipuzkoan bizi diren kubatarrekin batera, ACESMArekin, batzen gaituen hori oroitu, defendatu eta goraipatzeko: Fidel eta Kubatar Iraultza.

Aurten Urriko Iraultza Sozialista Handiaren mendeurrena ospatu dugun urte honetan, gogora ekarri nahi dugu Sobietar Batasunaren adibidea jarraituz duela 59 urte Fidelek eta berak gidaturiko Iraultzak independentzia nazional eta klasista ekarri ziola Kubari, Latino Amerikako lehen iraultza sozialista garaipenera eramanez. Inperialisten esanetara zegoen Batista diktadorea garaituz borroka luze baten ondoren eta aberri berri bat eraikitzen hasi zen Fidel; Che Guevara, Raul eta Camilo Cienfuegos bezalakoekin batera, Amerikar Estatu Batuen sudurren aurrean.

Fidelek hitz egin zigun azken aldietako batean, Sobietar Batasuna eta Leninen obra gogora ekarri zigun eta desiratu zuen beste 100 urte behar ez izatea Sobietar Iraultza bezalako obra handi bat gizadiak berriro izan dezan.

1961eko apirilak 16an Fidelek Iraultzaren Izaera Sozialista aldarrikatu zuen, Kubako Alderdi Komunistaren gidaritza ukaezinarekin. Ekoizpen bideak nazionalizatu eta langileak agintari bilakatu ziren. Laborantza erreforma bultzatu eta nekazariak lurren agintari bihurtu ziren. Nazio mailako alfabetizazio kanpaina erraldoi bat abiatu zen ez soilik haurrei, baita helduei ere idatzi eta irakurtzen irakasteko, ondo bai zekien Fidelek, herri ez-jakitun bat baino gauza arriskutsuagorik ez dagoela.

Fidel adibide bat da munduko iraultzaile eta progresista guztientzat. Bere tinkotasuna zailtasun guztien aurrean, munduko aldaketa historikoen irakurketa gaitasuna eta taktika iraultzailea momentuko kondizioetara moldatzeko gaitasuna, bere gizarte justuago bat eraikitzearen ideiaren atxikimenduak eta bere internazionalismo proletarioak nahitaezko erreferentzian bilakatzen du Fidel.

Sobietar Batasunean eta Europako beste herrialde sozialistetan tamalez kontrairaultzak garaipena lortu ondoren, Iraultza Kubatarraren adibideak

beste dimentsio bat hartu zuen. Garai gogor horietan, Fidelek gidaturiko irlak, Bandera Gorria goian mantendu zuen momentuko korronte guztien aurka, munduko iraultzaile guztientzat itxaropen eta erreferentzia bilakatuz.

Kubatar Iraultza Sozialistak bertako langile-nekazariak ahalduntzeaz gain, beste herrialde askotakoei ere laguntza ikaragarria eman zien eta ematen jarraitzen die internazionalismo proletarioari jarraiki. Eredugarriak dira Kubatar Indar Armatu Iraultzaileek emandako laguntza independentzia nazionala eta eraikuntza sozialista defendatuz Argelian, Kongon, Sirian, Angolan, Etiopian eta Nikaraguan, esanguratsuenak aipatzearren. *Latino Ameriketako herrialde antiinperialistekin batera sustaturiko ALBA mugimendua, Hego Afrikako beltzei apartheid garaian emandako laguntza, eta beste hamarnaka adibide ditugu.* Denongatik ezagunak dira ere mundu osoan zehar behar handienak dituztenei laguntzen ibiltzen diren mediku kubatarrak.

Bereziki gogora ekarri nahi dugu Euskal Herriko iheslari politiko askok Kuban aurkitu izan duten babesa. Kubatar Iraultzak eskaini dien bigarren etxe duin hori beti eskertua izango da.

Aipatu dugun guztia ez zen horrela izango Fidel gabe. Fidel aitzindari bat izan zen, fisikoki joan zitzaigun urtean bertan aurreratu zizkigun hitz hauek: “denoi iritsiko zaigu gure txanda, baina Kubako komunisten ideiak geratuko dira, planeta honetan irmotasun eta duintasunez lan egiten bada, gizakiok behar ditugun ondare material eta kulturalak ekoiztu daitezke, eta atsedenik gabe borrokatu behar dugu horiek lortzeko. Gure munduko anaiei helarazi behar diegu Kubatar Herriak irabaziko duela”.

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(1).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(3).jpeg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(6).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(7).jpg

http://www.alternatiba.net/old-files/Cuba01%20(1).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (1).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (3).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (6).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (7).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Cuba01 (1).jpeg

‘Colapso’ liburuaren aurkezpenak jakinmina sortu du

Testua eta argazkiak: mondraberri.eus /2017ko azaroak 23, osteguna

40 lagun inguru batu ziren atzo arratsaldean Jaizaleko Elkartean, Alternatibak antolatutako hitzaldiaren baitan. Gonbidatua Carlos Taibo idazle galiziar libertarioa izan zen. Oraingo honetan ‘Colapso: Capitalismo Terminal, Transición Ecológica, Ecofascismo’ bere lanaren 3. edizioa aurkeztera gerturatu zen idazlea Arrasatera. Ez da lehenengo aldia ordea Carlos Taibo gurean dagoena, duela 18 urte Txetxeniaren inguruko hitzaldi batean parte hartzera etorri zen eta.

Joan etorri marduleko autorea dugu galiziarra, ideia libertarioen defendatzaile amorratua. 50 liburu argitaratu ditu jadanik Unibertsitateko irakaslea den pentsalari honek. ‘Colapso’ren kasuan, lehen bi edizioetan liburu guztiak saldu zituen, eta hirugarren edizioa du beraz honakoak, Cataratas editorialaren eskutik.

Jakinmin handia piztu zuen aurkeztera etorri zen liburuaren gaiak. Obrak egun jasaten dugun sistemaren kolapsoa, erorketa edo deuseztapena gerta daitekeen aukera gisa planteatzen du. Diskurtso politiko eta mediatiko hegemonikoek ez dute gai honen inguruan inolako eztabaidarik plazaratzen, baina horrek ez du esan nahi aukera hori existitzen ez denik.

Tesi honetatik abiatzen da Carlos Taibo idazle libertarioaren azken lana. Kolapsoaren kontzeptua ikuspegi pedagogiko batetik aztertuz, berau sorrarazi duten kausak eta ekar ditzakeen ondorioetan jartzen da arreta. Horretaz gain, sistemaren erorketari aurre egiteko bi erantzun guztiz kontrajarri planteatzen dira: trantsizioaren aldeko mugimenduak eta ekofaxismoa. Fenomeno hau herritarren ikuspuntutik ere lantzen da.

https://pbs.twimg.com/media/DPQQXvOWsAAtn2c.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQSHOjWkAAuKmg.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQTSpQXUAARx4y.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQUZf9X4AASquL.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQWXcqXUAMuKdM.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQZqOhXUAgrNP1.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DPQcnlsXUAYKLh-.jpg

http://alternatiba.net/old-files/171122Presentaci%C3%B3nColapso(Arrasate)2%20REDES.jpg

Alternatibak bere militante borrokalarienaren heriotza deitoratzen du, Hector Prieto Aretxabaletako zinegotzia

Atzo, urriaren 26an, albiste lazgarria jaso genuen, Hector Prieto Rosado Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu zinegotziaren heriotzarena. Galera mingarria, Euskal Herria justu eta solidarioago baten aldeko borrokan izan dugun militante borrokalarienaren umezurtz utzi gaituelako. Gaztea bazen ere, beste inork ez bezala jakin izan du bizitzaren minutu bakoitzari zukua ateratzen, mundua hobea eraikitzea iparrorratz zuela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak galera honek eragindako samina adierazi nahi du, eta bere senide, Pepi Rosado eta Jose Ramon Prieto gurasoei bereziki, eta hurbilekoei dolumina agertu nahi die. Haiekin guztiekin partekatzen dugu Hector ezagutu izanaren harrotasuna, eta bere bizitzari aurre egiteko moduaz zipriztindu izana. Oztopo handia jarri zion patuak, endekapenezko gaixotasun bat hain zuzen ere, baina ausardiaz egin zion aurre eta muga fisikoen gainetik, kezkaz beteriko adimen iraultzaileak hegan egiteko gai izan zen.

Hectorrek betidanik maitatu izan zuen historia, argi zuen iragana ezagutu ezean, akats berdinak errepikatzeko joera duela gizateriak. Zailtasunak zailtasun, eremu honetan ikasketak egitea lortu zuen, lizentziatura eta master bat eginda, baina baita ere bere ideia eta idazkiak hainbat blogetan jasoz. Babeslekua zen historia harentzat eta, maiz, lerro batzuk eskaintzen zizkien Buenaventura Durruti, James Connolly edota hainbeste estimatzen zuen Ernesto Che Guevara komandanteari.

Ezkerreko militante gisa, pertsona guztiak duintasunez eta elkarri kontra egin gabe biziko ziren mundua zuen amets. Eta bere harri-koskorra jarri zuen helburu horretan, Alternatiban militatzen eta harago ere joanda, izan ere, 2015eko udal hauteskundeetan Aretxabaletako EH Bilduren zerrendetan parte hartu zuen, herritarren babesari esker, zinegotzi atera zela.

Gazte joan zaigu, 34 urterekin, baina medikuen aurreikuspen guztiak gaindituta eta, batez ere, bere bidea zentzuaz eta konpromisoaz jantzita. Hector joan zaigu, baina bere eredua utzi digu, inoiz aipatu zuen Hellen Keller idazle eta aktibista itsu eta gorraren aipua egi bilakatu baitzuen: “Ezin diozu zure buruari onartu arrastaka joatea gogoak hegan egiteko eskatzen dizunean”.

Sit tibi terra levis Hector, agur eta ohore.

Alternatibako Koordinakunde Nazionala

Euskal Herria, 2017ko urriaren 27an

Hamar urtez Euskal Herriko ezkerra eraldatzeko lanean

SEDE BILBAO Plaza de la Casilla 6, bajo 48012 Bilbao Tlf. 94.423.72.69

SEDE DONOSTIA Calle Autonomía 15, bajo 20006 Donostia Tlf. 94.326.57.80

SEDE GASTEIZ Calle de Los Herrán 25, bajo 01002 Gasteiz Tlf. 94.577.27.70

X