Alternatibak palestinarren kontrako eraso berria salatu eta manifestazioetara deitu du

Israelek Zisjordaniako lurraldea atxikitzeko planaren aurrean, Alternatibako Mahai Internazionalistaren adierazpena:

– Anexioa Israelek Palestinako lurra eta biztanleria kolonizatzeko etengabeko prozesuaren beste urrats bat da: kolonoen kokalekuak hedatzea eta estatu bateko biztanleria lurralde okupatura nahitaez transferitzea (Genevako IV. Hitzarmenak debekatzen badu ere). Kokaguneak hedatzeko markatutako eremuetan dauden komunitateek aurre egin behar izan diete eraispen-aginduei, lurren konfiskazioari eta nahitaezko birkokatze-planei (beduinoen kasuan). Zisjordaniako eta Jordango haraneko 132 kokagune kolonoak dira Israelek data horretatik aurrera gehituko dituenak.  Zisjordaniaren %30a da hori.

– Atxikipen-plan horrek ukatu egiten ditu herri palestinarraren eskubideak: beren erabakitzeko eskubidea, baliabide naturalak, etxebizitza edukitzea eta mugitzeko askatasuna izatea. Gainera, kolonoengandik pairatzen duten indarkeriaren gorakada ekarriko du.

– AEBk eta Israelek “mendeko Akordioa” deitu diote eraso horri, eta Jerusalem Israelen hiriburu zatiezina dela, palestinar errefuxiatuen itzulerarako eskubiderik ez duela eta okupatutako lurraldeko kokaguneak legeztatzen dituela adierazten du. Hori guztia, jakina, onartezina da palestinar herriarentzat.

Herri palestinarraren eskubide legitimo eta historikoen aurkako eraso berri honen aurrean, herrien artean partekatutako borroken internazionalismoa oinarri hartuta, erakunde, herri palestinarraren alde Euskal Herriko hainbat hirietan antolatutako manifestazioekin bat egiteko deia egiten dugu.

Imagen

Imagen

Imagen

 

Alternatiba Diadan izango da, Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidea babesteko

Urtero bezala, Alternatibaren ordezkaritza batek Kataluniako Egun Nazionalean, Diadan, parte hartuko du bihar. 2017ko urriaren 1ean abiatutako epe honek mugarri berria izango du galdeketako buruzagien aurkako epaiketaren ebazpenarekin. Egoera honetan, berriro ere, Alternatibak ospakizunetan zein aldarrikapenetan parte hartu eta eragile sozial eta politikoekin bilerak egingo ditu.

Gehiago irakurri…

Alternatibak Kolonbiako bake prozesuaren oztopoak eta bilakaera aztertuko ditu Bilbon

Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 23, Alternatibak hitzaldia egingo du Bilbon, Kolonbiako bake prozesuaren bidean izandako oztopoak eta bere bilakaera aztertzeko. Dagoeneko, bi urte baino gehiago igaro dira Cartagenan Gobernuak eta FARC-ek akordioa izenpetu zutenetik. Solasaldian bake elkarrizketetan parte hartu izan duten bi kidek hartuko dute hitza: Alberto Pinzon Sanchez eta Carlos Alberto Ruiz Socha. Aurkezle lanetan Diana Urrea Herrera Alternatibako Mahai Internazionalistako kidea arituko da.

Alberto Pinzon Sanchez, medikua eta antropologoa, 2001ko eta 2002ko  bake elkarrizketetarako batzordeetan aritu zen, non Kolonbiako gobernua eta FARC aurrez aurre egon ziren; bigarren aukeran ELN ere han izan zela. Carlos Alberto Ruiz Sochak, bestetik, akademikoa eta abokatua da, FARC-eko aholkularia izan zen duela bi urteko bake prozesuari begira eta egun zeregin berberetan dabil ELN-rentzat.

Hitzaldia bideratzeko ardura Diana Urrea Herrera Alternatibako kideak izango du. Kolonbian jaioa, legebiltzarkidea izan zen Gasteizen iragan legegintzaldian, eta Porto Alegreko (Brasil) Kolonbiako Bake Foroan parte hartu zuen 2013an.

Solasaldia urtarrilaren 23an izango da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Bilboko Hika Ateneoan (Ibeni kaia 1). Alternatibaren 10. urtemuga ospatzeko antolatutako hitzaldi sortaren baitan kokatua, sarrera askekoa izango da aretoa bete arte.

Borras «Kazetari guztiek autozentsuratzen dute bere burua, gutxi-asko»

Alternatibak Bilbon antolatutako hitzaldiaren harira Jordi Borras fotokazetariari BERRIAko kazetari Uxue Gutierrez Lozanok eginiko elkarrizketa.

Ofizioz fotokazetaria da Jordi Borras (Bartzelona, 1981), eta bokazio handiz bizi du ogibidea. Baita arriskuz ere. Izan ere, orain sei hilabete Espainiako polizia batek sudurra apurtu zion. Bosgarren liburua plazaratu berri du, Kataluniako erreferendum eguna ardatz hartuta: Dies que duraran anys. Alternatibak antolatuta, Bilbon eta Gasteizen izan da liburua aurkezten.

Zer aurki daiteke ‘Dies que duraran anys’ (Urteak iraungo duten egunak) liburuan?
Erreferenduma aitzakiatzat hartu, eta hiru hilabetez Katalunian bizitakoa laburbildu nahi izan dugu liburuan. 2017ko udazkenean Katalunian bizitakoaren irudi kronika bat da liburua, testuz lagunduta. Ikuspuntu independentistatik behatuta. Beste liburu bat ere posible litzateke: kontra zeuden espainolisten ihardespena. Hori aurreko liburu batean azaldu nuen, eta, orain, ez nien protagonismorik eman nahi. Liburua omenaldi bat da, erreferenduma posible egin zutenei eginikoa.

Kazetari gisa, nola bizi izan zenuen urriaren 1eko egun hura?
Hitz bakarrean laburbilduta: estresatuta. Ni lanean nenbilen, eta egun hura puntu gorena izan zen, baina nik ordurako bi egun neramatzan ia lorik egin gabe. Aurreko egunetik ari ziren herritarrak eskoletan lotan, eta hori ere kontatu nahi nuen.

Eta herritar modura?
Sentimenduak nahasten dira, noski: argazkilaria naiz, eta txikitatik naiz independentista. Egun hura ametsetako eguna zen niretzat. Zaila zen lan egin eta sentimenduak bereiztea. Une askotan konplikatua zen gainezka ez egitea. Dena batu zen: emozioak eta estresa.

Eta harrapatzea lortu ez zenuen irudirik ba al daukazu buruan?
Uste dut ezetz, baina askotan autozentsuratu dut neure burua. Izan ere, irudi batzuek ondorio oso larriak izan ditzakete beste pertsona batzuentzat. Argazki oinik ezean, irudi berak gauza oso ezberdinak helaraz ditzake. Gehiago ala gutxiago, baina kazetari guztiek autozentsuratzen dugu geure burua, eta pena da. Horrek badu zerikusirik herrialde bateko demokraziaren kalitatearekin. Zenbat eta autozentsura handiagoa, orduan eta kalitate gutxiago.

Liburuan irudiak dira nagusi, baina hitzez lagunduta doaz. Nola uztartzen dira biak kontakizunean?
Liburua kronika subjektibo bat da, beste edozein kronika bezala. Kapituluka banatuta dago, eta kapitulu bakoitzean idazle baten testu literario bat ageri da, lehen pertsonan idatzia. Bi munduak uztartzea da liburuaren gakoa, eta oso produktu berezia sortzen da horrela.

Berehalakotasunaren aroan liburu bat argitaratu duzu. Zertarako?
Liburuen bidez, aukera dut gaiak luze eta zabal lantzeko, baina lan egiteko bi erak uztargarriak dira: berehalakotasun sorta batek osatzen du liburu bat. Horren isla da Dies que duraran anys. Denera, 60.000 argazki atera nituen, hor badago istorio on bat kontatzeko materiala. Ezinezkoa da istorio bat kontatzea klikaren diktaduraren menpe.

Oraingoan ez, baina espainolismoaren eta eskuin muturraren berri ematen diharduzu 2007tik.
Espainolismoak eta eskuin muturrak sektore paraleloak izan beharko lukete, baina eskutik doaz maiz. Katalunian, eskuin muturra espainolismo erradikalenetik eratorria da. Eskuin muturraren mobilizazioetara joaten hasi nintzenean, gaiaren inguruan desertu informatibo itzela zegoen; ez zegoen prentsarik. Faxismoaren banalizazio ikaragarria dago bertan. Egun, edonor ibil daiteke bandera frankista batekin kalean, lasai-lasai.

Esan izan duzu zure argazkiek indarkeria irudikatzen dutela. Bada, zeri deritzozu indarkeria?
Indarkeria agertzen da argudiorik ez dagoenean. Indarkeria norbaiti min emateko indar nahikoarekin eginiko ekintza da, baina askotan hitz hau batzuentzat erabiltzen da, eta besteentzat ez. Poliziaren oldarraldi bat indarkeria da. Beste kontu bat da legezkoa izatea. Gomazko pilota batekin norbaiti begian jotzea indarkeria da. Zaborrontzi bat kale erdian gurutzatzea, ez.

Indarkeria zeure larruan jasan duzu: 2018ko uztailean, Espainiako polizia batek sudurra apurtu zizun.
Eraso horren ondorioz, polizia inputatu dute, baina baita neu ere. Kontakizunak zalantzarako tarterik ez du, eta eskerrak. Zirrikiturik ez dagoelako; bestela, Altsasukoak bezala egongo nintzateke: ziegan. Herritar baten hitzak ez du baliorik poliziaren hitzaren aurrean.

Holakoetan, beldurra sentitzen da?
Askotan. Ez naiz pertsona ausarta, zuhurra baizik. Ikaragarri gustatzen zait nire lana, eta balio batzuei jarraikiz egiten dut, baina ez naiz kamikaze bat. Aspalditik jasotzen ditut heriotza mehatxuak, eta oraindik bi hanka eta bi beso ditut. Orain ezagutzen naute, eta geroz eta zailagoa egiten zait nire lana egitea.

X