Arrazoiak soberan (Maria del Rio)

Ikasturte berri bati hasiera eman diogu eta, aurten, haur eta nerabeen lehen egunari dagokion urduritasunari -ikaskideak berriz ikusteagatik edota irakasle zein gela berriak ezagutzeagatik- ziurgabetasuna gehitu zaio.

Oraingoan, gainera, ezinegona ez da soilik ikasleena, irakaskuntza komunitate osoarena baizik. Jakin badakigu aurtengo erronka ez dela makala, konturatzen hasiak gara, gainera, ikastetxeetan gertatzen dena gizarte osoari eragiten diola, kontziliazio-arazoez harago. Hala ere, irakasleak eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeak bakarrik sentitu dira, ezinbestekoa zen planifikaziorik eta, batez ere, baliabiderik gabe. Bitxia dena, hartara, mobilizazioak deitu izanak batzuengan sortu duen harridura da.

COVID-19aren krisiak agerian utzi eta, are gehiago, sakondu egin du jatorri sozioekonomiko desberdineko ikasleen artean aurretik ere zegoen aldea. Ikasgeletan ematen zen berdintasun eza larriagotu egin da martxoaren 13tik aurrez aurreko klaserik ez egoteagatik. Arazoa ez da soilik izan konektagarritasuna edo baliabide teknologikoen falta, badira arazo ezkutuagoak, hala nola, etxekoen gaitasun digital urriak. Hala, irakasleek erronka erantsiei aurre egin behar diete: haurrek eskolarekiko zuten lotura emozionalaren urte erdiko haustura, iazko ikasturteko eskola-orduen murrizketen ondorioak, edo krisi ekonomikoak ikasleengan izango duen eragin desberdina. Euskararen erabilerarekin berriz ere konektatzea ez da, ezta ere, erraza izango ikasle askorentzat.

Eskatzen dena ez da bakarrik larrialdi puntual bati aurre egiteko erantzun azkarra. Segurtasuna bermatuta aurrez-aurreko klaseetara lehenbailehen itzultzea ezinbestekoa bada ere, beharrezkoa da egiturazko gabeziei aurre egitea. Eredua birpentsatu beharra dago, jakina, baina premiazkoa da ikasle ratioa murriztea, lantaldeak handitzea, azpiegiturak hobetu eta egokitzea, eta jantoki zein garraio zerbitzua ziurtatzea. Finean, guztiontzako eskola bermatzea izan behar da helburua, hezkuntza komunitate kide guztien arteko elkarlana bultzatuz.

Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua

arrazakeria

Black Lives Matter (Maria del Rio)

George Floyd poliziaren esku hil izanak mobilizazioak eragin ditu mundu osoan. Gure artean ere, horren adibide jendetsuak izan ditugu. Ez da, noski, ezagutzen dugun horrelako lehen heriotza, baina oraingoan lekuko izan gara. Irudi gordinak eta bortitzak biralizatu egin dira, eta atzean dagoen historia ezagutu dugu; biktimaren izena, haren familia… Zalantzarik gabe, azken honetan zailagoa izan zaigu beste alde batera begiratzea. Hori guztia, gainera, AEBetan gertatzen ari den polarizazio sozialeko testuinguruan gertatu da, eskuin muturraren hazkundea horren adierazle dela. Hauteskundeak laster izango dira, eta COVID-19aren krisiaren kudeaketa negargarriaren ondorioek zenbait kolektibo bereziki kolpatu ditu, hala nola, afrikar ondorengoen artean.

Gehiago irakurri…

X