Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Iruñean eta Irunen aurkeztuko du

Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du asteon, martxoaren 14an eta 15ean, Iruñean eta Irunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goikoetxea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Iruñeko aurkezpen saioa, Kultur Alternatibak antolatua, martxoaren 14an egingo da, Katakrak aretoan (Kale Nagusia 54) 19:00etan hasita. Irungo aurkezpen saioa, esan bezala, martxoaren 15ean egingo da, Kabigorri aretoan (Peña 1) 19:30etan hasita. Ekitaldietan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibel Konpainiarentzat bideratuko da.

 

Igor Meltxor kazetariaren ‘Gabriel Rufian, la voz de la calle’ liburuaren aurkezpena Iruñean

Datorren asteartean, otsailak 20, Kultur Alternatibak ‘Gabriel Rufian, la voz de la calle’ (‘Gabriel Rufian, kalearen ahotsa’) liburuaren aurkezpena eramango du Iruñeko Katakrak aretora. Bertan, Kazetari Kanaiako arduradunak ERC alderdiko diputatuari egindako elkarrizketa desberdinen emaitza jasotzen da, Kataluniako politikaren egungo egoera ulertzeko zenbait gako eskainita.

‘Gestión a la vasca: Chiringuitos, impunidad y soberbia’, ‘Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?’ eta ‘Gestión a la vasca II: El oasis vasco’ ikerketa liburuen egileak, Kataluniako politikagintza du orain hizpide 168 orriko liburu argitaratu berrian.

Hitzaldia, sarrera askekoa, otsailaren 20an izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Katakrak espazioan (Kale Nagusia 54, Iruñean). Meltxorren lan berria liburudendan salgai dago dagoeneko eta aurkezpenaren ostean ere eskuratu ahal izango da.

X