Nafarroako herritarrok ez ditugu barkamen eskutitzak nahi, dimisio eskutitzak baizik

Larunbatean milaka pertsona bildu ginen Iruñean eta Bilbon, enpleguaren aldeko manifestazioetan. EH Bilduko hainbat kidek hartu zuten parte mobilizazioan, Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentaria Iruñeakoan izan zen; prentsari egindako adierazpenetan, Ruizek CANeko dieten eskandaluaren inguruan hitz egin zuen.

“Nafarroako jendartea haserre dago egun hauetan Nafarroako Kutxaren inguruan gertatu dena jakin duenean”, adierazi zuen Ruizek, “gerrikoa estutu behar genuela esaten duten berberek, dirutza lortu dute nafar guztien bizkarrez”.

Bilduko parlamentariaren esanetan, dirua nola lortzen duten ikustea “lotsagarria eta eskandalagarria” da, baina bere ustez “are lotsagarriagoak” izan dira Yolanda Barcina, Miguel Sanz, Enrique Maya edo Roberto Jimenezek beraien burua justifikatzeko egin dituzten adierazpenak; “jende askorentzat adierazpen mingarriak izan dira, nafar gehienok irainduak sentitu garelako”.

Barcinak publikatutako barkamen eskutitzari erreferentzia eginez, Ruizek adierazi du Nafarroako jendarteak behar duena ez dela barkamen eskutitz bat, oraindik kargu publiko direnen dimisio eskutitza baizik. “Hori da egin behar dutena, erantzukizun politikoak onartu, karguak bertan behera utzi eta hauteskundeak deitu, herritarrok erabaki dezagun gobernu berria”.

Bilduko parlamentariaren ustez Nafarroak politika egiteko beste era bat behar du, orain arte UPNk eta PSNk ezarri duten sistemaren “ondorio larriak” ikusten ari garelako; “jendartearen gehiengoarentzat langabezia, EREak, langileen eskubideak murriztu… eta gutxi batzuk, bitartean, aberastu dira beraien kargu politikoaz baliatuz”, salatu du.

http://alternatiba.net/old-files/483851_617289831621670_22706532_n.jpg

Nafarroa bizirik nahi dugu!

Nafarroa, gure lurra, gure herria, azken hamarkadetan ezagututako ingurugiroaren eta jendartearen aurkako erasorik larrienak jasaten ari da. Herritarren argudio ekologiko eta sozialen arrazionaltasunaren aurrean, kapitala eta bere zerbitzura dagoen jauntxokeriaren logika nagusitzen da. Itoitzeko urtegia, Kastejoneko termikak, Lizarraldeako Goi Tentsioko Linea, Baztango Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailea, Iruñeko AHT geltokia, Olaztiko errauskailua, Bardeetako tiro poligonoa, Zilbetiko harrobia, Leitzako parke eolikoa, Sarriako presak eta ibaien egoera, kutsadura elektromagnetikoa… guztietan gidoi bera errepikatzen da: nafarroako erakunde desberdinen babesarekin herri hauetan proiektu irrazionalak inposatzen dira. Horregatik, egitasmo guzti hauek gelditzea eta herritarren iritzia errespetatzea eskatzen dugu.

Gure lurra, gure nekazaritza, gure industria, gure kultura eta gure biziak multinazional, espekulatzaile eta mota guztietako tratularien eskuetan daude. Beren etekinen logikak hartzen du garrantzia soilik, kasu askotan “garapena” eta “modernitatea” bezalako hitz ponposoekin mozorrotuta, herri xehearen interesak eta hitza baztertu eta zokoratzen duten bitartean. Hori gutxi balitz, ingurunearen aurkako erasoei delako “atzeraldi ekonomikoaren” ondorioak gehitzen zaizkio: espedienteak eta kaleratzeak hamarnaka, aurrekontu sozialetan murrizketak, lan-baldintzen prekarizazioa,….

Nafarroako toki ezberdinetatik gehiegikeria hauen aurka gure ahotsa altxatzen hasi gara. Lan horretan plataforma, koordinadora eta ekimen ezberdinak sortu dira eta hauen bidez mobilizazio ezberdinetan parte hartu dugu. Gaur, ordea, urrats berria ematea beharrezkoa jotzen dugu, aipatu dugun bezala eraso hauen azpitik izendatzaile komun bikoitza dagoelako: alde batetik eskubide sozial, herritar eta ekologikoen menperakuntza, hau da, biziaren beraren menperakuntza hazkunde eta garapen etengabean oinarritzen den jendarte eta botere ekonomikoarekiko; eta bestetik, gehiegikeria hauei guztiei erakunde desberdinek ematen dieten babesa.

Horregatik, aipatu talde eta ekimenei Nafarroaren defentsan, gure lurra eta herriaren defentsan indarrak biltzeko eta ezarri diguten jendarte eredu antisozial, eta ekologia eta demokraziaren aurkakoari aurre egiteko deia egiten diegu agiri hau sinatzen dugunok. Datorren ekainaren 26an Iruñean burutuko dugun manifestaldi baterako deiarekin zehaztu nahiko genuke aurreko deialdia, dagoeneko martxan dauden erantzunen elkargune eta etorkizuneko ekimen berrien abiapuntu gisa.

X