Matute «Botoa ez da PSOEren alde, konpromiso antifaxistagatik PPren, Ciudadanosen eta Voxen aurka egiteko baizik»

«Botoa ez da PSOEren alde, konpromiso antifaxistagatik PPren, Ciudadanosen eta Voxen aurka egiteko baizik», hala azaldu zuen Oskar Matute EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak talde subiranistak atzo Pedro Sanchez PSOEko lehendakarigaiaren inbestidura saioan abstentziora jo izana. Atzo goizean egin zuten prentsaurrekoa ERCk eta EH Bilduk beren jarrera azaltzeko.PSOEri eta Unidas Podemosi egotzi zieten «arduragabe» jokatzea, PP, Ciudadanos eta Voxi gobernura heltzeko aukera uzteagatik.

Gehiago irakurri…

Oskar Matute – Maria Del Rio «Euskal Herrian hegemoniko bilaka daitekeen ezkerra eraiki nahi dugu»

Alternatibaren hamagarren urtemugaren harira, BERRIAko kazetari Gotzon Hermosillak gure bozeramaile nazional Oskar Matute eta Maria del Rio-ri eginiko elkarrizketa, 2018ko abenduaren 15ean argitaratuta.
Duela hamar urte, 2008ko abenduaren 13an, lehenengo batzarra egin zuten Bilboko Bidebarrietako liburutegian euskal ezkerra biziberritzeko zereginari ekin nahi zioten zenbait lagunek. Gehienak Ezker Batua koaliziotik zetozen, baina gogoeta hori ezkerreko beste tradizio eta kultura politiko askotariko militanteekin partekatu zuten. Gogoeta eta batzar horren ondorioz sortu zen geroago Alternatiba izena hartu zuen erakunde politikoa.

Gaur egingo ditu Alternatibak 10. urteurrenaren ospakizunak, Bilbon. 12:45ean, ekitaldi politiko irekia izango da Itsas Museoan, gonbidatu ugarirekin. Arratsaldean, festarako tartea izango da Hika ateneoan, 17:30ean hasita. Eta datozen asteetarako hitzaldi egitarau joria prestatu dute. Alternatibako bozeramaile Oskar Matute eta Maria del Rio BERRIArekin mintzatu dira.


Zeintzuk izan ziren duela hamar urte Alternatiba sortzeko arrazoiak?
OSKAR MATUTE: Alternatiba gogoeta baten ondorioz sortu zen. Batetik, ikusten genuen beharrezkoa zela ezkerraren profila berriztatzea eta, aldi berean, haren oinarrizko printzipioei eustea, nazioarteko testuingurua kontuan hartuta. Eta Euskal Herrian beharrezkoa ikusten genuen ezkerra berriz batzea. Euskal Herrian bazeuden ezkerrak, baina elkarren artean komunikazio handirik gabe, eta, kasu askotan, gainerako ezkerren kontra eratuak. Gure asmoa ez zen beste sigla bat eranstea alor politikoari, baizik eta askotariko militantziak zituzten jendeen arteko zubi lana egitea.

Ezker Batuaren ildo bat izan zen sorburua, baina bilakaera handia izan da hamar urteotan, ezta?
MARIA DEL RIO: Hala da. Egon daiteke oraindik ideia hori buruan duen jendea, baina Ezker Batutik datozen militanteak %20 inguru dira, eta, gainera, ez dute euren burua aldarrikatzen ildo antolatu modura. Badago jendea hasieratik egon dena, eta, nire moduan, herri mugimenduetatik etorri dena eta geroago hurbildu dena proiektura interesgarria iruditu zaiolako.

Zein da hamar urte hauetako balantzea?
O.M.: Positiboa, nahiz eta egiteko asko gelditzen den. Gure helburua da euskal gizarte osoan hegemoniko bilaka daitekeen ezkerreko indarra eratzea, herri eta gizarte gisa beste eredu batera joan ahal izateko. Argi dago helburu hori ez dela oraindik bete, baina uste dugu hara iristeko beharrezkoa zen bide bat egin dugula. Duela hamar urte, euskal gizartean begien bistakoa zen bazegoela ezker bat euskaldun eta espainiar sentitzen zirenentzat, eta beste bat soilki euskal herritar sentitzen zirenentzat, eta berdin gertatzen zen eskuinarekin. Guk esaten genuen gauza izan behar genuela hemen sortu baina euskal herritar guztiena izango zen ezkerra eratzeko. Uste dut EH Bilduk egin duela bide horren zati bat. Oraindik badago abertzaleentzako ezker gisa ikusten gaituenik, baina ari gara lortzen herritarren arazoei irtenbidea eman diezaiekeen euskal ezker gisa aurkezten.

Duela bi urte BERRIAn egindako elkarrizketa batean esan zenuten EH Bildu, alderdien koalizioa bazen ere, hori baino gehiago ere bazela, eta denborarekin hori areagotuko zela. Zuek iragarri bezala gertatu da azken bi urteotan?
M.R.: Orduan ikusten genuen estatutuen arabera EH Bildu alderdien koalizioa zela, baina errealitatean ez zela horrela, zorionez: herri askotan, EH Bildu moduan lan egiten zen, eta hainbat lantaldetan ere ez zenekien parean zegoena zein alderditakoa zen. Eztabaida prozesu baten ostean, koalizioa izateari utzi, eta federazio bihurtu ginen, gure organoak zeintzuk izango ziren zehaztu genituen, bilkide izeneko militante mota sortu genuen, eta abar. Alderdientzat ere gune bat gordetzea erabaki genuen, aniztasuna bermatzeko asmoz. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den: maiatzeko bozetarako hautagaiak aukeratzeko prozesua oso esperientzia polita izaten ari da, eta amaitzen denean baloratu beharko dugu.

EH Bilduko kide izateak ikusgarritasuna kendu dio Alternatibari?
O.M.: Hori ez da kezka izan guretzat. Beti pentsatu dugu garrantzitsuena dela Euskal Herrian ezkerreko ideiak sustatzea, eta ez horrenbeste hori nork egiten duen. Gure helburua inoiz ez da izan beste sigla bat eranstea, ezkerraren indartzeari laguntzea baizik. Nik uste dut Alternatibaren erronka dela aztertzea nola indartzen duen ezkerra: alde batetik, EH Bildun parte hartuz, eta, beste alde batetik, bere jarduera propioaren bidez. Horretan ahalegindu gara.

Nola ikusten duzue herri mugimenduen egoera? Zenbaiten ustez, inoiz baino ahulago daude; baina, bestalde, emakumeen eta pentsiodunen aurtengo mobilizazioak inoizko handienak izan dira.
O.M: Nik uste dut gizarte mugimenduei apur bat gertatzen zaiela alderdiei ere gertatutakoa. Iraun duten mugimenduek XX. mendetik datoz, eta orduko gizartearen ezaugarriei erantzuten zieten. Ezaugarri horiek aldatu dira, eta, horren ondorioz, zenbait mugimenduren egiturak, zaharkiturik ez dut esango, baina zurrun antzean gelditu dira. Parte hartzeko eta militantzia egiteko moduak ere aldatu dira. Mugimendu feministaren edo pentsiodunen esperientziek erakusten dute, tekla egokia sakatuz gero, eta errealitate sozialean dauden kezkei modu egokian erantzunez gero, jendeak segitzen duela kalera jotzen. Hortik denok ikasi behar dugu.

Badaude ezkerreko ikuspegitik EH Bildurekin kritiko agertzen diren sektoreak; edo sare sozialei erreparatuz gero, hala dirudi behintzat, sektore horien benetako neurria antzematea zaila bada ere. Alternatiba izan daiteke sektore horiekin konektatzeko tresna?
O.M.: Bai. Hori aukera bat da; beharbada, egongo da hori problematzat jotzen duena, eta, hor, ezkerraren betiko kainismoa ikusiko duena, baina guk aukeratzat ikusten dugu. Horrek ez du esan nahi kritika guztiei garrantzi eta balio bera eman behar diegunik, baina horrek erakusten du iristen garen horiengana baino jende gehiagorengana irits gaitezkeela. EH Bilduk jarraitzen badu bere bidea egiten eta bere egiturak jendearen parte hartzeari irekitzen, sektore horiek izango dute aukera euren gogoeta kritikoak helarazteko, eta, beharbada, desadostasunez, eztabaidatzera edo nolabaiteko ekintza batasun batera hel gintezke.
M.R.: Politikan parte hartzeko moduak asko aldatu direla esaten genuen lehen. Kritikak jasotzea beti da aberasgarria, eta, adibidez, herri mugimenduekin izaten ditugun harremanetatik beti eramaten ditugu etxeko lanak. Beste kontu bat da sare sozialetan pertsona zehatzen kontra eta inolako asmo eraikitzailerik gabe zenbaitetan botatzen direnak, baina kritikak beti dira aberasgarri.

Azkenean, Jaurlaritzak erretiratu egin ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuak. EAJk EH Bildu egin du guztiaren errudun. Zuek nola ikusi duzue auzia?
O.M: Alternatiban pozik gaude egindako negoziazio prozesuarekin. Azkenean, emaitza hauxe izan da EAJk borondaterik ez duelako izan; uste dute mundua eurek asmatu zutela, Jainkoa izan zela EAJren lehen kidea eta ezin direla oker egon. Aita familiakoaren antzera esaten digute gainerakoei zer egiten dugun txarto, eurek ondo egiten dutelako dena. Emaitza baino gehiago, nik prozesua balioetsi nahi dut: EH Bilduk erakutsi du ezkerrak, mezu handinahietatik aparte, jendearen eguneroko arazoei ere erantzun behar diela. Bestalde, herri honetan beti egon den negoziazio eredutik aldendu da: hau da, oposizioko alderdiak negoziatzen du gobernuarekin kontrolatzen dituen udaletarako dirua jasotzea, gero hauteskundetarako argazkia egin ahal izateko. EH Bilduk beste planteamendu bat egin du: hauteskunde interesak alde batera utzi eta jendearen eskakizunak lehenetsi ditu. Eta, gainera, negoziazioan ez du antzerkirik egin, ez du mila eskatu bostehun jaso ahal izateko: hasieratik esan du zeintzuk ziren eskakizunak, zein zen eskakizun horiei erantzun ahal izateko jarri beharreko diru kopurua, eta, gainera, argi esan du horretarako dirua bazegoela.

Eta, orduan, zergatik ez da akordiorik egon?
O.M.: Ez da kasualitatea hiru egun lehenago Confebaskek Jaurlaritzari ohartarazi izana EH Bilduren eskakizunak onartzearen arriskuaz. Badirudi EAJk Confebasken iritzia lehenetsi duela, eta azaldu beharko du zergatik nahiago izan duen iritzi hori aintzat hartu, eta ez milaka pentsiodunen eskakizunak.

Auzi honetan gainerako eragileek izan duten jarrerari zer iritzi diozue?
O.M.: Nik uste dut ezker osoak gogoeta egin behar duela horretaz. Badirudi ahaztu egiten zaigula instituzioak beraiek egin zituztela eta denborak ere beraiek kontrolatzen dituztela, baina partida horretan jokatzea erabaki badugu, ezin gara lehenengo minututik zelairatu gabe gelditu epailea eta arauak gure kontrakoak direlako. Hori bagenekien, baina partida irabazi nahi badugu, jokatu beharra dago. Hori, kontraesanak ez aipatzearren: ez du ematen oso zentzuzkoa EH Bilduren edozein eskakizuni gutxiegi iriztea eta aldi berean Madrilen askoz gutxiago eskaintzen duten PSOEren aurrekontuak babestea.
M.R.: Guk aukerak argi eduki ditugu hasieratik: PPrekin hitzartutako aurrekontuak luzatzea, edo, aurten diru gehiago zegoela baliatuta, bira eman eta kalean entzundakoari erantzutea. Askoz eskakizun gehiago zeuden, noski, baina orain aukera hori zegoen, eta baliatu nahi genuen. Zoritxarrez, ez da posible izan.

Zuen ustez, Vox alderdiari Espainian denek iragartzen dioten gorakada zeren sintoma da?
O.M.: Mendebaldeko orain arteko demokrazia eredua gaindituta dago. 1929ko krisiaren ostean nazismoa eta faxismoa agertu ziren moduan, oraingo krisiari agertu zaio eskuin muturra, diskurtso nazional-populista eta zenbait lekutan inperialista batekin. Ezkerra egoeraren larriaz jabetu behar da, eta ulertu erantzuna ezin dela izan bere nortasun ezaugarriak diluitzea, baina, aldi berean, gutxieneko demokratikoak babesteko fronte zabalak proposatu behar dituela, eta seguru asko ezkertiar peto-petoak ez diren batzuekin egin beharko duela.
M.R.: Ni kontu batek kezkatzen nau: mozorrorik gabeko eskuin muturra agertzearen ondorioz, jendeak pentsatzeak eskuin muturreko politikak egiten dituzten beste batzuk ez direla hain txarrak.

Oskar Matute Alternatibaren egoitzan

Matute “Gai guztien inguruan burujabe izan behar dugu, baina horrek ez digu inongo banderarik bermatuko”

Alternatibaren hamargarren urtemugaren harira Bilboo Uriolak egin eta Argiak argitaratutako elkarrizketa gure bozeramaile Oskar Matuteri:

Abenduaren 13an 10 urte bete dira Alternatiba jaio zenetik, 2008ko egun berean Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurreneko batzarra egin zenetik. Hori dela eta, larunbatean, abenduak 15, ekitaldia egingo dute Bilboko Itsas Museoan eta bere bozeramailea den Oskar Matuterekin egon gara.

2008ko abenduaren 13an sortu zen Bilbon, Zergatik erabaki zenuten Ezker Batua uztea eta alderdi politiko berri bat eraikitzea?

Esan beharra dago Alternatiba egun osatzen dugunon artean, gutxiengo bat datorrela beste alderdi horretatik. Sorreran ere, batzuk baginen Ezker Batua-ken ibilitakoak, baina beste asko mugimendu sozialetatik zein ezkerreko beste talde txikietan aritutakoak ziren. Orduan baziren hamaika arrazoi, baina azken batean bakarrarekin nahikoa genuen, euskal ezkerreko indarren arteko elkarlana sustatzea ezinbestekoa zela ikusten genuen, eta hori gauzatzeko beste esparru bat behar genuen. Asmoa ez zen beste sigla bat gehitzea eremu politikoan, baizik eta elkarlan hori ahalbidetzeko zubiak eraikitea.

10 urte pasa dira egun horretatik. Nola ikusten duzue egindako ibilbidea? Zein da barrutik ematen diozuen balorazioa?

Egia esan ez dirudi hainbeste denbora pasa denik, baina gero pentsatzen hasia, eta denbora honetan emandako hainbat gertaera kontuan izanik (ETAren amaiera, finantza merkatuen krisialdi gisa saldu diguten lapurreta, Nafarroan edo Gasteizen eskuin faxista kanporatu izana…), garai zirraragarriak izan direla ondorioztatu behar dugu.

Lehen esan bezala, Alternatiba helburu jakin batekin sortu zen, ezker subiranistaren elkarlana sustatzea, eta helburu hori EH Bildu bezalako proiektuan gorpuztu dela kontuan izanik, pozik egoteko moduan gaude. Noski, ezin ahaztu inguruan dugun guztia, faxismoaren gorakada kasu, edota kapitalismoaren nagusitasuna, baina aldi berean azpimarratu behar dugu nahiko denbora laburrean Euskal Herriko bigarren indar politikoa bilakatu garela.

Zer eskaintzen dio Alternatiba alderdiak Euskal Herriari?

Egia da askorentzat zaila izan daitekeela, gaur egun, EH Bildun bat egin dugu indarron artean desberdintasun handiak topatzea, baina badira, eta onerako gainera. Ezkerra ulertzeko askotariko familiak bildu dira proiektu honetan, sozialismoa helburu dugunotatik hasi eta beren burua sozialdemokratatzat hartu dezaketenekin amaitu. Balio handia da hori, komunean dugun guztia, asko dela, banatzen gaituenaren gainetik kokatzen asmatu dugulako.

Edozelan ere, Alternatibaren oinarrietako bat borroka guztiak aldi berean garatzeko konpromisoarena da. Alegia, ez dezagun borroka bat alboratu edo atzeratu beste bati lehentasuna emateko; adibidez, ez dezagun esan lehenengo eta behin sozialismoa ezarri eta independentzia eskuratu behar dugula feminismoaren alde borrokatzeko. Guztiak maila eta une berean eman beharreko borrokak dira guretzat.

Bestetik, ñabardura bat dago guregan, alderdi gisa ez dugula gure izaera independentistatzat jo. Seguruenik, gure militanteen artean gehiengoak bozkatuko lioke baietz Euskal Herriaren independentziaren aldeko galdeketa bati. Baina harago joan behar garela sute dugu, eta independentzia baino, burujabetza aldarrikatu. Izan ere, eta tamalez Greziarekin ikasi dugun bezala, herri bat independentea izan daiteke, baina aldi berean Troika edo bestelakoen menpe bizi. Gure bizitzari eragiten dioten gai guztien inguruan burujabe izan behar dugula diogu, eta hori ez digu inongo banderarik bermatuko. Noski, independentzia tresna oso eraginkorra izango da subiranotasunaren bidean, baina ez da, inondik inora, askatasunaren bidean azken geltokia euskal herritarrentzat.

Alternatiba sortu eta gutxira EH Bildu koalizioan sartzea erabaki zenuten. Zergatik?

Sartu ez, sortu egin genuen, ni neu izan nintzen notariorenean sinadura jarri zuen lehenetariko bat. EH Bildu sortu aurretik ere, kalean zein erakundeetan elkarlanean aritzen ginen gerora koalizio kide izan genituen alderdiekin. 2010etik, esaterako, ekimen komunak bideratzen genituen Batzar Nagusietan. Eta Bilbo bezalako hiri batean, Kalea guztiona da tankerako ekimenetan bat egiten genuen.

Denborarekin, Gernikako Akordioa edota Euskal Herria Ezkerretik bezalako urrats garrantzitsuak heldu ziren, eta azkenean, 2011n, Bildu osatu genuen udal eta foru hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko. Alternatibaren bide naturala zen hori, indar ezkertiarrekin batera aritzea.

EH Bildu koalizioan sartu eta lehenengo Eusko Legebiltzarrera, eta orain Madrilera, Kongresura. Zein da zure lana, zer egiten du euskal ezkertiar batek bertan?

Naturala aipatu dudala, hemen kontrakoa esan behar, ez baita eremua naturala euskal herritar batentzat Madril, ezta euskal politikari batentzat ere, ez bada, beste batzuen modura, menpeko izatera joatea atsegin duzula. Baina hala ere, ezin dugu ahaztu eragiten diguten politika askoren sorburua Madrilen dagoela, eta horregatik da garrantzitsua euskal ezker subiranistaren ahotsa han izatea.

Aldi berean, nazioen kaiola dugun estatuko beste herri batzuekin hartu-emana garatu eta elkartasuna jorratzeko abagunea da ere Madril. 78ko erregimena maskara gabetzeko lan egin daiteke handik, eta uste dut ongi ari garela lan horretan, gure aurretik Sabino Cuadrak, Onintza Enbeitak eta beste askok egin zuten bezala.

Datorren larunbatean, abenduak 15, ekitaldia egingo da Bilboko Itsas Museoan 10. urtemuga ospatzeko, zer antolatu duzue?

Alderdi txikia garela kontuan izanik, gure neurriko ekitaldiarekin hasiko dugu eguna, Bilboko Itsas Museoan ondo diozunez. Militanteak eta gertuko eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak bilduko ditugu. Ekitaldi politiko formala egitea baino, benetako ospakizuna egiten saiatuko gara, ezkerrak ospakizunetarako aukera gutxi izaten baititu. Ekitaldira gonbidatu gabe ere etortzeko gogoa duen edozein ongietorria izango da ere, 11:30etatik aurrera.

Arratsalde partean ere, ospakizunarekin jarraitzeko asmoa dugu. Hika Ateneon jarraituko dugu festa, lehenengo eta behin, 17:30etatik aurrera hitzaldi batekin. Horrela esanda, akaso ez dirudi planik dibertigarriena, baina hizlariak Jonathan Martinez eta Irantzu Varela gure kideak izango dira. Beraz, aspertzeko tarterik ez digute utziko. Ondoren, musika ikuskizunak izango ditugu, Txanba Payes kantaria, Oier Aslaren kontzertu parte-hartzailea eta Pushermen taldearen kontzertua. Gauak ematen duenera arte.

Gerora ere, apirilera bitarte hitzaldi sorta interesgarria antolatu dugu urtemugaren harira. Arrasaten hasiko da datorren astean, baina Bilbon ere hainbat hitzordu izango ditugu, esaterako Jordi Borrasekin urtarrilaren 12an.

Orain beste 10 urte betetzera, zein da Alternatibaren helburua?

Duela hamar urte esan genuen “hiltzeko jaioak” ginela. Eta oraindik ere hala dela uste dugu. Ez dakigu noiz arte, baina oraindik ere euskal gizarteari eta euskal ezker subiranistari ekarpen kualitatibo bat egiteko gai garela uste dugu, horregatik egiten dugu aurrera. Baina gure helburu politiko guztiak EH Bilduren baitan ordezkatuak ikusten ditugun egunean, seguruenik gure militantziak erabakiko du horraino heldu dela gure bidea. Hor dago, esaterako, Aralarrek egin zuen hautua, koherentziaz betea. Ez dakit beraz 15 edo 20 urte beteko ditugun, baina badakit Alternatiba desagertu edo ez egun gauden guztiok ezkerreko mugimendu sozial zein politikoetan militatzen jarraituko dugula.

10 urtez Euskal Herriko ezkerra eraldatzeko lanean. Hori lortu daiteke?

Utopia guztiekin gertatu bezala, bidea da garrantzitsuena halako erronka bati heltzen diozunean. Ezkerrak behin eta berriro asmatu behar du bere burua eta izaera, militantzia joerak aldatu egin dira eta ezin gara duela hamar edo hogei urteko moldeetan geldirik egon. Seguruenik, eta beste borroka ugarik bere garrantzia izanda ere, borroka feministaren bidetik helduko da, ez bada dagoeneko heldu dela, ezkerrak behar duen eraldaketa nagusia.

 

X