Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek, alderdiko hainbat militanteekin batera, merkataritzan ordezkaritza duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, eta UGT) Bilbon antolatutako kontzentrazioan parte hartu du gaur. Salatu duenez, saltokiak jai egunetan irekitzeak, “saldu nahi digutenaren kontra, dagoeneko lan baldintza kaskarrak dituen sektore batean prekarietatea zabaltzea besterik ez dakar”, horregatik babesten ditu Alternatibak sindikatuen eskaerak.
Antolatzaileek bezala, jai egunetan irekitzeak merkataritza eta enplegua sustatzen dutenik ezeztatu du Etxartek, izan ere, “azkenean saltoki txikiei kalte egiten die, lana eta familia uztartzea eragozten die langileei – emakumeei bereziki – eta, batez ere, saltoki handiei mesede egiten die, 365 egunez eta 24 orduz kontsumitzeko kultura noiz ezarriko den zain daudelako”.
Era berean, Opencor etxeak (El Corte Ingles enpresaren filiala) Gasteizen denda bat irekitzeko iragarritako asmoa salatu du Alternatibak, “langileei esklabutzatik gertu dauden lan baldintzak ezartzen dizkietelako ezaguna baita, enpresaburu handiek irabaziak biderkatzeko gero eta gehiago darabilten bidea”.