Estatubatuar ereduaren oinarriak zalantzan jarri ditu finantza krisiak: defizit bikoitza, komertziala kanpora begira eta aurrezkiaren krisia barrualdean. Bi kasuetan, finantza merkatuek kudeatzen dituzte desorekok, baina hauek uzkurtzen badira, hazkunde mota honen zutabeak erori egiten dira, familien aurreztea blokeatu egiten da eta munduko beste lekuetatik iritsitako kapitala galgatu egiten da (Txinarekin gertatzen ari da dagoeneko). Honen ondorioz, finantza krisiak AEBren hazkunde geldotze iraunkor bati emango dio bide, gero gainontzeko lekuetara hedatuko dena. K. Schmidt-Hebbelel, ELGAko ekonomista-buruak, maiatzaren 4an honakoa adierazi zuen: “testuingururik okerrena gauzatzen ari dela eta egungo krisia 1929tik izan dugun larriena da”.
Krisitik ateratzeko behar denbora, finantza arloa salbatzeko eskaini diren kopuruen izugarritasunaren parekoa da, direnaren eragin bikoitza izango baitute BPGan.
Herrialde nagusiek krisiaren eraginak besteengana bideratzeko borrokak zehaztuko du noiz emango zaion irteera. Gizarte esparruan kapitalaren presio handiagoa izango da soldata eta gizarte gastu publikoaren aurka. Nazioarte mailan, potentzia handien arteko merkatu eta ekonomia gudak (adibiderako Sarkozy eta Merkel G-20an) esparru berriak izango ditu eta mundu ekonomiaren zatitzea ekarriko du. Mundu ekonomiaren uzkurtzeak protekzionismoa sustatzen du, modu askotan, esate baterako AEB eta Espainiako gobernuek “estatubatuar” edo “espainiar” produktuak erosteko luzaturiko deia edo europar gobernuek euren sektore industrialei emandako dirulaguntzak. EBren barne kontraesanek europar plangintza bateratu bat abian jartzea galarazi dute, eta praktikan, Egonkortze Ituna alde batera utzi da. Bankuak fondo eta berme publikoen bitartez salbatzeko planek bankuen berregituratze eta elkartzeak gauzatzen lagundu du, nahiz eta EBko araudiak estatuen aldetik jasotako abantailak debekatu; horrela herrialde aberatsetako bankuei are abantaila handiagoa ematen diete hego herrialdeekiko. ELGAk adierazi duenez, Espainia dela ELGA osoan bere nazioko enpresei laguntzeko diru gehien eman duena (BPGren %0,7 Eslobakia eta Korearen % 0,5en parean, honek espainiar liberalen protekzionismoa agerian uzten du, gehienetan herrialde txiroen aurkakoa). Europako Batzordeak esku artean dituen estatu eta enpresa arteko legez kanpoko dirulaguntza kasuetatik, 48 Espainiari dagozkio. Langileria mugimenduak beste langileen aurka merkatu batean parte hartzeari uko egin behar dio. Protekzionismoaren aldeko jarrerak, merkatu ekonomiaren testuinguruan, xenofobiaren eta merkatu gerren garapena sustatzen du, baita beste izen gehigarririk ez duten guda orokorrak ere. Honen alternatiba ez da joera neoliberalak defendaturiko nazioarteko hedatzea, baizik eta kapitala bazterrera uztea eta bere ordez herrien arteko elkarlanean eta elkartasunean oinarrituriko mundu ekonomia planifikatua abiaraztea, beharrizanen, bereziki herrialde txiroenenak, asebetetzean eta mundu mailako natur baliabideen irautean oinarrituko dena.
Keynesiar irtenbidea. Europar mailako koordinaketa plan ezak argi erakusten du estatu bakoitzak berearen alde egin duela. Soldaten galgatzerako aitzakia ederra izango da krisia, lehiakortasun handiagoaren testuinguruan jarduera mantentzeko itxaropenean. Europa neoliberalaren gabezia eta keria guztiak agerian geratu dira aldatze politikarik gabe, aurrekonturik gabe eta EBZri (Europako Banku Zentralari) ezarri zaion maileguak emateko debekuarekin. Baina auzia funtsean politikoa da: kapitalismoa arautuko bada mugatzaileak beren lepo hartuko ez duten talka maila behar da.
Zenbaitek krisitik ateratzeko “kapitalismoa berdea” jotzen dute alternatibatzat. Teorikoki posible izanda ere; praktikan, dagoeneko martxan den eta jardueraren %80 erregaietatik hartzen duen kapitalismo sistema eraldatzea bateraezina da klima aldaketaren aurkako borrokarekin. Ekonomia birpizteko politikak, egun, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa areagotuko du. Mundu ekonomiaren berrantolatze ekologikoak epe luzerako koordinaketa eta aurreikustea behar ditu, maila internazionalean. Lehiaren eta merkatuaren legeek, ordea, epe motzeko irabazia behar dute. Kiotoko Hitzarmenarekin betetze aldera, Europar Batasunak merkatu mekanismoetara jo du, emisio merkatuak sortzea kasu; nazioarteko lehiaren aurre babes gutxiagoko industria sektoreak merkatu honetatik at utzi direnez, bere eraginkortasuna murriztu egin da.
Irtenbide antikapitalista: Kapitalismoaren egungo krisiaren luzatze eta hedatzeak garbi utzi du ekintzarako egitarau antikapitalista baten beharra, honako osagaiak bere egingo dituena:
- Aberastasunaren birbanaketa, azken hamarkadetan gauzatu den soldaten kopuru proportzionalaren murrizketari buelta emanda.
- Ekonomiaren bilakaera ekologikoa, baliabide naturalen kudeaketa publiko eta parte hartzailea bermaturik eta energia ekonomien, energia berriztagarrien, elkarbanaturiko garraioen, bizileku sozialen,…aldeko ekimen publikoak sustatuta.
- Zerbitzu publikoen garapena, pribatizazio prozesuak geratu eta atzera eramanez eta zerbitzu publiko eta sozialen erabilpena hedatuz (haurren eta autonomiarik gabekoen zaintza, haurtzaindegiak, …).
- Kontrol sozialari lotuko zaion banku zerbitzu publikoa sortzea, bankuak nazionalizatzea eta zerga paradisuekin amaitzea.
- Kaleratzeak debekatzea eta soldatei eutsirik lan denboraren murrizketa ezartzea, denbora eta soldata horiek soldatapekoen, lan baldintza kaskaretan ari direnen eta langabetuen artean bana daitezen.