EH Bilduk gaur goizean aurkeztu ditu Legebiltzarrean Jaurlaritzaren 2014ko aurrekontu proiektuari egingo dizkion zuzenketa partzialak. Zuzenketa guztiak koalizioak helburu duen eredu aldaketaren eredugarri direla azaldu dute prentsaurreko batean Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideek. Azken helburua da, azaldu dutenez, «agerian uztea aurrekontu publikoak jarri daitezkeela benetan, eta ez hitzez bakarrik, herritarren zerbitzura». Ildo horretatik, koalizioaren iritziz, «gobernuak beste aukera ezin hobe bat galdu du gauzak aldatzeko, alegia, pertsonen prekarizazio mailaren areagotzea geratzeko eta aberastasunaren banaketaren alde egiteko».
Hain zuzen ere, zuzenketa partzialak EH Bilduk defendatzen duen ereduaren adibide legez aurkeztu dituzte: «Alde batetik, bilatzen dugu finantza erakundeen eta botere ekonomikoen gosea asetzearen logika neoliberaletik urruntzea; bestetik, kohesio sozialaren, berdintasunaren, babes sozialaren eta pertsonen eskubideak blindatzearen aldeko apustua egiten dugu». Jaurlaritzak, aldiz, beste norabidea hartu du, alegia, «merkatuen morroi izaten jarraitzearena eta etsipen mezua zabaltzearena».
Maeztuk eta Matutek argitu dute koalizioak ez duela asmorik Jaurlaritzarekin partida batzuen negoziazioan sartzeko. Izatez, bozeramaileek azaldu dute aurrekontuei egindako osoko zuzenketak osoago islatzen duela EH Bilduren oposizioa, izan ere, diru-sarrerei ere atal berezia eskaintzeko aukera izan da. «Zuzenketa partzialek osatu egiten dute eta lagundu egiten diote gure ikuspuntua azaltzeari», gaineratu dute.
EH Bilduk atalez-atal aipatu ditu gastuen atalean egingo lituzkeen aldaketak:
- Osasuna. Osasun publiko unibertsal eta kalitatezkoa bermatzeko diru partidak. Baita berau bermatzen ez den tokietan, hala nola, Tolosaldean. Asuncion Klinikaren publifikatzea eskatzen dugu, esaterako; baita ere Donostiako Onkologikoa.
- Arlo soziala. Diru-laguntzetan PSEk eta EAJk burutu dituzten murrizketei buelta ematea eta aurreko egoerara itzultzea. Egunez egun pertsona gehiago dago bazterketa arriskuan, beraz, bazterketa hori ekiditeko diru kopuruak handiagoa izan beharko luke.
- Langile publikoak. Erosketa ahalmena berreskuratzeko neurriak. Galdu dituzten eskubideak berreskuratzeko diru partidak.
- 3 funts ekonomiko.
- Pentsionistentzako (pairatu dituzten murrizketak indargabetzeko).
- Enplegu plana (57 milioi gaineratu gaur egungo enplegu planari).
- Kutxabanki funts berezia sortzea eskatzea. 600 milioi inguru bideratu ditzake gure ehun industrialaren motore diren enpresa txiki eta ertainentzat.
- Hezkuntza. Murrizketak arintzeko diru-partidak eta baita gure eredu propioa eraikitzeko, kanpotik datozkigun erasoak geldiarazte aldera.
- Euskara. Aurrekontu osoaren %1 bideratzea euskararen normalizaziorako.
- Etxebizitza. Alokairurako partidetan milioi bat gaineratzea.
- Berdintasuna. Hezkidetzarako partidak handitu.
- Lehen sektorea. Aurreikusita dagoenaz gain, 2 milioi euro gehigarri jartzea lehenengo sektorean, izaera estrategikoa emanez. Izaera estrategiko hori ez da elikadura burujabetzara bakarrik zedarrituko; garapen ekonomikoaren ikuspuntua ere jasoko da. 5 milioi euro bideratu, bertako elikagaiekin jakiak ekoizten dituzten jantoki publikoentzako.