Dabid Martinezek software librearen inguruan alternatibako kide eta Euskal Herria Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronari eginiko elkarrizketa laburra.
Joan den astean bertan software librearen aldeko albiste interesgarri bat jaso nuen FSFE-ren abenduko boletinetik, irakurri bezain pronto nire Twitter kontutik zabaltzea erabaki nuen. Ezusteko polita izan zen Josu Estarrona Elizondok txio hori aipatzean guretik oso hurbil gertatzen ari denaren berri jaso nuenean: Azaroan, Software librea administrazioan ezartzeko aukera aztertzeko ekimen parlamentarioa aurkeztu zuen EH Bilduk.
EH Bilduren proposamena irakurri bezain pronto Josurekin harremanetan jartzea erabaki nuen, izan ere, ezinbestekoa iruditu zitzaidan sarean.eus-eko txoko honetan aipatzea.
Ekimen parlamentarioari erreparatuz Legebiltzarrari software librearen aldeko apustua egiteko eskatzen diola kontutan hartuz, abiapuntu erakargarria dela esango nuke, bertan “subirautza teknologikoa” bezalako terminoak erabiltzen direlarik. Ezagutzen nauzuenok zein pozik jarri nintzen jakingo duzuelakoan nago, are gehiago, abuztuan honen inguruan idatzi nuenean.
Josuk galdera batzuk erantzutea onartu zuen eta zuekin elkarbanatzeko aukera ireki dit, beraz, nik azaldu ordez, hobeto deritzot bere hitzak erreproduzitzea:
Software librearen aldeko proposamena sartu duzue Legebiltzarrean. Zerk bultzatu zaituzte hori egitera? Zuen ustez zein ekarpen egiten dio software libreak euskal jendarteari? Ezkerreko ikuspegi batetik gizarte justuago baten eraikuntzan eta herritarren aukera-askatasuna berma dezakeen eredu bakarra delako Software Librearena. Aldaketa nabarmenak ekarri dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek, eta hauek jendartean eta gaur egungo gizartean duten eragina handia da; bitartean administrazioak oro har, salbuespenak salbuespen, inertziaz jarraitu du funtzionatzen eta administrazioan behar bezalako islarik ez du izan. Horregatik uste dugu garaia dela behingoz gogoeta sakon eta integrala egiteko. Saiatu gara aurretik ere urrats batzuk ematen, esaterako duela urte t´erdi Legebiltzarreko informatika zerbitzuei eskatu genien EH Bildu taldearen ordenagailuetan SLa instalatzea; arazoak izan omen dituzte hainbat aplikazioekin baina 2017ko martxorako prest izango dute dena. Beraz, ziurrenik uda partea aprobetxatuko dugu taldean inplementatzeko, datorren udazkenean EH Bildu Legebiltzarrean Software Librearekin arituko da eta espero dugu gerora gainontzeko taldeetan ere ezartzea.
SL administrazio maila ezberdinetan inplementatzeak interes orokorraren defentsa, gardentasuna, segurtasuna, irisgarritasuna… etab luze bat ekarriko luke baloreen ikuspegi batetik; bestetik, administrazioak hautu sendoa eginez gero motor edo eragile bilakatuko litzateke ziurrenik honek izan ditzakeen ondorio positiboekin.
Proposamenean “subirautza teknologikoa” bezalako terminoak sartu dituzue, Euskal Herrian software librearen aldeko erakunde asko daudela kontutan hartuz, nola sustatuko duzue lana eragile sozial hauekin? Eragile sozialekin, adituekin eta arituekin harremanak oso estuak izan beharko dira, hori hasieratik argi izan du EH Bilduk; horregatik aurkeztu dugun ekimenarekin Ponentzia baten sorrera eskatzen dugu. Termino eta dinamika parlamentarioan gehiegi sartu gabe nahiko arrotza izan daitekeelako, baina ponentzia batek eragile, profesional, informatika arduradun edo edozein pertsonaren agerraldia ahalbidetzen du Legebiltzarrean talde politiko guztien aurrean. Ponentziak hilabeteetako edo urteetako iraupena izan dezake, beraz, eragile sozialak beraien ekarpena egiteko aukera izango dute zalantzarik gabe.
Proposamena eginda, galdera potolo bat egingo dio software librearen aldeko komunitateak bere buruari. Hemendik aurrera ze bide izango du ekimen parlamentarioak? Modu labur eta argi batean saiatuko naiz azaltzen.
Aurkeztutako ekimenaren eztabaida emango litzateke otsailean, epeak direla eta. Bertan, talde politiko bakoitzak bere posizioa defendatu eta horren araberako diskurtsoa. Gehiengorik ez balego, adostasunik ez balego, bertan behera geratuko litzateke. Gehiengoa egongo balitz ponentzia handik eta 15 egunetara osatuko litzateke. Ponentziaren presidentea (legebiltzarkidea) adostasunez aukeratu beharko litzateke eta horretaz aparte gainontzeko alderdietako kide bana parte hartuko luke ponentzian.
Hurrengo pausu praktikoa agerraldiena da. Indar politiko bakoitzak agerraldietarako proposamenak aurkeztuko lituzke erroldan. Ikusita zenbat diren orotara eta errepikatzen diren edo ez, adostu egiten da bakoitzak aurkeztutako zenbat pasako diren ponentziatik agerraldia egitera. Behin hori zehaztuta agerraldiak hasiko lirateke. Zaila da fase honen iraupena tasatzea, agerraldi kopuruen araberako izaten da alde batetik eta ponentzia bera deitzeko aukera bestetik.
Behin agerraldiak amaituta, talde bakoitzak bere ebazpenak edo ondorioak aurkeztuko lituzke, horretarako epe bat ematen delarik. Behin epea agortuta, ponentziako lehendakariak txostena egingo luke taldeek egindako ekarpenekin eta azkenengo txosten hori ponentzian adosteaz aparte gero batzordean edo osoko bilkuran bozkatuko litzateke. Onartzen dena Jaurlaritzak bete egin beharko luke mandatu parlamentarioa den heinean, baina ez da loteslea legez.
Ñabardura nahiko daude orain azaldutakoaren harira, baina praktikan hori izango litzateke bidea. Dena den, orain gainditu beharreko lehenengo tramitea aurkeztutako ekimena gutxienez beste bi talde parlamentario babestea izango da.