Metodologia demokratikoak

Egitura  demokratikoak ez direla nahiko borondate, politika zehatz, parte hartzea eredu eta metodo argi eta garbi gabe. Hori dela eta, egitura hauei zentzu hauetan aurrera egiteko neurriak gehitu behar zaizkie. Hona funtsezko puntu batzuk:parte hartze kultura, emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasuna, ordezkarien kargu errotatzea, gutxiengoen eskubideak eta hauteskunde eta erakunde jarduna.

Organigrama

Organigrama proposamen hau garatuko bada, honako printzipioak izan behar dira kontuan:

  • Erroko demokraziaren alde egiteak eskatu egiten du demokrazia zuzenaren (militanteek erabakiak hartzea), parte hartze demokraziaren (taldekako sortzean oinarrituriko prozesu eta egiturak epe motz, ertain edo luzera) eta ordezkaritza demokraziaren (ordezkariaren ikuspegi ezberdin batekin, eta erabaki eskumenak eta ardurak pila daitezen saihestuta) oreka behar da.
  • Zentzu honetan, sortuko diren eztabaida eta erabaki organoek bateratu egin behar dituzte: alde batetik, batzar nagusiaren autoritate nagusia; eta bestetik, lurralde dinamika oreka eta taldekako sortzea. Hala, batzar nagusiak erakundearen estrategia enfokeari buruz eta gai nagusiei buruz hartuko ditu erabakiak; eta zuzendaritzetan eta egitura betearazleetan lurralde ordezkariak eta taldekako sortzerako organoen ordezkariak izango dira.
  • Egitura betearazleen ordezkariak euren jatorriko biltzarrek (tokian tokiko taldeek, lurralde historikokoek, edo taldekako sortzeek) aukeratuko dituzte, eta uneoro kargutik kendu ahalko dituzte. Honetaz gain, karguen errotazio sistemak izango dira, baita militantziari zein gizarte mugimenduei edo herritarrei informazioa irisarazteko sistemak ere. Kargu publikoek Euskal Herriko idioma ofizialak ezagutu beharko lituzkete.
  • Erakunde osoaren demokrazia emango bada informazio garden eta zehatza jaso beharko dute afiliatuek, eta militantearen parte hartzea sustatuko duen kultura demokratikoa garatu beharko da, militante guztiei formakuntza eta trebakuntza eskainiz.

Hau da proposaturiko organigrama. Tokian tokiko batzarrak, lurralde batzarrak eta taldekako sortze mahaiak oinarri dituen piramide sistema da. Hortik abiatuta lurralde historikoa ordezkatzeko egiturak sortuko dira (beti ere lurralde logika eta taldekako sortze logikak lotuta). Azkenik, egitura hauek ardatz dituztela, nazio mailako ordezkaritza sortuko da, aipatu bi logiketatik datozen ordezkariez gain batzar nazionalak aukeratuko ordezkariek osatuko dutena.

Hau litzateke, bada, prozesua urratsez urrats:

  • Nazio Biltzarra da erakundearen proposamen estrategikoen inguruan erabaki esparru nagusia.
  • Udal batzar bakoitzak autonomia du bere eskumei dagokionean, erakundeak nazio mailan ezarritako irizpideen baitan. Udal batzarrak bere ordezkariak aukeratuko ditu (hauen funtzionatzea, ardurak eta betebeharrak aldez aurretik erabaki ostean); eta lurralde historikoko zuzendaritzarako ere bere ordezkariak aukeratuko ditu, estatuek ezarri moduan.
  • Taldekako sortze zein lurralde historikoko mahai bakoitzak bere arloan sortze, informatze eta zabaltze lanez gain, lurralde historikorako bere ordezkariak aukeratzeko eskumena ere badu.
  • Lurralde historikoko zuzendaritza, beraz, udal esparruetako ordezkariez eta lurraldeko taldekako sortze mahaien ordezkariez izango da osatua. Bi logiken arteko kopuru proportzionala ezarriko da, taldekako sortze prozesuak eragina izango duela ziurtatzeko, epe ertain eta luzean ez ezik, egunerokotasunean ere eragina izan dezaten.
  • Nazio zuzendaritza aipaturiko bi osagaiez osatuko da: taldekako sortze eta lurralde dinamika; batetik, taldekako sortze mahaiz nazionalek organo honetarako ordezkari batzuk aukeratuko dituzte zuzenean; bestetik, lurralde bakoitzeko zuzendaritzek ere, dagokien indarrean, euren ordezkariak hautatuko dituzte. Aipatutako ordezkariez gain, nazio biltzarrak ere aukeratuko du ordezkarien kopuru bat. Zuzendaritza ezberdinetan kargu bat baino gehiago izatea ahal den neurrian saihestu egingo da.
  • Halaber, idazkaritza teknikoa ere (liberaturiko pertsonen multzoa) osatuko da, erakundearen antolatzerako funtsezkoa diren gaiez arduratuko dena: barne komunikazioa eta informazioa, kanpo komunikazioa, erakundearen lehentasun den trebakuntza politikoa, parte hartze tekniken garapena eta agenda eta programak osatzea, internazionalismo, berdintasunaren sustapena,…
  • Azkenik, Emakumeen Gune Autonomoa osatzea ere proposatu dugu, feminismo mahaiarekin batera (non ildo honen inguruko egitarau sortzeko asmoz gizonezkoak eta emakumezkoak bilduko diren), erakundeko emakumezkoen jabekuntza, formazio eta eztabaidarako egitura moduan funtziona dezan. Bere baliabide propioak izango ditu, eta erakundearen barne logiken barruan sartuko da, berezitasunak berezitasun.

Erakunde egitura

Agiri honetan askotan aipatu dugu zein garrantzitsua den eraikitzen ari garen paradigmak bere barnean izan ditzala kultura politiko berria, ekintzarako modu eta metodologia berriak, eta benetan demokratikoa, irekia, dinamikoa, kooperatiboa eta berdinzalea izango den egituraketa. Halako erakundeak soilik lotu ahalko ditu askapen osoaren inguruko borroka guztiak eta euretan diharduten subjektuak egitarau komun baten inguruan.

Bat egite prozesuaren ondotik, erakunde berriaren osatzean zehaztu diren oinarriak aurkeztuko ditugu atal honetan. Erroko demokrazia mahaiko eztabaida eta gogoeten ondorio da hein handi batean, baina izan du beste ekarpenik ere, batez ere feminismo eta internazionalismo mahaitik.

Proposamen hauek bi zatitan banatu ditugu. Lehenak, erakunde berrirako organigrama proposamena biltzen du, lurraldetasun eta taldekako sortze logiken arabera; bigarrenak, metodologia demokratikoak izenpean, parte hartze kultura aktiboa eta kalitatekoa sustatzeko ezaugarriak aipatuko ditugu: hezkuntza, informazioa,…

Natur baliabideen kontrol soziala

Azken ardatz honetan natur baliabideak kontrolatzeko neurri eta politikak aipatuko ditugu, beharrezkoak eredu agroekologikoa lortuko bada.

Lurraren kudeaketa

Lurzoruaren eskasiak erabat baldintzatzen du Hego Euskal Herriko nekazal esparrua eta oztopo garrantzitsua da modu jasangarrian garatzeko. Lurzoruaren galera honen arrazoi dira txandakatzerik gabeko ustiategien bazterketa, baso ustiategien hedapena eta, bereziki, hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren hedatze nabarmena. Urbanizazioari aurre egiteko eta landa eremuari eusteko politikak funtsezkoak dira.

Horretarako, erakunde bat sortu beharko litzateke, erakunde guztiak lotuko dituen erabakiak hartuko dituena, sail ezberdinen artean osaturikoa eta administrazio publikoarekiko autonomoa izango dena, zuzendaritza independentearekin eta inplikaturiko administrazio guztien kontrol politikoarekin (udalak, batzar nagusiak, gobernuak eta Ogasun, Ingurugiro eta Nekazaritza ministerioen ordezkaritza) eta landa eremuko ordezkariekin. Erakunde honek honako funtzioak hartuko lituzke bere gain:

  • Lurraren ikerketak egitea lurzoruaren sailkatze agroekologikoa zehazteko, ingurugiroaren zaintza eta nekazaritza eta abeltzaintza arloko lan postuak kontuan hartuta.
  • Erabilgarri dagoen lurzoru publikoa zehaztea eta Administrazioekin batera lan egitea lurzoru horien ahalik eta gizarte errentagarritasun handiena eskuratzeko.
  • Lurzoruak lortzea gero landa salneurrien truke nekazari eta abeltzainen artean banatzeko, ustiategiak zabaltzeko helburuarekin eta gazteak lehenetsita. Neurri hau bereziki aplikatu beharko da rekalifikazio mehatxuan diren Nekazal Lur eta Basoen Lurralde Arloko Planak (PTS Agroforestal, gazteleraz) balio ekologiko handikotzat hartzen dituen lurretan.
  • Lurzorua behar duten baserritarrei etenik gabe informazioa eskaintzea, baita sektoretik kanpo egonda ere bertaratu dutenei (ikasleak, langabetuak, …) ere.
  • Estatistika bidezko jarraipena egitea nekazaritza eta abeltzaintza lurrek bere lurralde arloan duten garapenari, ustiapen kopuruari, errentagarritasun mailari eta lan postu sortzeari.
  • Nekazaritza eta lurralde politika publikoen aholkularitza.
  • Bitartekaritza baserri jarduera epe aurretik etetean.
  • Jabetza publikokoak diren lurrak baserri jardueretarako Berreskuratzeko eta Lagatze Programa jartzea.

Aipatutakoez gain honakoak ere intergarriak dira:

  • Hiri eta industria zabaltzea eten. Etxebizitza berrien eraikuntza, ahal den heinean, erdigunearen berrosatzean eta “urbanismo kirurgia” operazioen (utzitako zonak berreskuratzea, …) bitartez, hala industria eta hiri guneen hedatzeari galgak jartzeko. Antzera industriguneekin. Askotan udalek langabeziari aurre egiteko ikusten duten aukera bakarra industriguneak kokatzea izaten da – hala inguruko udalerri eta eskualdeen arteko lehia zentzugabea hasten da ez baitago planifikazio orokorrik- eta ez dute planteatzen baztertutako edo utzitako industrialdeak berreskuratzen saiatzea.
  • Bakarturik dauden eraikuntzak egitea oztopatzea eta dentsitate baxuko biziguneen eraiketaren aurka egitea.

Uraren kudeaketa

  • Uraren kudeaketa publikoa
  • Baserri jardueretarako tasa baxua ezartzea
  • Lehorte garaietan, ur gabeziak jotako ustiategien hornikuntza bermatzea
  • Banaketa sare handien sorrera aztertzea, bata etxeko beharrak asetzeko eta bestea baserri jardueretarako. Azken honi tarifa murriztua jar lekioke.
  • Lurraren hedadurara eta animalia kopurura egokitutako uraren erabilpen egokia.

Landa garapenerako politika

Egungo nekazaritza eta abeltzaintzarako diru laguntzen zati gehiena beste zerbitzu motak edo arlokoak ez diren azpiegiturak sortzera bideratzen dira, diru laguntzak beste sail batzuetatik jaso beharko lituzketenak. Hala, landa garapenerako funtsek ezin dute balio gune hauetako beste gabeziak estaltzeko diru laguntzen edo udalen betebeharren ordezko izan.

Diru laguntzak nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenaren egoera eta aukerak hobetzeko bideratu behar dira, irisgarritasuna, ura, argindarra, eraldaketa proiektuen babesa, merkaturatzea, gazteak landa lanetara erakartzera eta jarduerak bideragarri izateko behar dituen zerbitzuak bermatzera.

Zerga politika

Jasotzen den errentaren araberako tributazio baterantz jo behar dugu, sektorearen zehaztapenak kontuan hartuta. Zerga trataera eta euren funtzionamenduak gutxieneko homogenizazioa behar du izan egun tributazio sisteman, dirulaguntzetan, salerosketa zuzenean, agroturismoan,… dauden ezberdintasunak ekiditeko.

Lehen sektorean enplegua sortzeko politikak

Ustiategien errentagarritasun eskasak landa munduko langile kopuruan eragina izan du. Belaunaldi erreleburik ez da ia ematen. Ustiapenen errentagarritasun eskasari gehitu egin behar dizkiogu egungo ekoizpen ereduari edo lurzorua lortzeari atxikiriko zailtasunak, lurzorua bera oso urria izateaz gain espekulazio presio handia ari da jasaten. Lehen sektoreko lan postuak sortzeko politikak nekazari gazteak babestu behar ditu eta lan-indarra lehen sektorera gerturarazi.

Elikagaien merkaturatzearen babeserako laguntzak

Nekazal eta abeltzain ustiapenen bideragarritasun urria ulertzeko faktorerik garrantzitsuena produktu hauen salneurri eskasean dago, saltzeko moduarekin lotua dagoena. Egun, sektore honek arazo handia du eraldaketa eta pilaketa nazioarteko talde handien eskuetan pilatu delako, taldeok produktuaren jatorrizko salneurria merkatzen eta kontsumitzaileari prezioa asko igotzen diotelarik sekulako irabaziak lortzen dituzte. Gizarte, ekonomia eta ingurugiro ikuspuntutik eredu honek ezin du iraun.

Aitzitik, saltoki txikia da baserritarrei euren produktuak merkaturatzea bermatzen dien tresna. Larriak dira, baina, horrelako dendek pairatu behar dituzten oztopoak. EAE merkatal gune handi gehienetarikoa duen tokietakoa da Espainian. Azken honetan batez beste 249 metro karratu dago mila bana biztanleko. EAEn, aldiz, 340. Are gehiago, Jaurlaritzak eskuartean du Dekreto zirriborro bat zeinak egun dauden guneen eremua 2,42 bider handitzea baimenduko lukeen.Gune handien hazkunde honek saltoki txikien %33,69 ixtera behartuko lukeela uste da. Egoera hau atzera ekarri beharra dago, bere ordez saltoki txikia sustatu, gizarte, ekonomia eta hiriaren biziari etekin gehiago ematen baitizkie, nekazal eta abere ekoizpenei merkaturatzeko bidea irekitzeaz gain.

Udal ugari daude euren arau subsidiarioen eraldaketa prozesuan zerbitzuetarako zona berriak ezartzeko, hauen artean komertziogune handietarako espazioak. Nahitaezkoa da saltoki txikien, baserritarren, enpleguaren (sortzen dena baina baita galtzen dena ere, lanaren kalitatea,…) eta lurzoruaren etorkizuna kontuan hartzea.

Hau da, nekazaritza eta abeltzaintza produktuen merkaturatze zuzena laguntzen duten neurriak hartzea:

  • Salerosketa zuzeneko sistemak sustatzea,, non baserritarraren mozkinak altuagoak diren eta kontsumitzailearentzat kostua baxuagoa den, produktu eta merkatu ezberdinen ikerketek adierazten duten moduan.
  • Asteroko azokak berreskuratu. Desagertu diren tokietan berreskuratu eta biziraun dutenetan aurrera bultzatu. Azoka hauek toki egokietan jartzea merezi du eta komeni zaizkien azpiegiturekin hornitzea. Guneotan baserritarren eta gazteen produktuak egongo direla ziurtatu, baserritarra ez den produktuaren birsaleroste ekidinda. Batzuetan bi jarduera hauek (baserritarrak eta birsaltzaileak) bateragarriak izan daitezke baina garrantzitsua da ondo bereiziak izatea eta azokaren arduradunek informazio egoki eta zehatzak emateaz gain bertako produktuen kontsumoa sustatzea. Ekoizpen sistema jasangarrienak ere hobetsi behar dira, noski, industrializatuenen aldean.
  • Halako asteroko azoka edo merkaturik ez den tokietan, inguruko baserrien produktuak salerosteko proiektuak sustatzea, azpiegiturak edo beste zerbitzuak eskainiz.
  • Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko elkarkidetzak babestea, “Nekazaritza, partekatutako ardura” proposamenaren ekoizpen zein kontsumo oinarriak aintzat hartuta.
  • Erakundeen ekimen eta ekitaldietan tokian tokiko produktuak erabiltzea eta talde jantokietan (eskolak, zahar egoitzak, ospitaleak, osasun zentroak,…) tokian tokiko elikagaia sustatzea.

Nekazaritza eta abeltzaintza produktuen sustapenerako politikak

  • Ekoizleei euren produktuen eraldaketa debekatzen dieten neurri filosanitarioak bertan behera uztea bete ezinezkoak badira eta produktuen kalitate eta osasungarritasunean eraginik ez badute.
  • Ekoizpen ereduaren, produkzio kopuruaren eta produktuaren salerosketen modua eta distantziaren araberako osasun maila ezberdinak eman ahal izatea.
  • Izugarrizko inbertsio teknikoen beharra duten osasun araudi baztertzaileak albo batera uztea, eraldaketa modu artisauei lekurik ematen ez baitie.
  • Eraldaketarako eskualdeko azpiegiturak sustatzea: nekazal produktuen eraldaketarako azpiegiturek baserritarren merkaturatzeko aukerak handitzen dituzte. Egitura hauek tokian tokiko produktua bertan kontsumi dadin laguntzen dute eta kontsumitzaileen, dendari txikien eta ekoizleen arteko harremanetarako aukera ematen dute.

Agroekologiak aurrera egiteko politikak

Egungo EBren politikak eta Euskal Herriko administrazioek egiten duten aplikazioak eredu agroindustriala lehenesten eta babesten du dirulaguntzen bitartez, eta eredu agroekologikoa zigortu. Agroekologiaren aldeko politika berriak dirulaguntzen joera aldatu beharko du eta ekoizpen eredu berria lehenetsi. Hona dirulaguntzetarako irizpide nagusiak beharko luketenak:

  • Eredu estentsiboen sustapena, edo intentsifikazioaren aurkako neurri eraginkorrak.
  • Sektore arteko dibertsifikazioaren sustapena.
  • Beharrizan eta handicap zehatzetara egokituriko diru laguntzak, hala nola, oztopo orografikoak eta beste natur traba batzuk. Zentzu honetan, dirulaguntzek baserritarren eta gizartearen (enplegua sortzea, kalitatezko elikagaiak eta ingurugiroarekiko begirunea) beharrizanen araberakoak behar dute izan, ez ekoizpen mailari begirakoak.
X