Elikadura subiranotasuna

Elikadura subiranotasuna egungo nekazal eta abeltzain industriarekiko paradigma alternatiboa dugu, 3 oinarritan sustengatua: elikadura gizakiaren oinarrizko eskubidetzat onartzea; herrialde eta estatu guztiei euren abeltzaintza eta nekazaritza eredu propioak garatzeko eskubidea onar dakiela; eta politika edo eredu horien gunean elikagaiak ekoizten dituztenak jartzea, hots, nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak, kontsumitzaileekin batera.

Definizio honetatik abiaturik, ekintzarako 3 ardatz nagusi zehaztuko ditugu: bata, elikadura eskubidetzat onartzea eta ez merkantzia moduan, honetarako elikadura subiranotasuna eta agroindustriala parez pare jarriko ditugu, azken hau baita mundu osoan, eta Euskal Herrian bertan ere, noski, nagusi dena; bigarrena, oinarrizko subjektuak diren landa ekonomien aldeko proposamen zehatzak egingo ditugu; hirugarrena, natur ondasunen –ura, bioaniztasuna, lurra,…- kontrol sozial eta publikoa bermatuko duten ekimenak zehaztuko ditugu.

Ekonomia Feminista

Indar politiko berriaren egitaraurako funtsezko elementuak garatu direlakoan gaude. Nahitaez hasi behar dugu emakumeek lan munduan pairatzen duten berdintasun-eza egoeraz mintzatzen; izan ere geure lan-munduratzeak prekarietate altua izan du ezaugarri nagusi, bazterketa bertikal eta horizontal handiari loturik. Emakumeak ardura, lan-sari eta igotze aukera gutxieneko eta ez-egonkortasun handieneko lan-postuetan pilatu ohi gara, ohituraz emakumezkoentzako izan diren sektoreetan (sozialari, zaintzari, zebitzuei,…lotuak eta langabezia tasa eta aldizkako kontratazio handiagoak izaten dituztenak).

Geure lan-munduratzea, beraz, gizonezkoekiko berdintasun-eza baldintzetan izan ohi da beti. Egungo egoerarekin loturik, etengabeko krisi egoeran izan garela esan liteke. Ez dugu sakonegi aztertu emakumeen lan-munduratzea ezaugarri hauen araberakoa den; baina planteatu beharrean gaude sexu-genero bazterketak azaltzen duela neurri handian fenomeno hau.

Zainketaren ekonomia ereduaren alde egin dugu, lehenbizikoz ekoizpen eta ugalketa arloak biraztertuz, ohituraz gizon langile/emakume zaintzaileari lotu izan zaizkion arlo bi. Familia ardurarik gabeko gizon langilearen ereduak ezin du lan merkatuaren erreferentzia nagusia izan; ezta zainketari mugatzen zaion emakumea ugaltze arloan ere. Honetaz gain, emakumeek egin izan duten ordaindu gabeko lan osoa kontuan hartu eta estatistika ofizialetan tokia eman behar diogu.

Elkarbanaturiko arduren alde gaude: zaindua izateko eskubidea pertsona orori dagokio eta emakumezko zein gizonezko guztien ardura, estatuak hala bermatu behar du. Zainketen hedatze orokorra nahitaezkotzat dugu, pertsona guztiek eskuragarri izan ditzaten, diru-sarrera, jatorri eta antzeko edozein faktoreren mendean egon gabe. Estatua gogor hartu behar da hau bermatzeko beharrezko baliabideak sor ditzan, batez ere bizi dugun krisi garai honetan.

Mendekotasunaren arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa exijitu behar dugu, zentzu honetan hainbat talde feministak indarrean den Mendekotasun Legeari eginiko kritikekin bat gatoz, ez baita gai behar-izanei erantzuteko eta emakumeak zaintze lanetara “behartuak egotea” gainditzeko ikuspegi feminista baten gabezia nabarmena baitu bere aurre planteamenduetan.

Zainketari lotzen zaizkion pertsonei, bereziki emakumezkoak, arreta berezia jarri behar zaie; antzera jokatu behar da etxeko langile eta emakume etorkinekin.

Funtsezkoa da, gure iritziz, ikastetxeetan eredu koedukatiboak ezartzea, zeintzuetan mutil eta nesken autonomia sustatuko den zaintza eta autozaintzaren gaineko ezagutza garatzen joan daitezen, gai honek emakumezkoena soilik izateari utz diezaion.

Zein irtenbide dugu?

Estatubatuar ereduaren oinarriak zalantzan jarri ditu finantza krisiak: defizit bikoitza, komertziala kanpora begira eta aurrezkiaren krisia barrualdean. Bi kasuetan, finantza merkatuek kudeatzen dituzte desorekok, baina hauek uzkurtzen badira, hazkunde mota honen zutabeak erori egiten dira, familien aurreztea blokeatu egiten da eta munduko beste lekuetatik iritsitako kapitala galgatu egiten da (Txinarekin gertatzen ari da dagoeneko). Honen ondorioz, finantza krisiak AEBren hazkunde geldotze iraunkor bati emango dio bide, gero gainontzeko lekuetara hedatuko dena. K. Schmidt-Hebbelel, ELGAko ekonomista-buruak, maiatzaren 4an honakoa adierazi zuen: “testuingururik okerrena gauzatzen ari dela eta egungo krisia 1929tik izan dugun larriena da”.

Krisitik ateratzeko behar denbora, finantza arloa salbatzeko eskaini diren kopuruen izugarritasunaren parekoa da, direnaren eragin bikoitza izango baitute BPGan.

Herrialde nagusiek krisiaren eraginak besteengana bideratzeko borrokak zehaztuko du noiz emango zaion irteera. Gizarte esparruan kapitalaren presio handiagoa izango da soldata eta gizarte gastu publikoaren aurka. Nazioarte mailan, potentzia handien arteko merkatu eta ekonomia gudak (adibiderako Sarkozy eta Merkel G-20an) esparru berriak izango ditu eta mundu ekonomiaren zatitzea ekarriko du. Mundu ekonomiaren uzkurtzeak protekzionismoa sustatzen du, modu askotan, esate baterako AEB eta Espainiako gobernuek “estatubatuar” edo “espainiar” produktuak erosteko luzaturiko deia edo europar gobernuek euren sektore industrialei emandako dirulaguntzak. EBren barne kontraesanek europar plangintza bateratu bat abian jartzea galarazi dute, eta praktikan, Egonkortze Ituna alde batera utzi da. Bankuak fondo eta berme publikoen bitartez salbatzeko planek bankuen berregituratze eta elkartzeak gauzatzen lagundu du, nahiz eta EBko araudiak estatuen aldetik jasotako abantailak debekatu; horrela herrialde aberatsetako bankuei are abantaila handiagoa ematen diete hego herrialdeekiko. ELGAk adierazi duenez, Espainia dela ELGA osoan bere nazioko enpresei laguntzeko diru gehien eman duena (BPGren %0,7 Eslobakia eta Korearen % 0,5en parean, honek espainiar liberalen protekzionismoa agerian uzten du, gehienetan herrialde txiroen aurkakoa). Europako Batzordeak esku artean dituen estatu eta enpresa arteko legez kanpoko dirulaguntza kasuetatik, 48 Espainiari dagozkio. Langileria mugimenduak beste langileen aurka merkatu batean parte hartzeari uko egin behar dio. Protekzionismoaren aldeko jarrerak, merkatu ekonomiaren testuinguruan, xenofobiaren eta merkatu gerren garapena sustatzen du, baita beste izen gehigarririk ez duten guda orokorrak ere. Honen alternatiba ez da joera neoliberalak defendaturiko nazioarteko hedatzea, baizik eta kapitala bazterrera uztea eta bere ordez herrien arteko elkarlanean eta elkartasunean oinarrituriko mundu ekonomia planifikatua abiaraztea, beharrizanen, bereziki herrialde txiroenenak, asebetetzean eta mundu mailako natur baliabideen irautean oinarrituko dena.

Keynesiar irtenbidea. Europar mailako koordinaketa plan ezak argi erakusten du estatu bakoitzak berearen alde egin duela. Soldaten galgatzerako aitzakia ederra izango da krisia, lehiakortasun handiagoaren testuinguruan jarduera mantentzeko itxaropenean. Europa neoliberalaren gabezia eta keria guztiak agerian geratu dira aldatze politikarik gabe, aurrekonturik gabe eta EBZri (Europako Banku Zentralari) ezarri zaion maileguak emateko debekuarekin. Baina auzia funtsean politikoa da: kapitalismoa arautuko bada mugatzaileak beren lepo hartuko ez duten talka maila behar da.

Zenbaitek krisitik ateratzeko “kapitalismoa berdea” jotzen dute alternatibatzat. Teorikoki posible izanda ere; praktikan, dagoeneko martxan den eta jardueraren %80 erregaietatik hartzen duen kapitalismo sistema eraldatzea bateraezina da klima aldaketaren aurkako borrokarekin.  Ekonomia birpizteko politikak, egun, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa areagotuko du. Mundu ekonomiaren berrantolatze ekologikoak epe luzerako koordinaketa eta aurreikustea behar ditu, maila internazionalean. Lehiaren eta merkatuaren legeek, ordea, epe motzeko irabazia behar dute. Kiotoko Hitzarmenarekin betetze aldera, Europar Batasunak merkatu mekanismoetara jo du, emisio merkatuak sortzea kasu; nazioarteko lehiaren aurre babes gutxiagoko industria sektoreak merkatu honetatik at utzi direnez, bere eraginkortasuna murriztu egin da.

Irtenbide antikapitalista: Kapitalismoaren egungo krisiaren luzatze eta hedatzeak garbi utzi du ekintzarako egitarau antikapitalista baten beharra, honako osagaiak bere egingo dituena:

  • ­Aberastasunaren birbanaketa, azken hamarkadetan gauzatu den soldaten kopuru proportzionalaren murrizketari buelta emanda.
  • Ekonomiaren bilakaera ekologikoa, baliabide naturalen kudeaketa publiko eta parte hartzailea bermaturik eta energia ekonomien, energia berriztagarrien, elkarbanaturiko garraioen, bizileku sozialen,…aldeko ekimen publikoak sustatuta.
  • Zerbitzu publikoen garapena, pribatizazio prozesuak geratu eta atzera eramanez eta zerbitzu publiko eta sozialen erabilpena hedatuz (haurren eta autonomiarik gabekoen zaintza, haurtzaindegiak, …).
  • Kontrol sozialari lotuko zaion banku zerbitzu publikoa sortzea, bankuak nazionalizatzea eta zerga paradisuekin amaitzea.
  • Kaleratzeak debekatzea eta soldatei eutsirik lan denboraren murrizketa ezartzea, denbora eta soldata horiek soldatapekoen, lan baldintza kaskaretan ari direnen eta langabetuen artean bana daitezen.

Krisiaren irtenbidea

LANEk (Lanaren Nazioarteko Erakundeak, OIT gazteleraz) argitaratu berri duen informearen arabera, Europar Batasuneko herrialde kide gehienek, proportzioan, AEBk baino gehiago ordaindu dute bankaren “sorospenean”, Britania Handiak gehien (BGPren %28,6) eta Espainiak gutxien (%14,3); AEBk, ordea, %5,1. EBk herrialdeek, ordea, azpiegiturak eta zerbitzu publiko eta sozialak hornitze aldera sortutako enpleguan gutxiago ordaindu dute, hala nola hezkuntzan, osasun sisteman, giza zerbitzuetan,…AEBk BPGren %6,6 jarri du helburu honen zerbitzura; orobat, Alemaniak %2,8, Britainia Handiak %1,3, Frantziak %1,1 eta Espainiak %0,8 besterik ez. EAE eta Nafarroak, babes sozialari dagokionean Espainiaren berarena baino baxuagoa den gastuarekin, ez du gastu eskas hori hobetu.

Honetaz gain, ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, OCDE gazteleraz) 28 ekonomia garatuenetarako aurreikusiak dituen 25 milioi langabeetatik, lau milioi baino gehiago –beti ere ELGAren ustez, beste zenbait aurreikuspenek 5 ala 6ra igotzen baitute kopurua- Espainian kokatuak izango dira eta honek langabeziarako gastuaren igoera ekarriko du nahitaez. Oraingoz langabezia-sarien maila mantendu egin da, are gehiago, 2008ko otsailaren Erret Dekretu bitartez, zeinak zenbait kasutan kontratuaren amaiera kontratu eteteen ondoren etorri bada kontagailua hasieratik abiaraztea bermatzen duen.

Gizarte krisia. 2008an mundu mailan gauzatutako ekonomia atzerakada depresio orokorra bihurtzen ari da 2009an, produkzio erortzeez eta herrialde zentraletan zein mundu mailako periferiak jasandako langabeziaren igoeraz bustiriko testu inguru batean. Herrialde aberatsetako finantza zein ez-finantza merkatuek jasotako milioi zaparradak ez du beherakada eten. Joerak okerrera egin du eta langabeziaren hazkundea bizkortu egin da. 3 hilabeteko epe laburrean AEBtan 3 milioi langabetu gehiago zegoen. Espainian, langabezia izugarri hazi da, eta ofizialki 2009ko bukaerarako %18ra iritsiko dela aurreikusten da, nahiz eta Europak 2010erako %21,4koa izango dela uste duen. EAEn, euskal estatistika zerbitzuek eskainitako datuak inolaz fidagarriak ez izan arren, 2009ko lehen hiruhilabetean langabezia %67 igo omen da.

Azken hamarkadan, espainiar ekonomiak urteko %3,6ko igoera indizea izan du, europar bataz bestekoa baina altuagoa; izan ere, euro zonaldeko beste inon baino lanpostu gehiago sortu dira, 6 bat milioi. Hala ere, langileen soldatek BPGan duten kopurua jaitsi egin da, 1992ko %72tik 2005eko %62ra arte, nahiz eta 1991tik 2008ra 14 milioi langiletik 20ra pasa izan. Horrek oso garbi adierazten du pertsonako soldata jaitsiera izugarrizkoa izan dela. Beraz, hazkunde ekonomikoak ez dio bide eman soldaten igoerari, baizik eta kapitalaren pilatzeari. Esate baterako, BBVAko presidenteak urteko 20 milioi jaso izan duen arren ez zuen arazorik izan soldata izozteak eta kaleratzearen merkatzea eskatzeko, hain lotsa gutxi du non pentsioak altuegiak direla eta murriztu egin beharko liratekeela iritsi den, Pentsio Planean 60 milioi euro pilatu dituen fondoa izanda. Fionantza erakunde handien buruek, zeintzuk neurrigabe aberastu diren euren kudeaketak egungo finantza eta gizarte krisira eramaten gintuen bitartean, euren soldata babestuekin darraite. Adibidez, 2007an, 16 finantza erakunde nagusien presidente exekutiboek 334 milioi dolar batu zituzten, 2005ean baino %30 gehiago. Espainian, 15 banku nagusien aholkularien soldatek 115,7 milioi euro pilatu zituzten. IBEX 35 enpresen %75ek blindatua dute euren zuzendaritza, hau da, 284 goi-karguk kaleratuak izanez gero 2 eta 5 urteko soldata jasotzea bermatzen dien kontratua dute.

Kopuru hauek handiagoak ez izatearen arrazoia pentsio publikoen transferentzian dago, Europar          Batzordearen 2006ko txosten batek onartzen zuen XX mendeko gizarte politikaren lorpen handienetakoa izan dela pentsio publikoei esker zahartzeak ez ekartzea nahitaez pobrezia edo semealabekiko mendekotasuna. Europar Batasuneko herrialde gehientsuenetan Gizarte Segurantzaren pentsioek osatzen dute adinekoen diru iturri nagusia, hori dela eta pobrezia eta euren arteko ezberdintasuna pentsio sistemaren araberakoa da. Nazioarteko datuen arabera Luxembourg Income Study (LIS) erakundeak egindako txosten batek adierazitakoari jarraiki, 65 urtetiko gorakoek ez dute bitarteko pribatuen bitartez pobreziatik ateratzeko baliabide nahikorik.

Ekonomia Krisia

Finantza krisia eta bere ekonomia oinarria

80 eta 90. hamarkadak bitartean herrialde gehienetako agintariek kredituaren inguruko mugak indargabetu zituzten, eta hala bankuak depositoak eta kredituak ez ziren lanez ardura zitezen baimendu zuten eta nazioarteko kapital merkatuen liberalizazioa eta akzio merkatuen arautze-eza sustatu zituzten. Finantza merkatu berriak indartu ziren eta txirotutako herrialde berriak merkaturatu ziren: Brasil, Txina, Errusia, India,…mundu mailako finantza dinamikara, ondorioz nazioarteko finantza kapitalari negoziorako gune berrietara ateak ireki zitzaizkion.

Finantza negozioaren hazte neurrigabeko hau ekoizpen ekonomiatik aldentzen da. Baina, ustezko kapital horren pilaketak baditu bere mugak, badaude-eta bilakatze korapiloak deritzenak finantza esparru eta esparru errealaren artean: %2 edo %3ko igoera duen ekonomiak ezin du %15eko etekin orokorrik eman. Dibisa, akzio eta antzekoen salerosketa espekulatibotik eratorritako irabaziak uzkurtu egiten dira puztutako prezioetan erosi dituztenak jabetzen direnean prezio errealarekiko hainbesteko alde dagoela non ezingo dutela jarraitu hain prezio garestietan saltzen. Hau dela eta, goiz ala berandu, finantza burbuila guztiek eztanda egiten dute eta prezioek berriro berrekiten diote objektuok merkatu errealean duten salneurriari eta irabazi espekulatiboak desagertu egiten dira.

Burbuila horiek ez dute espekulatzaile diruzaleen ilusioa soilik oinarri, aitzitik, kapital askeen etengabeko sorkuntzan oinarritzen dira. Lehen iturria pilatu gabeko irabazien hazkundea da, mugimendu bikoitz batetik sortua dena: lan-sarien atzerakada orokorra eta irabazi tasak berrezarri arren suertaturiko pilatze tasaren geldotze edo atzera egitea. 80ko hamarkadara arte irabazi tasa eta pilatze tasa elkarren lagun joan ziren baina orduantxe bide ezberdinei ekin zieten. Finantza merkatuek hau eraldatzen dute 3 bideren bitartez. Lehenik, finantza errenten jabeengana doan plusbalia zatia da. Ereduak, beraz, desoreken handitzea dakar. Bigarrenik, soldata eta errenten arteko nahasketa da: goraka doa finantza poltsikoratze bitartez ordaintzen zaien soldatapekoen kopurua, soldatok benetako lan-saria baino plusbaliaren birbanaketa bihurtuta. Hirugarrenik, familien zorpetzearen garapen izugarria dago, euren kontsumoak aurreztearen murrizteari zor egiten du gora, ez soldata igoerei esker.

Finantza krisia benetako ekonomiaratzea bide ezberdinetatik burutu da, herrialdearen arabera ezberdina izanik:

  • Kredituaren uzkurtzea garrantzitsua da finantza krisiaren hedatzerako.
  • Burtsa kotizazioen erorierak gutxiago kontsumitzera bultzatzen du.
  • Jendartean zabalduriko kezkak kontsumoa eta inbertsioaren gaineko eragina du. Egoerak okerrera egingo duelakoan, ahal duenak aurrezte pertsonala indartzen du, eta hala kontsumoa, ekoizpena eta inbertsioaren jaitsiera lotua dakar. Halaber, biztanleriaren gehiengoa txirotzen ari da, diru birtualean eraikitako ustezko ondasunen (etxebizitzen salneurrian batez ere) salneurriak behera egiten baitu eta baita akzio eta pentsio-planetan sartutako sosen balioa; lan, soldata eta etxebizitzen galerak ahaztu gabe. Hala, finantza erakundeek kobraezinezko mailegu pertsonalen kopurua bikoiztu egin zen 2007tik 2008ra.
  • Eraikuntza arloak BPG eta enpleguaren zati handia hartzen zueneko herrialdeetan (Espainia kasu) indar gehiagoz jo du higiezin krisiak. Erabilitako lan esku kopuru handiak azaltzen du PPGren jaitsiera baino handiagoa den langabeziaren gorakada.
  • Makalaldia mundu ekonomiara hedatu da komertzio eta inbertsioari dagokienenean.

Politika sindikala

Sindikatuak langileen defentsarako funtsezko tresna dira, kapitalaren nahi mugagabeei eta euren babesle politikoei aurre egiteko zein gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten bidean jarriko gaituen aldaketa sozialaren alde egiteko.

Hala ere, funtzio hau beteko badute sindikatuek burujabe behar dute izan gobernuekiko, patronalarekiko zein alderdi politikoekiko, ekonomiko buruaskiak, langileriaren interesei soilik zor dakizkien.

Ertzeko prekarietateak langileriaren eskubideen babesa oztopatzen duten arlo guztietan sindikatuen hedapena sustatu behar dugu. Horretarako enpresa gizon zein emakumeen sindikatuen aurkako jarrerak zigortzea, baita penalki ere, eskatu behar dugu, eta orobat, lan esparru guztietan prekarietatearen aurka borrokatu.

Sindikatuen elkarlanetik sortutako ekintza sustatu beharra daukagu, lan eta enplegu baldintza hobeen aldeko eta lan eta gizarte eskubideen babeserako borrokan. Euskal Herrian jasaten dugun konponezineko barreiaketa sindikala oztopoa da patronal eta administrazio neo-liberalei aurre egin nahi bazaie. Arazo eta ekimen bakoitzaren inguruan sindikatuen arteko ahalik eta elkarkidetza handiena bilatu behar da, beto edo bazterketarik gabe. Krisi ekonomikoaren edo lanaldian suertaturiko heriotzaren aurrean eman beharreko erantzunean premiazkoa da elkarlan hau.

Sindikatuen zuzendaritzek adostasunetara iristeko dituzten arazoen jakitun, Alternatibak behetik sorturiko mugimenduak sustatzea du xede, izaera ireki eta bateratzailekoa eta arazoei aurre egiteko erantzun zabal eta bateratzaileak bilatuko duena.

Zerga sistema

Egun geurean zabaldu diren ideia neoliberalek zera diote, errentak desfiskalizatu behar direla, hau da, zerga zuzen batzuk jaitsi edo baita desagerrarazi ere. Hauen aurrean, Alternatiba Eraikitzenek zergek dituzten bi funtzioak, bananezinak eurak, aldarrikatu nahi ditu: biltzea eta birbanatzea. Kalitatezko zerbitzu sozialek, bidezkoak beraz, zerga biltze politika aurrerakoiaren beharra dute: gehien dutenek gehien eman dezatela.

Zerga presioa zuzenean lotua dago ongizatearekin. Ezagun da EBko ongizate eta gizarte babes maila altuena duten herrialdeak nordiko deritzenak direla. Suedian, bada, presio fiskala BPGren %50etik gora dago; eta EAEkoak, aldiz, doi-doi gainditzen du %30ekoa. Zergak ekiditeko politikak babes sozialengandik zeharo aldendurik daude, erakunde publikoek eskaini ezingo dituzten zerbitzuak pribatizatu eta herritarrek euren poltsikotik ordaintzea baitute helburu. Honek, noski, ordaindu ahal dutenen eta ezin dutenen arteko desberdintasun soziala areagotzen du.

Ondoren zergen gaiari loturiko hainbat proposamen bildu ditugu:

  • PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) (IRPF gaztelanieraz). Lan errentak: Errenta altuenen gaineko zerga kargua egungo %45etik %55era igotzea. Neurri honekin batera BGAEngatiko (gaztelerazko EPSVak) eta etxebizitza erosteagatik emandako zerga-arinketak murriztu edo kendu egin behar dira, gehien dutenei zergak arintzeko aukera ugariago ematen diete eta.
  • Kapital errentak: lan errenten moduan tributa dezatela, ez egun duten %18 aldaezinarekin. Zerga paradisuak baztertu behar dira hauekin batera.
  • Jarduera Ekonomikoen Irabaziak. Kontrola handitu behar da, iruzurra saihesteko.
  • Sozietateen zerga. Azken erreformek ezarri duten %28tik %35era igotzea.
  • Ondare zergak: Jasotako kopuru eskasaren karira ezabatu den zerga gau berrezartzea, ondare esanguratsua izateagatik ordaindu beharko luketen guztiek hala egin dezaten ondo gainbegiratua, sozietateak sortu edo antzeko zerga arinketa sistemak erabiltzeko aukerarik gabe.
  • Zerga ikuskatzea giza baliabide gehiagoren laguntzarekinindartzea funtsezkoa da. Enpresari eta profesionalen jarduera ekonomietan arreta jarriko duten ikuskatzeak, hor baitaude zerga iruzur poltsak.

Inmigrazioa

Mugak botereek pertsona eta natur baliabideak hobeto menderatzeko ezarritako marra artifizialak dira. Pertsonak nora bai eta nora ezin diren joan zedarritzen duten muga irudizko eta odol eta garretan zein harresi edo hesien bitartez eraikitakoen aurka gaude.

Pertsonak ez du legez kanpokoa izaterik, ezin da ekonomia interes aldakorren arabera onartua den ala ez den merkatal gai moduan erabili. Pertsonek planten barna mugitzeko eskubidea dute, baita ondo irizten dioten tokian ezarri eta lan egiteko, inolako trabarik gabe eta bertakoen eskubide eta betebehar bertsuekin. Baina, langile batzuek bertan euren herrialdeetako lan baldintzetan jardutea nahi dutenen aurka, tokian tokian adosturiko hitzarmenei begirunea zor zaie eta.

Kanpotarren etortzea ekiditeko neurri polizialak eskatzen dituztenengandik urrun, giza eskubideak herrialde guztietan bete daitezen eskatzen dugu.

Gune batean gutxieneko epe batean bizi izan diren pertsonek erabateko eskubide politikoak izan behar dituzte herrialde horretan.

Txirotasuna eta bazterketa soziala

Aurreko mendeko 80ko hamarkadara arte, desabantaila prozesuak materia eta birbanatze kontuekin zeuden lotuak eta txirotasun kontzeptuaren baitan sartzen genituen. 70ko hamarkadako krisiak eta hura gainditzeko ezarri ziren ekonomia politikek berebiziko eraldaketak sortu zituzten lan eta babes sozialeko esparruan, eta hauei demografia edo gutxieneko elkartasun sareen aldaketak gaineratu zaizkie. Honek guztiak beharrizan sozial berriak eta gabezien mehatxupeko kolektiboen hedatzea ekarri du, material eta ekonomia esparruetan ez ezik, baita hezkuntza, kultura, osasuna, etxebizitza eta harreman arloetan ere. 80ko hamarkadan sortu zen bazterketa sozial kontzeptua ekonomia zein beste esparruetan garatu ziren gabezia hauek adierazteko. Beraz, txirotasunaz ari gara, baina baita osasun eskasiaz, etxebizitza eskasaz edo hezkuntza zein harreman gabeziaz.

Txirotasunarekin egin moduan, bazterketa sozialak duen izaera sistemikoa azpimarratu behar da: sistema soziekonomiko jakinean suertatzen da garapen dinamika zehatz batekin, eta, bazterturiko norbanako eta kolektiboen bizitza ez ezik, integraturik daudenen bizitza ere baldintzatzen du. Batetik, eredu sozioekonomikoak txirotasuna eta bazterketa soziala sortzen ditu; bestetik, txirotasun eta bazterketa sozialaren irauteak sistema bera den bezalakoa izatea bermatzen du.

Ikuspuntu honi jarraiki, garbi geratzen da errenta bermeen sistemak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka egiteko duen ahultasuna. Emate hauek gabezia egoerak arintzen eta apaltzen dituzte baina ez dute lortzen egoera horiek erabat desager daitezen, ez baitituzte bazterketa eragin duten faktoreak desagerrarazten. Honetaz gain, ekonomian esparruan dihardute soilik, beste bazterketak alde batera utzita. Txirotasunaren eta bazterketa sozialaren aurkako politikak bi zentzutan bideratu behar dira.

Lehenik, arazoak aurreikusi eta saihesteko asmoarekin, geure gizartean den etekin banaketari dagozkion desberdintasunak aldatu behar dira, eta ondorioz lan prekarietatea eten eta ordaindutako lanaz harago dauden jarduerak onartu eta ezagutu beharko ditugu. Bazterturiko edo horren arriskupean diren herritar askok lan egiten du, baina euren lana ez dago ordaindua, edo ez du egonkortasunik edo ez dago onartua. Era berean, biztanleariaren zahartzea, migrazio prozesuak, sare sozial eta familiarren ahultzea edo lan ibilbideen jarraikortasun eza moduko fenomeno berrietara moldatu beharko dira babes sozialeko sistemak. 2008ko hasieran, Foessa, Caritas eta OCDEren txostenek Espainian %20tik gorako pobrezia kopuruak jaso zituzten, hau da, 8 bat milioi txiro, EBko kopururik altuenetarikoa. OCDEren azken datuen arabera, ehunekoa %30era iritsia omen da, 13 milioi inguru, OCDEko herrialdeen antzekoa. Espainiako Bankuaren esanetan, 2002an, sendi txiroenen %20k urteko 8.700 euro jaso zuten, halaber, aberatsenen %10ek 85.100 jaso zuten. Bada, 2005ean, txiroenen %20k 6.900 euro jaso zuten bitartean, aberatsenen %10ek 85.500 euro jaso zuten. Beraz, desberdintasun soziala, behera beharrean gora ari da.

Bigarrenik, bazterketa sozialak dituen izaera ugariei zor, ikuspuntu barneratzaile baten baitan egin behar zaio aurre.    Pertsonei ekonomia baliabide nahikoak eskaini behar zaizkie, eta halaber, euren integrazio soziala bultzatu.Hezkuntza, lana, kultura, harremanak eta etxebizitza bezalako arloei ekin behar zaie, bi irizpide nagusi buruan: ekimenek norbanakoari moldatuak izan behar dutela eta jarraipen eta laguntza mekanismoak izan behar dituztela lagun. Birgizarteratze eskubidea benetakoa izan dadin, prestazioen eta gizarteratze ekimenen arteko erakundeen zubia izan behar da, baina ez lagundua mugatzeko edo estu hartzeko asmoz, baizik eta hainbat proiektu abian jarri ahal ditzan bermatzeko.

Pentsioak

Azken urteotan pentsio sistemaren saihesezinezko hondamendiaren inguruko matraka jaso dugu, lan bizitza 65 urtetik harago luzatuz bakarrik ekidin ahal izango omen dena. Kapitalak egin duen moduan, langileen interesen aldetik ere balizko hondo jotze honi alternatiba eskaini behar zaio. Honetarako eztabaida egungo lan-sari sistemara eta enpresek kotizazioak igotzeko beharrera ekarri behar dugu, hala lan-ezako epeei (lan ezintasun epeak, ezintasun iraunkorra, jubilazioa, ama edo aitatasuna,…) aurre egin ahal izateko.

Jubilazio saria azken 15 urteetako errentaren arabera egiten da egun. Zabaltzeak ala laburtzeak (hots, urte kopuruarekin jokatzeak) ez dio erretiratuari aparteko onurarik ekarriko, izan ere lan prekarietatea goraka ari da eta azken urteetako egoera (direla 5, 15 edo 20) lehenetako bezain eskasa izan daiteke. Euren kokapen kronologikoa alde batera utzita, kontuan hartzeko epea lan bizitzako urte onenek osa dezaten aldarrikatzean dago gakoa.

Gaur egun KPIren (IPC gazteleraz) arabera burutzen dira pentsioen birikuskatzeak, eta honen joera adostutako hainbat hitzarmenena baino beheragokoa da. Jubilatze baldintzak onak izanda ere, faktore honek adin altuenen kaltetan doan desberdintasun sozial etengabeko bati ematen dio bide, pentsioak soldatetatik urruntzen doaz eta. Hau dela eta, soldaten batez bestekoaren araberako pentsio birikuskatzea eskatu behar dugu.

Urte batzuetatik hona pentsio fondo pribatuak sustatzeko politika eta ekintzak jarri dira abian, (izaera “herritarreko” “aurrezte kulturaren” sustapenaren bitartez) pentsio sistema publikoaren alternatiba gisan eskainita. Sistema honen aurre kapitalizazio sistema publikoak lehenetsi behar dira. Langileriarentzat, pentsioen izaera publikoaren aldeko borrokak garrantzia estrategikoa du:

  • Dudarik gabe sistema pribatuak baino integratzaileagoa da, gizarte ongizate handiagoa ekartzen du; irizpide birbanatzaileak baimentzen baititu, hala nola, gutxieneko pentsioak bermatzea, zaintze jarduera epeak kotizaturiko epetzat hartzea, emakumeen bizi-itxaropen luzeagoaren erruz pentsioa ez murriztea,…
  • Jarduera espekulatzaileen zerbitzura dauden diru-poltsa kopurua murrizten da, egu pairatzen ditugun desorekak urrituta eta pentsio fondoetan inbertitzen duten langileen (zeintzuek fondoen produktibitate altua nahi duten) eta fondo horien inbertsioa jaso duten enpresen langileen (zeintzuek produktibitate izenean lan baldintzetan presioa jasango duten) arteko interes kontraesana saihestuz.

Kotizazio eta pentsioetan gehieneko puntuak egoteak neurri berdinzalea dirudi lehen begiraldian, baina praktikan errenta altuak pentsio fondo pribatuetara bideratzen ditu. Beraz, kotizazio topeen igotzea jubilazioaren alternatiba pribatua urritzeko neurria izan daiteke.

Arreta berezia zor zaio lan taldearen gaztetze politiken ondorioz jubilaziora iritsi gabe lan merkatutik egotzitako pertsonen egoerari. Honek irizpide mugatzaileengatik pentsioak murrizten ditu, eta jubilazio adina luzatuz gero fenomeno hau areagotu egingo litzateke. Enpresa txiki eta ertainetan lan egiten dutenentzat jubilaziorako tartea 52 urtetik gorakoen lan gabezia diru-sariak betetzen du, oso kopuru urrikoa eta etorkizuneko jubilazioa baldintzatuko duten kotizazio baxuei lotua (enpresa handien kasuan kargu osagarriei eta kotizazioen hobekuntzari lotuak izan ohi dira). Hau eragozteko, hasierako aldarrikapena izan daiteke diru kalterik gabeko 60 urtetan jubilatzea, osasunerako arriskutsuagoak diren lan postuetarako baxuagoa eskatuta. Ez dugu baina, erretiro aurreratuen amua irentsi behar, zeinari atxiki ohi diren osasun edo neke arazodun langile ugari. Gainera, 52 urte gorakoen sariaren ordez lan gabezia prestazio arrunta ezarri behar da, erretirora artekoa, enpresen poltsikoko kotizazioak mantenduta.

Nagusien belaunaldien alarguntasun pentsioak emakumezkoek bizitzaren birsortzean izan duten rol historikoaren onarpenaren baitan aztertu behar dira, ondorioz, euren ezkonkideen pentsioa zor zaie.

X