Ordezkaritza demokrazia

Ordezkatuaren eta ordezkariaren arteko harreman estuago baten alde egin da, lehenari indar handiago emanez bigarrenarekiko.

  • Alderdi Legearen erabateko eraldaketaizugarrizko bidegabekeria demokratikoa da eta.
  • Egungo ordezkaritza sistema (D´hont legea, oinarrizko barrutiak,…) aztertu eta egokituko duen Hauteskunde Lege berria, herri babesa eta ordezkarien arteko koherentzia bermatuko duena.
  • Lurralde Historikoen Legea bertan behera uztea, ordezkaritza biztanle kopuruaren arabera oreka dadin.
  • Ordezkarien aukeraketa gisarako zerrenda irekien aldeko apustu garbia.
  • Ordezkariak postutik baztertzeko aukera jarduera osoan zehar.

Parte hartze demokrazia

Erabakiak hartzean, demokrazia zuzenaren osagarri behar du izan, ahal den neurrian, herritarrek politika publikoen osaketan parte hartzeko aukerak. Beti parte hartzea maila zabalean emateak duen zailtasuna dela eta, erabakiak zuzenean hartzea aldarrikatzen duen kultura demokratikoa lehenetsi da; baina badira proposatzea merezi duten parte hartze demokrazia neurriak.

  • Kontseilu eta Batzordeen sustapena, parte hartu nahi dutenei irekiak.
  • Udal, eskualde eta lurralde historiko mailako batzarren sustapena, esparru bakoitzean politika eta neurri ezberdinak aztertu, eztabaidatu eta haien gaineko proposamenak egin ahal daitezen.
  • Legegintzako Herri Ekimen Legeberria, herritarrek araudien osaketa eta onartze prozesuetan parte hartzea baimendu eta bultzatuko duena.

Demokrazia Zuzena

Erabakiak ordezkatze eta zeharkako prozesurik gabe hartzeko subjektu burujabea herritargoadela defendatzen du demokrazia zuzenak. Ildo honetan proposamen hauexek garatu ditugu:

  • Herritarren erabaki eskumenak ahalik eta gehien zabaltzea. Ahal den neurrian, herritarrek erabakiak hartu ahal izatea ahalbideratu behar da, ordezkarien lana mehetuz. Azken hauen lana operatibitate gaiei eta taldeka sorturiko estrategia politikei mugatuko beharko litzaieke, erabakia bera esparru bakoitzeko subjektu burujabean utzita.
  • Zalantzarik gabeko muga, zer aukera daitekeen eta zer ez bereizten duena, giza eskubideen nazioarteko arloak zehazten du. Eskubideak ezin dira zalantzan jarri eta euren gainean ez da erabakirik hartzen ahal. Zehazteke geratzen da, halere, zer den eskubide eta zer ez (batez ere bigarren eta hirugarren belaunaldiena) eta euren izaera dinamikoa.
  • Aurreko bi ideiak Demokrazia zuzen Lege edo Erreferendum eta Kontsulta Lege batek zehaztu beharko lituzke, honetan agertuko litzateke zein eskumen diren herritargoaren erabakitze esparruaren arlo hutsekoak eta zeintzuk diren esparru bakoitzeko subjektu zehatzak (nazio, lurralde historiko, eskualde, …). Legeak subjektu horiei egituratzeko eta informazioa eskuratzeko ahalmena bermatu beharko die.
  •  Egitura eta legeak ez dira asebetegarriak ez bada benetako kultura demokratikorik sustatzen. Honetarako informazioaren eskuragarritasuna, eztabaidarako eta erabakitzeko egitura egonkorrak, parte hartzeko denbora eta baliabideak, formakuntza orokorra, behar dira.

Erroko demokrazia kontzeptua

Alternatibak erroko demokrazian oinarrituriko gizartea aldarrikatzen du, honako irizpideen arabera ulertzen duguna:

  • Parte hartzea boterearen oinarrian: boterea biztanleriaren esku hartze aktibo eta burujabearen bitartez eraman behar da aurrera erabaki esparru bakoitzean, herritarrek parte hartze hori bermatuko dien bide, egitura, informazio eta gizarte eredua behar dituzte. Parte hartze hau ezin da mugatu esparru politikora, beste ekonomia, gizarte edo kultura dinamiketara ere zabaldu behar da. Helburua da, ezaugarri estrategikoenetan bederen, gehiengoek zuzentzea euren eredu eta gizartea.
  • Ez dago eredu bakarrik edozein testuinguru edo kulturatan bere horretan errepikatu behar denik. Aitzitik, demokrazia kontzeptu ezberdinak elkarbizitzan izan daitezke komuneko eskubideen eta irizpideen zerupean. Beraz, erabateko demokrazia eta ordezkaritza zuzen adibideak – Boliviako Alto hirian edo zapatisten Juntas de Buen Gobierno direlakoak adibidez- ordezkaritzari garrantzi handiagoa eskaintzen dioten batzuk bezain baliagarriak izan daitezke.
  • Kalitatezko parte hartzea eskuragarria izatea denei bermatzeko subjektu bakoitzari egokituriko estrategiak garatu behar dugu. Hala, Gako nagusiak agirian adierazi dugun legez, subjektu bakoitzak mendekotasun sistema ezberdinak –kapitalismoa, patriarkatua, …-jasaten ditu eta benetan aukera berdintasuna bermatuko duten prozesu, egitura eta politikak ezarri beharko dira. Emakumeen kasua nahiko adierazkorra da, izan ere, bazterketa eta prekarietate ekonomiko handiena jasateaz gain, erabaki guneetatik oso urrun daude; logika maskulinoaren araberako ohitura, kultura eta egituren ondorioz. Funtsezko neurriok kontuan hartu behar dira errealitatea errotik aldatzeko.

Irizpide hauetatik abiatuta, honako ezaugarriez osaturiko erroko demokrazia kontzeptua aldarrikatzen dugu:

  • Demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia eta ordezkaritza demokrazia uztartzea. Gizartearentzat estrategikoak diren erabakiak herritarrek hartzea bermatzen du, bai tokian tokikoan zein estatu edo nazioarte esparruetan; era berean, politika publikoetan herritarrek parte hartu ahal izateko egiturak definitu dira; azkenik, ordezkari politiko eredu berria zehaztu da, kargutik kendua izateko aukerapean eta txandakatze sistema batean politikarien profesionalizazioa saihestuko duena.
  • Demokrazia parte hartzeko egiturak sortzetik urrunago doa; kalitatezkoa izango bada, herritarrei informazioa lortzeko aukera berdin, garden eta objektiboa eman behar die.
  • Erroko demokraziak erabat ezberdin den gizarte eredua behar du, gizarte berdinzaleetan soilik eman baitaiteke kalitatezko esku hartzea. Gainera, eredu ekonomikoak arlo publikoan parte hartu ahal izateko denbora eta baliabideak bermatu behar dizkio herritarrari, eta parte hartzea bera funtsezko balio delako kultura hedatu egin behar da.

Erroko Demokraziaren Mahaiaren proposamenak 3 ezaugarrion arabera antolatu ditugu, 5 puntutan sailkatu ditugu beraz: demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia, ordezkaritza demokrazia, informazioaren eskuragarritasun ekitatiboa eta tokian tokiko estrategia.

Azken puntu honetara enfokatu da lana, demokratizaziorako prozesu estrategikoan funtsezko ikusten baita, behetik abiatutako ezker alternatiba bat osatzeko asmoan.

Estatuaren laikotasuna

Estatu laikoa erakunde edo sinismen erlijiosoren eraginik edo esku-sartzerik jasaten ez duena da, hau da, eliza boterearekiko erakunde publikoen independentzia bermatzen duena, erlijioa pertsonen eremu pribatura, pertsonal eta taldekakoa, mugatuz.

Laikotasunak sinismen ezberdinen arteko elkarbizitza hobea bermatzen du, sinistedunen interesei gizarte zibil osoaren interesa lehenesten baitie. Estatu laikoak giza eskubideekiko begirunea du helburu nagusitzat, beraz, feminismoa eta laizismoa hertsiki loturik daude, biek defendatzen dituzte-eta giza eskubideak eta emakumeen askatasuna.

Erlijio guztiek, bereziki monoteistek, emakumeek izan eta egin behar dutena arautu izan dute. Eliza Katolikoak, hain justu, emakumeei euren bizitza eta gorputzen gaineko erabakitze-eskubidea zein euren sexu askatasuna ukatzen die.

Azken urteetan Eliza Katolikoa bizi politikoan gero eta maizago ari da esku hartzen, bere arlotik kanpo dauden gaiei buruz iritziak ematen. Pertsona bakoitzak izateko (ala ez izateko) eskubidea duen sinismenak gizarte osoari denona ez den erlijio moral bat inposatzearekin nahasten da.

Gainera, Eliza Katolikoak historikoki hainbat lehentasun edo pribilegio gozatu izan ditu, 1979an espainiar estatuak eta Vatikanoak sinaturiko itunaren bitartez, zeina Konstituzioa indarrean sartu eta oso gutxira sinatu zen, erlijio katolikoa “beste funtsezko gaien ezaugarri berberetan” ikasteko hautazkotzat eskaini zen. Berriki, espainiar gobernuak Elizarekin adostu du errenta aitorpenean eginiko hamarrena %0,5etik %0,7ra igotzea. Ezin da ahaztu, gainera, hezkuntza katoliko pribatua, hezkuntza publikoko erlijio irakasleen soldata, apaizen soldata eta gizarte segurantza kostua eta zerga salbuespen bitartez lortzen duena. Hau guztia 1979an Vatikanoak eta gobernu espainiarrak sinaturiko itunarekin berarekin dago kontraesanean, bertan “Eliza Katolikoak bere kabuz bere behar-izanak asebetetzeko helburua hartzen du bere gain” esaten zen.

Beraz, eraikitzen ari garen erakunde politiko berritik honakoak exijitzen ditugu:

  • 1979ko espainiar estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak bertan behera uztea, akordiook 1953ko Konkordatu frankistaren oinordeko baitira eta erlijio katoliko semiofizial egiten baitute.
  • Inolako elizarik ez finantzatzea diru publikoarekin.
  • Hezkuntza publikotik erlijioak ateratzea, eskola laikoa sustatuz giza eskubideen eta askatasunen defentsa tresna ez sexista moduan.
  • Eraikin edo ekitaldi publikoetatik erlijio sinboloak baztertzea.

Laburtuz, benetako estatu eta elizen arteko banaketa proposatzen dugu, arlo politiko eta zibila erlijiotik bereiziko dituena, non pertsonen eskubide eta betebehar berdintasuna onartuko den, denen askatasuna bermatuta. Laikotasuna da, izan ere, gizarte plural batean ideia eta sinismen ezberdinak dituzten pertsonen elkarbizitza berma dezakeen esparru bakarra.

 

 

 

 

 

Emakumeen aurkako bortxa

Ardatz hau proposamenaren hasiera-hasieratik da agerian. Sistema patriarkala eta kapitalistak emakumeen aurkako hainbat bortxa forma sortzen dituztela esana dugu dagoeneko. Darabilgun bortxakeria kontzeptua emakumeek euren autonomia eta jabekuntza garatu behar duten arloekin lotzen dugu. Bortxakeria ulertzeko kontzeptu zabala da: kolpe, bortxaketa eta erailketaz gain gauza gehiago aztertu nahi ditugu.

Bikotekide edo bikotekide ohiek buruturiko emakumeen aurkako tratu txarrak edo indarkeria espainiar estatuan urtero bataz beste 60 emakume hiltzen dituen indarkeria mota da. Indarkeria mota hau, bere ezaugarriak direla eta (gertuko batek burutua izana, orokorrean denboran luze jotzea eta jasaten duenaren autoestima urratzen duten hainbat faktore) odoltsu eta ankerrenetakotzat jo daiteke. Errealitate hau salatu eta estatuari erabat desagerrarazteko neurri guztiak hartzeko eskatu behar diogu. Gizarteari eta geure buruei eurei ere emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean inolako tolerantziarik ez izatea eskatu behar diegu.

Hau esanda, indarkeria mota hau emakumeen aurkako bortxaren izebergaren punta besterik ez delakoan gaude. Geure iritziz, emakumeen aurkako bortxak agertzeko modu ugari ditu eta ezin dugu emakume kopuru “txiki” bati eragiten dion zatiari soilik mugatu. Emakume kopuruaren zati batek tratu txarrak jasaten ditu baina denek jasaten dugu bortxakeria geure bizitzako hainbat unetan: bortxakeria ekonomikoa (ezaugarri kaskar eta behin behinekoetan lan-munduratzea), sexu bortxakeria (sexu eraso eta bortxaketetatik hasita laneko sexu-jazparpenera), bortxakeria psikologikoa, bortxakeria sozio-kulturala (emakumezkoaren gorputzaren merkantilizazioa iragarkietan, komunikabideetan emakumeak gauza hutsa bihurtzea),…Beraz, indar politiko berri honen emakume feministen zein geure borrokan bidelagun izan nahi diren gizonen helburua da bazterkeria eta bortxakeria adierazpen oro desagerraraztea eta emakumeen aurkako bortxarik gabeko sistema berdinzaleen eraikuntzan borroka egitea.

Lan zaila da eta geure ahalegin guztiak beharko dituen epe luzeko prozesua izanik arlo ugari izango ditugu borrokatzeko: lege neurriak hobetu, indarkeria jasandako emakumeentzako kalitatezko arreta osoa, kohezkuntza ereduak, komunikabideek emakumeen aurkako bortxakeria kultural eta sinbolikoan duten garrantziaz jabearaztea,…. Borrokarako eta lanerako esparru ugari, non geure erakundeak kokatu eta ekintzara jo beharko duen.

Muinera itzulita, emakume feministek 2008ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoari (genero indarkeriaren aurkako babes legeari) eta bere martxan jartzeari eginiko kritikak azaldu nahi ditugu. Puntu hauetan hobetu beharko litzateke geure ustez:

  • Espainiar estatuko edozein tokitan bizi diren, landa eremuetan bizita ere edo egoera administratibo arautu gabean egonda ere, eta indarkeria jasaten duten emakume guztiei arreta eta babesa eskaintzeko giza baliabide edo baliabide materialak bermatzea.
  • Polizia, justizia, laguntza eta osasun arloetako profesionalei dagokien heziketa ematea, bortxakeria bere osotasunean ulertu eta aurre egin ahal diezaioten.
  • Genero indarkeriaren aurre zaintzea lantzea.
  • Gaiarekin harremanduriko gizarte zein publiko mailako erakundeen elkarlana sustatzea.
  • Justizia prozedurak bizkortzea, epaitegien espezializatzea ematea eta kasu hauen ardura duten epaileak sensibilizatzea.
  • Zigor motak eta erasotzaileek zigorra betetzeko mailak baloratzea.

Sexu eta ugalketa eskubideak

Geure ustez lehentasunezko gaia da sortu nahi dugun erakundeak sexu eta ugalketa eskubideen onartzearen eta abian jartzearen alde egin dezala. Eskubideok funtsezko giza eskubide unibertsalak dira. Estatuari dagokio beraz eskubideon erabateko gozatzea bermatzeko ardura.

Sexu eta ugalketa eskubideek, besteak beste, seme eta alaba kopuruaren inguruko mehatxurik gabe erabakiak hartu ahal izateko gizakien eskubideari; eta informazioaren, hezkuntzaren eta hori lortzeko baliabideen eskuragarritasunari egiten diete erreferentzia. Beijingeko Emakumeen Mundu Batzarrean (1975) gaiak aurrera egin zuen eta emakumeek sexu inguruko gaietan dituzten eskubideak finkatu ziren.  Adibidez, emakumeek bazterketa, mehatxu eta indarkeriarik gabeko baldintzetan euren sexualitatea erabiltzeko eskubidea dutela onartu zen.

Sexu eta ugalketa karta honetako eduki eta proposamenetan sakonki sartu gabe, emakumeen ugaltze osasun eta seme/alaba kopurua gainditzen dituzten gaiak direla aipatu nahi dugu. Hautaketa sexual askatasuna eta kalitatezko sexu hezkuntzaren ezinbestekotasuna bezalako gaiak azaltzen dira, geure iritziz oso garrantzitsuak direnak eta ezkerreko erakunde berriak lehentasunezkotzat jo behar dituenak. Beraz, emakumeen erabakitze eskubidea eta doako aborto askea bezalako funtsezko gaiez gain, norberak bere sexualitatea askatasunean garatzeari loturiko aldarrikapenekin bat egiten dugu; ondorioz, aukera sexualak askatasunean hartzearen eta pertsona guztiak, edozein aukera sexuala izanda ere, eskubide berberen jabe izatearen alde gaude.

Zehazkiago, erakunde publikoek Sexu Osasun Estrategia Orokor bat osatu eta zabaltzeko proposamenak egin nahi ditugu:

Osasun sexualari arreta eman:

  • Kalitatezko sexu osasunerako arreta zerbitzuak exijitu behar dira, pertsona guztientzat errazki iristerrazak izango direnak eta pertsona guztien xehetasunei (gazteak, emakume etorkinak,..) egokituak egongo direnak. Edozein emakumek ziurtatuak izango ditu azterketa ginekologiak, aurrezaintzekoak eta aldizkakoak.
  • Baliabide antisorgailu guztien finantzazio bermatu osasun sistema publikoaren baitan.
  • Haurdunaldiaren Borondatezko Etetea (IVE gazteleraz) bermatzea hala nahi duten emakume guztiei. Emakumeek euren gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubidea funtsezkoa da. Abortatzeko erabakia emakumearen barne etikaren barruko erabakitzat hartu behar da. Horretarako:
  • Abortoa lege berezi baten arabera arautu behar da eta emakumeen borondatearen aurka edo zuhurtzia-eza dela eta gertatuz gero Kode Penalean azalduko den delitua behar du izan.
  • Abortoa osasun sistema publikoaren baitan burutu behar da. Horretarako osasun langileen kontzientzia eragozpena arautu beharko da, osasun agintariak izanik zerbitzua jaso ahal izatearen arduradun.
  • 16 urtetik aurrerakoei erabaki autonomia onartu behar zaie, gurasoen baimenaren mende egon barik.

Hezkuntza sexualari arreta eman:

Geure ustez kalitatezko sexu hezkuntza aldarrikatu beharrean gaude, aurreko puntua osatuko bada. Erakunde publikoek, beraz, honakoak egin beharko lituzkete:

  • Maitasun-sexu hezkuntza sustatu lehen eta bigarren hezkuntzako kurrikuluetan; pertsonei euren gorputzen gaineko eskubidea, ugaltzetik harago doan sexualitatea izateko eskubidea eta sexua aukera ezberdinetan gozatzeko eskubidea onartuz.
  • Emakumezko zein gizonezkoak zaintzearen, anti-sortze prozesuaren eta sentimendu harremanak mantentzearen arduradun direla sustatuko duten hezkuntza jarduerak sustatu.

Osasun langileen hezkuntzari genero ikuspegia barneratu:

Hezkuntza langileekin, aurreko gaiekin oso loturik egonik, eta lan zehatza behar duten lantaldea izanik, neurri hauen araberako lana proposatzen dugu:

  • Medikuntza, erizaintza eta giza-osasun saileko beste lanbide batzuen heziketan abortoa sartu behar da, kirurgia zein osasun praktikak barne.
  • Sexu osasunean espezializaturiko langileak genero ikuspegitik hezi behar dira, euren aurreiritziez jabetu eta jakitun izan daitezen; hala, pertsona guztiei, edozein aukerako gizonezko zein emakumezko, kalitatezko arreta eman ahal izan diezaieten.

Ekonomia eta lana

Indar politiko berriaren egitaraurako funtsezko elementuak garatu direlakoan gaude. Nahitaez hasi behar dugu emakumeek lan munduan pairatzen duten berdintasun-eza egoeraz mintzatzen; izan ere geure lan-munduratzeak prekarietate altua izan du ezaugarri nagusi, bazterketa bertikal eta horizontal handiari loturik. Emakumeak ardura, lan-sari eta igotze aukera gutxieneko eta ez-egonkortasun handieneko lan-postuetan pilatu ohi gara, ohituraz emakumezkoentzako izan diren sektoreetan (sozialari, zaintzari, zebitzuei,…lotuak eta langabezia tasa eta aldizkako kontratazio handiagoak izaten dituztenak).

Geure lan-munduratzea, beraz, gizonezkoekiko berdintasun-eza baldintzetan izan ohi da beti. Egungo egoerarekin loturik, etengabeko krisi egoeran izan garela esan liteke. Ez dugu sakonegi aztertu emakumeen lan-munduratzea ezaugarri hauen araberakoa den; baina planteatu beharrean gaude sexu-genero bazterketak azaltzen duela neurri handian fenomeno hau.

Zainketaren ekonomia ereduaren alde egin dugu, lehenbizikoz ekoizpen eta ugalketa arloak biraztertuz, ohituraz gizon langile/emakume zaintzaileari lotu izan zaizkion arlo bi. Familia ardurarik gabeko gizon langilearen ereduak ezin du lan merkatuaren erreferentzia nagusia izan; ezta zainketari mugatzen zaion emakumea ugaltze arloan ere. Honetaz gain, emakumeek egin izan duten ordaindu gabeko lan osoa kontuan hartu eta estatistika ofizialetan tokia eman behar diogu.

Elkarbanaturiko arduren alde gaude: zaindua izateko eskubidea pertsona orori dagokio eta emakumezko zein gizonezko guztien ardura, estatuak hala bermatu behar du. Zainketen hedatze orokorra nahitaezkotzat dugu, pertsona guztiek eskuragarri izan ditzaten, diru-sarrera, jatorri eta antzeko edozein faktoreren mendean egon gabe. Estatua gogor hartu behar da hau bermatzeko beharrezko baliabideak sor ditzan, batez ere bizi dugun krisi garai honetan.

Mendekotasunaren arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa exijitu behar dugu, zentzu honetan hainbat talde feministak indarrean den Mendekotasun Legeari eginiko kritikekin bat gatoz, ez baita gai behar-izanei erantzuteko eta emakumeak zaintze lanetara “behartuak egotea” gainditzeko ikuspegi feminista baten gabezia nabarmena baitu bere aurre planteamenduetan.

Zainketari lotzen zaizkion pertsonei, bereziki emakumezkoak, arreta berezia jarri behar zaie; antzera jokatu behar da etxeko langile eta emakume etorkinekin.

Funtsezkoa da, gure iritziz, ikastetxeetan eredu koedukatiboak ezartzea, zeintzuetan mutil eta nesken autonomia sustatuko den zaintza eta autozaintzaren gaineko ezagutza garatzen joan daitezen, gai honek emakumezkoena soilik izateari utz diezaion.

Boterea eta partehartzea

Ardatz honetan lehen aipaturiko boterearen eta parte hartzearen gaia hartu dugu. Egungo sistema demokratikoak bozka ematera mugatzen dute gure eskubidea, eta herritarren beste parte hartze ororako aukerak ezabatzen ditu, emakumeenak batez ere. Hori dela eta, parte hartze maila   eta horren inguruko egiturak genero ikuspuntutik berraztertu behar dira.

Era berean, norberarena politikoa delako esamolde feminista aldarrikatu nahi dugu bi arrazoi direla eta: ohiko publikoa eta pribatuaren arteko haustura markatzen duelako eta politika egunerokotasunean jartzen duelako. Egunerokotasunaren ideia honek albo batean geratu diren egitarau politikoak berreskuratzeko parada ematen du, emakumeen gaiak kasu. Honetaz gain, egunerokotasunetik egindako so hau, norberaren esperientziatik abiatzen dena, proposamen feministak herritarrari gerturatu nahiz dion elementu bat da. Ez dira gai globalak alde batera utzi behar; baizik eta asmoa da, auto-eratze prozesuei jarraiki, norberaren gertuenekotik ekin behar diogula hauek eratzeari, gure errealitatearen eta kontzientziaren jabetzetik, tokian tokikoari erreparatuz modu orokorragoan antolatu eta borroka egin ahal izateko. Tokian tokikoa eta gertuenekoa eragin gunetzat hartzea indar politiko berri honen ezaugarriei lotzen zaie.

Emakumeen parte hartzea sustatu eta zaindu behar dugu, autonomia politikoaren borrokan euren auto-eratzea bultzatuz; baina era berean emakumeek berdintasunean parte hartu ahal izan dezaten forma eta eredu berriak garatu.

Parte hartze demokraziaren irizpideen arabera herritarrek, emakumeek bereziki, geure etorkizunaren gainean erabaki ahal izatea bilatu behar dugu, eta parte hartzea ez dadila sinbolikoa izan baizik eta horretarako baliabideez eta boterearen jabetzaz horniturik egon dadila. Defendaturiko parte hartzeak beti ekarri behar ditu loturik erabaki ahalmena eta dagozkion baliabideak.

Esandakoa dela eta, tokian tokiko esparruan bultzatzen ari diren prozesuetan parte hartu beharko dugu (Berdintasun Kontseilua, Parte Hartze Kontseiluak, Aurrekontu parte hartzaileak,…) erabakiak talde mailan hartzea eta herritargoak boterea baliatzea bermatzen duten tresnak baitira. Egiturok feministok aztertu beharko ditugu emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzeko.

Benetan parte hartzaileak izan daitezen ondorengo gutxieneko ezaugarriak bete behar direlakoan gaude:

  • Informazioa ulergarria izan eta herritarrentzat eskura egotea.
  • Eztabaida sustatu dadila hartu beharreko erabakien inguruan, hausnarketa ezberdinekin herritar kritikoak indartzeko.
  • Parte har dezaketen pertsonei tresnak horni dakizkiela, parte hartzen ikasteko eta kalitatezko lana egiteko.
  • Emakumeen parte hartzea bermatzeko bideak egon daitezela.
  • Sexua ez ezik berdintasun-eza sortzen duten beste ezaugarriak kontuan hartzea: adina, jatorria, klase soziala,…

Geure apustu nagusia parte hartze demokrazia izanda ere, gai batzuk ordezkaritza demokrazia bitartez erabaki beharko direla uste dugu. Egungo alderdi sistemak emakumeen parte hartzea mugatzen duenez, erabaki guneetan emakumeak egotea bermatuko duten bideak ezarri behar dira.

Geure erakunde politikoak parekotasunaren alde egin behar duela uste dugu. Kremailera zerrenden (emakume/gizon txandakatzea) alde egin behar dugu. Ildo honetan, zerrendaburuen artean ere txandakatze sistemaren bat ezarri beharko litzateke, postua gizon eta emakume baten artean aldatzeko. Hautes zerrendetan gutxieneko emakume kopuru baten alde egin dugu, ez gehienezko kopuruaren alde, alderdi feministek euren zerrendak osotasunean emakumez bete ahal izateko. Parekotasuna eta proposaturiko gaiok eraikitzen ari garen erakunde berrirako ez ezik beste alderdi guztietara hedatzeko modukoak direla uste dugu. Legeak egin beharrekoak proposatu ez ezik proposamen hauek ez betetzea zigortu beharko luke.

Geure iritziz, halako neurriak legez derrigortzeak ez du berez besterik gabe emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzen gai publikoetan, baina baztertua eta ukatua izan zaien errealitate batera iristeko aukera errazten die.

Honetaz gain, feminista izanik, ordezkari politikoen kontu emate sistema ezarri beharko litzatekeela uste dugu. Programaren betetze maila eta emakume eta gizonen arteko berdintasun gai horien asebetetzea baloratzeko sistema ezarri behar dugu. Geure ordezkarien gaineko kontrol lana aurrera eraman beharko dugu.

Parte hartze demokraziaren alde egin badugu ere, gure eskubideen defentsari lotuak dauden gai batzuk azaldu nahi ditugu, eztabaidarik gabe geure proposamenera pasa beharko luketenak:

  • Berdintasuna eta parte hartzea subjektu politiko berriaren osaketaren funtsezko oinarri.
  • Emakumezko zein gizonezkoentzako erabateko herritartasunaren aldeko lana
  • Giza Eskubideen berrikuspena feminismoaren ikuspegitik, emakumeek hauek lortzeko duten berdintasun-eza aitortzeko honakoak proposatuz: betetzen ez direnean salatzea eta biltzen dituen eskubideak zabaltzea; sexu edo ugalketa eskubideak, kasu,  sartuta.
  • Harreman mota hauek gizarterako proposamenak zipriztintzeaz gain, geure erakundearen antolaketan gauzatu behar dira batez ere. Ezkerreko alderdien ohiko kultura politikoa eraldatu egin behar dugu zerbait berria lortzeko, emakumeen berdintasuna bermatuko duena. Erakundeko emakumezko zein gizonezko kideen arteko harremana aldatu beharrean gaude.

Ildo honetan erakunde egiturarako proposamen batzuk egin ditugu, aipaturikoa bermatuko dutelakoan. Proposamenok lau oinarrizko esparrutan daude, denak ere botere kontzeptu berri bati begira: erabaki hartzea, taldekako sortzea, informazioaren eskuragarritasuna, kultura demokratikoa.

Erabaki hartze sistemari lotua:

  • Geure iritziz parekotasuna irizpidetzat hartu behar dugu, ordezkaritza guneetan hala bermatu behar da. Ezin bada, gizonezko kopurua jaistea edo txandakatze sistemak ezartzea proposatzen da. Erakundeko beste guneetan kuota sistema ezar liteke.
  • Militantearen figura argi zehaztu eta mugatu behar da, parte hartze maila izanda irizpide.
  • Estrategikotzat jo dugu erabaki hartzea eta espazioen kudeaketa modu parte hartzailean egitea bermatuko duten metodologien ezagutza eta erabilpenean sakontzea.

Taldekako sortzeari lotua:

  • Mahai feminista (mistoa, gizonezko eta emakumezkoez osatua) izatea nahitaezkotzat jo dugu.
  • Mahai hau osagarria izango zaio beste mahai edo guneekiko zeharkako eragin feministari. Bideak eta tresnak (iragazki galderak, aldebiko bilerak,..) zehaztu beharko dira proposamen eta lan feministaren sektorializazioa saihesteko.
  • Gainontzeko mahia eta guneetan emakumeak izango direla bermatuko duten neurri zehatzak ezarri behar dira.

Informazioaren eskuragarritasunari lotua:

  • Funtzionamendu protokoloak ezartzea funtsezkoa da; hauetan bilera,  gai-zerrenda, akta,…prozedurak adieraziko dira.
  • Informazio iturri eta bideak zeintzuk izango diren zehaztu behar da.
  • Barne komunikazio gunea ezarri behar da, erakundeko informazioaren hedapenaren arduradunen esku. Arlo honetan emakumeek presentzia nagusia izan beharko lukete.

Kultura demokratikoari dagokionean:

  • Emakumeen jabekuntzarako lan-tresna eta gune moduan funtzionatuko duen Emakumeen Egitura Autonomo baten alde egiten dugu.
  • Egitura honek besteak beste ardura hauek izango lituzke: emakumezkoei bereziki zuzenduriko hezkuntza, emakumezko militanteen behar-izanei egokituriko gaitasunen garapena, erakundeko zein ordezkaritza postuetarako emakumeen laguntza…
  • Alderdien ohiko kooptazio/indukzio sistema eraldatu behar dugu, emakumeak baztertzen ez dituzten bideak aukeratuta.
  • Parekotasunak helburu eta estrategia izan behar du.
  • Erakunde berriak ardura elkarbanatuaren helburu nagusirantz egin behar du lan. Ohikoaz aldenduko den denbora tarteen kudeaketa berezia egin behar da, bilera kopuruari, euren ordu eta lekuei,…arreta jarriz.
  • Berriz ere, parte hartze metodologiak ezagutu eta erabiltzeko beharra azaldu zaigu, erakunde barruko prozesu parte hartzaileak eta lan molde berriak ezarriko baditugu.

Xehetasun nagusiak

Feminismo mahaia, lan hil hauetan zehar, taldekako sortze prozesu honetan ezarritako helburuei erantzun ematen saiatu gara: egitarau politikoaren eta antolatze egitarauaren oinarriak zehaztea. Gure ahalegina, batez ere, bi arlo hauek geure politika feministaren baitan txertatzea izan da.

Bere burua ezkertiartzat duen edozein indar politikok ezin ditu hainbat feminismotatik mahai gainean jartzen eta aldarrikatzen ari diren proposamen politikoak alde batera utzi. Gaiok ezin dute ezkerreko alderdien egitarauetan epigrafe soila izan, ezta alderdietako emakumeen gaia soilik izan ere, baizik eta proiektuari eusten dioten berezko oinarri ideologikoetan zein erakundearen arlo guztietan egon behar dute.

Merezi du argitzea, aipatu moduan, hainbat feminismo mota dagoela eta, zeini egiten diogun erreferentzia. Ez dugu zehazki korronte baten aldeko apustua egin, gure proposamen honetan guztietako osagai interesgarriek elkarbizitzeko aukera dutela uste baitugu; baina geure inguru ideologikoaren oinarrizko osagaiak azaldu beharrean gaude:

  • Geure borroka feminista sistema patriarkalaren aurka ez ezik, sistema kapitalistaren aurka ere badelakoan gaude. Sistema patriarkala, gizarte antolatze sistema legez, gure bizitzako errealitateko guztietan ageri da; eta beraren arabera “maskulinoa”, eta ondorioz gizonezkoak, denaren erdigunean daude. Sistema honek gizonezkoen esperientzia eta bizipenak gizateria osoarentzat eredugarriak direla uste du. Gizaki eredu bat zehaztu du -gizonezkoa, anglosaxoia, adin ertainekoa, heterosexuala, katolikoa, gaixotasun edo gaitasunezarik gabea, arrakastako lanbideduna, …- boterearen goiko ertzean eta eskubide oro duen herritartzat; eredu honetatik urrundu ahala sisteman duen indarra murriztu egiten da. Honetaz gain, herritartasunean eta hau praktikan jartzearen maila ezberdinak ezarri ditu, aipatu irizpideen araberakoak. Laburtuz, patriarkatuak boterearen ezarpen autoritarioa planteatzen du, sektore eta pertsona zehatzen esku. Bereziki emakumeak baztertzen ditu baina boterearen eskuragarritasun eta praktikan ezberdintasun nabariak sortzen dizkie gehiengo askori;hala, gizarte demokratiko eta berdinzalea mugatzen da. Sistema patriarkalaren aurkako borroka, beraz, ezkerreko mugimendu berriak ezin albora edo esperoan utzi dezakeen borroka da.
  • Sistema patriarkala iraunkorra eta etengabea da historian, bere burua eraldatu eta testuinguru eta garai ezberdinetara egokitu izan da; halere sistema kapitalistaren baitan indartu eta garatzeko aukera paregabea aurkitu duela esan beharra dugu. Bi sistemok, ezberdintasun eta mendekotasun iturri diren heinean, elkar elikatu eta laguntzen dute. Geure egitarau feministak ezin dio uko egin sistema kapitalistaren aurkako borroka oinarrizko ardatzetako bat izateari; orobat, bultzatu nahi dugun sozialismoa ez da posible feminista izan ezean.
  • Indar politiko berri honek emakumeek bere burua talde sozialtzat hartu eta beraien gaineko konfiantza garatuko duen prozesua jabekuntzabultzatu beharko du. Sistema patriarkalak zein kapitalistak emakumeen aurkako hainbat indarkeria mota sortu ditu, bizitzako arlo guztietan jabekuntza gaitasuna kenduta. Sistema biek emakumeak hiritartasun osotik aldentzen dituzte. Ezkerreko indar garen heinean, beraz, emakumeen askatze eta garatze prozesu hori bultzatu behar dugu, euren kontzientzien jabetzea sustatuz, gizabanako eta talde moduan, erabaki hartzean eta agintean euren parte hartzea eta eragina indartuz. Jabekuntza prozesuak, banakoaren mailan, emakumeak bere mendekotasunaz jabetzea dakar; maila kolektiboan, jasaten duten mendekotasun sozial eta bazterketaren jabetze komuna egiten dute, eta horren aurka borrokatzeko behar den antolatze mailaz.
  • Emakume izanik, gutxienez lau autonomia esparru dakusagu lortzeko: autonomia fisikoa (geure gorputzaren, sexualitatearen eta emankortasunaren gaineko boterea eta kontrola); ekonomia autonomia (baliabide eta ondasunak eskuratu ahal izan eta kontrolatzea); politika autonomia (oinarrizko eskubide politikoak lortzea eta erabili ahal izatea, erabaki esparru guztietan geure parte hartzea bermatuta); sozio-kultura autonomia (baliabide kulturalen kontrola eta informazioaren eskuragarritasuna, izaera burujabe baterako eskubidea eta berezko balioaren eta auto-estimaren onarpena).
  • Jabekuntza prozesu hau bultzatzeko aldarriak ezkerreko indar politiko berri honen egitarauan honako egitarau ardatzak eman ditu.
  • Honetaz gain, kontzeptu honek erakunde berriaren antolaketan izan behar duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Emakumeek jabekuntzata prozesu propioei ekin behar diegu, emakumeon berdintasun-eza egoerara egokituak. Horregatik, ezkerreko paradigma berriaren erronka da herritargoaren auto-eratze, garatze eta indartze  prozesuak sustatzea.
  • Geure proposamen feministan, bada, botere forma berriak mahaigaineratzen dira. Egungo ereduak ez zaizkigu baliagarriak aipatu prozesuak bultzatzeko. Hainbat egile feministaren planteamenduaren arabera, botere tradizionala 0 orekakoa izan da, hots, pertsona edo talde batek botere arloak lortzeak beste batek galtzea ekarri behar zuen nahitaez. Hala, gehiengo handiak boteretik at geratu izan dira, emakumeak tartean. Guk balioetan metakor den boterearen alde egiten dugu, talde edo pertsona batek duen botereak orokorrean dagoen botere kopurua areagotzen du. Proposamen feministei jarraiki, boterea barrutik hartu nahi dugu, hau da, geure kontzientzia eraldatu eta gure errealitatea berrinterpretatzea; boterea besteekin nahi dugu, beste emakume eta eraldaketarako taldeekin elkarlana nahitaezkoa baita; boterea helburuekin, aldaketaren aldeko elkartasunari deitzeko, berdintasun-eza sortzen duten egiturei aurre egiteko. Botere honi gagozkio jabekuntza prozesuak sortzeaz ari garenean. Ez dugu egungo boterera iritsi nahi, baizik eta eraldatu egin nahi dugu. Sustatu nahi dugun erakundearen helburu nagusietakoa izan behar duelakoan gaude.
  • Feministak izanik, gune elkarbanatu batean esku hartzeko apustua aztertu behar dugu. Emakume feministok geure aldarri eta borroka propioentzako gune berezitua eduki behar dugula uste dugu, eta emakumeen mugimendu autonomoa babesten eta defendatzen dugu. Baina, era berean, oinarrizko deritzogu ezkerreko aliantza berri batean parte hartzeari, eta esparru honetan gure aldarri feministen alde egiteari. Euskal Herrian benetako alderdi feminista eta ezkertiarra egon dadin egiten dugu lan. Egin daitekeelakoan gaude. Ezkerraren baitan mugimendu feministak jasan duen bazterketa albo batera utz daitekeelako itxaropena dugu. Badakigu ez dela erraza, erronka ugari ditugula aurretik, baina apustua egingo dugu. Hala izango bada, gizonezko gure kideen kidetasuna, babesa eta konpromisoa eskatzen ditugu borroka feministen alde egiteko; emakumezko garenon borrokak, eurena ere behar du izan.
X