Udalatxeko Gurutzea desagertu eta gero (Ander Santiago eta Juan Ramon Garai)
Zenbait iritzi irakurri ditugu azken egunetan, herriaren izenean idatzitakoak, oso partzialak direnak eta inoiz kontuan izan gabe ze egoeran bizi ginen 1971ean. Hau da gure iritzia.
Gurutzea jarri zen unea kontestualizatu behar dela uste dogu. Hortaz, noiz jarri zen? Frankismoan; kolpe militarraren Diktadura ezarri eta 32 urteetara. Kolpe militarraren indar faktikoek, orduan esaten zen bezala, La Cruz, la Espada y el Saco, bultzatutako eta finantziatutako diktadura (Elizaren hierarkia, militarrak eta indar errepresiboak, dirudun haundiak eta lurjabeak, hurrenez hurren). Hezkuntza zeinen menpe zegoen? Eliza katolikoaren eta Falangeren esku, jakina: Erlijioa eta Espiritu nazionala. Dena zen bekatu, sexualitatea erreprimituta (besteena, ez eurena), errosario santua egunero, eskutik obatuta elizara igandeetan ikasleak…
Herritar batzuen iniziatibagatik Udalaitzen gurutzea jartzea 1971ean, ez zen ekintza neutroa izan gure ustez; segurutik euren asmoa hori ez izan arren. Hau da, Mondrautar batzuek inori galdetu gabe erabaki zuten 12 metroko gurutzea jartzea herritik bistan, diktadura batean geunden eta laikotasuna debekatuta zegoen garaian. Mondrautar laikoen idea errespetatu zuten orduan? Ezetz esango genuke, inposaketa bat izan zen.
Orain berriz, beste batzuek, une honetan Gurutzea eurentzat botere zapaltzailea delako, Gurutzea moztu egin dute. Eta gauez egin dute, badakitelako egunez eginez gero atxilotuak izango zirela eta, segurutik, kartzela zigorrarekin gainera (agertu dira bai, zigorra eskatzen ari direnak ekintzaileentzat).
Ekintza honekin mindu dituztela gurutzea jarri zutenak eta beste herritar batzuk? Bai. Eta 1971ean ez al zuten inor mindu? Ados egon edo ez ekintzarekin, ekintza politiko baten aurrean gaude. Ekintza honekin ez dute jarri ikur berezirik, 1971ean bezala.
Trantsizio politikoa adostu zutenek onartu zuten kolpe militar faxista bultzatu zuten goian aipatu hiru indar faktiko horiek jarraitzea, inongo erantzukizunik eskatu gabe; eta hor jarraitzen dute santuak balira bezala, kriminalak izan zirenean. Zigorrik eskatzekotan, badago hor nondik hasi.
Diktadorea hil ondoren, Espainiar Estatuak akonfesional deklaratu zuen bere burua; horregatik, debekatuta egon beharko zen udal-lurretan (lur publiko guztietan) edozein ikur erlijiosoa jartzea. Are gehiago, gaur egun gure herria osatzen duen kultura eta erlijio arragoarekin. Fede kontuak ezin dira eremu pribatutik atera, are gutxiago udal agenda politikoa markatu.
Herri laiko bat gara, guztien sinesmenak errespetatu behar ditugu, fededunenak eta laikoenak. Eta, une honetan, bide horretatik joatea uste dogu dela zuzenena.
Udalatxeko Gurutzea berriro jartzeko argudioak, Jaungoikoa eta lege zaharretik hurbilago dauden hemeretzigarren mendeko diskurtsoak dira; edo, bestela, aurkari politikoen kontra egiteko dena baliagarria denaren ideiarekin osatutakoak. Harrigarria.
Alternatibatik, aldarrikapen mesianikoen gainetik, Euskal Errepublika subirano eta laiko bat defendatzen dugu, eta defendatuko dugu. Herri, pertsona, animalia eta ingurumenaren eskubideak urratzen dituzten tradizioak desagertzearen alde egingo dugu beti.
Beraz, inor mindu nahi ez badugu, ikur neutralak edo adostutakoak jar ditzagun toki partekatu eta publikoetan.