Etxebizitza Institutu Publiko eratzeko proposamena

Sabino Cuadra eta Maite Aristegi Amaiurreko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur etxe desjabetzeei buruz:

Lehenik eta behin, azken egunetako gertakarien ordena kronologikoa egitea komeni dela uste dugu.

Joan den ostegunean, ehun urte dituen Espainiako hipoteka legeak lehengo kritika juridikoak jaso zituen Europako erakundeetatik, kasu honetan Estrasburgoko epaitegitik.

Hurrengo egunean, euskal herritar batek bere buruaz beste egin zuen etxetik kaleratzera zihoazenean. Milaka herritarrek pairatzen duten egoera lazgarria agerian utziz erakunde, alderdi politiko eta eragile sozialen erreakzio soka luzea ekarri zuen gertaera triste eta tamalgarri horrek.

Etxe kaleratzeen arazoari irtenbidea emateko negoziazioa hasi zuten estatu espainiarrean PPk eta PSOEk. Gogora dezagun, hipoteken legean aldaketak egitera ukatu eta etxebizitza bankuari emanda zorra kitatzeko proposamenak atzera bota dituztela behin eta berriz bi alderdi politiko horiek azken urteetan. Era berean, bankuen patronalak (AEB) gai honekiko bere mugak zehaztuz prentsa komunikatua kaleratu zuen.

Hortik aurrera aski ezaguna da gertatu dena: Alderdi Popularraren gobernuak urgentziazko lege dekretua onartu zuen atzo. Dirudienez bi alderdi politiko horiek ez dute akordiorik lortu.

Hainbestetan aipaturiko merkatuen diktadurak, klase politikoaren gaineko finantza oligopolioen diktadura baino ez denak, botere horiekiko klase politiko horren menpekotasunaren adibide garbia baino ez digu utzi gaur.

Dekretua adabakia baino ez da Amaia Egañaren heriotzak/hilketak eragindako ahots kritikoak isil arazteko. Ustezko “gizatasun” irizpidez jantzitako adabaki horrek milaka eta milaka herritar bankuen aurrean babesik gabe egoten ahalbidetuko ditu.

Behin baino gehiagotan esan dugu. Ez gaude arrazoi humanitarioen aurrean, giza eskubide eta sozialen aurrean baizik. Ez da arazo teknikoa, politiko eta soziala baizik. Gaur gaurkoz, etxebizitza eskubidea bermatu gabe dago.

Aztertu dezagun.

Alderdi Popularraren gobernuak aurkezturiko neurriek ez dute legea ukitzen. Hipoteka, alokairu eta lurzoruaren legeek bere horretan segitzen dute. Gogora dezagun batetik, lege horiek ahalbidetu dutela bizi dugun egoera hau eta bestetik, Estrasburgoko epaitegiak adierazi legez kontsumitzaileak babesteko Europako araudiaren aurkako legeez ari garela. Familia “ahulenen” kasuan bi urteko luzamendua soilik aipatzen du lege dekretuak.

Neurriok ez dute atzera eraginkortasunik. Hau da, etxebizitza galdu dutenek ez dute berreskuratzeko aukerarik izango. Espainiako gobernuaren arabera alokairu merkeko etxebizitzak jasotzeko aukera izango dute. Gogora dezagun ordea, azken urteotan 400.000 hipoteka exekutatu edo gauzatu eta 185.000 etxe kaleratze izan direla estatu osoan. Zein etxebizitzaz ari da Espainiako gobernua?, Nondik aterako du horrenbesteko etxebizitza kopurua?, Nola kudeatuko du?, Noizko?

Etxea ematearekin batera zorra kitaturik dagoela ez du aipatu Alderdi Popularrak. Ekonomia ministroaren arabera “zorrak eta interesak itzuli egin behar dira”. Hau da, etxea emanda ez da zorra kitatzen.

Berriz diogu; aurreko egunetan Espainiako bankuek zehazturiko baldintzekin bat datoz Alderdi Popularraren gobernuak aurkeztu dituen neurriak.

Bankuei laguntzeko dirua badago, baina pertsonei, herritarrei laguntzeko ez. Are gehiago, “Banku Txarra” delakoak milaka etxebizitza prezio “merkean” salduko ditu berriz ere baten batek negozioa egiten jarraitu dezan.

Argi dago Madrilek ez duela ez gaitasunik ez borondaterik arazo larri honi aurre egiteko. Beraz, guri dagokigu, euskal gizarteari dagokio proposamen eraginkorrak aurkeztu eta egoera honi irtenbidea ematea. Ezinbestekoa da eragile politiko, sozial eta sindikalen artean sakoneko eztabaida bat piztea. Ezkerreko indar subiranisten batasunak “Etxebizitza Institutu Publiko” baten eratzea proposatzen du.

Azkenik, bihar larunbatean, azaroaren 17an, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen diegu euskal herritarrei.

Alternatibak ohartarazi die PPri eta PSOEri desjabetzen kontrako adabakiek ez dutela milaka pertsonen hondamenean duten ardura estaliko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, gogor kritikatu ditu bai PPk eta PSOEk exekuzio hipotekadunen inguruan gaur eginiko bilera zein Espainiako Banku Elkarteak hurrengo bi urtetan muturreko kasuetan etxe desjabetzeak geldiarazteko erabakiaren gaineko iragarpena. Matutek salatu du “orain desjabetuen adiskide bezala agertzen diren horiek, kongresuan zorrak etxearen bidez kitatu ahal izatearen bezalako neurrien kontra egin zuten berdinak direla”. Gauzak horrela, popularrei eta sozialistei leporatu die “milaka pertsonaren bizitzen suntsipenaren erantzukizuna”, euren agintaldietan desjabetzea ahalbidetu dituztelako. Horregatik, orain onesten dituzten adabakiek ez dute euren erantzukizuna desagerrarazi edo lausotuko.

PPk eta PSOEk adostu beharreko edukiari dagokionean, bilera bera baztertzailetzat jo du Matutek, “beste indar politikoak baztertzeaz aparte, azken erabakia errudun nagusien eskuetan laga eta eragile sozialak zein kaltetuen erakundeak ere kanpoan uzten dituelako”. Alternatibako bozeramaileak zalantzan jarri du alderdien borondatea, eta baita hartuko duten neurrien eraginkortasuna ere: “Zorrak etxea ematearen bidez kitatzeak eta luzamenduak etxe hustearen data atzeratzeko bakarrik balio dute, banketxeen iruzurra eta lukurreriari irtenbide berririk eman gabe”.

Matutek, alderdi politiko hauek bankuei laguntzeko ekimen guztiekin bat etorri direla gogorazi nahi izan du ere. “Bankuentzat dena, pertsonentzat ezer ez” politika defendatu eta “hildakoak ekarri dituen terrorismo finantzarioaren konplize bihurtu” direla azpimarratu du, pasa den ostiralean Ezkerraldean emandako gertaera mingarriak agerian utzi duen bezala. Honen aurrean, gobernu ezberdinei etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten politika eta tresnak eskatu ditu, besteak beste “benetako etxebizitza publiko baten aldeko apustua” egitea ere. Madrilen, ostera, banku txarra deritzon eufemismoa jaio da, bere zenbakiak egokitzeko etxebizitzak eraisteko asmoa duela esan berri duena.

Alternatibatik ziurtatu dutenez, “ez da nahikoa adabaki txarrekin”, pertsonek benetan beharrezkoa dutena “banku-finantza sistemaren gehiegikeriak geldiarazi eta lukurariek zuzendutako merkatu zein haien menpe dauden politikari koldarrengandik babestea”. Horregatik, ezkerreko alderdiak etxe desjabetzen aurrean ekintza konfrontatzailea eramango du instituzioetara eta, aldi berean, gizartea mobilizatzea ezinbestekoa izaten jarraituko duela azpimarratu du. Hala, finantzen alorreko erasoen kontra edota haien aurrean konponbideak aldarrikatzen dituzten mobilizazio ororekiko atxikimendua berretsi dute.

Oskar Matute: “EH Bilduk neurriak proposatzen ditu herritarrek etxea ez galtzeko”

EH Bilduren konpromisoa publiko egin dute koalizioaren izenean Bizkaiko hautagaiek: “merkatuen goseagatik eta erakundeen utzikeriagatik ez da pertsona gehiago kalean geratuko”.

EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak Bilboko Gran Vian elkartu dira gaur, kanpainaren lehenengo egunean. Diputazio aurrean Kutxabankek daukan egoitzara hurreratu dira Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Oskar Matute eta Justizia Sozialeko arduradun Mikel Santiago. Kutxabankek eta beste erakunde finantzarioek etxe-kaleratzeen aurrean hartu duten jarrera salatu du koalizioak.

Komunikabideen aurrean, Oskar Matutek eta Maribi Ugarteburu azaldu dute Jaurlaritzara iristen denerakoEH Bilduk hartu duen konpromisoa: “etxe-kaleratze bat bera gehiago ere gerta ez dadin neurri zehatzak jarriko ditu. EH Bildurekin ez du inork etxebizitza galduko”. Gogoratu dute egunero 14 pertsona geratzen direla etxe gabe. “Eta horietako batzuk Kutxabank bezalako erakunde batek uzten ditu kalean. Gero, solbentzia maila handia duela goraipatzen du, baina ulertezina den arren, herritarrak kalean uzten jarraitzen du”, salatu dute. “EH Bilduk neurriak proposatuko ditu herritarrek etxea ez galtzeko”, laburtu du, “eta beraz, ez dugu onartuko erakundeek arazo honen aurrean beste alde batera begiratzea”.

EH Bilduren hautagaiek azaldu dute “Etxebizitza Institutu publikoa” sortuko dutela. “Etxe kaleratze arriskuan dauden hipoteka kasuak moratoria batean sartuko lirateke; arriskuan dagoen familiaren etxe hori entitate publiko horren jabetzara pasatuko litzateke, eta ordaintzen ari zen pertsonak zailtasun larriekin jarraitzen duen bitartean, etxean bertan geratuko litzateke, baina alokairu soziala ordainduz, sekula errentaren %15a gainditu barik”, zehaztu dute. Behin ordain ahalmena berreskuratzean, berriro ere jarraituko luke hipoteka hori ordaintzen.

Koalizioaren izenean, hautagaiek hitzaldia bukatu dute EH Bilduren konpromisoa berretsiz: “merkatuen goseagatik eta erakundeen utzikeriagatik ez da pertsona gehiago kalean geratuko”.

EH Bilduk proposatzen du hipoteka ordaindu ezin dutenei finantza erakundeek luzamendua ezartzea

Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu azken hilabete hauetan.

Agerikoa da krisiak eredu kapitalista duela oinarri, finantza sistemaren desarautzea ahalbidetu duten hazkunde politika jasangaitzek eragin dutela. PNVk, PSEk, UPNk eta PPk bultzatu duten sistema neoliberal honen diktadurapean heldu gara egoera honetara.

Eta krisi honetako ondoriorik lazgarrienetarikoak etxe desjabetzea pairatu duten pertsonak dira. Krisialdiaren hasieratik 9.000 lagun baino gehiagori kendu egin zaio etxebizitza Hego Euskal Herrian. Horren berri ematen diguten datuak nahiko argigarriak dira. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik, 968 etxe desjabetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Nafarroan, berriz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak 370 desjabetzeaz hitz egin izan du iazko datuak aipatuz. Guztira, krisia hasi denetik, 1.300 lagun etxe desjabetu dituzte herrialdean. Agerikoa da goraka doazen datuak direla, eta ondorioak gero eta larriagoak izango direla (kalean utzitako pertsona eta familiak, bazterkeria soziala…).

Etxe desjabetzeak oso errealitate gordina dira, mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak kale gorrian uzten dituzte; hutsik dauden etxebizitzak pilatzen dituzte, jatorrian zuten helburu sozialari traizio eginda eta, hori guztia gutxi bailitzan, finantza erakundeen kontabilitatean aktibo toxiko gisa azaltzen dira, irizpide espekulatiboen arabera baloratu izan direlako. Egoera honen aurrean argi izan behar duguna: etxe desjabetzeen arazoa ondorioa besterik ez dela, etxebizitzaren afera globalaren baitan aztertu beharrekoa.

Eta egoera larri honen aurrean, zer egiten dute Urkulluren PNVk, Lopezen PSEk eta Basagoitiren PPk? EZER EZ, beste alde batera begiratzen dute, arazo larri hau haiekin zerikusirik ez duelakoan, etxe desjabetzeen eta desjabetuen afera herritarren eta finantza erakundeen arteko konponbide pribatu soil batera mugatuko bailitzan. Ezta gutxiago ere, PNVk, PSEk eta PSEk ostrukarena egiten dute, ezkutatu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute, ez dituztenean zuzenean babesten etxe desjabetzeak. Bankaren adiskide diren hiru alderdi hauek, haien alde jartzen dira, etxea lagatzera behartuta dauden milaka familia babesgabeei bizkarra emanda.

Urkulluk, Lopezek eta bankarien seme Basagoitik bankuentzako laguntzak dituzte lehentasun, milaka milioi euro txertatzen dizkiete haien kudeaketa lazgarriaren ostean onbideratzea behar dutelako; aldiz, erabateko ezintasuna agertzen dute desjabetuen arazoari irtenbide duina bilatzeko; akaso, areagotu egiten dute ere. Kutxabankek proposatutako Etxelan edota Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuaren moduko neurriek banka erakundeen erantzukizun etikoa zuritzeko baino ez dute balio, ez baitie inolako konpromisorik eskatzen. Era berean, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu oso larria dela Kutxabank osatzen duten hiru kutxek etxe desjabetzeak gauzatzea erakunde publikoak izanik.

Horregatik, etxe desjabetzen arazoaren aurrean Euskal Herria Bilduk honakoa proposatzen du:

1. Hipoteka exekuzioak bertan behera utziko dira. Kasu honetan ez da hipotekaren luzamendua eskatuko.

2. Finantza erakundeak jabetza eskumenak dituen erakunde publikoen esku uztea proposatzen da.

3. Etxebizitza horren erabilera eta okupazioa alokairu sozialaren bidez kudeatuko da.

4. Hipotekaren ordainketaren ezohiko etetea ezartzea hala eskatzen duten familiei. Eskakizunak:
– Hipoteka ordaintzerik ez izatea arrazoi objektiboak direla medio (langabezia kasu).
– Proposatzen da hipotekaren ordainketa aldi jakin batean uztea; kaltetuak ez du etxebizitza lagako eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du (familiaren erosteko ahalmenaren arabera ezarriko litzateke zenbatekoa, diru sarreren %15 izango litzatekeena)
– Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin.

5. Finantza erakundeek hipotekak emateko orduan duten jarrera aztertzea eta arduragabekeriaz jokatu denean, erantzukizuna onar dezaten eskatuko zaie. Ardura horiek zehazteko, etxebizitza eskumenak dituzten erakundeek arautu eta zigortzeko eskumenak izango dituzte.

Bilduko gazteek “etorkizun beltzari” buelta emateko aukera bakartzat jo dute koalizioa

Jatorri eta eremu ezberdinetatik eratorriko gazteak izanik ere, gaur hemen aurkitzen garen gazteak zapalkuntza bera jasaten dugu. Hemen gaudenok etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik ez daukagun gazteak gara, gure etorkizun laboralean argirik ikusten ez dugun gazteak, gure ikasketak aurrera eraman ahal izateko bermerik ez dauzkagunak edo kontsumora bideratutako aisialdi eredua kontsumitzera kondenatuak gaudenak. Askatasunez adierazteko eta antolatzeko eskubideak ere bermatuak ez dauzkagun gazteak gara.

Adibide guzti hauek gazteontzako etorkizun beltza baino ez digute erakusten. Etengabeko eskubideen urraketa da gazteok jasaten duguna. Emakume gazte bezala zapalduak gaude, ikasle zein langile bezala, edota euskaraz bizi nahi dugun gazteon eskubideak ere urratuak zaizkigu. Instituzioetan ez daukagu ahotsik, eta gure iritzia ez da inoiz kontutan hartzen. Gugatik erabakitzen dute, baina ez dute gugatik sufritzen. Aterabidea eman behar zaion larrialdi egoera da jasaten duguna.

Horregatik, konponbiderako garaia heldu da, aurrea hartzeko momentua, indarrak bildu eta gure ahotsa entzunarazteko garaia. Gure eskubideen errespetua exijitzeaz harago, dauzkagun alternatibak garatzeko unea heldu da, gure bizi baldintzak hobetzeko dauzkagun proiektu errealak aurrera eramateko unea, gazte ahotsa berreskuratzeko unea. Independentzia da gure proiektua, gure etorkizuna guk eraikitzeko formula, eta BILDU da gure tresna. Instituzioak gazteoi irekiko dion tresna, Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta soziala ahalbidetuko diguna, ezkerreko perspektibatik oinarri aurrerakoietan eraikitako aldaketa.

Independentzia behar dugu gazte askeak izan nahi dugulako, askeak izango garelako, askeak, zelan antolatuko garen erabakitzeko, gazteon sorkuntzari bide emango dioten espazioak autogestionatzeko. Gazteontzako lan baldintza duinen alde lan egingo dugu, hauek lortu arte. Herri eta hiri jasangarriak eraikiko ditugu, bertako kale eta zelaiak herritarron beharrizanen arabera erabiliz. Gure sexualitatea era askean bizi eta adierazi nahi dugu, honengatik irainduak edota erasotuak izan barik. Kaletik aske ibiltzeko bermea lortuko dugu, emakume eta gaztea izateagatik sentitu dezakegun beldurra alboratuz.

Euskaraz bizitzeko hautua egina daukagun gazteak gara, horretarako gure hizkuntza sustatuz eta erabiliz. Ikasleok gure ikasketak euskal kurrikulumaren baitan burutzea lortuko dugu, hezkuntza euskaldun eta dohako baten alde lan eginez. Herritik eta herriarentzat sorturiko jaiak bultzatuko dituen eredu partehartzaile eta herrikoia hedatuko dugu. Gazteon hitza eta erabakia berreskuratzeko prest gaudelako.

Guzti honengatik, BILDU da gure aukera bakarra. Aukera gaztea, gure aldarrikapenak instituzioetara eramateko gazteon tresna berria, gazteon ahotsa berreskuratzeko aukera. Aurreikusi dezakegun etorkizun beltzari buelta emateko alternatiba erreala daukagu BILDU, bide luzea egiteke daukan alternatiba, berria eta ezberdina, denok osatzen dugun alternatiba alegia.

Beraz, etorkizun hobe bat eraiki nahi duten gazte guztiei deitzen diegu indarrak biltzera, independentziaren alde apustu egitera, BILDU bozkatzera. Era berean, hurrengo larunbatean, maiatzaren 14an, Barakaldoko BECen burutuko den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia luzatzen diogu euskal gazteriari. Euskal Herriaren geroa garelako, hain beharrezkoa zaigun aldaketa politiko eta soziala bermatuko duen indarra garelako, hurrengo igandean, maiatzaren 22an, entzun dezatela gure oihua, independentziaren bidean, bete ditzagun ilusioz eta kolorez hautestontziak!

X