Euskal Herria Bildu Syrizarekin bat

Azken bi urteotan, Grezian austeritate neurririk zorrotzenak eta murrizketa sozial sistemikoak ezarri dira, Greziako herria erreskatatzeko merkatuek eta Europako troikak jarritako baldintzen ondorioz. Neurriokin Grezia bizi duen krisi larritik irtengo zela, zerga-politikan aldaketa ekarriko zuela eta zorra ordaintzeko eraginkorra izango dela adierazi ziguten.

Hala ere, emaitzek ez diote hori, neurriek erabateko porrota izan direlako: herritar xumeen pobrezia ekarri dute, Greziako herritarren bizi-baldintzak kaskartzea eta enplegua deuseztea, langabezia tasak marka guztiak hautsi dituelako %21arekin.

Horregatik guztiagatik, eta ekainaren 17an Greziako herriak hautes-ontziekin hitzordua daukala kontuan izanda, Euskal Herria Bilduk bere babesa azaldu nahi die Syriza-ri eta erreskatearen akordioa zalantzan jarri eta nazioarteko finantza botereek bahituta duten burujabetza nazionala greziarrei itzuli nahi dien eta hori bernegoziatzea nahi duten Greziako ezkerreko alderdiei. Krisi sistemikoaren erantzuleek sinetsarazi nahi digute euroaren etorkizuna jokatzen dela Grezian, baina egiaz jokoan dagoena da herrien burujabetza eta herritarren erabakitzeko gaitasuna, bai Greziakoa eta bai Europakoena.

Syrizak eta ezkerreko indarrek burujabetza nazionalaren alde eta inposatutako memorandumak indargabetzako eta bernegoziatzeko egiten duten apustua eta Europa neoliberalari egiten dioten oposizioa eta Europa barrutik eraldatzeko egiten duten proposamena babesten ditugu. Neoliberalismoarekin amaitu eta herrien Europa sozialaren alde egingo duten hitzarmen berrien aldeko apustua egiten dugu, pertsonen eta herrien eskubideak merkatuen eta diruaren gainetik jarriko dituztenak.

Era berean, elkartasun internazionalistagatik ere azaltzen diegu gure babesa Syrizari eta Greziako herritarrei, Europ finantza-oligarkiaren eta horren inposizio tresnen kontrako eta Euopako gehiengo sozialaren alde Europako herriek egiten duten borroka delako Grezian jokoan ari dena.

Ezin esan borroka hori berdintasunean oinarritzen denik; Syrizak hauteskundeak irabaz ditzakeela eta, Europako Batasuna eta finantza-botereak ahaleginak eta bi egin dituzte greziarren erabakian eragiteko, eta ez dute zalantzarik izan txantaiak eta diskurtso alarmistak egiteko. Hala, Greziako herritarrei egin zaien presio zuzen eta zekenak agerian utzi du Europa osoan ezarri nahi duten sasidemokrazia.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Herria Bildun elkartzen diren Euskal Herriko herritar ezkertiarrok Greziako herriaren duintasunaren alde egiten dugu, jendarte bidezko eta solidarioagoa bilatzeko egiten ari diren ahalegin parketatuaren alde egiten dugu. Horregatik, Syrizaren eta Greziako ezkerreko beste alderdien alde egiten dugu.

Trailer del documental “Voces de la transición (agroecológica)” – “Voices of transition” dokumentalaren trailerra

Un documental de Nils Aguilar, en proceso de postproducción, que atestigua la inminente “Transición agroecológica”. ¿Cómo podemos organizarnos para preparar nuestros campos y nuestras ciudades para el doble desafío del cambio climático y el pico petrolero? Quieres participar o contribuir con el documental? Aqui puedes conseguir una copia en DVD en preventa, o incluso hacerte co-productor de la pelicula! www.milpafilms.org

Voices of transition (Trantsizioaren ahotsak) Nils Aguilarrek zuzendatuko dokumentala da, ekoizpenaren ondorengo fasean dagoena. “Trantsizio agroekologikoa” da jorratzen duena. Nola antolatuko gara aldaketa klimatikoak eta petrolioaren krisiak dakartzaten erronkei gure hiri eta larreetatik aurre egiteko? Dokumentala amaitzeko laguntzarik eman nahi? Helbide honetan, www.milpafilms.org , DVDaren aurre erosketa edota produktore bilakatzeko jairraibideak eskaintzen dira.

http://www.youtube.com/watch?v=ln3Cv0Dzoak

Greziaren duintasuna bestelako Europarako

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Ekainaren 17an hauteskunde orokorrak izango dira Grezian. Prozesua bereziki garrantzitsua izango da Europarentzat, baina baita Europako ezker osoarentzat ere. Izan ere, finantzen merkatuaren eztandaz geroztik, mugimendu sozialen eta alderdi politikoen erresistentziaren zein erantzun sendoez gain, honakoa aukera ezin hobea izango da Merkelen estrategia ultraliberalari, NDFari eta haiek sortutako proiektu europarrari zuzenean aurre egiteko. Ezkertiar guztiok itxaropenez ikusten dugu Grezia, eta bereziki hauteskundeak irabaz ditzakeen Syriza ezkerreko koalizioa, batez ere EBren xantaiaren aurka agertu delako.   

Igandean ez da soilik jokoan egongo Europak estrategia bera jarraituko duen ala ez, alegia greziarrei –gero eta pobrezia eta zapalkuntza handiagoa pairatzen ari direnak- lapurtzen jarraitzea; ez. Azken finean, igande honetan erabakiko dena, lapurretaz, iruzurraz eta errua pairatzeaz nekatuta dauden herritarren eraginez orain arte ezagutu dugun Europa bera, kapitalarena eta merkatariena, eraldatzen hasiko ote den izango da. Horregatik, igande honetan guztiok parte hartuko dugu Greziako hauteskundeetan.

Guzti hau proiektu ultraliberala babesten duten guztiek ere ulertu dute eta, horrexegatik, desinformazio kanpaina ikaragarriarekin Greziako herritarrak nahastu nahi dituzte, beldurra sustatuz eta proposamen alternatiboen aurkako jarrerak piztuz. Hala, Europako buruzagi guztiek Syrizaren garaipena euroaren irteerarekin lotu nahi izan dute, eta komunikazio talde guztiek Alexis Tsiprasen irudia eraldatu nahi izan dute boltxebike, erradikal, mediterraneoko Chavez, eta abarrekoekin iraindu nahian. Baina oztopo guztien gainetik, Europako herritarrek jakin behar dute, programa iraultzailea izan gabe, Syrizaren proposamena, euren leloak esaten duen bezala, duintasunez eta esperantzaz beteta dagoela. Haien proposamena hiru lerro nagusietan laburbildu genezake: lehena, Troika delakoak sinatutako hitzarmenak bertan behera uztea, murrizketetan oinarritutako politika drakoniarrak bultzatu zituenak eta hauteskundeak irabaztekotan baztertuko liratekeenak; bigarrena, sektore estrategikoak kapitalaren eskuetatik kentzea, bankuen eta bestelako sektore estrategikoen nazionalizazioaren bitartez; eta hirugarrena, xantaiarik gabe zorra berriz negoziatzea, kontu-ikuskapen bat eginez, zor horren zein zati den zilegi eta zein ez zehazteko, duela zenbait urte Ekuadorren egin zen bezalaxe, Herritarren Iraultza gertatu zenean.  

Programa, bere horretan, Europako proiektu hegemonikoarentzat erronka bat da: aski dela esaten duen herri bat, euren krisia eurek ordain dezatela esaten duena, eta kapitalarekin aurrez aurre negoziatu duena. Era berean, ezkerrek indarrak metatzeko aukera bat eskaintzen du, eskubideen Europa baten alde, demokrazia parte hartzailearen alde, kapitalismoari eta sistema ekonomiko bidegabe honen inguruan sortutako sistema menperatzaile anitzari aurre egitearen alde. Gure bokazio internazionalista berreskuratu beharra dugu eta gutxienekoetan oinarritutako agenda komuna proposatu: Europako sare instituzionalaren demokratizazioa; EBZ eta estatu ezberdinen banku zentralak publiko bihurtzea; zorraren kontu-ikuskapen osoa; egitura ekonomiko baztertzaile batean txanpon bakarraren zeregina zein den eztabaidatzea, lehentasun politikoa desberdintasunen aurkako borroka izanik; defizitak ez zigortzea eta bai ordea superabitak, hauek langileriari eta ez finantza burbuilari eskaintzera behartuz; Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) behin betiko indargabetzea elikadura subiranotasunaren alde; lanaren banaketaren alde egitea, produktiboa zein erreproduktiboa, arduren banaketaren printzipioan oinarrituta; Europako herri eta nazioen autodeterminazio eskubidearen aitorpena.

Agenda alternatibo honek, Syriza eta Greziako ezkerraren erreferente dena, ahaleginak eta borrokak bateratzea eta proiektu politikoak aurrez aurre jartzea ahalbidetu behar digu. Zibilizazio krisialdia da bizi duguna, eta ez dugu nahikoa, inondik inora, gogoetarekin edota eustearekin. Erasoari ekin behar diogu eta duintasuna, esperantza, iraultza eta burujabetza eskaini. Has gaitezen igande honetan. Guztiok Syrizarekin!

Ingurumenarekiko konpromisoak

Oier Espilla – Alternatibako Mahai Ekologista

Ekainaren 5ean ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu dugu. Ingurumenak beste gai garrantzitsuekin zer du komunean? Urtean egun bat aukeratzen dela bere arazo eta soluzioak are gehiago gizarteratzeko, eta oso zaila egiten zaigula iritzi artikulu bat idazten dugunontzat urte osoan konponbide bila dihardutenen lana plazaratzea.

Behin eta berriz entzun dugu adituen ahotik ingurumenak gure inguruko arlo askotan duela isla. Egunero agertzen dira hamaika erabaki non gure erabaki xumeak nolabaiteko eragina izango duten, gure ingurumenean eta guk osatzen dugun gizartean; eta gure ingurumena entzuten dugunean gure herri eta hiriek ere horren parte dira, gure kale eta zaratek ere ekosistema partikular bat garatzen baitute.

Ingurumena ere gizakion krisiaren biktima da, finantza sistemak baino lehenago pairatu behar izan zituen sistemaren ankerkeriak. Gizateriaren berekoitasunak munduko makina bat baso ustiatu ditu eta orain baso horiek arnasestuka dabiltza, jatorri fosileko energi iturrien agorpenaz eztabaidatzen den unean, oraindik ere alderdi eta sektore batzuk horren apustu egiten dute, nahiz eta itxura aldetik apaindu duten modernitatearen izenean (fracking-a dugu horren eredu), gure bizimoduaren erritmo aldaketaren planteamendua oraindik errotik aztertu gabe, zaborren kudeaketaren aurrean hausnarketa eta eztabaida kaleratu da zorionez, guk gure eginkizunekin dauzkagun betebeharrak herritarroi ezarriz, eta inoiz ahaztu gabe produktu baten zikloa ahalik eta luzeena eta itxiena  egin behar dugula. 

Ingurumena ez da izaki arrotz bat. Munduko lehen maizterra da, eta lehen esan bezala, zuzenean jasan ditu gaur egun indarrean dagoen sistema kapitalistaren ondorioak. Adibidez josi genezake artikulu hau, baina aipatzekotan egun hauetan pil-pilean dagoen gai bat aterako dugu nabarmentzera: uraren pribatizazioa. Madrilgo autonomi erkidegoan izen abizenak ditu gaitz honek. Canal de Isabel II. Madrileko metropolian uraren ziklo osoaz arduratzen den entitate publikoa dugu berau; publikoa orain dela gutxira arte behintzat. Ez gaituzte harritzen han agintzen ari direnen asmoek. Ura bezain funtsezkoa den beste arlo bat ere pribatizatzen hasi ziren (osasuna hain justu), ospitale pribatuak areagotuz, norberaren osasuna ere norberak duenaren menpe jarrita, zure baliabideen arabera eginez zure etorkizunik gertuena. Honen harira doa, hain justu, uraren pribatizazioa. Ura osasuna baita. Eta bere pribatizazioak aurrera eginez gero, kudeatzaile urri eta interesatu batzuen esku egongo da, espekulazioari atea irekiz eta guztiaren gainetik irabaziak izango dituen entitateen esku. Eta holako kasuen eragina ikusi izan dugu Hegoamerika hegoaldeko hainbat estatuetan. Baina beti existitu da kapitalismoaren aurrean alternatiba. 2010etik dator Canal de Isabel II.a pribatizatzearen ideia, eta geroztik herri mugimenduek gogoz erakutsi dute euren oposizio garbia.

Ikusten dugun moduan, interes pribatuen eskutik datorrenari aurka egiteko prest dago jendea. Beraz, etsipenak ez gaitzala geldiarazi. Madrilen antzera, munduan zehar barreiatuz ingurumenaren eta osasunaren defentsan ugari dira herriak. Aipagarria da herri eta komunitate indigenen borroka. Enpresa eta askotan gobernu indartsuei egin behar izan diete aurre. Lurrarekin, ingurumenarekin, lotura zuzena agertu dute urte luzeetan, “lehen” munduko biztanleoi erakutsiz nola posible den ekoizpena-lurra orekarekiko errespetuaren konbinazioa, eta haratago joanez, interes kolektiboei dagokionez autogestioa izan dute ardatz, kooperatibismoaren oinarriak eurek ezarri dizkigute. Merkatuek amesten duten hitz magikoa, efizientzia, eurek lortu dute euren antolaketaren bitartez. Monolaborantzatik alde eginez, produkzio mugatua eta naturaren (eta ez merkatuaren) erritmoei jarraituz (sasoian sasoiko produktuak, lur mota bakoitzari norbera egokituz eta ez alderantziz, komunean jarri bakoitzaren soberakinak eta merkatu justu bat eraiki). Azkenean, holako kasuak ikusiz, gure buruari herri zibilizatua nor den galdetzea ez gaitu harritzen. Bien bitartean, gure momentuko bizitza ikusita, gauzak hobetzearren bidera genitzake indarrak, garraio publikoa bultzatuz (bide gorriak herri-hirietan, eskualdeetan autobusa bultzatuz kotxearen papera alboratuz), sasoiko produktu ekologikoak janez, urari eta zaborrei ahalik eta ziklo zarratuena burutuz, kontsumoa murriztuz beti ere.

Azken finean, ez gaude betirako mundu finitu honetan, utz diezaiegun gure ondorengoei, behintzat, tekleatzen dugun momentu berean aurki ditzakegun baliabide natural guztiak. Gure konpromisoa baita.

Aberatsak zigortzeko?

Igor Nabarro – Alternatibako militantea

Egunotan asko entzun eta irakurri ahal izan dugu Hollandek, Frantziako presidente berriak, kanpainan eginiko proposamenaren inguruan: milioi bat eurotik gorako errentei, PFEZren zerga tipoa %75era arte igotzea, hain zuzen.

Neurri honen harira proposatzen ari den auzian ez dago argi justizia soziala ezartzeko helburua ote duen edo “aberatsa” zigortzeko neurria besterik ez den.

Nahiko argi dago hauteskunde garaietan “botatzen” den horietako bat dela, hau da, neurri elektoralista eta populista hutsa, ezerezean geldituko dena… baina, ez dago zalantzarik, gizartean eta kalean gero eta gehiagotan islatzen den haserrearekin bat datorrela.

Haserre hau muturreraino heldu izan da hainbat aldiz eta hala ikusi dugu Parisen, Londresen, Atenasen eta beste hainbat hirietako herritarren amorruak eztanda egin izan duenean, eta batek daki euskal lurraldeetan ere halakorik gertatuko ez ote den…

Zuzen esan denez, laurogeiko hamarkadatik klase baxu eta altuen arteko tartea zabaldu egin da Mendebaldean. Aldaketa bortitza izan da eta gaur egun, gauzak dauden moduan “aberatsen eta pobreen” arteko ezberdintasunak etengabe areagotuz doaz.

Espainiako Erresuman Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak eskaintzen duen erosteko ahalmena barregarria eta iraingarria den  bitartean,  enpresa pribatuko “marrazoek”, jainkoak diruditen futbol jokalariek, soldata bikoitza eta hirukoitza irabazten duten politikariek eta pertsonaia famatuek diru kopuru iraingarria irabazten dutela ikusi behar izaten dugu eta, gainera, ehunekoak alderatuz, edozein langile “prekariok” baino askoz diru gutxiago kotizatzen dute…

Beharbada, kotizazioan %50a gainditzea gehiegizkoa izan daiteke, azken finean ez ditugu martiri izaera eman nahi… baina oso ondo legoke kapitalaren atzaparrek Estatu Soziala lapurtzen diguten bitartean, modu bidegabean aberasten ari diren guztiei gauzak garbi jartzea.

Baina ez bakarrik haiei. Neurriok haien aberastasuna espekulazioari esker eraiki dutenei ere ezarri beharko litzaieke; baita erregimen politiko oligarkikoei (hau da, mendebaldeko ia “demokrazia” guztiei edo guztiei esker), langile klasearen esplotazioari, gizarte patriarkal eta androzentristari, aspaldiko errentagarritasunei ere, eta antzeko adibideen zerrenda luze bati esker aberastu direnei. Zerrenda honetan ez ditugun inondik inora aurkituko ez elkartasuna, ezta berdintasuna ere, eta hirukotea betetzeagatik, ezta anaitasuna ere…

Beti bezala, aberatsentzako zergak eta pobreentzako zergak daude, eta momentuz ez dirudi aberatsentzako zergetan (sozietate zerga, ondasunena, ondorengotzena, etab.) “eskua sartzeko” prest dagoen inor dagoenik, nahiz eta neurri hauek ekonomia onbideratzeko mesedegarriak izango liratekeela jakin.

Aitzitik, gehien daukatenei mesede egiten zaie eta euren soldatarekin, edota soldatarik gabe “biziraun” behar dutenei behin eta berriro astintzen zaie…

Doktrina liberalak aberastasuna pertsona bakoitzaren lanaren eta merituaren emaitza dela baieztatzen jarraitzen duen arren, jakin nahiko nuke, munduko pertsonarik aberatsenen zerrendan agertzen direnetatik, eta ondasuna herritarren batez bestekoa  baino 100.000 aldiz handiagoa dutenetatik, zeintzuk hasi diren langile klaseko norbaiten puntu beretik…

Liberalismoa gezur bat da, eta aberastasun handiak oso gutxitan, (inoiz ez) eraikitzen dira justizia sozialaren irizpideak jarraituz…

X