Alternatibaren proposamena Euskal Herrian bakea eta normalizazioaren oinarriak ezarri eta garatzeko

Alternatibarentzat Euskal Herriaren bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko apustu sendoa bere jarduera politikoaren oinarrietako bat bilakatu da.

Ezker alternatiboa, Alternatiba guri dagokigunez, laguntzaile izan behar da prozesu honetan. Kezkatzen gaituelako eta gure herriarentzako bakea eta konponbide demokratikoak nagusi izango diren egoera ezartzeko aukera dagoela uste dugulako.

Errotiko demokraziarekiko dugun konpromisoaren harira egiten dugun ekarpena da. Norbanakoen eskubideak urratzen dituen indarkeriarekin bateraezina den konpromisoa da gurea.

Bakea lortzeko bidean urratsak egiteko benetako aukerak daudela jakin badakigu, indarkeria politikoak baldintzatutako garaia bortizkeriarik gabeko etorkizunean eraldatzeko aukera dago eta, horrekin batera, Alternatibarentzat ezinbestekoa den axioma berrezartzeko: eskubide guztiak Euskal Herriko pertsona guztientzat.

Bada, beraz, gure helburua eta konpromisoa bake iraunkorra eta justua lortzea, partekatutako bakea, euskal gizartearen eskutik eta hari bizkarra eman gabe landutakoa.

Izan ere, bake justua eta irakunkorra bakarrik egin daiteke gatazkaren baitan dauden alderdi guztiek prozesuan parte hartzen badute, inork pentsatzen ez badu hartatik galtzaile atera dela. Guztiontzako egoera berria eta hobea eraikitzeko ekarpena egin dutela ikusi behar dute. Gizarte osoa garaile duen egoera da lortu beharrekoa. Horretarako, ez gaude ados balizko garaipen moral batetik galtzaileak eta garaileak exijitzen dituztenen diskurtsoekin. Bakea guztiona da, eta guztiok hartu behar dugu kontuan eginiko urratsa.

Horregatik, aurretik porrot egin duten beste prozesuetan ez bezala, honek gizarte zibilaren eskutik ibili beharko da une oro. Ez da bakarrik esan, pentsatu edo amesten duena interpretatzea. Etengabe galdetu behar zaio, bake prozesuaren eta konponbide demokratikoaren motor eta protagonista bilakatu behar da.

Azken hilabeteetan urrats garrantzitsuak egin dira, aipatu beharrekoak; besteak beste hauek nabarmendu beharrean gaude:

- Konponbide demokratikoak eta bake egoera erdiesteko eginiko Gernikako Adierazpena.

- Nazioarteko Harreman Taldea (NHT) martxan jarri izana.

- ETAren su eten egiaztagarri, iraunkor eta aldi bakarrekoa.

- Mehatxuen, estortsioaren eta ETAri lotutako maila apaleko indarkeriaren desagerpena.

- EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egitea.

- Desarmea egiaztatzeko nazioarteko batzordea martxan jarri izana.

- Hauek gertatzen ziren bitartean, gizartearen mobilizazioa etengabea izan da eta Euskal Herriak bake justua lortzeko gogoak dituela agerian gelditu izana.

Beraz, Alternatibatik, urrats kate honek mahai gainean jarritakoa egonkortzeko gauza bagara, prozesu erabakigarrian aurrera egiteko moduan egongo gara, gure herria egoera berri eta hobe batera eramango duena.

Guzti horregatik, gure ikuspuntutik, une honetan oinarri hauek lotu beharrean gaude:

- Elkarrizketarako, negoziaziorako eta euskal gizartearen askastasun demokratikoa eta borondatea errespetatzeko konpromisoa, aipatutako indakeria aroa gainditu ondoren.

- Apustu garbia eta sendoa, orain eta etorkizunerako, bide bakezaleak, politikoak eta demokratikoak besterik ez erabiltzeko, ideia zein proiektu politiko desberdinen artean lehiatzeko.

- Aldebakartasunetik alde aniztasunera igarotzeko beharra. Gatazkaren parte diren alderdi guztiek (ETA, gobernua, indar armatuak, etab. ) bakea nagusi izango duen egoera egonkortzeko urratsak egin behar dituzte, edo gutxienez ez dituzte besteek emandako pausoak oztopatu behar.

- Presoen arazoa bere dimentsio guztietan jorratu behar da (hurbiltzea, ezkutuko bizi arteko kartzela zigorra bertan behera uztea, gaixotasun sendaezinak dituzten pertsonak askatzea, etab.).

- Eskubide zibil eta politiko guztiak gizarte osoari berrezartzea. SORTU legeztatzea.

- Alderdi guztiek pertsona guztientzako eskubide guztiak (gizarte, zibil eta politikoak) batera aldarrikatzeko urratsak egitea. Zalantzarik ez dago ahalegin kolektibo eta anitz honek besteei eragindako mina aitortzeko baliagarria izango dela, bere jatorria edozein izanda ere (ETA, GAL, segurtasun indarrak, etab.) .

- ETAren eta Gobernuaren arteko negoziazio prozesua desarmeari, EHko desmilitarizazioari eta presoen eremuei mugatzea.

Hala, Alternatibatik uste dugu helburu hauek erdiesteak gizartearen adiskidetzarako prozesua bermeekin hasteko aukera emango duela elkarbizitzarako eszenatoki berria, prozesuak atzera ezin egitea eta bake justua eta iraunkorra eraikitze aldera.

Bake justua eta iraunkorra, behin eta berriro aipatu duguna, prozesuan emakumeek eta gazteek ere bere ekarpena egin dezaten bermatu behar du. Biak dira ezinbestekoak adiskidetza, elkarbizitza eta bakea goitik behera ezarria izan ez daitezen, behetik eraiki behar baita. Hala, prozesu motela nahiago dugu, gizartean errotutakoa eta guztien artekoa, gizartea ikusle gisa kokatzea baino, bere egiteko zailtasunak izango lituzkeelako horrela.