Alternatiba Euskal Herriko ezkerra eraldatzearen erronka, mundua eraldatzeko

2008ko abenduaren 13an jaio ginenetik, Alternatiba sortzen dugun gizon eta emakumeek bi helburu nagusi ditugu buruan, biak ere osagarriak eta elkarren beharra dutenak geure proiekturako. Batetik, Euskal Herrian ezker alternatiboak -politikoak zein sozialak- batera lan egin dezan berrosatze prozesuan parte hartzeko gogoa eta konpromisoa ditugu . Ezker alternatibotzat dugu egungo menpekotasun sistemak -patriarkatua, kapitalismoa, produktibismoa, inperialismoa, demokrazia liberala, kultura homogenizazioa- gainditu nahi dituen ezkerra, pertsona zein herri guztien eskubideak bermaturiko gizartearen alde egingo duena.Bestetik, esandakoa lortzeko, ezker eraldatzaileak -euskal ezkerrak kasu honetan- bere burua birpentsatu behar duela uste dugu, hots, oinarri ezberdinak izango dituen paradigma berria sortzeko autokritika egin behar duela. Paradigma berri honek gai izan beharko du ikuspegi anitzeko politika egitaraua sortzeko -aipatu ditugun borrokak modu orekatuan barneratuko dituena-, eta proposatzen denarekin koherentea izango den antolamendu erakunde berriak sortzeko -alderdi eta gizarte mugimenduen arteko elkarlana garatuko dutenak-.

Bi helburuok, beraz, Alternatibarentzat helmuga bakarrean uztartzen dira: euskal ezker alternatiboaren elkarlana bermatuko duen paradigma berria sortzea. Hauxe da proiektu honetan sartu garenok biltzen gaituen ideia; honi eskaintzen dizkiogu geure ahaleginak eta bide horri eutsi nahi diogu aurrerantzean. Jakin badakigu ez dela lan samurra, are gehiago ez dela soilik Alternatibari dagokion lana; baina, geure iritziz ildo honetan abiatuta soilik lortuko dugu geure herrian premiazkoa den ezker indartsua.

Honen harira, geure ustez, subjektu zein erakunde berriek edota sortzen ari diren espazioek ezker politikoaren esparrutik paradigma berria sortzeko oinarriak proposatu beharko dituzte. Paradigma honek erroko egitarau ikuspegianiztuna behar du izan -feministak, ekologistak, sozialistak, internazionalistak, subiranistak, eta abar bilduko dituena- baita koherenteak zein berdinzaleak izango diren eta parte hartzea sustatuko duten erakundeak sortu ere.

Ezkerra iraultzearen erronka politiko honek, hau da, ezkerraren batasuna eta gizarte gehiengoen aurrean zilegitasuna sustatzeko apustuak ezin ditu erakunde askotan ohikoak diren jarduera politikoak izan oinarri:  esaten eta egiten denaren arteko koherentzia-eza, edo kanpora begira eta barrura begira egiten denaren arteko aldea; demokrazia eta benetako parte hartze erreala bultzatzen ez duten goitik beherako jardun burokratikoak; hauteskundeak helburu bakartzat hartzea, ez indarrak eta espazioak biltzeko tresnatzat hartu ordez -ondorioz ikuspegi eraldatzailea galdu egiten da-; erakundeei soilik begiratzen dien praktika, lan bakarra gizarte eskaerak erakundeetara eramatera mugatzen dutenak, -ondorioz ezker borrokaren ikuspegia galtzen da-; emakumeak erabateko parte hartzetik baztertzen dituzten praktikak, batzuk begibistakoak besteak ez hainbestekoak baina beti ere patriarkalak diren ikuspegietan oinarrituak; gizarte mugimenduak elkarlanerako kidetzat barik transmisio-uhaltzat edota botoak lortzeko gunetzat hartzea;....

Logika hauek guztietan oinarrituriko paradigma zaharkituak eraldatzean baino modu korporatiboan pentsatu duen politika egitaraua garatu du. Realpolitik hau atomizazioan -interes propioak bilatu dira orokorren ordez-; epelaburkerian -hautesnkundeeen emaitzak buruan eta epe luzeko helburuak-; sektorializazioa -borrokaren arlo bakar bati lehentasuna emanik beste batzuk baztertzea-; eta ikuspegi orokorragoa bertan behera uztean -mundu eta europar mailako logiken barruan sartu gabe- oinarritu da.

Esandakoa dela eta, oinarri alternatiboen gainean denon artean artikulazio berri horri ekiteko funtsezkotzat jotzen ditugu subjektu berriak eta euren proposamen berriak. Kezkatzen gaitu -nola ez?-, egungo euskal ezkerrak jasaten duen atomizazioak baina egoera komunikabideetan antzematen dena baino itxaropentsuagoa dela uste dugu. Trantsizio unean gaudela uste dugu, aldaketa garaian, subjektu eta alderdi zaharkituek euren proposamen gaitasuna eta gizarte zilegitasuna agortu eta gune eta erakunde berriak sortzen ari diren unean.

Alternatiba espazio hauetako bat besterik ez da. Erronka politiko honi ekin diogunok uste dugu, nortasun askatzaile hauek indartu ahala, hausnarketa eta ekintzarako oinarriak berriz planteatzen  ditugun heinean, berrosatze eta indar metaketa fase batean sartuko garela, oinarri ezberdin eta sendoagoak dituena. Ez dugu, beraz, une hau atzera-pausotzat jotzen, baizik eta garai itxaropentsu baterako aldaketa sakon eta beharrezkoaren atarian garelakoan gaude.

Aldaketa garaia izanik, zer edo zer berria sortzeko nahian, zalantzak gehiago dira ziurtasunak baino. Ildo honetan, euskal errealitatea eta aipatu helburuen erronkari aurre egiteko bidean gauza berriak probatu behar ditugu. Baina, proposatuko ditugun neurri eta ekimenek zabalago adieraziko ditugun oinarri politiko hauen baitan behar dute izan:

  • Gure agendak multianitza izan behar du: patriarkatuaren, kapitalismoaren, produktibismoaren, inperialismoaren, demokrazia kaskakarraren eta antzekoen aurkako borrokak hausnarketa eta ekimenerako gorpuzkera politiko batek bildu behar ditu, bakoitzari zor zaion garrantzia emanez, barne antolaketarako kultura berdinzale baten harira osatuko dena. Hala, Alternatibak feminista, sozialista, ekologista, internazionalista eta subiranistatzat du bere burua.
  • Gure estrategia ikuspegi honekin bat datozen hainbat espazio politikorekin elkartzen joatea da bai alderdi politikoak bai herri mugimenduak. Horretarako, aliantzak osatzea eta mugimenduetan zein mugimenduekin batera lan egitea Alternatibako pertsonen lehentasuna da.
  • Euskal Herria hartzen dugu geure jarduera gune nazionaltzat, herrialde hau arlo kultural eta politikotik ulerturik, inolako ikuspegi etnizista edo baztertzaile barik. Are gehiago, EH herritartasuna sortzeko espaziotzat dugu, norbanakoaren eskubideen zein herri gisa ditugun eskubide kolektiboen defentsa eginik. Horrela, ikuspegi ezberdinetatik – konfederalistak, federalistak, independentistak,...- euskal subiranotasuna, erabaki eskubidea, autodeterminazio eskubidea eta bere kulturaren defentsa bere egingo dituzten ezkerreko edozein pertsona bildu nahi dugu, borroka hauek beste borrokekin -klasea, generoa,..- lotuta ulerturik.
  • Errotik demokratikoa den gizarte eredua aldarrikatzen dugu, zer proposatzen dugun ez ezik nola proposatzen dugun ere garrantzia duen gizartea, demokrazia zuzena, parte hartzailea eta ordezkatzailea uztartuko dituzten parte hartze aukera berriak babestuko dituena. Honek guztiak berdin balio du barne antolaketari dagokionean, hauxe osatu nahi dugun gizartearen saiakeratzat hartu behar dugu: ezin dugu feminismoaz jardun barrutik ez bagara halakoak, ezin demokratikoak izan benetako parte hartze militantea gauzatu ezean.

Helburu garbiak ditugu, beraz, gure nortasuna garbi mugatzen dutenak. Proeiktu politikoaren oinarri diren ziurtasun batzuk ditugu baina, esan moduan, zalantza asko ere baditugu eta beraz saiakerak egiteko beherra, denon artean errealitate berriak ezartzekoa. Hala bada, hau da Alternatiba, proiektu anitz eta konplexua, forma eta eduki berrien saiakera, etengabeko sorkuntzan dagoena eta euskal ezker alternatiboa izango den hondartzan hare apurtxo bat izango dena.

X