Beharrezkoa da Kataluniako gizartea zoriontzea. Igandean erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa egin zuten, Rajoyren Gobernuak, Estatuak ezarritako oztopo guztien gainetik.
Kataluniako gizarteak hitz egin du eta bere etorkizunerako nahi duen estatus politikoa adierazi. Espainiar demokrazia eskasaren testuinguruan balio politiko handia dauka erabakiak eta, batez ere, Kataluniako herriaren zilegitasuna du.
Prozesu honen aurrean Kataluniako gizarteak jarrera eredugarria izan du eta Madrilgo Gobernuak demokrazia mailan dituen gabeziak erakutsi ditu. Ez du maila eman, ez du gaitasunik erakutsi, mehatxua izan da bere erantzun bakarra. Betoa ezarri nahi izan du, baina ez du lortu kataluniarrak isiltzea.
Alderdi espainiarrek berriz, krispazioaren mamua atera dute berriro ere. Gehiengoak dituen eskubideak lortzear dagoenean ikustean immobilismoa eta ukazioa da erantzun bakarra.
Baina Kataluniak utzi dituen lezioez aparte, Euskal Herriak ere bideari ekin behar diola uste du EH Bilduk. Eta hori egiteko bi baldintza behar dira: gizartearen babesa eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehienen adostasuna. Hau da, bere buruaren jabe izan nahi duen gizartea eta maila ematen duen ordezkari politikoak. Euskal gizarteari ahotsa emateko helburuarekin akordioak, konpromisoak eta konplizitateak lantzeko ordua da.
Prozesu demokratiko eta konstituziogilea egiteko gure proposamena plazaratuko dugu. Prozesuak ahalik eta babes handiena lortu behar du eta aldebakarrekoa izan behar da. Argi dago Madril eta Parisek ez dutela nazio bezala ditugun eskubideak aitortzeko asmorik. Eta egoera horretan, bere eskubide osoen jabea den subjektu bezala aitortuak ez garenean, ez dago burujabetza partekatuarentzako lekurik, ez berdinen arteko hitzarmenak lortzeko aukerarik.
Euskal Bidearen ordua da, eta EH Bildu bide hori gainontzeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin egiteko prest dago. Izan ere, Euskal Herriak Madrilen erantzunaren zain egon gabe egingo du bere bidea, Kataluniak egin duen bezala. Estatu espainiarrak demokraziaren arauak bete nahi baditu, ondo, etab estela gizartea gainetik pasako da, igandean gertatu bezala.