Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon Ahoztar Zelaietarekin: "Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria"

Martxoaren 2an, asteazkena, Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon Ahoztar Zelaieta kazetari eta idazlearekin, bere ikerlan berriaren inguruan "Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria", euskal kutxen pribatizazio prozesuan sakondu egiten duena, interes politiko eta ekonomikoak tartean zirela. Hitzaldia irekia izango da, Alternatibaren Bilboko egoitzan 19:30etatik aurrera.

Hona hemen Zelaietari egunotan BERRIA egunkarian egin dioten elkarrizketa:

Ustelkeriaren kontra lanean dabilen Adi elkarteak gonbidatuta, Kutxabanken egoerari buruz hitzaldia eskaini zuen Ahoztar Zelaietak Gasteizen. Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria (Kutxabank: Euskal Herriaren harrapaketa) liburua argitara eman du Zelaieta kazetari eta kriminologoak orain dela hilabete batzuk.

Azkenekotik hasteko. Non kokatzen duzu Cabieces auzia Kutxabanken egoera orokorrean?
Mario Fernandezen ustezko dimisioa eta Cabieces auzia benetako errealitatea ezkutatzen duten gertakariak dira. Egia da Cabiecesek jasotako ordaina ez zela legezkoa, baina zuhaitzek ez digute basoa ikusten utziko. Atzean dagoena askoz ere larriagoa da, eta ondorio gehiago izango ditu bankuaren etorkizunera begira.

Eta zer da atzean dagoen hori?
Gehiago arduratzen nau Mario Fernandezek esan zuena bankuaren etorkizunaz. Price Waterhouse Cooperrek (PWC) antolatu zuen ekitaldia eta Deustu Business Schoolek eszenatokia jarri zuen. Nahiago izan dut argitzea PWCk eta Deustuk nolako indarra duten Kutxabanken, EAJren gainetik erabaki hura hartzeko. EAJk baino gehiago agintzen dute herrialde honetan.

Zure liburuaren izenburua aski argigarria da. Non ematen ari da salatzen duzun Euskal Herriaren harrapaketa hori?
Kutxabank eta Euskal Herriko sare produktiboaren artean lotura bat dago. Bankuak 170 enpresatan zituen akzioak, eta kentzen ari da. Beraz, sare produktiboari babesa eman ordez, likidatzen ari da. Orain arte behi sakratuak ziren enpresa askotan ?euskal errotzea esaten zitzaiona? desinbertsioak egin dituzte. Sarea deslokalizatzen ari da, merke salduta. Elite ekonomiko, politiko eta finantzarioa ari da horretan. Botere horrentzat, Kutxabank ez da beharrezkoa.

Euskaltel aipatu duzu adibide gisa. Zergatik?
Enpresa estrategikoa izan da, eta Kutxabankek indar handia izan du hor. Garai batean Siemens ?orain Gamesa erostekotan dagoen Siemens bera? saiatu zen Euskaltel bereganatzen, eta orduan Jaurlaritzak eta aurrezki kutxek aurre egin zioten. Kutxabankekin gertatuko denaren aurrerapen gisa, burtsara atera da Euskaltel. EAJk jarritako kargudunek bonus handiak kobratu dituzte, Kutxabankek zeukan indar guztia galdu du, eta 30 funts putre sartu dira Euskaltelen.

Kutxabank sortu aurretik ere, aurrezki kutxak zeuden garaian, lehia politiko handia zegoen. Lehiak jarraitzen du?
Kutxabanki buruzko erabakiak elite ekonomikoarekin, fortuna handiak dituztenekin edota zerga iruzurgile nagusiekin adostu behar dituzte politikariek. Ez dago garbi bankuan aurreztaileen ordezkari direnak haiek defendatzen ari diren edo beste interes batzuen alde dauden. Abokatu bulego batzuek eta aholkularitza etxe batzuek ?fortuna handiko bezeroak dituztenak? euren bide orria dute bankuarentzako. BBVAko euskal oligarkiak beste interes batzuk ditu, era berean. Aurreztaileei baino kasu handiagoa egiten diote politikariek fortuna handien ordezkariei.

Nortzuk dira eliteen ordezkari horiek?
Familia aberatsen aholkularitza etxe nagusia da Consulnor. Hor Bergaretxe familia dago, Vocentorekin eta BBVArekin lotura duena. EAJri egurra eman diote, PPrekin eta EH Bildurekin aberatsen dirua apur bat gehiago fiskalizatzea erabaki zutelako. Consulnorrek Jose Luis Bilbaoren burua eskatu zuen, eta galarazi zion EAJri Bilbaok Senatuan edo EBBn aulki bat izatea.

Non ikusten dituzu beste interesen aldeko erabaki horiek?
Kutxabankek ahalegin itzela egin du Europan klaseko lehena izateko. Supermario Fernandezek kasu handia egin dio Supermario Draghiri, eta gerrikoa estutu du. Funts hornidura handiak egin dira, eta horretarako aurreztaileak ito ditu, eta enpresa txiki eta ertainei kreditu jarioa itxi zaie.

Aurrezki kutxek ez dute finantza erreskaterik izan. Sarritan aldarrikatzen den bezain ona izan da horien kudeaketa?
Badaude azterketak hori aipatzen dutenak, baita atzerrian egindakoak ere bai. Baina erradiografia zabala egin dut, eta ikusten da euskal aurrezki kutxek gainerakoen arazo berberak izan dituztela. Higiezinekin hipertrofia izan dute; hedapen arriskutsuak eta polemikoak egin dituzte, ustelkeriari lotuta, Andorrako bankua edo CajaSur erosita; Mediterraneora joan ziren negozioak egitera. Norentzat ari dira lanean hemengo politikariak?

Ez duzu uste Kutxabankeko arduradunak euskal aurreztaileen alde lanean ari direnik?
Xabier Sagredok [BBK-ko presidentea] eta Atutxa familiak enpresa sare bat dute, administrazio publikotik adjudikazio asko lortzen dituena. Horientzat ari dira lanean, ez gizarte interesaren alde. Interes kontrajarriak daudenean, noren alde egingo du Sagredok? Bera da Kutxabanken parte hartzeen etorkizuna erabakiko duen pertsona.

Jabetza eragile pribatuei saltzen ikusiko dugu Kutxabank?
Nik uste dut egitekoa zela, hala adostu zela EAJrekin. Baina Mario Fernandez aurreratu zen iragarpenarekin, PWC aholkularitzak eta Deustuk bultzatuta edo BBVAn kide izandakoak babestearren, eta hauteskundeen aurretik zenez, dimisioaren itxurak egin ziren. EAJk ez du nahi ezagutzea nolako ondorio sozial eta ekonomikoak izango dituen horrek. Azkenean, Euskaltelekin gertatu da, eta Tapia sailburuak esan du ona dela euskal enpresentzat burtsara ateratzea. Bidea egiten ari zaio, alfonbra gorria jarrita.