Matute “Argi geratu da paradisu fiskalak ez direla arazo Munduko Bankuarentzat”

Alternatibaren kide eta Madrilen EHBilduren diputatu, Oskar Matutek, Munduko Bankuaren “izaera espoliatzailea” salatu eta “paradisu fiskaletan enpresak izateagatik zergak saihestea ere ustelkeria mota bat dela” esan du.

Diputatu subiranistak gogor kritikatu du Soria auzia, “ez Espainiako estatua ordezkatzear zegoelako Munduko Bankuan, auzi honek banketxe horren eta Alderdi Popularraren benetako izaera erakusten duelako baizik”.

Bere ustez, “Munduko Bankuaren helburua ez da garapen bidean dauden herrialdeei laguntza ematea ez eta pobreziari aurre egitea. Alderantziz. Munduko Bankuak helbururik badu, hori herrialde horiei guztiei lapurreta egitea da”.

Oskar Matutek PPren hipokresia ere salatu du. Bere esanetan, “birsorkuntza demokratikoaren alde ari dela esan eta esan ari den bitartean inongo lotsarik gabe ate birakarien politika sustatzen du paradisu fiskaletan enpresak izanik zergak saihestu dituen ministro ohi bat Munduko Bankuko zuzendari nagusiaren kargurako proposatuz”.

Ekonomia ministroaren agerraldia dela eta, Matutek ukatu egin du Jose Manuel Soriaren izendapenak irizpide politikoei erantzuten ez zienik. “Ez al zegoen paradisu fiskaletan enpresarik ez zuen hautagairik?”, galdetu du. Are gehiago, EHBilduko diputatuak adierazi duenez, “paradisu fiskaletan enpresak izateagatik zergak saihestea ustelkeria mota bat ere bada”.

Bere aburuz, auzi honek agerian utzi du elite politiko eta ekonomiko batzuen benetako jarduera. “Beti herritarren bizkarretik eta enpresa eta finantza erakunde handien mesedera”, esan du.

ehbildu