Software librea administrazioan ezartzeko aukera aztertzeko ekimen parlamentarioa

Koalizioak ponentzia jakina sortzea proposatu du, adituekin batera bertan eztabaidatzeko software librearen inplementazioaren aukera, eta hala badagokio, adosteko bide orri zehatza, urrats eta epe zehatzekin.

Teknologia libreen erreferente den Librecon kongresuan izan dira EH Bilduren legebiltzarkide Josu Estarrona eta Iker Casanova. Bertan, koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean software librearen harira aurkeztu duen ekimena iragarri dute: ponentzia parlamentario bat sortzea, software librea administrazio publikoan ezartzeko aukera ikusteko eta hala badagoio, urratsak eta epeak adoste aldera. Ponentzia horretan adituak, eragileetako kideak eta administrazioko profesional edo arduradunak egotea beharrezkoa ikusten du EH Bilduk, eta hala jaso du ekimenean.

“Administrazio publikoak, publikoa delako, ez luke menpekotasun teknologikorik izan beharko. Alderantziz, teknologikoki independentea izaten saiatu beharko luke. Hasieran inbertsioa egin behar bada ere (garapenean eta formazioan), ikuspuntu ekonomikotik abantaila asko ditu: hardware inbertsioak murriztu, lizentzietan aurreztu eta enpresa lokalen sustapenean laguntzen du”. Horregatik, koalizioak iritzi dio “egingarria, demokratikoagoa eta positiboa” litzatekeela software librea ezartzea administrazioan.

EH Bildu