Gdeim Izik-etik Luxemburgera, Sahara Hurra!

Europako Batasuneko Justiza Gorteak erabaki du EB eta Marokoren arteko erakunde eta liberalizaziorako, merkataritzarako eta arrantzarako akordioek ez dutela eraginik Mendebaldeko Saharan. Uste dugi albiste oso garrantzitsua dela hori eta, zentzu horretan, Fronte Polisarioa eta Saharako herria zoriondu nahi dugu.

Esan bezala, oso albiste ona da Saharako herriarentzat, Marokoren okupazioaren aurrean egiten ari diren autodeterminazio eskubidearen eta independentziaren aldeko borroka indartu egiten duelak.

Era berean, hurrengo abenduaren 26an Saharako 24 presoren epaiketa errepikatuko da, Gdeim Izik “Askatasunaren kanpalekua”-ren auziagatik. Berriro epaituak izango diren pertsona horiek espetxe zigor eskaerak dituzte eta, horietako batzuk, bizi arteko espetxe zigor eskaera ere bai. Gainera, 2010. urtean torturak jasan zituztela salatu zuten. Eta horren atzean arrazoi bat eta bakarra dago: Saharako herritarren giza eskubideak babestearen aldeko militante politikoak izatea. Gogoratu beharra daukagu Hassana Aalia kidearen kasua. Rabateko Auzitegi Militarrak bizi arteko espetxe zigorra ezarri zion kasu honengatik eta, urteetako borrokaren ondoren, asilorako eskubidea eman zion Espainiako estatuak.

Espetxeratuta dauden pertsonek, haien defentsak eta Giza Eskubideen defentsaren alde aritzen diren eragileak beldur dira eta Tribunalak berriro zigortuko dituztela uste du. Izan ere, aurreko epaiketan hainbat irregulartasun izan zirela adierazi zuten hara bertaratu ziren nazioarteko begiraleek.

Horregatik, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu Sahararen autodeterminazio eskubidea eta independentzia aldarrikatzeagatik espetxeratuta dauden preso politikoei. Era berean, Maroko herri okupatzailearen -eta hura babesten aritzen den Espainiako estatuaren- jarrera salatu nahi dugu, etengabe eta sistematikoki Saharako herriaren giza eskubideak urratzen dituelako.

Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek eta Saharako herriari elkartasuna adierazteko euskal eragileek deituta egingo den mobilizazioan izango gara. Abenduaren 26an izango da mobilizazio hori, 11:30ean, Bilbon Marokokok daukan kontsulatuaren aurrean (Rekalde Zumarkalea, 27).

EH Bildu