Alternatibak globalizazio neoliberalaren arriskuak eta alternatibak aztertuko ditu Gasteizen “In the same boat” dokumentalarekin

Apirilaren 6an, osteguna, Kultur Alternatibak “In the same boat” (“Ontzi berean”) dokumentala eskainiko du Gasteizen, Rudy Gnuttik zuzendutakoa, gero eta handiagoa den aberatsenen eta pobreneen arteko amildegia hizpide duena. Lanak aurrerapen teknologikoak ere ditu hizpide, mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko lanabes izan zitezkeenak baina gaizki kudeatuz gero mehatxu ere izan daitezkeenak.

Jardunaldia arratsaldeko 18.30ean hasiko da hiriburuko Ignacio Aldekoa kultur etxean (Florida pasealekua 9). Dokumentalaren proiekzioarekin abiatuko da, Uruguaiko presidente ohi Jose Mujika edota Zygmunt Bauman soziologo eta filoso ospetsua bezalako pertsonaien hausnarketak eskaintzen dituena. Ondoren, Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohi Ander Rodriguezekin eta Daniel Raventos ekonomialariarekin eztabaida egingo da filmean aipatzen diren hainbat proposamenen inguruan hausnartzeko, baina batez ere Oinarrizko Errenta ardatz hartuta. Izan ere, arlo horretan aditu den Raventos bera -dokumentalean parte hartu du gainera- Red Renta Basica plataformako presidentea ere dela.

Laster, Donostian eta Bilbon dokumentala ikusgai izango da, filmean islatzen diren erronkei eta alternatibei heltzeko. Horretarako ekintzaile desberdinen parte-hartzearekin kontatuko dugu, tartean Yayo Herrerorena. “In the same boat” dokumentala zortzi herrialdeetan grabatu da eta jorratzen diren arloetako adituen ahotsek osatzen dute. Honela, aipatutakoek ez ezik, Oxford-eko irakasle eta ekonomialaria Anthony B. Atkinson; ekonomialari eta desazkundearen inguruan aditu Serge Latouche edo Sussex-eko ekonomia irakaslea Mariana Mazucato ageri dira.