Fatuarte: «Euskara ere ondarea da eta hiriaren eraldaketak eragin handia du hiztunen jardunaren bilakaeran»

EH Bilduren eskariz, HAPO-ak euskararen erabileran izango duen eragina aztertzea onartu du PPren abstentzio bakarrarekin gaurko Osoko Bilkuran. “Euskararen erabilera %3koa baino ez da Bilbon. Euskaldun asko dago, baina hirian zehar sakabanatuta eta HAPOan egin daitezkeen aldaketak eragina izan dezakete hizkuntzaren erabileran. Hori aztertu behar da eta beharrezko neurriak hartu”, azaldu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak.

Zehazki hau izan da onartu dena:

Bilboko Udalbatzak Udal gobernu batzordeari agintzen dio, Bilboko HAPOaren berrikuspenean, euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatu dezan eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatzea.

Alba Fatuarteren hitzak:

Legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berritzea izango da. Honezkero guztiok argi daukagu erronka handia izango dela, proiektu hau ez delako mapa edo plano sorta soila. Izan ere, plan honek etxebizitza, ekipamendu eta azpiegiturak antolatzeaz gain, hiri-eredu bat marraztuko du, eta eredu hori jasangarria, arduratsua, orekatua eta aberasgarria izatea nahi badugu, ezinbestean zeharkakoak diren hainbat aldagai kontuan izan beharko dira, hasiera batean hirigintzarekin harreman zuzena ez dutela badirudi ere. Badakigu hauetako aldagai batzuk dagoeneko kontuan hartuko direla: Herritarren parte-hartzea edota genero ikuspegia, esaterako; baina hauek ez dira guztiak: Hizkuntzaren faktorea falta da.

Bitxia da nola lotzen dugun oso modu errazean hirigintza ondarearekin eta identitatearekin, baina askotan ez gara konturatzen zaindu eta mantendu beharreko ondare hori ez dagoela arkitektura edo ingurumenarekin bakarrik lotuta. Euskara ere ondarea da eta hiriaren eraldaketak eragin handia du hiztunen jardunaren bilakaeran. Batzuek esango dute erdal hiztunengan ere eragina izan ditzaketela hiriaren aldaketek, baina ez dezagun ahaztu egoera diglosiko eta desorekatu batean gaudela, eta egoera ezegonkor eta gutxituan dagoen euskal hiztunen komunitateak askoz nabarmenago pairatuko dituela eragin horiek.

Arriskuak ez dira txikiak. Aspalditik soziolinguistikan adituek azaldu dute nola globalizazioaren eraginpean sustatu diren urbanizazio prozesu azkarrek herrien hizkuntza ohiturak kaltetu dituzten. Fenomeno hauei aurre egin beharko genieke, ahozkotasunean eta euskal hiztunengan zehazki eragin dezaken kaltea ekiditeko. Eta hau Bilbo bezalako hiri handietan egitea are garrantzitsuagoa da. Zergatik? Hain justu, biztanle gehienak bertan bizi direlako. Arazoa da hemen “arnasgune geografikoetan”, edo bestela esanda, euskaraz trabarik gabe bizitzeko aukera ematen duten herrietan baino sakabanatuago bizi garela euskaldunok eta horregatik da hain garrantzitsua hirietako “arnasgune soziofuntzionalak”, hau da, euskara nagusi den espazio fisikoak, euskaraz naturaltasunez bizitzeko aukera ematen duten horiek babestea, kudeatzea eta antolatzea.

Horretarako estrategia urbanistiko argi bat zehaztu beharko dugu, euskal hiztunen komunitatea hirigintzatik bertatik, hiri-eredutik bertatik indartuz. Ingurune fisiko eta naturaren alorrean, Pagasarri, Artxanda eta Kobetamendiren artean bioaniztasuna zaintzeko korridore ekologiakoek Bilboko Eraztun Berdea osatuko duten bezalaxe, mendietako magalek paisaian duten eragina zainduko den bezalaxe, euskararen arnasgune soziofuntzionalak lotzeko eta saretzeko estrategiak garatu daitezke, eta horretarako, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berrizteko parte hartze prozesuak aukera paregabea ematen digu.

Gainera, ezin dugu ahaztu, legeak berak hau egitera behartzen gaituela. Izan ere, 2016an onartutako Udal Legearen arabera, Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira.

Guk uste dugu dudarik gabe Bilboko HAPO berriak hiriaren egoera soziolinguistikoan eragina izango duela, eta horrenbestez, eragin linguistiko hori ebaluatu beharko litzateke, eta genero ikuspegiarekin egingo den bezalaxe, hizkuntza ikuspegia txertatu HAPO berrian. Esaterik ez dago Euskal Herria Bildurentzat eragileen parte hartzerik gabe prozesu honek ez duela zilegitasunik izango, beraz adituen ekarpenaz gain, egunerokoan lanean ari diren euskalgintzako eragileen ahotsa entzutea eta kontuan hartzea ezinbestekoa izango dela.

Hauxe da gure proposamena eta euskararen normalizazio prozesua indartzeko eta euskalgintza babesteko helburua, gu guztiona dela aurreikusita, espero dugu gainontzeko udal-taldeen babesa izatea.

EH Bildu Bilbo