Fatuarte: «Benetan udalak ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitu eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arintzeko?»

Osoko Bilkuran EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio auzoko jaien aldeko benetako apustua egitea. Mozioa ez da aurrera atera EAJk eta PSOEk, PPren laguntzarekin, inolako konpromisorik hartu nahi izan ez dutelako.

 

 

Gure kide Alba Fatuarteren hitzartzea:

Ez da lehen aldia EHBildu udal taldeak auzoetako jaien gaia Udalbatzarrera ekartzen duela. 2012an ere oso antzeko proposamen bat ekarri genuen, eta duela bost urte bezala, Udal Gobernuaren erantzuna ere beretsua izan da.

Auzoetako jaiei dagokionez, aurrera egin beharrean, eta dauden arazoak pixkanaka konpondu ordez, egoerak bere horretan jarraitzen du eta kasu batzuetan esan dezakegu, okerrera egin duela.

Batetik EAJk eta PSOEk esaten duzue behin eta berriro auzoetako jai batzordeen lana aintzat hartzen dela Udal honetan, eta aitortza egiten zaiela, baina argi dago hitz hoiekin batera ekintzak ez datozela bat.

Soilik kopuruetara begiratuta, ikusten da zein den Udal honen konpromisoa auzoetako jaiekiko eta zelako desoreka dagoen udal honek finantzatzen dituen beste ekitaldi pribatu batzuekiko:

  • 39.000€ko aurrekontua auzoetako jaietarako, jai batozrde bakoitzeko gehienez 1.500€ esleitzen direlarik.
  • Jai batzorde bakoitzaren gastuen bataz bestekoa 22.000€
  • Udalaren dirulaguntza gastuaren %7a suposatzen du
  • Jai batzordeen gastuaren laurdena azpiegituretara doa: tarimak, eszenatokiak, komunak, segurtasun hesiak… Udalak berak exigitzen dituen elementuak dira gainera.

Datuak ikusita: Benetan udal honek ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitzeko eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arinagoa izan dadin, udalak gastu hauek bere eginez? Benetan ez duzuela asmorik hori egiteko kontuan izanda urtean ia 600 jarduera antolatze dituztela? gogoratu behar al dizuegu 600 ekintza hoiek doakoak eta jendarte osoari zuzendutakoak direla? gogoratu behar dizuegu auzoetako jai batzordeak auzoetako bizitza sortzeko ezinbesteko eragileak direla, komunitatea sarea biziberritzen dutela? Gogoratu behar dizuegu jai batzordeetako kideak boluntarioak direla eta gero eta zailtasun handiagoak dituztela euren lana egin ahal izateko.

Okerrena da EAJk eta PSOEk hau guztia badakitela, baina penagarriena da hau jakinda ere, ez dutela inongo asmorik gauzak aldatzeko.

Asmorik ez aurrekontuan konpromiso bat hartzeko eta asmorik ez herritar hauei kudeaketa lana errazteko. Ze dena ez da dirua. Tramiteak burokraziaz beteta daude.

Auzo bateko jaiak antolatzeko zortzi leihatila ezberdinetatik pasa behar dira jai batzordeetako kideak: Parte-hartzea, Obrak eta Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasuna, Garraioa, Segurtasuna, Kultura, Osasuna eta Kontsumoa, eta Jaiak. Beraz eskakizun hau, Udal osoarentzat da, ez bakarrik jaietako sailarentzat. Eta eskakizuna argia da: Leihatila bakarra osatzea.

EH Bildu Bilbo