Del Río: «Ezkerrak erabaki beharra dauka, edo hautetsontzi eta demokraziaren alde, edota errepresioa eta erregimena indartzearen alde»

Kurtso politiko berri honetarako hiru ardatz jarri ditugu mahai gainean gaurko bileran. Gainera, hirurak bere gain hartzen dituen burujabetza ere hizpide dugu. Lehenengoa, testuinguru politikoari begira bereziki dago, emantzipazio borrokak, Kataluniako adierazlerik gertukoena dugula. Gure ustez, 78ko erregimenak inoiz jaso duen erronkarik handiena dago Kataluniako prozesuan eta urriko erreferendumean. Are gehiago, estatu propioa eraiki nahi duten estaturik gabeko herrientzat aukerarik handiena da, baita demokrazia zein eskubideetan gabezia handiak dituen estatua eraldatu nahi dutenentzat ere.

Ezkertiarra eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa den inork ezin dio kontra egin Kataluniak herritarrei hitza emateari. Egoera honen aurrean, ezkerra ezin da ez isilik gelditu ezta PP-PSOE-Ciudadanos tripartituaren eskutik joan. Aukeratu beharra dago: edo hautetsontzi eta demokraziaren alde, edota frankismoaren ondorengoa den erregimen monarkikoa indartzearen alde; herrien burujabetzaren aldeko agertu edota burujabetza hori Troikari oparitu ziotenekin bat egin.

Kurtso honetarako bigarren ildoa feminismoan kokatzen dugu, benetako berdintasuna lortzeko borrokan. Tamalez, gaur berton ikusten dugu nola Hondarribian emakumeak baztertzen dituzten eta okerrena da erakunde publikoek, udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, babestutako bazterkeriaz ari garela. Bizkaian, era berean, 300 egun baino gehiagoko greban ari dira zahar etxeetako langileak, beren duintasuna eta artatzen dituztenena aldarrikatzen dutela. Ez da lan gatazka soil bat, eta zalantzarik gabe luzatzen bada emakumeak protagonista direlako baino ez da. Zaintza, lan erreproduktibo guztia bezala, kurtso honetan jorratzen jarraitu beharreko arloak dira, erakundeetatik zein gizartearen baitan, beti mugimendu feministarekin etengabeko elkarrizketan. Ez ditugu ahazten, halaber, emakumeen soldata baxuagoak, kristalezko sabaiak edota indarkeria matxista (gaur ezagutu dugu eraso matxistak %4 igo direla EAEn), oraindik ere erakunde publikoen benetako konpromisorik ez duena, gizartean dagoen egiturazko desberdintasuna baitago jatorrian.

Alternatibatik, inolako ezbairik gabe babestu dugu Kataluniako prozesu burujabea. Ez ikuspegi abertzale batetik baizik eta sinesmen internazionalista, emantzipatorio eta demokratiko batetik. Uste dugu eraikuntza nazionala eta soziala batera datozela eta jakin badakigu Katalunia burujabe batek duintasun eta eskubide gehiago eskainiko dizkiela bere herritarrei. Euskal Herriarentzat uste dugun bezalaxe. Horregatik guztiagatik, gure alderdiaren ordezkaritza batek, CUPek gonbidatuta, parte hartuko du asteburutik aurrera ospatuko diren Diadaren ekitaldietan. Era berean, urriaren 1eko galdeketa garrantzitsuan Alternatibaren zuzendaritza ia osoa bertaratuko da Bartzelonara. Euskal gizarteari, bestetik, erreferendumaren elkartasunean herri eta hiri ugarietan antolatu diren elkarretaratzeekin bat egitera deitzen dugu.

Hirugarren eta azken ardatza desberdintasun sozialen gainekoa da, 2008ko krisiaren amaiera aldarrikatzen dute batzuek, garai artako mozkin enpresarialetara bueltatu direlako, ezkutatzen dute, alabaina, aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa dela; berreskuratutako enplegu urria erabat prekarioa da eta pobrezia adierazleak gero eta larriagoak. Ez bakarrik EAEn, non EAJk euskal oasiaren irudia saldu nahi duen arren Ebrotik behera begira beti datuak alderazteko garaian. Enpresa ugari dago kinka larrian: CEL, Naval ontziola, Edesa zena, Gometegui eta beste dozena batzuk. Eusko Jaurlaritza ez da konponbiderik emateko gai eta, gainera, laguntza sozialak murrizten ditu. Gazteen egoera larria ere azpimarratu beharra dago, erbestera kondenatuta daude eta hemen gelditzen direnei gero protestarako eskubidea ere ukatu nahi diete.

Esan bezala, subiranotasuna hiru ardatz horien haria izango dugu, kalean zein instituzioetan, gure ekimen politikoaren iparrorratz. Alternatiba abiatu zenetik ia 9 urte beteko direnean, gure helburu batzuk erdietsi ditugu; euskal ezker subiranistaren subjektu politikoaren sorrera, EH Bilduren jaiotza alegia, euskal eskuinaren alternatiba izateko gai den subjektu politiko sendoa bihurtzeko prozesuan murgilduta dagoela. Bide horretan, dudarik ez dugu Alternatiba indartzea, Euskal Herria Bildu bera sendotzea dakarrela.