Fatuarte: «Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu»

Gure kide Alba Fatuarteren hitzak Bilboko azken udalbatzan jai ereduaren inguruan:

Hau esanda, gaurko gaiari dagokionez, berretsi egiten dut proposamen honek ezjakintasun handia erakusten duela Aste Nagusiaren sorrerari buruz; ez naiz hasiko hemen historia kontuekin, beraz, gomendatzen dizuet esaterako “Amets Nagusia” dokumentala ikustea zalantzarik izanez gero. Bilboko Konpartsek Areatzan izan dute euren lekua historikoki, gaur egun indarrean dagoen eredu mixtoa sortu aurretik ere. Hori lehenik.

Bigarrenik, Bilboko konpartsen “ustezko monopolio” horri buruz: berriz ere erakusten duzue ez dakizuela, edo hobeto esanda, ez duzuela onartu nahi zer den Bilboko Konpartsen Federazioa eta nola funtzionatzen duen. Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu argia, eta garrantzitsua da esatea ez dela Federazio itxi bat, aitzitik eragile bizia da, eta aldakorra; hau da, konpartsa batzuk, tamalez desagertu egiten egiten dira, baina zorionez berriak ere sortzen dira; hortxe ditugu azken urteotan eratu diren hainbat konpartsa berri, esate baterako, Trikimailu, aisialdia eta heziketa ez formalaren ingurutik sortua; edota Munduko Jendeak, kultura aniztasuna ardatz duena, eta era berean beste 36 elkartek osatzen dutena. Beraz, argi dago Bilboko sare soziokulturala aldakorra den heinean, Bilboko Konpartsak eta beraz Aste Nagusian Areatzan agertzen zaigun paisaia hori ere aldakorra, anitza eta irekia dela.

Beraz, elkarte bat Areatzan egoteko ez du arazorik; elkarteen zerrendan erroldatuta dagoen edozeinek egin diezaioke Bilboko Konpartsei Federazioan sartzeko eskaera, eta bi urtez ekintzetan parte hartu ezkero, hau da Aratusteetan, Santo Tomasen, San Juanen eta Konpartsek lantzen dituzten ekimenetan parte hartu ostean, txosna Areatzan jartzeko aukera izango du.

Kontua da zuek, alderdi popularreko jaun andreek guzti hau badakizuela, baina hasieran esan dudan bezala, zuen arazoa da ez duzuela gustuko Bilboko Aste Nagusiaren eredua, eta horregatik saiatzen zarete behin eta berriro eredua erasotzen. EHBildutik espero dugu gaur, irailean bezala, jarrera horretan bakarrik gelditzea. Guk uste dugu gaur Bilbotar guztion aurrean Aste Nagusiko jai ereduaren aldeko jarrera berresteko modurik hoberena, proposamen honi ezezko bozka ematea dela, eta hala egingo dugu guk.

EH Bildu Bilbo