Fatuarte: «Ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso»

Diru publikoa jasotzen duten enpresetan Administrazio Publikoan egiten diren antzeko hautaketa prozesuak egitea eskatu dugu azken Osoko Bilkuran. Gure kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek adierazi du proposamen hori egin dela kontratazioetan gardentasuna bermatzeko.

“Azken hilabeteetan ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso. Gaur egungo sistema ez da batere gardena eta ez da justua lanpostu batera aurkezten den jendearekin. Izan ere, azken horiek ez daukate inolako aukerarik lanpostua lortzeko”.

EAJk eta PSOEk kontra bozkatu dute. Udalak %50ean parte hartzen duen Bilbao Bizkaia Museoak-en komunikazio teknikari bat aukeratzeko hautaketa prozesuak hainbat gabezi utzi zituen agerian; hautaketa prozesuaren oinarrietan zein enpresa pribatu batek egindako prozesuan izandako gabeziak, hain zuzen ere. Gabezi horiek lanpostu horretara aurkeztu ziren hautagaien artean kezka eta polemika sortu zuten, izan ere, hautaketa prozesuan berdintasun egoeran aurkezten zirela uste zuten.

Gertatutakoa ikusita, eta etorkizunean diru publikoa jasotzen duten enpresa eta erakundeetan egin daitezkeen hautaketa prozesuetan susmorik ez egoteko, beharrezkoa da neurriak hartzea. Beharrezkoa da, hain zuzen ere, prozesuan publizitatea, berdintasuna, diskriminazio eza, gardentasuna eta lehia bermatzea, administrazio publikoan gertatzen den bezala.

EH Bildu Bilbo