Feminismo mahaia, lan hil hauetan zehar, taldekako sortze prozesu honetan ezarritako helburuei erantzun ematen saiatu gara: egitarau politikoaren eta antolatze egitarauaren oinarriak zehaztea. Gure ahalegina, batez ere, bi arlo hauek geure politika feministaren baitan txertatzea izan da.
Bere burua ezkertiartzat duen edozein indar politikok ezin ditu hainbat feminismotatik mahai gainean jartzen eta aldarrikatzen ari diren proposamen politikoak alde batera utzi. Gaiok ezin dute ezkerreko alderdien egitarauetan epigrafe soila izan, ezta alderdietako emakumeen gaia soilik izan ere, baizik eta proiektuari eusten dioten berezko oinarri ideologikoetan zein erakundearen arlo guztietan egon behar dute.
Merezi du argitzea, aipatu moduan, hainbat feminismo mota dagoela eta, zeini egiten diogun erreferentzia. Ez dugu zehazki korronte baten aldeko apustua egin, gure proposamen honetan guztietako osagai interesgarriek elkarbizitzeko aukera dutela uste baitugu; baina geure inguru ideologikoaren oinarrizko osagaiak azaldu beharrean gaude:
- Geure borroka feminista sistema patriarkalaren aurka ez ezik, sistema kapitalistaren aurka ere badelakoan gaude. Sistema patriarkala, gizarte antolatze sistema legez, gure bizitzako errealitateko guztietan ageri da; eta beraren arabera “maskulinoa”, eta ondorioz gizonezkoak, denaren erdigunean daude. Sistema honek gizonezkoen esperientzia eta bizipenak gizateria osoarentzat eredugarriak direla uste du. Gizaki eredu bat zehaztu du -gizonezkoa, anglosaxoia, adin ertainekoa, heterosexuala, katolikoa, gaixotasun edo gaitasunezarik gabea, arrakastako lanbideduna, …- boterearen goiko ertzean eta eskubide oro duen herritartzat; eredu honetatik urrundu ahala sisteman duen indarra murriztu egiten da. Honetaz gain, herritartasunean eta hau praktikan jartzearen maila ezberdinak ezarri ditu, aipatu irizpideen araberakoak. Laburtuz, patriarkatuak boterearen ezarpen autoritarioa planteatzen du, sektore eta pertsona zehatzen esku. Bereziki emakumeak baztertzen ditu baina boterearen eskuragarritasun eta praktikan ezberdintasun nabariak sortzen dizkie gehiengo askori;hala, gizarte demokratiko eta berdinzalea mugatzen da. Sistema patriarkalaren aurkako borroka, beraz, ezkerreko mugimendu berriak ezin albora edo esperoan utzi dezakeen borroka da.
- Sistema patriarkala iraunkorra eta etengabea da historian, bere burua eraldatu eta testuinguru eta garai ezberdinetara egokitu izan da; halere sistema kapitalistaren baitan indartu eta garatzeko aukera paregabea aurkitu duela esan beharra dugu. Bi sistemok, ezberdintasun eta mendekotasun iturri diren heinean, elkar elikatu eta laguntzen dute. Geure egitarau feministak ezin dio uko egin sistema kapitalistaren aurkako borroka oinarrizko ardatzetako bat izateari; orobat, bultzatu nahi dugun sozialismoa ez da posible feminista izan ezean.
- Indar politiko berri honek emakumeek bere burua talde sozialtzat hartu eta beraien gaineko konfiantza garatuko duen prozesua jabekuntzabultzatu beharko du. Sistema patriarkalak zein kapitalistak emakumeen aurkako hainbat indarkeria mota sortu ditu, bizitzako arlo guztietan jabekuntza gaitasuna kenduta. Sistema biek emakumeak hiritartasun osotik aldentzen dituzte. Ezkerreko indar garen heinean, beraz, emakumeen askatze eta garatze prozesu hori bultzatu behar dugu, euren kontzientzien jabetzea sustatuz, gizabanako eta talde moduan, erabaki hartzean eta agintean euren parte hartzea eta eragina indartuz. Jabekuntza prozesuak, banakoaren mailan, emakumeak bere mendekotasunaz jabetzea dakar; maila kolektiboan, jasaten duten mendekotasun sozial eta bazterketaren jabetze komuna egiten dute, eta horren aurka borrokatzeko behar den antolatze mailaz.
- Emakume izanik, gutxienez lau autonomia esparru dakusagu lortzeko: autonomia fisikoa (geure gorputzaren, sexualitatearen eta emankortasunaren gaineko boterea eta kontrola); ekonomia autonomia (baliabide eta ondasunak eskuratu ahal izan eta kontrolatzea); politika autonomia (oinarrizko eskubide politikoak lortzea eta erabili ahal izatea, erabaki esparru guztietan geure parte hartzea bermatuta); sozio-kultura autonomia (baliabide kulturalen kontrola eta informazioaren eskuragarritasuna, izaera burujabe baterako eskubidea eta berezko balioaren eta auto-estimaren onarpena).
- Jabekuntza prozesu hau bultzatzeko aldarriak ezkerreko indar politiko berri honen egitarauan honako egitarau ardatzak eman ditu.
- Honetaz gain, kontzeptu honek erakunde berriaren antolaketan izan behar duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Emakumeek jabekuntzata prozesu propioei ekin behar diegu, emakumeon berdintasun-eza egoerara egokituak. Horregatik, ezkerreko paradigma berriaren erronka da herritargoaren auto-eratze, garatze eta indartze prozesuak sustatzea.
- Geure proposamen feministan, bada, botere forma berriak mahaigaineratzen dira. Egungo ereduak ez zaizkigu baliagarriak aipatu prozesuak bultzatzeko. Hainbat egile feministaren planteamenduaren arabera, botere tradizionala 0 orekakoa izan da, hots, pertsona edo talde batek botere arloak lortzeak beste batek galtzea ekarri behar zuen nahitaez. Hala, gehiengo handiak boteretik at geratu izan dira, emakumeak tartean. Guk balioetan metakor den boterearen alde egiten dugu, talde edo pertsona batek duen botereak orokorrean dagoen botere kopurua areagotzen du. Proposamen feministei jarraiki, boterea barrutik hartu nahi dugu, hau da, geure kontzientzia eraldatu eta gure errealitatea berrinterpretatzea; boterea besteekin nahi dugu, beste emakume eta eraldaketarako taldeekin elkarlana nahitaezkoa baita; boterea helburuekin, aldaketaren aldeko elkartasunari deitzeko, berdintasun-eza sortzen duten egiturei aurre egiteko. Botere honi gagozkio jabekuntza prozesuak sortzeaz ari garenean. Ez dugu egungo boterera iritsi nahi, baizik eta eraldatu egin nahi dugu. Sustatu nahi dugun erakundearen helburu nagusietakoa izan behar duelakoan gaude.
- Feministak izanik, gune elkarbanatu batean esku hartzeko apustua aztertu behar dugu. Emakume feministok geure aldarri eta borroka propioentzako gune berezitua eduki behar dugula uste dugu, eta emakumeen mugimendu autonomoa babesten eta defendatzen dugu. Baina, era berean, oinarrizko deritzogu ezkerreko aliantza berri batean parte hartzeari, eta esparru honetan gure aldarri feministen alde egiteari. Euskal Herrian benetako alderdi feminista eta ezkertiarra egon dadin egiten dugu lan. Egin daitekeelakoan gaude. Ezkerraren baitan mugimendu feministak jasan duen bazterketa albo batera utz daitekeelako itxaropena dugu. Badakigu ez dela erraza, erronka ugari ditugula aurretik, baina apustua egingo dugu. Hala izango bada, gizonezko gure kideen kidetasuna, babesa eta konpromisoa eskatzen ditugu borroka feministen alde egiteko; emakumezko garenon borrokak, eurena ere behar du izan.