Alternatibak erroko demokrazian oinarrituriko gizartea aldarrikatzen du, honako irizpideen arabera ulertzen duguna:
- Parte hartzea boterearen oinarrian: boterea biztanleriaren esku hartze aktibo eta burujabearen bitartez eraman behar da aurrera erabaki esparru bakoitzean, herritarrek parte hartze hori bermatuko dien bide, egitura, informazio eta gizarte eredua behar dituzte. Parte hartze hau ezin da mugatu esparru politikora, beste ekonomia, gizarte edo kultura dinamiketara ere zabaldu behar da. Helburua da, ezaugarri estrategikoenetan bederen, gehiengoek zuzentzea euren eredu eta gizartea.
- Ez dago eredu bakarrik edozein testuinguru edo kulturatan bere horretan errepikatu behar denik. Aitzitik, demokrazia kontzeptu ezberdinak elkarbizitzan izan daitezke komuneko eskubideen eta irizpideen zerupean. Beraz, erabateko demokrazia eta ordezkaritza zuzen adibideak – Boliviako Alto hirian edo zapatisten Juntas de Buen Gobierno direlakoak adibidez- ordezkaritzari garrantzi handiagoa eskaintzen dioten batzuk bezain baliagarriak izan daitezke.
- Kalitatezko parte hartzea eskuragarria izatea denei bermatzeko subjektu bakoitzari egokituriko estrategiak garatu behar dugu. Hala, Gako nagusiak agirian adierazi dugun legez, subjektu bakoitzak mendekotasun sistema ezberdinak –kapitalismoa, patriarkatua, …-jasaten ditu eta benetan aukera berdintasuna bermatuko duten prozesu, egitura eta politikak ezarri beharko dira. Emakumeen kasua nahiko adierazkorra da, izan ere, bazterketa eta prekarietate ekonomiko handiena jasateaz gain, erabaki guneetatik oso urrun daude; logika maskulinoaren araberako ohitura, kultura eta egituren ondorioz. Funtsezko neurriok kontuan hartu behar dira errealitatea errotik aldatzeko.
Irizpide hauetatik abiatuta, honako ezaugarriez osaturiko erroko demokrazia kontzeptua aldarrikatzen dugu:
- Demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia eta ordezkaritza demokrazia uztartzea. Gizartearentzat estrategikoak diren erabakiak herritarrek hartzea bermatzen du, bai tokian tokikoan zein estatu edo nazioarte esparruetan; era berean, politika publikoetan herritarrek parte hartu ahal izateko egiturak definitu dira; azkenik, ordezkari politiko eredu berria zehaztu da, kargutik kendua izateko aukerapean eta txandakatze sistema batean politikarien profesionalizazioa saihestuko duena.
- Demokrazia parte hartzeko egiturak sortzetik urrunago doa; kalitatezkoa izango bada, herritarrei informazioa lortzeko aukera berdin, garden eta objektiboa eman behar die.
- Erroko demokraziak erabat ezberdin den gizarte eredua behar du, gizarte berdinzaleetan soilik eman baitaiteke kalitatezko esku hartzea. Gainera, eredu ekonomikoak arlo publikoan parte hartu ahal izateko denbora eta baliabideak bermatu behar dizkio herritarrari, eta parte hartzea bera funtsezko balio delako kultura hedatu egin behar da.
Erroko Demokraziaren Mahaiaren proposamenak 3 ezaugarrion arabera antolatu ditugu, 5 puntutan sailkatu ditugu beraz: demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia, ordezkaritza demokrazia, informazioaren eskuragarritasun ekitatiboa eta tokian tokiko estrategia.
Azken puntu honetara enfokatu da lana, demokratizaziorako prozesu estrategikoan funtsezko ikusten baita, behetik abiatutako ezker alternatiba bat osatzeko asmoan.