Europar egitasmoaren zentzu-aldaketa neoliberala 70ko hamarkada eta 80.ko hasierako ekonomia eta energia krisien ondoren hasi zen, finantza elitek eta nazioarteko enpresa nagusiek Bruselari merkatu eta moneta bakarraren ezarpena eskatu ziotenean, AEBk eta Britainia Handiak aldarrikaturiko globalizazio neoliberalaren harira. 90.ko hamarkadan joera neoliberal horrek aurrera eta gora egin zuen, batez ere 2000ko Lisboako Estrategiatik aurrera. Gizarte eta lurralde ezberdintasun itzelak sortuko dituen hazkunde ekonomikoa sortu zen horrela, metropoli eskualde handiak nagusi ziren prozesu batean, gero eta kulturanitzagoak izaki EB kanpoko biztanlearekin eta gero eta biztanleria gutxiagorekin geratu ziren eta agroindustria handien mende zeuden landa periferiekin arazoak sortuz.
Bestetik, finantza eta enpresa elite europarrek, moneta nazionala nagusitasun politiko eta militarraren babesarekin indartzearen estrategiari jarraiki, euroa babestuko duen botere politiko eta militarra lortzea dute helburu, europar egitasmoaren sakontze eta zabaltze prozesu baten bitartez. Sakontze hori, estatuek euren atzerri politika, segurtasuna, justizia eta barne saila eskumenei uko egitean datzana, interes nazional ezberdinek eta beto eskubideak oztopatzen zuen. Zabaltzea merkatuaren beraren zabaltzean eta lan-esku gaitu berri eta merkea lortzeko aukeran oinarritzen da. Bi prozesuak une berean eman dira eta herrialde berriak sartzearekin batera estatu kideen beto eskubidea galdu da eta erabakiak hartzeko bide berriak ezarri dira.
Joera neoliberal hauek europar eraikitzean izan dituzten ondorioak sakonak eta ugariak izan arren, merezi du 3 arlo bereziki aipatzea: merkatu politika bateratua, eskubide sozialak eta etorrera eta asilo politika europarra.
Merkatu politikari dagokionean, MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea, OMC gazteleraz) barneko elkarrizketa aldeanitzak geldotu zirenetik, EBk Elkartze Ekonomikorako Akordioen (EPA ingeleraz) bitartez aldebiko elkarrizketaren alde egin du nazioarteko enpresa europarrei komeni zaizkien inbertsio arauak ezartzera deituak, baliabideen eskuragarritasuna liberalizaturik, erosketa publikoak baldintzatuz eta lan edo ingurugiro standarrak murriztuz. EBk dio akordio hauek kideen artean eginak direla eta elkarkidetzan eta parte hartzean oinarriturik daudela; baina akordioon ardatz nagusia arantzelen murrizketa da, baina alde ezberdinen arteko merkatu desorekak ezarpen huts bihurtzen ditu. Arantzel-tasak kentzeak txirotutako herrien giza garapena finantzatzea oztopatzen du eta akordioek herri hauei jabetza intelektual eskubideak betetzera behartzen dituenez, besteak beste, botika generikoak inportatzea debekatzen die. Honetaz gain, akordio hauek erreximen autoritario batzuen irudi sinbolikoa eta politikoa indartzen lagun dute, EBren “kide” bihurtu baitira, giza eskubideen gaia bazterrera utzirik.
Eskubide sozialei dagokienez, EBren politikek babes sozialerako sistemak murriztu ohi dituzte. Lisboako egitarauak ekonomia eredu liberaletan oinarrituriko modernizazioa proposatu du, gastu publikoa oinarri. Orobat, kontinente mailako merkatuen liberalizazioaren alde egiteak enpresa publiko nagusien pribatizazioa etengabea ekarri du. Erakunde bateratuek Lan Legeriaren berritzea aldarrikatu izan dute, malgusegurtasunaren kontzeptu korapilatsua aintzat hartuta, zeinak malgutasuna- hots, prekarietatea- eta segurtasuna uztartu nahi dituen. Hala, lan malgutasun handiagoa –lan kontratu malguagoak eta kaleratzeko erraztasun handiagoak- segurtasun sozial handiagoarekin –lan-gabezia laguntza altuagoak, hezkuntza handiagoa eta lanerako laguntzak estatutik- nahi dituzte batera. Beraz bi ertzeko politika da: prekarietatea handitu eta ongizate estatua indartu. Eredu hau modu desorekatuan garatzeko arriskua begibistakoa da, hau da, lan prekarietatearen igok burutzea segurtasun sozialeko neurri eskas batzuk hartzearen aitzakiapean. Danimarkan jaiotako eredu hau zerga altuak eta iruzur fiskal eskasa dituen testuinguruan soilik da bideragarria, baina oso zailki heda daiteke Europar Batasun osora. Logika liberal honen adibide ditugu asteko 65 lan orduen zuzentarauan eta hain arbuio handia jaso zuen Bolkstein Zuzentarauan.
Immigrazioari lotuta, Etorrera eta Asiloari buruzko Europako Ituna hautatutako immigrazioaren alde ageri d; hots, batasun kanpoko herrialdeetatik datorren giza baliabide gaituei ateak irekitzea etorri nahi duten besteei ateak itxita. Etekin nahikeriaz jositako ideia honek, zeina EBren eta bere lan merkatuaren interesi soilik begira egina den, txirotutako herrialdeei kalte handia dakarkie. Aipatu behar ere bizileku eskubiderik gabeko pertsonal egoztea, hegaldi bateratuak sortuta eta taldekako erregularizazioei ateak itxita, bisa biometrikoaren ezarpena eta mugak ikuskatzeko erakunde europarraren indartzea. Egozte hauek, gainera, tarteko herrialdeetara egin daitezke eta ez nahitaez jatorrizkora eta familia biltzeari mugak jarri zaizkio, familia bizitzaren aldeko nazioarteko itunek esandakoaren aurka. Egozte zuzentarauak etorkin irregularrak 18 hileko epera arte atxilotzea baimentzen du arau administratiboak tarteko, adingabeak atxilotzea eta Europara itzultzeko 5 urteko debekua.
Asilo politiken bateratzeari buruz, zeina 2012rako zegoen aurreikusia, bere gauzapena immigrazioaren kudeaketa hertsitzaile batean egingo den beldurra dago, mugen kontrolean eta agiririk gabeko pertsonen jarraipenean oinarrituko delakoan, eta ez dago batere argi asilo eskubide hori zenbatean bermatuko den balizko eskatzaileak ezin badira geure mugetara gerturatu EB inguruko herrialdeen kanporatze prozesua dela eta.