Azken hamarkadetan natur baliabideen kontsumoak gora egin du, sistema sozioekonomikoarentzat arrisku larria bihurtu izateraino, sortzen dituen ingurugiro arazoengatik zein baliabideen euren agorpena dela eta. Ekonomia-finantza krisia eta egungo arazo sozialak (gerra, gosete,…) bizi dugun ekologia hondatzearen isla dira, zibilizazioa historian ikusi ez den moduko amildegi ertzean jarri gaituen hondatzearena.
Ildo honetan, kapitalismoaren eta industria iraultzatik sortutako produkzio indarren hazkundea energia ugari eta merkeari esker izan da. Energia honen agorpenak errealitate termodinamiko gordinera itzuli beharra dakarkigu: gizakiak gai izan beharko du energia berriztagarriek eskaintzen dioten energia ardatz hartuta antolatzeko. Krisia honek aldaketarako aukera paregabea ematen digu, egoera arruntean ezinezkoa zena posible bihurtzen baita bizi garenekoa bezalako ezohiko garaietan.
Modu honetan, mendebaldeko zibilizazioaren jasangarritasun eza birbideratzeak indarrean den eredu sozio-ekonomikoa, ekonomia hazkunde etengabe eta mugagabean eta kontsumo irrikan oinarritua dena, arazoaren muintzat hartzea eskatzen du. Natur baliabideen ustiapenak ez du parekorik izan historian zehar: XX mendeko bigarren erdian aurreko belaunaldi guztiek baino baliabide gehiago kontsumitu dugu. Geurea da bere burua naturatik at, naturaren jabe, ikusi duen lehen zibilizazioa. Egungo gizarteak aurrerapena teknologiaren bitartez natura menderatzearekin lotzen du. Lehiak eraginkortasuna adierazi nahi du eta ongizateak kontsumoa. Hala ere, ikuspegi honek sortu duen mundu mailako ingurugiro krisiak irizpide hauek gezurtatu ditu eta natura eta gizakiaren arteko lotura birpentsarazi digu: ekonomia ekologiratu behar da, natura ekonomiratu beharrean. Modu honetan soilik lortuko da gizakia eta naturaren, ekonomiaren eta ekologiaren eta ongizatearen eta ingurugiroaren arteko oreka.
Beharrezkoa da, beraz, natur sistemek ezartzen dizkiguten mugei begirunea izatea; bai baliabideak eskuratzekoan, bai hondakinak asimilatzeko naturak duen gaitasunari dagokionean. Paradigma berri honen arabera natur sistemaren iraupena zehazten duten baldintzek berebiziko garrantzia hartzen dute, hauek gabe ez baitago inolako eredu sozial edo ekonomikorik eraikitzerik. Beste hitzetan, etorkizunak jasangarri izan beharko du, hala izan ezean ez bada etorkizunik izango. Jasangarritasuna gizarte justu eta berdinzaleago batera iristeko nahitaezko baldintza da.
Esandakoaren ondorioz, gizarte eredu berriak ekologia jasangarritasuna ekintza irizpidetzat izan behar du. Honek loturik dakar printzipio biotiko eta abiotikoak betetzea, ekonomia zikliko baten testuinguruan non materialak errekurtso biltegietatik –airea, lurra eta ura- hartu eta berriz ere itzuliko diren eta eguzki energiak emango dion indarra prozesuari. Hala, giza garapen jasangarriak eskatzen du:
- Ingurugiroa babestea eta baliabideak modu jasangarriak kudeatzeko planifikazio egokiak egitea.
- Berezko natur eta energia baliabideetatik abiaturiko garapen autokonzentratua bultzatzea. Honek beste helburu batzuk ere bermatuko lituzke: elikadura subiranotasuna, tokian tokikoaren garapena, zentralizazio-eza, buruaskitasuna eta ahultasun edo mendekotasun txikiagoa.
- Sistema sozioekonomikoen baitan aniztasuna, eboluzioa, autoantolaketa, buruaskitasuna, zentralizazio-eza eta kooperazioa sustatzea. Helburu honetarako erabakiak hartzeko parte hartzea bermatu behar da.
- Materialen zikloa itxi, ekosistema naturalek hondakin isurkiak birzikla ditzaten (beste era batera esanda, termino biofisikoetan egoera higiezina).
- Arrantza, ehiza eta nekazaritzaren moduko baliabide berriztagarriak erabiltzea ekologia sistemek baliabide horiek etorkizunean eskaintzeko aukera murriztu gabe.
- Baliabide berriztaezinen erabilera etorkizuneko beharren eta aukerako baliabideen arabera mugatzea.
- Egungo baliabideen erabilera eraginkortasun (produktu unitateko baliabide ustiapena murriztea) eta askitasun (baliabideen kontsumo orokorra murriztea) irizpideen arabera mugatzea.
- Arazoen aurpegi anitzeko ikuspegia erabiltzea, ekologia, gizarte, ekonomia, politika eta kultura irizpideei men eginda.
Azkenik, sistema soziekonomikoak bi printzipo handiren menpean antolatu behar dira: ardura printzipioa eta ingurugiroaren nagusitasun printzipioa. Ardura printzipioak ekintza zehatz batek gizartean edo ingurugiroan sortuko dituen ondorioen ziurtasun zientifikorik egon ezean babes neurriak ezartzea defendatzen du. Ingurugiroaren nagusitasun printzipioaren arabera, lurraren jabetza pribatuaren ordez beraren erabilera eskubidea ezarri behar da, hots, belaunaldi bakoitzak natur baliabide eta zerbitzuak erabiltzeko eskubidea du.
Honela, eredu sozioekonomiko berria zein politikoa bera funtsezko oinarri izango dituen irizpide hauei egokitu behar zaizkio, ingurugiroa hondatzea dakarten egungo parametroak alde batera utzita.
Izan ere, ingurugiro hondatze honek izaera antropogenikoa du, baina gainera arazo sistemikoa da. Lehiakortasun nahikeria, epe motzeko etekinak bilatzea, jabetza pribatua, lan indarraren merkaturatzea, globalizazioa,… zeinak merkatu ekonomiaren funtzionamendu ezaugarri diren,berebiziko eragileak dira naturaren birrintzean, berdintasun-ezan eta gizartea zatiketan. Jasangarritasunerako bideak nahitaezkoa da egungo eredutik aurretik aipatu ditugun printzipioetan oinarrituriko eredu berri batera igarotzea, non berdintasun, justizia eta ongizate helburuak Naturaren mugen araberako baliabide ustiapenarekin lotuko diren. Modu honetan soilik utziko dio ekonomia sistemak arazoaren muin izateari, hala bakarrik pasako da konponbidea izatera. Natur esparrua oso lotua zaio esparru sozialari, beraz, baten hondatzea bestea ekartzen du eta alderantziz. Egungo joera gainditzeko gizakia naturaren jabe izan beharrean bere partaide dela eta giza ekonomia natur sistemaren azpi-sistema soilik izan daitekeela ulertu behar da.
Testuinguru orokor honen baitan ekintzarako 3 ardatz nagusi ezarri ditugu: biomesia, hertzea eta berdintasuna.