Lana: kontzeptu eta politika kapitalistei kritika
Mundu kapitalistako giza pentsaera eta banakako garapena kantitateari begira jarri dira, bakoitzaren arlotik zein kolektiboki sozialki osasungarria den bizitzarako oinarria den arlo etikoa alde batera utzita. Kapitalismoaren ikuspegitik, pertsonak etekina lortzeko kudeatzen diren zenbaki hutsak dira. Kapitalismoak pertsona langileei opa dien bizitza makinaren ahalik eta antzekoena da: enzefalograma laukoa, autonomiarik gabea eta arazorik emango ez duena.
Mugimendu antikapitalistaren arabera, ordea, pertsona langilea gizarteko kide aktiboa da. Bere inplikazioa, konpromisoa, hazteko eta aldatzeko bere borondatea ezinbestekoak dira gizartea ezberdina lortzeko, non askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna errealitate bihurturik ikusiko ditugun eta baten aurrerapenak ez duen bestearen atzerakada ekarriko.
Bide honetan, geure bizitzak geure esku izateko eskubidea aldarrikatu nahi dugu: konpromisoa, aktibismoa, gizatarkuntza, sozialkuntza, xahutzearen aurkako jarrera, borroka, … inoiz baino beharrezkoago ditugu kontzeptuok dena mugatik kanpo hedatu deneko eta lanak berak balioa galdu dueneko mundu honetan.
Borroka honetan aurreratuko bada, kapitalaren diskurtsoa osatzen duten kontzeptuak zehaztu eta aztertu beharko ditugu; lan munduko malgutasuna eta lehiakortasuna kasu. Kategoria hauek honako funtzioak betetzen dituzte:
- Ekoizpen harremanen izaera politikoa ostendu nahi dute hizkuntzaren teknifikazioa bitarte. Hala, lehen aurre egin/negoziatu dikotomiaren baitan aztertzen ziren aferak, langileak kaleratzea merketzea adibidez, espazio horretatik atera dira eta lan proposamen arduratsuak bildu behar dituen elementu bihurtu dira.
- Gizarte babesik gabeko erabakiak hartzeak enpresa klaseari dakarkion kostu politikoa murrizten dute. Erabaki politikotzat hartu beharrean teknika izatera pasa nahi direnean, eurak hartzea nahitaezkoa dela adierazi nahi da. Enpresa klaseak honela bere aztarnak ezabatzen ditu krimen tokitik.
- Langile klasea sakabanatzen dute. Nozio hauek (malgutasuna, lehiakortasuna,…) lan harreman marko orokorrak deusezteko helburua dute, marko indibidual edo zatituekin ordezkatzeko asmoz. Marko hauen desegituraketa funtsezkoa da lan indarraren antolaketa soziopolitiko ezarako eta klase karakterrik gabeko erakunde korporatiboetan sailkatzeko orduan.
Edonola era, malgutasuna bezalako kontzeptu hauetako asko 60ko hamarkadatik hona mendebaldeko gizarteetan suertatu diren aldaketa askorekin lotuak daudela gogoratu behar dugu. Aldaketa aukera gizaki berriaren asmoen oinarrizko edukia da; bizitza osorako lanpostuan oinarritariko eredua, hau egonkorra izanda ere, ez litzateke asebetegarri egungo eskari sozial batzuentzat.
Ildo honetan, Supiot informea garrantzizkoa dugu. Agiri honek lan kultura berrirako proposamenak izan beharko lituzkeen edukiak aztertzen ditu. Besteak beste, giro sozialaren eskubideak aipatzen dira, langileek borondatez hautaturiko mugikortasuna finantzatzeko sistema bat.
Proposamenok duten erakartze gaitasuna gorabehera, egun ditugun eskubideen atzerakada gertatzen ari deneko testuinguru honetan aipatu neurriei lehentasuna emateko arriskua dugu. Geure ahalegin nagusia babes bermeen mantentze eta zabaltzean finkatu behar dugu, langileen garapen pertsonal eta laboralaren garapen politikei uko egin gabe, kostua lurralde edo nazio bateko enpresa multzoaren artean mutualizatuta.
Bestetik, euskal langileria berrosatzeko garrantzitsua da lan harremanetarako euskal esparruaren aldarriari eustea. Baina, EAE eta Nafarroak euren zerga eskumenen erabilera atzerakoia ikusita (patrimonio zerga ezabatzea, sozietate zera murriztea, kapital errenten aldeko fiskalitatea, errenta hauen iruzur maila altua) argi dago euskal esparrua ez dela nahiko bermatzeko zerga, lan edo babes sozial politikak gehiengo sozialen aldeko izatea, baizik eta presio sozial eta politiko handia behar da erakundeek jende aberats eta irabazi handienekoen alde duten joerari aurre egiteko.
Lanaren eta kapitalaren arteko harremanak
Enpresaburu eta bankujabeen aldeko laudorio, zerga salbuespen eta subentzioen zale porrokatua den kultura neoliberalari aurre egiteko asmotan, Alternatiba Eraikitzenek explotari eta explotaturik gabeko mundua aldarrikatu nahi dugu.
Besteen lan, osasun eta bizitzaren lepo irabaziak lortzen dituztenei aurrez, lan ekonomia analisiaren bigarren mailako elementutzat daukatenei aurrez, lana eta enpleguaren bereizketa egiten ez dutenei aurrez, autonomiaz eta bizitza pertsonal eta komunitario aberats, orekatu eta osasuntsuaz gozatzeko bide moduan aldarrikatu nahi dugu lana.
Kontratu egonkorrak antzinako gauza soziala bihurtzea askatasunaren aurrerapausotzat aurkeztu nahi digute. Ez dugu ukatzen pertsona batek une jakin batean jarduera aldaketa baten bitartez bere bizitzari norabide aldaketa bat eman nahi izatea, baina horixe bera da zigortua dagoena. Aitzitik, ezartzen diguten prekarietateak ez du zerikusirik askatasunarekin. Enpresarien eskaerei uko egiteak kalera joatea dakarrela dakienaren edo bere lana sozialki ezagutu gabe lan egin behar duenaren askatasuna baino murritzagorik ez da.
Eredu horren aurka, lan kontzeptu berria aldarrikatu nahi dugu, ekintza sortzaile eta birsortzaileak baitan izango dituena, lanpostu egonkor eta eskubidez atondu batetik abiatuta, pertsonei euren ekonomia autonomia bermatzeko, etorkizuna aurreikusteko, patronalaren nahierako eskaeren aurrean babesa izateko eta bere lana ezagutua ikusteko aukera emango diona. Honetarako, soldatak nabariki igo behar dira, hala hauek ekoizpenarekiko duten galera konpentsatzeko, eta denontzako hileko 300 euro gehituz eta gutxieneko soldata 1200 eurotan ipini, aldi baterako lana eta ABLEak (aldi baterako lan enpresak) alde batera utzi kaleratze kolektiboak debekatu eta banakakoak mugatu eta zigortu, kaleratzea bidegabea dela onartzen bada langilea bere lanpostura itzuliko dela bermaturik.
Guk defendatzen dugun ereduan pertsonak ez dira erabili eta botatzeko pentsamendurik gabeko tresna hutsak, gurean langileek eragiten dieten erabakietan parte hartzea sustatu nahi da, lanaren beraren aberastea bilatzen da, anitzago eta sorkuntzara bideratuagoa egonik, langileek aldaketa eta egoera berrietara moldatzeko beharko duten hezkuntza eta trebakuntza emanda.
Aparteko orduak eta 14 urtetik 70era arteko astelehenetik iganderako lanaldia defendatzen dutenen parez pare, lanaldi erdiko pertsonak berak enpresarentzat bakarrik bizitzea defendatzen dutenen aurrez aurre, lanaldia bizitzaren beste zati besterik ez izatea eta geure zaletasunak, lagunak, sendia eta bizitza sozial edo politiko zein bizitza bere osotasunean gozatzeko parada emango digun ereduaren aldeko gara.
Edozein jarduera, etekinak lortuz gero eta ingurugiroa edo giza bizitza hondatzen edo kaltetzen duen axola gabe, zilegi dela uste dutenek ez bezala, denon interesean oinarrituriko ekonomia jarduera jasangarri eta etikoaren alde egiten dugu. Kapitalismoak abian jarririko etekin nahikeria hutsaren bideak natur baliabideen gehiegizko ustiaketara bultzatu gaitu, eta ondorioz jasanezina eta iraunezina da. Bitartekoa helburu bihurtu du, ekonomiak gizakiaren zerbitzura izan behar bailuke eta ez alderantziz. Kapitalismoak kontsumo produktuen zaharkitzea aurrez prestatua du, iragarki matrakari esker kontsumo ondasun behar berriak sortzen ditu industriaren erabateko erritmoari eusteko eta ibilgailu pribatu bidezko mugikortasunaren sustapen artifiziala burutzen du. Honek guztiak ekonomiaren garapenaren garrari eusten dio baina ez du giza zoriontasuna lortzen. Ibilgailuen industriak, petrolio hornikuntzen eskasia dela eta mundu osora ezin heda litekeen energia kontsumoan oinarritzen dena, bioerregaien alternatibara jo du baina bere mesedetan landa munduko familia txiroenen elikadura iturriak bereganatu ditu eta elikagaien prezioak igoarazi. Industria honek egun bizi duen krisiak garapen jasangarri industria (trenbidea,…) baterako bihurtze prozesuan izan behar du aterabidea, bertan dihardutenen lan baldintzak mantenduta.
Neoliberalek beti aurkitu ohi dute bankuak babesteko, armada xahutzea handitzeko, banku eta eraikuntza enpresa handien irabaziak potoltzeko soilik balio duten azpiegitura erraldoietarako dirurik. Geure lehentasunak, ordea, pertsonak babestea da, zerbitzu sozialak eta lan-gabezia diru-sariak handituta, osasun eta hezkuntza bezalako lehentasunezko zerbitzu publikoetan dirua sartuta. Neurri hauek lan handiago, egonkorrago eta jasangarriago baterako lan postu ugariago emango dute.
Belaunaldi askoren borrokari esker lortu diren prestakuntza publiko sozialen laguntza duten guztiak odol-xurgatzaile sozialtzat jarri nahi dizkigute: osasun zerbitzu publikoaren erabiltzaileak kulturarik gabekoak eta pilula zaleak omen dira, baina gehiengoaren interesak kontuan hartu beharrean farmazia enpresa handien beharrak asetzen dituzten osasun aurrekontuak ez dira zalantzan jartzen; lan ez-gai egoeran daudenak ikuskatze eta ez-gai epeen murriztearen bitartez estu hartu behar diren iruzurgileak omen dira; langabezian daudenak edo oinarrizko errenta jasotzen dutenak nagiak edo gaiztaginak omen dira, eta bitartean miloi anitzeko soldata eta pentsioak zein babesturiko kontratuak gozatzen zituzten bankugizon eta enpresaburuek, mota guztietako iruzurren ondoren gizateria hondamendian kolokan utzi badute ere lan-sarien eta prestakuntza sozialen murrizketa eskatzen darraite.
Eredu honi aurre eginez, guztientzako babes soziala eskatzen dugu lan egitea posible ez den kasu guztietan, egoera sozial latzean dauden guztiei gutxieneko bizitza maila duina bermatzea.