Egun geurean zabaldu diren ideia neoliberalek zera diote, errentak desfiskalizatu behar direla, hau da, zerga zuzen batzuk jaitsi edo baita desagerrarazi ere. Hauen aurrean, Alternatiba Eraikitzenek zergek dituzten bi funtzioak, bananezinak eurak, aldarrikatu nahi ditu: biltzea eta birbanatzea. Kalitatezko zerbitzu sozialek, bidezkoak beraz, zerga biltze politika aurrerakoiaren beharra dute: gehien dutenek gehien eman dezatela.
Zerga presioa zuzenean lotua dago ongizatearekin. Ezagun da EBko ongizate eta gizarte babes maila altuena duten herrialdeak nordiko deritzenak direla. Suedian, bada, presio fiskala BPGren %50etik gora dago; eta EAEkoak, aldiz, doi-doi gainditzen du %30ekoa. Zergak ekiditeko politikak babes sozialengandik zeharo aldendurik daude, erakunde publikoek eskaini ezingo dituzten zerbitzuak pribatizatu eta herritarrek euren poltsikotik ordaintzea baitute helburu. Honek, noski, ordaindu ahal dutenen eta ezin dutenen arteko desberdintasun soziala areagotzen du.
Ondoren zergen gaiari loturiko hainbat proposamen bildu ditugu:
- PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) (IRPF gaztelanieraz). Lan errentak: Errenta altuenen gaineko zerga kargua egungo %45etik %55era igotzea. Neurri honekin batera BGAEngatiko (gaztelerazko EPSVak) eta etxebizitza erosteagatik emandako zerga-arinketak murriztu edo kendu egin behar dira, gehien dutenei zergak arintzeko aukera ugariago ematen diete eta.
- Kapital errentak: lan errenten moduan tributa dezatela, ez egun duten %18 aldaezinarekin. Zerga paradisuak baztertu behar dira hauekin batera.
- Jarduera Ekonomikoen Irabaziak. Kontrola handitu behar da, iruzurra saihesteko.
- Sozietateen zerga. Azken erreformek ezarri duten %28tik %35era igotzea.
- Ondare zergak: Jasotako kopuru eskasaren karira ezabatu den zerga gau berrezartzea, ondare esanguratsua izateagatik ordaindu beharko luketen guztiek hala egin dezaten ondo gainbegiratua, sozietateak sortu edo antzeko zerga arinketa sistemak erabiltzeko aukerarik gabe.
- Zerga ikuskatzea giza baliabide gehiagoren laguntzarekinindartzea funtsezkoa da. Enpresari eta profesionalen jarduera ekonomietan arreta jarriko duten ikuskatzeak, hor baitaude zerga iruzur poltsak.