Finantza krisia eta bere ekonomia oinarria
80 eta 90. hamarkadak bitartean herrialde gehienetako agintariek kredituaren inguruko mugak indargabetu zituzten, eta hala bankuak depositoak eta kredituak ez ziren lanez ardura zitezen baimendu zuten eta nazioarteko kapital merkatuen liberalizazioa eta akzio merkatuen arautze-eza sustatu zituzten. Finantza merkatu berriak indartu ziren eta txirotutako herrialde berriak merkaturatu ziren: Brasil, Txina, Errusia, India,…mundu mailako finantza dinamikara, ondorioz nazioarteko finantza kapitalari negoziorako gune berrietara ateak ireki zitzaizkion.
Finantza negozioaren hazte neurrigabeko hau ekoizpen ekonomiatik aldentzen da. Baina, ustezko kapital horren pilaketak baditu bere mugak, badaude-eta bilakatze korapiloak deritzenak finantza esparru eta esparru errealaren artean: %2 edo %3ko igoera duen ekonomiak ezin du %15eko etekin orokorrik eman. Dibisa, akzio eta antzekoen salerosketa espekulatibotik eratorritako irabaziak uzkurtu egiten dira puztutako prezioetan erosi dituztenak jabetzen direnean prezio errealarekiko hainbesteko alde dagoela non ezingo dutela jarraitu hain prezio garestietan saltzen. Hau dela eta, goiz ala berandu, finantza burbuila guztiek eztanda egiten dute eta prezioek berriro berrekiten diote objektuok merkatu errealean duten salneurriari eta irabazi espekulatiboak desagertu egiten dira.
Burbuila horiek ez dute espekulatzaile diruzaleen ilusioa soilik oinarri, aitzitik, kapital askeen etengabeko sorkuntzan oinarritzen dira. Lehen iturria pilatu gabeko irabazien hazkundea da, mugimendu bikoitz batetik sortua dena: lan-sarien atzerakada orokorra eta irabazi tasak berrezarri arren suertaturiko pilatze tasaren geldotze edo atzera egitea. 80ko hamarkadara arte irabazi tasa eta pilatze tasa elkarren lagun joan ziren baina orduantxe bide ezberdinei ekin zieten. Finantza merkatuek hau eraldatzen dute 3 bideren bitartez. Lehenik, finantza errenten jabeengana doan plusbalia zatia da. Ereduak, beraz, desoreken handitzea dakar. Bigarrenik, soldata eta errenten arteko nahasketa da: goraka doa finantza poltsikoratze bitartez ordaintzen zaien soldatapekoen kopurua, soldatok benetako lan-saria baino plusbaliaren birbanaketa bihurtuta. Hirugarrenik, familien zorpetzearen garapen izugarria dago, euren kontsumoak aurreztearen murrizteari zor egiten du gora, ez soldata igoerei esker.
Finantza krisia benetako ekonomiaratzea bide ezberdinetatik burutu da, herrialdearen arabera ezberdina izanik:
- Kredituaren uzkurtzea garrantzitsua da finantza krisiaren hedatzerako.
- Burtsa kotizazioen erorierak gutxiago kontsumitzera bultzatzen du.
- Jendartean zabalduriko kezkak kontsumoa eta inbertsioaren gaineko eragina du. Egoerak okerrera egingo duelakoan, ahal duenak aurrezte pertsonala indartzen du, eta hala kontsumoa, ekoizpena eta inbertsioaren jaitsiera lotua dakar. Halaber, biztanleriaren gehiengoa txirotzen ari da, diru birtualean eraikitako ustezko ondasunen (etxebizitzen salneurrian batez ere) salneurriak behera egiten baitu eta baita akzio eta pentsio-planetan sartutako sosen balioa; lan, soldata eta etxebizitzen galerak ahaztu gabe. Hala, finantza erakundeek kobraezinezko mailegu pertsonalen kopurua bikoiztu egin zen 2007tik 2008ra.
- Eraikuntza arloak BPG eta enpleguaren zati handia hartzen zueneko herrialdeetan (Espainia kasu) indar gehiagoz jo du higiezin krisiak. Erabilitako lan esku kopuru handiak azaltzen du PPGren jaitsiera baino handiagoa den langabeziaren gorakada.
- Makalaldia mundu ekonomiara hedatu da komertzio eta inbertsioari dagokienenean.