Elikadura subiranotasuna egungo nekazal eta abeltzain industriarekiko paradigma alternatiboa dugu, 3 oinarritan sustengatua: elikadura gizakiaren oinarrizko eskubidetzat onartzea; herrialde eta estatu guztiei euren abeltzaintza eta nekazaritza eredu propioak garatzeko eskubidea onar dakiela; eta politika edo eredu horien gunean elikagaiak ekoizten dituztenak jartzea, hots, nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak, kontsumitzaileekin batera.
Definizio honetatik abiaturik, ekintzarako 3 ardatz nagusi zehaztuko ditugu: bata, elikadura eskubidetzat onartzea eta ez merkantzia moduan, honetarako elikadura subiranotasuna eta agroindustriala parez pare jarriko ditugu, azken hau baita mundu osoan, eta Euskal Herrian bertan ere, noski, nagusi dena; bigarrena, oinarrizko subjektuak diren landa ekonomien aldeko proposamen zehatzak egingo ditugu; hirugarrena, natur ondasunen –ura, bioaniztasuna, lurra,…- kontrol sozial eta publikoa bermatuko duten ekimenak zehaztuko ditugu.