Egungo nekazaritza eta abeltzaintza eredua erabat lotua zaie MMEk -Mundu Merkataritza Erakundeak, OMC gazteleraz- ezarritako neurri liberalei, elikaduraren premia kontuan hartu gabe, ezta lana eta osasunari dagokion gutxieneko gertutasuna ere, ez iparrean ez hegoan ere. Elikagaien prestaketa eta euren merkaturatzea ez da beste edozein merkatugairen ezberdina, ibilgailuena kasu.
Hala, elikagaiak, ehungintza bezalaxe, mundu mailako ekoizpen eta finantza sare izugarrien zati dira, nazioarteko enpresen mende. Halaber, mundu mailako sare eta merkatuen hauen gaineko erabakiak esparru aldeaniztunetan hartzen dira, herritarrak ordezkatzen ez dituzten erabakiguneetan, esate baterako: MME, NDF –Nazioarteko Diru Funtsa, FMI gazteleraz- edo MB –Munduko Bankua, BM gazteleraz-. Elikadurak, beraz, eskubide izateari utzi dio eta merkatugai hutsa bihurtu da.
Halere, Iparraldeko gobernuek ez dute beti elikadura merkatugai hustzat hartu. Lehen, gobernuek oso zorrozki zaintzen zuten elikaduraren esparrua eta bere babeserako neurri eta mekanismo andana erabili ohi zuten. Egungo erabateko pribatizaziora eraman gaituen garapen politikoan 3 une izan dira funtsezko: iraultza berdea, egitura egokitzerako programak eta MMEren sorrera. Garapen hau bermatu zuen filosofiak egun indarrean darrai, eta eredu hori ulertzeko aztarna nagusiak agerian uzten ditu:
- Iraultza berdea izenarekin da ezaguna Rockefeller eta Ford fundazioek abian jarritako ekimena eta industria ekoizpenaren mundu mailako hedatzeari hasiera eman zion. Hazten ari zen elikadura segurtasun-ezari erantzun nahian, nekazaritza eta abeltzaintza industriala sustatu zituen Hegoaldeko herrialdeetan. Ekimenaren muina zera zen: haziak, hibridoak, ongarriak, pestizidak eta ureztatze sistemak bezalako teknologia paketeen bitartez, nekazal eta abere ekoizpena handitzeak gosea murriztuko zuela. Munduan zehar 30 urtez egin diren 300dik gora ikerketa eta txostenen ondorioak biltzen dituen azterlanaren arabera guztiz kontrakoa gertatu da: batetik, Iraultza Berdearen teknologiak Tropikoko landasistemak kaltetu ditu eta nekazal/abeltzainak ingurugiro zein ekonomia arriskuen aurrean babesgabe utzi ditu; bigarrenik, insumo -nekazal edo abeltzain arloko lehengai edo lagungarriak- hauen prezioa altuek nabarmen igoarazi dute latifundista eta nekazarien arteko aldea, azken hauek ez baitira gai teknologia honen gastuari aurre egiteko; hirugarrenik, ustiapenen errentagarritasuna txikiagotu egin da azken urteotan, insumo kimikoek sorturiko mendekotasuna zein lurraren higatze eta okertzea dela eta; laugarrenik, agroaniztasuna nabarmen murriztu da, izan ere, aldaki hibridoak hedatzeak, tokian tokiko laborantzak galdu izanak eta labore bakarrerako joerak elikadura aniztasuna eta biztanleriaren elikadura gabezia handitu dituzte.
- Egitura Egonkortze Programak: mundu mailakonekazaritza eta abeltzaintza industrialaren hedatu izana Egitura Egonkortze Programei zor zaie. Programok ekonomiak euren ekonomiak berregituratzera behartu zituzten, esportazioari begirako ekoizpena igotzean, komertzioaren liberalizazioan eta kanpotik etorritako inbertsioetan oinarrituriko ekonomia baten zerbitzura. Arlo honetan gauzaturiko programek eta ekonomia berregituraketek esportazioari begirako laborantzen sailkatzea eta ohikoak ez ziren agroesportagarriak ekoiztea izan zuten helburu nagusi, bertako beharrizanak alde batera utzita. Hala “egokituriko” nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera, bertako nekazal eta abere merkatua zein langileak babesteko eta laguntzeko estatuek zituzten azpiegitura, programa eta mekanismoak (diru-laguntzak eta prezioak kontrolpean izatea) ezerezean utzi ziren. Hala, egitura egokitze programek munduko elikagai merkatu bakar eta hiperlehiakor baten garapenari bide egin diote, MME lagun zutela.
- Mundu Merkataritza Erakundeak (MMEk) nekazaritza-abeltzaintzaren arautze ezarako aukera eman du. Gobernuek etxeko nekazaritza-abeltzaintza sektoreari laguntzak murriztu dituzte eta merkatuen zabaltze etengabe baterako interesa duten korporazio handien esku utzi dituzten euren ekonomiak. Nekazaritza-abeltzaintza merkatu liberalizazioetan sartu izanak argi erakusten du elikadurari beste edozein sektoreri bezalako trataera eman nahi zaiola.
Hurrengo lau puntuetan azaltzen dira, bada, egungo sistemaren zehaztasun eta ezaugarri nagusiak:
- Nazioarteko enpresen elikagaien gainean duten kontrola
- Nekazal eta abere merkatuaren liberalizazioak agrokimika, farmazia edo hazi konpainien, agroelikadura korporazioen eta elikagai saltzaile handien arteko pilatzeak ekarri ditu. Korporazioak dira nagusi elikadura katearen une guztietan: elikagaien ekoizpena, lehengaien hornidura, garraioa, elikagaien prozesua eta merkaturatzea. Funtsean, liberalizazioari esker nazioarteko enpresa talde txiki batek zer elikagai, non, zeinek eta zer preziotan ekoiztu erabakitzeko ahalmena du. Nazioarteko enpresa hauen neurrigabeko botereak pisu politikoa du, eurek kontrolatzen dute merkatua, ez gobernuek. Estatu eta eskualdeek elikaduraren gaineko subiranotasuna galdu dute.
- Prozesu honek nekazari eta abeltzainen autonomia urritu egin du. Euren produktuen eraldatzea eta merkaturatzea, gero eta neurri handiagoan industria eta egitura handien esku dago. Ondorioz, euren jarduera ekoizpenera mugatu zaie eta industria da gainbalioaz jabetzen dena. Testuinguru honetan, nazioarteko enpresek merkatu gaineko botere izugarri duten bitartean munduko osoko, iparraldeko zein hegoaldeko, nekazari eta abeltzainek finantza krisiari aurre egin behar diote.
Tokian tokiko ekoizpen eta merkatuaren desagertzea
- Tokian tokiko ekoizpen, zabaltze eta merkaturatze sistemek, orokorrean enplegua bermatu ohi dutenak eta ekoizpen eredu ekologikoago izaten direnak, desoreka ikaragarrian dihardute lehian enpresa handien aurka.
- Liberalizazioaren eraginez ekoizleentzako gutxieneko salneurri bermatuak ezabatu dira eta diru-laguntzak nabarmen murriztu dira. Nekazari eta abeltzainek, laguntza programen hondo-jotzeari aurre egiten ari direlarik, ezin diote kanpotik ekarritako elikagaien lehiari eutsi eta landatik ihes beste erremediorik ez dute. Hau da, insumoen salneurriak gora ari diren bitartean euren produktuenak behera egiten du, ondorioz, euren irabazia erabat laburtzen da. Prozesu honen erruz tokian tokiko elikagai ekoizpen eta merkatua desagertu egiten ari da.
- Lehia ez-zuzenak eta insumo garestiekiko mendekotasunak landa arloko herritarrak txirotu eta euren ustiapenak alde batera uztera behartu ditu. Honen ondorio da nekazari eta abeltzainen proletarizazioa eta hirietara ospa egin beharra, azken hauetan topa ditzaketen enpleguak ez dira ez euren esparruari lotuak ezta egonkorrak ere. Eredu honek dakarren osasun, ekologia eta gizarte kostua mundu osoan pairatu da. Iparreko herrialdeetan, landa munduan galdutako lanpostu guztiak ez ditu bere egin ez industriaren igoera eskasak ezta zerbitzu arloak izan duen igoera nabarmen baina ez-nahikoak ere. Hegoaldeko herrietan, non oro har nekazaritza eta abeltzaintzak pisu handiagoa duen, arlo hau lanpostuen %80 edo %90 hartzera iris daiteke, eta ondorioak, noski, okerragoak dira.
Ustiapen eredu prodktubista eta intentsiboa
- Egungo ustiapen eredu intentsiboak epe motzeko irabazi du helburu bakar, horretarako natur baliabideak hondatzen dituzten produktu kimikoak erabilita ere. Halaber, ekoizpenaren kostuak murrizteko labore bakarraren alde egiten da, hala lurzoruaren kalitatea urrituz, basamortutzea eraginez eta bioaniztasunari kalte eginez, natur sistemen plaga eta gaixotasunen aurrean duten babesa kolokan jartzen baita.
- Ikuspegi merkantilista honi jarraiki, azken hamarkadetan gene ingenieriatzara jo da elikagaien ekoizpena handitu eta merkatzeko asmoz. Erabilpen genetikoari buruzko ikerketa independente gutxi dago, 20ren bat, baina denak bat datoz gene ingeniaria ingurugiroari eta giza zein abere osasunari arriskutsua zaion salaketan. Euren arabera, helburuak bete baino kontrako norabide egin dugu. Transgenikoak landatzeak herbiziden eta intsektiziden erabilpena handitu du, eta beraz ekoizpen kostuak gora egin du. Honetaz gain, ikerketek estuki lotzen dituzte osagai transgenikoak eta nekazarien pobrezia, kanpoko insumo garestien mende geratzen dira eta.
- Transgenikoek giza osasunean dituzten ondorioak bereziki kezkagarriak dira. Gainera, kontsumitzaileari ez zaio ematen elikagai bat transgenikoa den ala ez jakiteko aukera. EBren egungo araudiaren arabera, osagai transgenikoen %0,9 baino gehiago duten produktuek soilik dute etiketan informazio hori adierazteko beharra. Sistemarik eraginkor eta garbienak ere nekez berma dezake GM elikagaiak identifikatzea, labore transgenikoek kutsatu dituzten hazi eta elikagaiak ezin baititu kontrolatu.
Bioaniztasun galera
- Agroaniztasuna nekazari eta abeltzainentzat bizi eta lan iturria izateaz gain, ingurugiroaren egonkortasunaren bermea da. Azkenaldian aniztasun hau arriskuan da enpresa fitoeraldatzaileen kontzentrazioa, gene ingeniriatza eta haziei buruzko edo lan egiteko moldeei buruzko edozein ezagutza patentzako lege aukera direla eta.
- Ohiko hazi biltze eta birsortze praktikak albo batera geratu dira eta egun fitoeraldatzaileak dira mundu mailako hazi eskariari aurre egiten diotenak.
- Enpresa fitoeraldatzaileek presio itzela egin diete euren bezeroei (landa munduko langileak oro har) irabaziak handitu nahian, nekazal aldakien pribatizazio eta salmenta euren eskuetara mugatuz. Patente bidezko pribatizazioak bide eman die enpresa hauei hazien salmenta eskubideez, birsortzeaz eta ikerkuntzaz jabetzeko. Euren helburu nagusia mundu mailako landa komunitate eta ustiapen guztiek urtean behar dituzten hazi guztiak eros ditzaten da, erabat banatuz ereitearen lana eta aldakiak birsortu edo hobetzearena.
- Hazi eta landareen esterilizazio metodoak, gene eraldaketaren bitartez, bioaniztasunaren murriztean lagundu du. Teknologia hauek haziak gordetzeari bidea erabat ixten diotenez, landa langileak urtez urte haziak erostera behartzen dituzte.