Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintzaren egoera ez da globalizazio liberalaren ondorioetatik eraginik gabe geratu. Bere ezaugarriak ez dira Europar Batasuneko beste herrialdeen ezberdinak: ekoizlearentzako prezio baxuak, landa esparruko lanpostuak galtzea, nekazaritza-abeltzaintzaren industrializazioa eta irabazi guztiez jabetzen diren egitura eraldatzaile eta merkaturatzaileak garatu izana. Hona hemen ezaugarri nagusien analisi laburra:
- Nekazal eta abere aktiboen galera: 1997tik 2003ra EAEko lehen sektore barruko lana %30 jaitsi zen (18.950 langiletik 13.120ra) Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Nekazarien gizarte-segurantzako afiliazioa %20 jaitsi zen epe horretantxe. Arlo honetako aktiboen jaitsiera elikagaien salneurrien jaitsierari zor zaio. EHNEren esanetan, baserritarrek jasotako dirua duela 20 urteko bera ala baxuagoa da, nahiz eta merkaturaturiko gaien prezioak etengabean gora egin duen.
- Ekoizpen gaitasunaren galera. Nekazal eta abere aktiboen galerak ekoizpen gaitasunaren beherakada ekarri du. Sektorearen “profesionalizazioak” ezin izan dio ekoizpen mailari eutsi. Esnekien esparrua esanguratsua da. Azken 5 urteetan Bizkaiak esne ustiategien %54 galdu du. 2006 bukaeran 316 ustiategi soilik zenbatu ziren, nahiz eta ez urruti oso sektore zabaldua zen. Ustiategi kopuruen jaitsierak, noski, enplegu zuzen kopuruan zein ekoizpen mailan eragina izan du. 1990ean Bizkaian 146,722 milioi litro esne ekoiztu zen bitartean, 2004an doi-doi pasa dira 91 milioitik.
- Baserritarren autonomia galera. Enplegu eta ekoizpen prozesuak loturik ekarri du nekazal eta abeltzain ustiategien autonomia galera. Batetik, gero eta baserritar gehiagok integratu behar du ekoizpen sistemaren zein salneurrien baldintza guztiak kontrolatzen dituzten egitura handietan. Bestetik, euren funtzioa ekoizpenera mugatu ohi da. Produktuen eraldaketa eta merkaturatzea gero eta hein handiagoan pilatzen ari da industria eta egitura handien eskuetan.
- Ekoizpen eredu intentsiboaren nagusitasuna. Ohiko ezaugarri estentsiboekin diharduten ustiategi berezi batzuk izan ezik, Euskal Herriko landa eremuan nekazaritza eta abeltzaintza industriala da nagusi.Esate baterako, EAE eta Nafarroako abeltzaintza ustiategiak arloko politikaren araberan daude, behi eta ardi-haziendaren kasuan salneurri baxuek dirulaguntzen mende uzten dituzte ustiategiak, txerri-haziendari dagokionean araurik gabe daude.
- Transgenikoak Euskal Herrian. Euskal Herria, Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeen moduan, ez dago produktu transgenikoen eraginetik at. Egun nekazaritza abeltzaintzan edo elikadura dauden GM produktuak hazi, labore, animali bazka eta giza elikagaietara iritsi dira bi prozesuri esker: batetik, indarrean den araudiari egokitutako berariazko askatzea; bestetik, kutsatzea, hau da, berariaz ala nahigabe askatu direnak, legez kanpo. GM organismoak ingurunean berariaz askatzea 2001/18/CE Direktibak arautzen du. Araudi honen ondorioz, Espainiako merkatuan honako GM produktuak aurki litezke: ereiteko haziak, industriarako inportazioak, elikagai industriarako zein abere bazkarako inportazioak eta elikagaietan prozesuan zehar atxikitzen diren mikroorganismoak, legamiak kasu. EHNEren esanetan, Euskal Herrian abeltzaintza eta nekazaritza gene ingeniritza saiakerak ere egin dira. Landa irekian buruturiko saiakera gehienak kutsadura transgenikoa saihesteko prozedura barik burutu omen dira. Araba eta Nafarroan egindako entseguak Neiker, Centro de Biotecnología de Navarra, ITGA, Petoseed Iberica eta Senasa enpresek eginak dira.
- Nekazal lurren galera. Lur gabezia arazo orokorra da Hego Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintza sektorearentzat eta oztopo nabarmena da sektore hau modu jasangarrian gara dadin. 1992tik 2002ra ereindako %18,98 galdu zen, eta bereziki lazgarria izan zen galera hori patata (%65), zuhain (gaztelerazko forrajea) (%59) eta baratze laboreen (%43) lurrari dagokionean. Lur galtze honen arrazoietan artean daude txandakatzerik gabeko ustiategien bertan behera uztea, baso eta zuhaitz landaketen zabaltzea eta, bereziki, hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren hedatze nabarmena. Hamarkada berean hiri-lurzoru eta urbanizagarria %30 igo da. Joera honek nekazal lurren gaineko espekulazio presioak gora egitea eragin du.