Nekazal eta abeltzain ustiapenen bideragarritasun urria ulertzeko faktorerik garrantzitsuena produktu hauen salneurri eskasean dago, saltzeko moduarekin lotua dagoena. Egun, sektore honek arazo handia du eraldaketa eta pilaketa nazioarteko talde handien eskuetan pilatu delako, taldeok produktuaren jatorrizko salneurria merkatzen eta kontsumitzaileari prezioa asko igotzen diotelarik sekulako irabaziak lortzen dituzte. Gizarte, ekonomia eta ingurugiro ikuspuntutik eredu honek ezin du iraun.
Aitzitik, saltoki txikia da baserritarrei euren produktuak merkaturatzea bermatzen dien tresna. Larriak dira, baina, horrelako dendek pairatu behar dituzten oztopoak. EAE merkatal gune handi gehienetarikoa duen tokietakoa da Espainian. Azken honetan batez beste 249 metro karratu dago mila bana biztanleko. EAEn, aldiz, 340. Are gehiago, Jaurlaritzak eskuartean du Dekreto zirriborro bat zeinak egun dauden guneen eremua 2,42 bider handitzea baimenduko lukeen.Gune handien hazkunde honek saltoki txikien %33,69 ixtera behartuko lukeela uste da. Egoera hau atzera ekarri beharra dago, bere ordez saltoki txikia sustatu, gizarte, ekonomia eta hiriaren biziari etekin gehiago ematen baitizkie, nekazal eta abere ekoizpenei merkaturatzeko bidea irekitzeaz gain.
Udal ugari daude euren arau subsidiarioen eraldaketa prozesuan zerbitzuetarako zona berriak ezartzeko, hauen artean komertziogune handietarako espazioak. Nahitaezkoa da saltoki txikien, baserritarren, enpleguaren (sortzen dena baina baita galtzen dena ere, lanaren kalitatea,…) eta lurzoruaren etorkizuna kontuan hartzea.
Hau da, nekazaritza eta abeltzaintza produktuen merkaturatze zuzena laguntzen duten neurriak hartzea:
- Salerosketa zuzeneko sistemak sustatzea,, non baserritarraren mozkinak altuagoak diren eta kontsumitzailearentzat kostua baxuagoa den, produktu eta merkatu ezberdinen ikerketek adierazten duten moduan.
- Asteroko azokak berreskuratu. Desagertu diren tokietan berreskuratu eta biziraun dutenetan aurrera bultzatu. Azoka hauek toki egokietan jartzea merezi du eta komeni zaizkien azpiegiturekin hornitzea. Guneotan baserritarren eta gazteen produktuak egongo direla ziurtatu, baserritarra ez den produktuaren birsaleroste ekidinda. Batzuetan bi jarduera hauek (baserritarrak eta birsaltzaileak) bateragarriak izan daitezke baina garrantzitsua da ondo bereiziak izatea eta azokaren arduradunek informazio egoki eta zehatzak emateaz gain bertako produktuen kontsumoa sustatzea. Ekoizpen sistema jasangarrienak ere hobetsi behar dira, noski, industrializatuenen aldean.
- Halako asteroko azoka edo merkaturik ez den tokietan, inguruko baserrien produktuak salerosteko proiektuak sustatzea, azpiegiturak edo beste zerbitzuak eskainiz.
- Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko elkarkidetzak babestea, “Nekazaritza, partekatutako ardura” proposamenaren ekoizpen zein kontsumo oinarriak aintzat hartuta.
- Erakundeen ekimen eta ekitaldietan tokian tokiko produktuak erabiltzea eta talde jantokietan (eskolak, zahar egoitzak, ospitaleak, osasun zentroak,…) tokian tokiko elikagaia sustatzea.