Azken ardatz honetan natur baliabideak kontrolatzeko neurri eta politikak aipatuko ditugu, beharrezkoak eredu agroekologikoa lortuko bada.
Lurraren kudeaketa
Lurzoruaren eskasiak erabat baldintzatzen du Hego Euskal Herriko nekazal esparrua eta oztopo garrantzitsua da modu jasangarrian garatzeko. Lurzoruaren galera honen arrazoi dira txandakatzerik gabeko ustiategien bazterketa, baso ustiategien hedapena eta, bereziki, hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren hedatze nabarmena. Urbanizazioari aurre egiteko eta landa eremuari eusteko politikak funtsezkoak dira.
Horretarako, erakunde bat sortu beharko litzateke, erakunde guztiak lotuko dituen erabakiak hartuko dituena, sail ezberdinen artean osaturikoa eta administrazio publikoarekiko autonomoa izango dena, zuzendaritza independentearekin eta inplikaturiko administrazio guztien kontrol politikoarekin (udalak, batzar nagusiak, gobernuak eta Ogasun, Ingurugiro eta Nekazaritza ministerioen ordezkaritza) eta landa eremuko ordezkariekin. Erakunde honek honako funtzioak hartuko lituzke bere gain:
- Lurraren ikerketak egitea lurzoruaren sailkatze agroekologikoa zehazteko, ingurugiroaren zaintza eta nekazaritza eta abeltzaintza arloko lan postuak kontuan hartuta.
- Erabilgarri dagoen lurzoru publikoa zehaztea eta Administrazioekin batera lan egitea lurzoru horien ahalik eta gizarte errentagarritasun handiena eskuratzeko.
- Lurzoruak lortzea gero landa salneurrien truke nekazari eta abeltzainen artean banatzeko, ustiategiak zabaltzeko helburuarekin eta gazteak lehenetsita. Neurri hau bereziki aplikatu beharko da rekalifikazio mehatxuan diren Nekazal Lur eta Basoen Lurralde Arloko Planak (PTS Agroforestal, gazteleraz) balio ekologiko handikotzat hartzen dituen lurretan.
- Lurzorua behar duten baserritarrei etenik gabe informazioa eskaintzea, baita sektoretik kanpo egonda ere bertaratu dutenei (ikasleak, langabetuak, …) ere.
- Estatistika bidezko jarraipena egitea nekazaritza eta abeltzaintza lurrek bere lurralde arloan duten garapenari, ustiapen kopuruari, errentagarritasun mailari eta lan postu sortzeari.
- Nekazaritza eta lurralde politika publikoen aholkularitza.
- Bitartekaritza baserri jarduera epe aurretik etetean.
- Jabetza publikokoak diren lurrak baserri jardueretarako Berreskuratzeko eta Lagatze Programa jartzea.
Aipatutakoez gain honakoak ere intergarriak dira:
- Hiri eta industria zabaltzea eten. Etxebizitza berrien eraikuntza, ahal den heinean, erdigunearen berrosatzean eta “urbanismo kirurgia” operazioen (utzitako zonak berreskuratzea, …) bitartez, hala industria eta hiri guneen hedatzeari galgak jartzeko. Antzera industriguneekin. Askotan udalek langabeziari aurre egiteko ikusten duten aukera bakarra industriguneak kokatzea izaten da – hala inguruko udalerri eta eskualdeen arteko lehia zentzugabea hasten da ez baitago planifikazio orokorrik- eta ez dute planteatzen baztertutako edo utzitako industrialdeak berreskuratzen saiatzea.
- Bakarturik dauden eraikuntzak egitea oztopatzea eta dentsitate baxuko biziguneen eraiketaren aurka egitea.
Uraren kudeaketa
- Uraren kudeaketa publikoa
- Baserri jardueretarako tasa baxua ezartzea
- Lehorte garaietan, ur gabeziak jotako ustiategien hornikuntza bermatzea
- Banaketa sare handien sorrera aztertzea, bata etxeko beharrak asetzeko eta bestea baserri jardueretarako. Azken honi tarifa murriztua jar lekioke.
- Lurraren hedadurara eta animalia kopurura egokitutako uraren erabilpen egokia.