Alternatiba izeneko proiektu ilusiogarri honi ekin genionean herri honetan ezkerra egiteko modu berri bat behar zelakoan geunden, eta oraindik ere berdin gaude. Bazterketa eta abangoardia gabeko ezkerra; esparruanitza den ezkerra, herri mugimenduen eskaerak bere egingo dituena -ezker tradizionalenak beraietaz baliatu nahian egin duenaren aurkako bidetik-; beste borroka askatzaileak baztertu gabe, herria sortuko duen ezkerra; erroko demokrazia eta feminismoa barne mailako egituraketa ikur izango dituen ezkerra;… Herri honek behar eta nahi duen erroko ezkerraren bilgunean laguntzeko asmoz jaio ginen eta horretan dihardugu oraindik.
Bidebarrietako abenduaren 13 hartatik hona ia bi urte igaro dira, lanaren lanaz nortasun bereziko proiektua gauzatu ahal izan dugu. Taldekako sortze mahaien bitartez, erakundeari betikotasunik ez duen gorputz teoriko bat eman diogu, Alternatiba osatzen dugunok erronka berrien aurrean geure iritzia definiarazten diguna. Egindako bidean, harro gaude erakunde garden, zabal, demokratiko, atsegin eta bere kide guztien kalitatezko parte hartzea funtsezkotzat jotzen duena osatu izanaz.
Ezin da, noski, dena hain positiboki aztertu. Baditugu, bistan da, gauza asko hobetzeke, gabezia eta muga ugari. Baina, ezin ditugu ahaztu lortu ditugunak; eta lortzeke ditugunak erronkatzat hartu behar ditugu, gure etengabeko sorreran den proiektua garatzen jarraitzeko. Egiteko bide honetan datorkigu Alternatiba osatzen dugunoi erronka berria: 2011ko udal eta foru aldundi hauteskundeak, eta hauen inguruan Alternatibak hartuko duen jarrera.
Esku artean dugun erabakia, beraz, deialdi honetan parte hartuko dugun edo hauteskunde lehiatik at geratuko gareneko erabakia da. Kontua ez da soilik baiezkoa ala ezezkoa ematea; lehena aukeratzen badugu nola, zergatik eta zertarako parte hartu zehaztu beharko genuke. Bestela gure nortasunari uko egingo diogu, hauteskundeak tresnatzat baititugu, ez helburu.
Beraz, erabakiak badu garrantzia. Jarrera honen seme-alaba izango da hurrengo hilabeteetako egitaraua zehaztuko duen bidea, eta horregatik da Biltzar honen gai nagusienetakoa, eta horrexegatik izan da Alternatibako beste egituren mintzagai.
Hauteskundeek ezin dute besterik gabe estrategia izan, baizik eta gizarteari geure proiektua helarazteko eta Euskal Herriko gizartean duen onarpena neurtzeko tresna izan behar dute. Honaxe da eztabaidaren muina den galdera: Ba al dugu Alternatiban gizarteari aurkezteko moduko proiektua, ala aurkezteak jadanik konplexua den ezkerreko hautes-mapari sigla berriak gehitu besterik ez luke egingo?
Hau izan da eztabaidaren mamia azken hilabeteotan, eta gizarte zein antolaketa politikorako eredu alternatiboa badugula eta hurrengo hauteskundeetan parte hartu behar dugula ondorioztatu dugu. Beti ere geure izaera indartzeko bada, hots, EHko ezker erradikalari paradigma berriaren osaketan parte hartzea, euskal ezkerren bilgunean parte harturik.
Honako arrazoiak dakuskigu Alternatibak hauteskundeetan esku har dezan:
- Tokian tokiko esparrua arlo estrategikoa da Alternatibak nahitaezko ikusten duen herri osaketarako, erroko demokrazia eta ikuspegi alternatiboetatik herria eraikitzeko. Geure ustez botere kontzeptua aldatzeko garaia iritsia da, gizarteari erabakiak hartzeko gaitasuna emateko eta benetako eta kalitatezko parte hartzea bermatzeko unea da. Hiritarren ezkutuan egiten den ordezkaritza bidezko kudeaketa baten aurrean, demokrazia zuzena -erreferendumak- eta parte hartze demokrazia – kontseiluak- aurrera eramateko gune eta politikak garatu behar dira. Beraz, tokian tokiko esparrua Alternatibarentzat eremu funtsezkoa da, eta aukera hori probestu behar da eskubide guztiak eztabaida politikoan jartzeko.
- Hauteskundeetan egindako parte hartze taktiko honek geure proiektua eta izaera indar litzake. Hauteskundeek geure proiektuari funtsa galaraztea saihestu behar dugu -horretarako baldintza batzuk jarri beharko ditugu-, baina parte hartze ezak ekar lezakeen garrantzia eza ere saihestu behar dugu, beste proposamenekiko lehia publikoari uko ez egitearren. Hauteskundeak taktiko ulertuta, beraz, proiektuaren izaera zeinuei eutsi behar diegu, hauteskundeak herri babesa eta militante kopurua zabaltzeko erabilita.
- Sistema krisiaren aurreko erantzun murritz garai honetan erroko ezker erantzunak mahai gaineratu behar dira. Alternatibak hauteskundeetan parte hartzeak ilusio , berritasun, erradikalitate eta ikuspegianiztasun airea ekar ditzake euskal eskenatokira, indar eta ikuspegi ezberdinak biltzeko bultzada gutxiko garai honetan.
Laburbilduz, gizarteari aurkezteko proiektua badugulakoan gaudenez, eta hauteskunde zein batzar nagusietako esparruekin bat egiten dugula uste dugunez, hurrengo hauteskundeetan parte hartzeari beharrezko deritzogu.
Hau guztia esanda ere, ezin ahaztu esan moduan hauteskundeek ezin dutela berez helburu bakarra izan. Hots, zerrendak osatzea eta balizko kargu publikoak lortzea ezin da lehentasuna bihurtu. Ez luke ezertarako balioko zenbakiei erreparatuzko balizko arrakasta batek geure proiektua interes horri begira soilik saldu behar badugu. Izaera propioa dugu eta horri eusten datza geure balioa, hauteskundekeria hutsean murgilduz gero, zer geratuko litzateke proiektutik?
Aurrebaldintza batzuk ezarri behar ditugu, beraz, hauteskunde parte hartze hau bideratzeko:
- Lehentasuna proiektuaren izaera da, zalantzarik gabe. Ekimen guztiek hau indartzera jo behar dute, ez indarra galarazi edo bere izaera bihurritzera.
- EHko beste politika eta gizarte mugimenduekin aliantzak egitearen alde egongo gara, geure helmuga den indar metatze horri begira. Geure azken erabakiak beste indarrekiko akordioak lehenetsiko ditu sigla atomizazioari aurre egin nahian.
- Balizko hautes aliantzak zein erakundeetan hartuko dugun jarrera beti ere programa akordioen arabera hitzartuko dira, proiektuaren nortasun ikurrei eutsita: demokrazia zuzenaren aldeko apustua; feminismoa; ekonomia eredu alternatiboa; subiranismoa. Hau da, eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat, hiritartasun osoa programaren ardatzean.
- Alternatibaren tokian tokiko egoera ezberdinekin koordinaturik eta proiektuaren izaerari eutsita, ez zaio babesik emango egungo indarreko sistemaren irizpideen arabera diharduen eta kritika sakonik egiten ez dien inolako udal edo aldundi gobernuri. Ezker alternatiboko politiken osatzean aurrerapausoa izango diren aliantzak lehenetsiko dira.
- Bozka igoera bera ez de helburua izango bere horretan, eta ez da zerrendarik aurkeztuko Alternatibaren presentzia errealik ez den tokian.
- Alternatibaren tokian tokiko estrategia indartzean jarriko dira indarrak hurrengo hilabeteetan.