Alternatiba osatzen dugun pertsonek berri ontzat dugu ETAk bere ekintza armatuak eteteko erabakia; izan ere, urte gehigiren buruan luzatu den gatazka konpontzeko abagune historikoa delakoan gaude.
Nahiz eta jakin badakigun indarkeria oro amaitzeko behin betiko pausuak emateko lan handia dagoela aurretik, herri honek nahi duen bake eta eskubide demokratikoen testuinguruak herritarren mugimenduari eta eragile sozial, politiko eta sindikalen aldeko lanari esker iritsiko beharko duela ziur gaude. Ezin dugu ulertu itxaropenerako zantzuak ikusteko gai ez direnen eta herri honen borondate nagusiarekib bat ez datozen ukatze estrategia antzuekin tematzen diren horien jarrera.
Esandako guztien harira, bakeak eta elkarrizketak giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen urraketa atzean utziko duten garai berrirako elkarkidetzara deitu nahi dugu. Bide baketsu, politiko eta demokratikoekin atxikitzeko konpromisoa dugu eta geure egiten ditugu Mitchell printzipioak edozein eskubideren urraketa gainditzeko oinarrian. Honexegatik, ETAri argi eta garbi printzipio hautara lot dadin eskatzen diogu, eta Espainiako Erresumako Gobernuari dei egiten diogu arduraz eta interes berekoiei men egin gabe erantzun diezaion herri honetan irekitzen den aukera testuinguru honi.
Euskal Herria, 2010eko irailaren 5ean